Erakusketa: Zubiaurretarrak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

Zubiaurretarrak

Memoria grafikoa

BBK aretoa

Bilboko Arte Ederren Museoak Valentín eta Ramón de Zubiaurrerekin loturiko argazki eta film funts oparoa jarri du ikusgai. Familiarengandik eskuratutako materialak dira, eta bi margolari ospetsuek beren bizitzako uneren batean argazkilaritza eta zinema landu zutela erakusten dute. Argazkiei dagokienez, mila eta berrehun aletik gora kontserbatu dira –kristalezko xafla negatiboak eta kopia positiboak, koadernatuak nahiz solteak–, eta filmak, berriz, hogeita zazpi.

Zubiaurre familiarengandik jasotako argazki eta filmen funtsak zentzu koherentea hartzen du, baldin eta aztertzen bada argazkilaritzaren gizarte erabileren ikuspegitik, argazkia espazio pribatuan txertatzearen fenomeno sozial eta kulturalaren interpretazio sendoa eskaintzen duen ikuspegi historiografiko batetik. Amateurrak izan ziren prozesu haren aitzindari, eta erabakigarria izan zen familia bizitzako kronikak osatzeko, aisia eta olgeta jardueretan oinarriturik, batez ere. Bi margolari itzaltsu hauen jarduera amateurra ezin azal daiteke beste ikuspegi tradizional batzuetatik, ikuspegi artistiko edo dokumentaletik, esaterako, eta, aitzitik, erabateko zentzua hartzen du familiak bere argazki eta filmez egin zuen erabilera pribatuaren irakurketaren bidez. Baina Ramón eta Valentín ez ziren izan zale arruntak, kultura bisual oparoa baitzuten, pintura arloko beren prestakuntzari esker: errealitateari behatzeko eta irudiak sortzeko askoz ere gaitasun handiagoa zuten beren garaiko amateurren batez bestekoa baino.

Aipatzekoa da argazki ekoizpen horretan guztian familiak XX. mendearen hasieran osatutako albumetan adierazita daudela argazkilari haien asmoak, beren benetako argazkilaritza arloko diskurtsoa. Gaztetako lau albumek, Euskal Herrian egindako egonaldiei buruzkoek, hurbileko lurralde bat eraikitzen dute, oroimenaren lurralde bat, beren jardueren kronika eta oroitzapen diren kontakizunen bidez, aldi berean osatzen dutela beren bizitzari buruzko fikzio moduko bat. Kontakizun horietan, garrantzi handia aitortzen zaie familiaren jatorrizko lurraldeari eta han eraikitzen diren fikzioei. Izan ere, Zubiaurre anaiek gaztetatik erakutsi zuten argazki irudi finkoarekin kontakizunak eraikitzeko zaletasuna; zinematografia aurreko nolabaiteko irrika bat, zeinaren adierazpen aukerak biderkatzen baitziren, esparru honetan, argazkilarien amak albumetako argazkien oinetan idatzitako testuen laguntzaz. Handik mende laurdenera familiaren bizitza erregistratzeari ekin zioten Ramón eta Valentínek, berriro, zinemako kamera amateur batekin, zeinarekin bete baitzuten istorioak kontatzeko zuten gaztetako irrika hura, irudi mugimendudunen bidez, oraingoan. Eta harrigarriena da hainbeste denbora igarota egonik ere gaztetan argazki bidez erakutsitako ia gauza bera filmatu zutela. Hala, jarraitutasun argia sumatzen da bi ekoizpenen artean, gaiei eta esparru geografikoari nahiz kontzeptualari dagokienez.

Hala bada, beren argazki eta filmek osatzen duten memoria grafikoaren bidez, iruditeria berezi bat eratu zuten bi anaiek: imajinario bat, zeinaren bidez loturik ageri baitira argazkilaritza eta zinema beren pintura ekoizpenarekin. Zubiaurretarrek beren bizitza osoan hain hurbilekoa zuten gizarte, kultura eta paisaia errealitate beretik elikatzen baita guztia: Valentín eta Ramónen obra artistikoa oro har biltzen duen unibertso tematikoaren iturburu izan zen errealitate horretatik.

