Berriak
19-09-12
Fernando Boteroren “Zaldia bridekin”
Fernando Boteroren Zaldia bridekin eskultura monumentala Bilboko Kale Nagusian aurkeztuko da
Fernando Boteroren Zaldia bridekin eskultura monumentala Bilboko Kale Nagusian aurkeztuko da, Fernando Botero. Ospakizuna erakusketa babesten duen BBK erakundearen egoitza nagusiaren aurrean; hain zuzen ere, erakusketa urriaren 8an inauguratuko da museoan
Urriaren 8an Fernando Botero. Ospakizuna erakusketa inauguratuko da (12/10/08–13/02/10) Bilboko Arte Ederren Museoko BBK aretoan. Bertan, XX. mendeko bigarren erdialdeko artista latinoamerikarrik ospetsuena den Fernando Boteroren (Medellín, Kolonbia, 1932) 80 lan egongo dira ikusgai. Erakusketak bat egiten du artistaren 80. urteurrenarekin, eta beste hainbeste lan egongo dira ikusgai, denak ere azken 60 urteotan egindakoak. Modu horretan, bolumenaren eta kolorearen gorespenean oinarritutako estilo propioa garatu duen margolariaren ibilbideaz gozatu ahal izango da. Aipatutako obrak 79 margolan eta Zaldia bridekin (2009. Brontzea. 311 x 305 x 150 cm) eskultura monumentala dira; hain zuzen ere, eskultura hori Bilboko Kale Nagusian aurkeztuko da, finantza-erakunde babeslearen egoitza nagusiaren aurrean. Margolan gehienak artistaren bildumatik ekarritakoak dira, eta bere ekoizpeneko gairik funtsezkoenak jasotzen dituen ibilbide batean banatuko dira: Hasierako lanak, Latinoamerika, Erlijioa eta kleroa, Zirkua, Bertsioak, Abu Ghraib, Zezenketa eta Natura hila.
Bestetik, Zaldia bridekin Boteroren jardun eskultorikoaren adibiderik onenetakoa da. 1973an hasi zen modu egonkorrean eskulturak egiten, eta, geroztik, animalien eta gizakien –indibidualak, bikoteka eta, batzuetan, zatikatuta– irudikapenen forma biribilduetan ikus daitekeen estilo bolumetriko bereizgarria garatu du. Bien bitartean, kolorearen sentsualtasunaren ordez, marmolaren gainazal leun eta distiratsua erabiltzen hasi zen, edo, kasu honetan bezala, brontzea, batez ere material horrekin egiten baititu bere irudikapenak. Lanari hasiera emateko, buztinezko ereduak erabiltzen ditu; gero, eredu horiek marmolera edo brontzera eramaten ditu Toskanako Pietrasanta (Italia) herrian; izan ere, herri hori ospetsua da Carrarako marmol-harrobiak handik hurbil daudelako –Migel Anjel maiz joaten zen harrobi horietara– eta brontze-galdategiak dituelako. 1983tik, Boterok estudio bat dauka herri horretan.
Boteroren eskultura monumentalak nazioarteko hainbat hiritan jarri dira ikusgai, 1980ko hamarkadaren erdialdetik hona. 1992an, bere eskulturen erakusketa publikorik garrantzitsuena egin zuen Parisko Champs-Élysées etorbidean, eta, une hartatik aurrera, hainbat erakusketa egiten hasi zen munduko etorbide eta plazarik garrantzitsuenetako batzuetan; beste askoren artean, New Yorkeko Etorbide Handian, Madrilgo Recoletos Pasealekuan, Lisboako Komertzioaren Plazan edo Florentziako Jaurerriko Plazan. Boteroren eskulturen zuzeneko adierazkortasunak zenbait sustrai kultural ditu: kolonaurreko artetik, arte egiptoarretik, ekialde hurbileko artetik edo Greziako estatua arkaikoetatik hasi, eta Errenazimentuko maisuen lanetaraino, edo, berrikiago, Henry Mooreren eskulturetaraino, besteak beste. Boteroren figurek indar ikonikoa eta presentzia indartsua konpartitzen dute aipatutako eredu horiekin, eta, horrela, egilearen mezua mundu osora hedatzen dute.