 

Erakusketa Garain

Bilboko museoko erakusketaz gainera, Garaiko Udalarekin lankidetzan, zubiaurretarrek hain hurbilekoa izan zuten lurralde horrekin lotutako argazki eta film hautatuen sorta bat jarriko da ikusgai. Larunbat eta igandeetan bisita daiteke erakusketa (2019-06-08/2019-08-04), Garaiko San Juan Ebanjelariaren elizan. Ordutegia: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

 

 

Erakusketaren ibilibidea: Sarrera

 

Valentín eta Ramón de Zubiaurrek fotografiarako zaletasuna izan zuten 1898tik, eta zinemarako ere bai 1929tik. Amateurismo fotografikoari esker, kamera familia-esparruan sartu zen, eta hori lagungarria izan zen etxeko espazioari antzerti-forma emateko, dibertsioa eta astialdia nabarmenduta. Fotografiaren erabilera sozialen ikuspegitik, haren legezkotasun artistiko edo dokumentalaren logikak alde batera utzita, irudiek azalpen koherentea hartzen dute. Familia bera, egindako bidaiak, Euskal Herria eta fikzioak izan ziren jarduera honetan izan zituzten gai nagusiak. Harrigarria da, gaztaroan argazkian jasotako ia gauza bera filmatu baitzuten kamerarekin. Bi ekoizpenetan, jarraipen argia ikusten da, gai, geografia eta kontzeptu aldetik.

 

1. Erakusgela. Familia eta prestakuntza

 

Zubiaurretarrak Madrilen bizi zen euskal jatorriko familia burges batekoak ziren; udan denboraldi luzeak ematen zituzten Garain eta Ondarroan (Bizkaia). Argazkietan eta filmetan, familiako bizitzaren kronika bat prestatu zuten, eta bi anaien ibilbide artistikoaren hasierako garaien erregistro zabala ere bai. Bestalde, irudietan hortik gainerako esanahia dago nolabait, garai, leku, klase sozial eta jarduera artistiko baten sinbologiaz mintzo baitira.

 

Proiekzioa: "Zubiaurretarren etxea eta lorategia"

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 15´33´´
Familiaren etxearen kanpoaldeko ikuspegiak, Garain. Familiako kideen eguneroko bizitzako eszenak, etxeko lorategian, bisitan etorritako lagun batzuekin. Zubiaurretarren etxetik zegoen ikuspegia ere ageri da, gehienbat Durango aldeko gailurreria.

Proiekzioa: "Lurra, laugarren zatia"

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 17´43´´
Zubiaurre familiaren eszenak (Valentín, Ramón, Isolina, Pilar eta Polín) Madrilgo hainbat tokitan (beren etxeko terrazan, Retiro parkean...), lagun batzuekin batera. Ávila hiriburura eta El Tiemblo-ra (Guisandoko zezenak) egindako ibilaldi bateko irudiak. Eskiatzaileak elurretan, Manzanares el Real eta Mombeltrán gazteluetara egindako txango bana, eta landa-gunean egindako bazkari bat.

2. Erakusgela. Bidaiak

 

Kamera fotografikoari esker bidaia modernitatearen sinbolotzat hartu ahal izan zen, bidaiariaren begiradak bere autobiografiarekin betetzen baitzituen ibilitako lekuak. Horri dagokionez, zubiaurretarrak XX. mende hasierako beste burges batzuen antzekoak izan ziren, eta kamerarekin hasi ziren lekuak bisitatzen. 1906an, familia Europako hainbat herrialdetan barrena ibili zen, gehienbat ondare artistikoaz eta monumentalaz arduratzen ziren XIX. mendeko bidaiarien ereduari jarraituz. 1929an erreportaje zinematografiko zabaletan jaso zituzten Espainian eta atzerrian egindako bidaiak.

Proiekzioa: "Sevilla"

Fitxa: 1929. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 16´19´´
1929ko udaberrian Sevillara abioiz egindako bidaia, airetik hartutako Toledo eta Sevilla hiriburuko ikuspegi batzuekin. Familiak hiri horretan egindako egonaldia, eta Alkazar lorategietara, Triana eta Santa Cruz auzoetara, eta Giraldara egindako bisita. Sevillako kaleetan zebiltzan hainbat tipo filmatu zituzten, bai eta Aste Santuko eta Apirileko Feriako eszenak ere. Azkenik, inauguratu berria zen Erakusketa Iberoamerikarraren egoitza jaso zuten.

Proiekzioa: "Ávila, Toledo, Segovia"

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 17´59´´
Ávila, Toledo eta Segovian barrena egindako txangoa. Hiru hirietako monumenturik garrantzitsuenak ageri dira, eta bidaiariek hara-hona ibilitako kaleetan zeuden bertako biztanleen hainbat hartze eta filmazio ere bai.

Proiekzioa: "Lehenengo zatia. Bartzelona eta Danimarka"

Fitxa: 1929. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 16´36´´
Valentín eta Ramón de Zubiaurrek amarekin, Pilar arrebarekin eta haren semearekin Bartzelonara egindako bidaia, 1929ko maiatzean, hark Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan parte hartuko zuela-eta. Kataluniako hiriburuko hainbat ikuspegi daude, besteak beste, Erakusketako instalazioenak eta Espainiako Herriarenak. Familiak Montserrateko Santa Maria monasteriora egindako ibilaldi bat ere ikus daiteke. Urte bereko udazkenean, hiru anaia-arrebak Kopenhagera joan ziren, hiri horretan erakusketa bat egin zutelako elkarrekin. Zubiaurretarrak agertzen dira, haien anfitrioiekin batera, hiriburu nordikoko hainbat toki bisitatzen.

Proiekzioa: "Bigarren zatia. Candeleda, Zamora eta Alberca"

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 13´43´´
Zamora hirira egindako ibilaldia, eta katedralaren, aldameneko kaleen eta Duero ibaiaren bisita. Probintzia bereko Toro herrira joan ziren, Erlojuaren dorrea eta Santa María la Mayor kolegiata bisitatzera. Jarraian, filmean, beste ibilaldi bat agertzen da, Ávilako Candeleda herrira egindakoa. Fokuaren ardatza dira herriko kaleetako bizitza, piperrautsaren bilketa, meza-irteera bat, Chilla Amabirjinaren ermitako igoera eta txerri iberikoaren hazkuntza. Herri berean, erregistro luzea egin zuten kaleetan pasieran zebiltzan emakumeekin, ezkontza batera joandako lagunen ohiko jantziekin eta herriko ohiko dantzekin. Bestalde, familiaren landa-eremuko bazkari bat agertzen da, lagun talde handi batekin egina.

3. Erakusgela. Fikzioak

 

Fotografia eta zinemarekin izandako harremanean, Zubiaurre anaiek zaletasun nabaria izan zuten istorioak kontatzeko. Fikzio horietako gehienak Garai edo inguruetan eginda daude, eta garai hartako praktika fotografiko batzuekin zuten lotura, Espainiako pintura akademikoaren nolabaiteko eragina baitzuten. Fikziorako joera hori gailurrera iritsi zen 1928. urtearen inguruan, kamera zinematografikoa erabili zutenean. Gaztaroan egindako argazki askotan aurrezinematografikoa zen zerbait zegoen; handik urte batzuetara haien film batzuetan sendotuko zen joera.

Proiekzioa: "Aitonaren ipuina"

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 12´12´´
Film honetan Polin adin txikiko haurraren bahiketa kontatzen da. Leopoldo Gutiérrez de Zubiaurrek interpretatzen du (Pilarren semeak), eta andre zahar batek bahitzen du limosna eska dezan behartzeko. Haurraren familiak (berez, benetako familia denak, hau da, Pilar amak, Paz amonak eta Valentín osabak) nahigabe handiz sufritzen du bahitutako haurraren desagerpena, harik eta Valentínek, halabeharrak hartaratuta, iloba non dagoen jakin, eta bera askatzera amarekin batera joaten den arte. Andre zaharrak onartzen du gaitzesgarria dela egin duena, eta barkamena eskatzen du hil aurretik. Bost urteko flashback baten bidez, aditzera ematen da zaintzaileak nola utzi zuen haurra zaintzeko ardura, senargaia iristean, eta nola bahitu zuten haurra horrela. Lehen tristezia zegoen lekuan zoriona nagusitzen da, eta denek eskerrak ematen dizkie Sorospenetako Amabirjinari.

Proiekzioa: Alai dator, kantuan, eta pentsatzen du zerean...

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 10´07´´
Film honek eta hurrengoak eratzen duten konposizioan, kontrastea sortzen da bizitzaren ikuspegi optimistaren eta ikuspegi pesimistaren artean, euskal lurraldearen eta bertako jendearen bidez. Lehen filmean, Valentínek begirada alaia eskaintzen du, zelaiak, mendiak, loreak, animaliak, itsas ikuspegiak, lagun alaiak eta onak, neska politak, pilota-jokoa, itsas ondoko kirolak, dantza tradizionalak eta erromeriak oinarritzat hartuta.

Proiekzioa: Misterioz dator, hitz egin eta pentsatzen du zerean...

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 16´47´´
Aurreko filmean ez bezala, honetan Ramónek paisaia malenkoniatsuak, hilerri mistiko eta bakarti eta guzti, bakardadea eta heriotza ditu ardatz, dena tonu ilun itzalietan edo argi-itzalen bidez filmatuta. Gatazka horretan existentziari buruzko ikuspegi baikorra garaitzen da, bi nekazari gazteren arteko amodioaren eskutik. "Bizitza baizik ez da amodioa, begira...", esaten du Valentínek, negarrez ari den Ramóni (pertsonaia ilunari) andre nekazari batek bihotza arintzen dion bitartean. Filmaren amaieran, ikuspegi garailearen irudiak errepikatzen dira.

4. Erakusgela. Euskal Herria

 

Zubiaurretarrentzat lurralde honek izan zuen garrantzia oso nabaria da, haien jarduera fotografikoa, zinematografikoa eta piktorikoa blaitzen baititu. Familiak Euskal Herriarekin izan zuen lotura afektiboa dela-eta, haiek maite zuten errealitatera hurbildu ziren enpatikoki, eta bestelako esanahiak eman zizkioten errealitate hori eratzen zuen paisaiari. Lurralde bizia, fotografiatua eta pintatua izan zen haientzat, eta komunitate bateko kide izateko zentzua eta elementu sinbolikoak sartu zituen familiaren iruditerian.

Argazki-albuma

Argazki-albuma bere parte guztien batura baino askoz ere gehiago da; irudien multzokatzea da zentzua ematen duena. Album hauek dira, izan ere, haiek beren lan fotografikoa irakurtzeko egin zuten proposamen bakarra.

Euskal Herriari eskainitako lau albumetan ikus ditzakegu haiek zerabilten eraikuntza-patroi zehatza eta kontakizunak ehuntzen dituen gaia, ibilbide bisual moduko zerbait, lurralde naturala, kulturala eta humanoa, fikzioak eta familiaren presentzia elkarren ondoan jartzen dituena. Familia horren bizitzaren kronika bat prestatzen da haietan, eta, aldi berean, leku hurbil bat eta oroimenerako espazio bat definitzen da.

5. Erakusgela. Euskal Herria. Filmak

 

Proiekzioa: Garai

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 16´07´´
Bizkaiko herri honi buruzko ikuspegi berezia. Hasteko inguruan dituen mendiak agertzen dira; eta, ondoren, Angelusaren tradizio katolikoaren errepresentazioa, senideen eta nekazari batzuen eskutik. Era berean, herri-kulturako hainbat adierazpen daude ikusgai: zantzolarien talde bat, ehorzketa bat, erromeria bat, Garaiko baserriak eta zelaiak, eta familiak egindako pasierak eta ibilaldiak. Bestalde, landa-giroko zereginen eta jardueren eszenak azaltzen dira, esate baterako, iruleak. Filmaren amaieran, Valentín eta Ramón agertzen dira, kartetan jokatzen.

Proiekzioa: Ondarroa eta Garai

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 17´21´´
Bizkaiko udako egonaldietan, zubiaurretarrek denboraldiak ematen zituzten Ondarroan, itsaso ondoan. Film honetan, familiaren astialdia ikusten da Ondarroako hondartzan; portuko eta arrantza-jarduerako ikuspegiak, eta itsas adarretik itsasontzian egiten zituzten ibilaldiak ere bai. Gero, pilota-partidua agertzen da, eta, ondoren, berriro, Garai; han dokumentatzen dira erlijio-ospakizun bat, Santiago eguneko prozesioa, ezpata-dantzariak, aurreskua eta udaletxe aurrean egindako dantza bat.

Proiekzioa: Euskal lurra. 1.a

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 10´33´´
Familia-ibilaldi baten edo batzuen kronika, gaztaroko argazki-album batzuetan prestatzen zituztenen antzekoa. Nafarroako Bera eta Lesaka bisitatzen dituzte. Gipuzkoan, Hondarribian, Errezilen (Paulino Uzkudunen ama eta senideak filmatzen), Donostian (Igeldo mendiaren eta Kontxako hondartzaren ikuspegiekin) eta Pasaian ibiltzen dira. Bizkaira itzulita, Lekeition gelditzen dira, Santa Katalinako itsasargiko ikuspegiekin, eta, amaieran, Ondarroako hainbat ikuspegi agertzen dira.

Proiekzioa: Euskal lurra. 3.a

Fitxa: c. 1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema), bideo digitalera transferitua. Bideoa, 10´55´´
Film honetan, zubiaurretarrek Euskal Herrian egindako jarduera gehiena garatu zuten bi lekuak agertzen dira: Garai eta Ondarroa. Berriatura eta Izurtzara egindako ibilaldiko irudiak ere badira. Ondarroan, portuko bizitza eta familiak itsasadarrean zehar egiten zituen ibilaldiak azaltzen dira berriz. Horren ondoren, Durangoko merkatua eta hara doazen baserritarrak agertzen dira. Garaira itzulita, paisaia, herritarrak eguneroko zereginetan, herriko pertsonaia batzuk eta Zubiaurre familiaren Potokoa baserria daude ikusgai.

6. Erakusgela. Pintura

Ezin da harreman (funtzional) zuzenik ezarri fotografiaren eta zinemaren artean, Ramón eta Valentínen prozesu piktorikoan, baina haien koadroetan aurkitzen dugunaren zati handi bat haien fotografietan eta filmetan ikusi dugun errealitatea da. Izan ere, dena da haurtzarotik eraikitako iruditeria familiarraren parte, bizitza osoan barrena behin eta berriz bisitatutako lurralde bati buruz prestatutako oroimen grafikoa, azkenean haien lan artistikoaren zatirik handiena eratzen duen unibertso tematikoa.

 

Proiekzioa: Euskal Herria

Fitxa: c.1929-1930. 9,5 mm-ko filma (Pathé-Baby sistema) bideo digitalera transferitua. Bideoa, 6´41´´
Beste film batzuetan erabili gabe utzitako materialaren bilduma, kontaketaren ardatz eta benetako protagonista gisa Leopoldo Gutiérrez de Zubiarre (Polín) harturik. Aitonaren ipuina laneko zatiak dauzka, beste eszena batzuekin tartekatuta: ezpata-dantzariak, ehorzketa bat, landa-lana, prozesio bat, Ondarroako portua, Gaztelugatxeko Donibane, familia Garaiko etxean eta hondartzan, eta Valentín kanpoalde bat margotzen.