Erakusketa: Valoisko Isabelen erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2012-07-10 • 2012-10-07

Valoisko Isabelen erretratua

Antonio Moro eta Alonso Sánchez Coello

7. Aretoa

Valoisko Isabel (1546-1568), Frantziako Enrike II.aren eta Mediciko Katalinaren alaba, ahalordez ezkondu zen Felipe II.arekin Parisen, 1559ko ekainaren 27an, eta ezkontza Guadalajaran berretsi zen, 1560ko urtarrilaren 31n. Antonio Morok egindako erretratua 1560ko hasierako hilabeteetakoa da, kontuan izanik margolaria urte hartan bertan itzuli zela Herbehereetara. Isabelen arropen handitasuna kontuan hartuta, pentsatu izan da huraxe izan zela ezkontzan erabili zuen soinekoa; alabaina, garai hartako iturriek gezurtatu egiten dute hipotesi hori, erregina era frantsesean jantzita zihoala esaterakoan. Erretratuan daraman diamante-gurutzea, ordea, bai jantzi zuen ezkontzan. Edozelan ere, soinekoa erreginaren luxu handieneko arropetako bat zen, erraz identifika zitekeena honela deskribatutako Isabelen beste soineko harekin: «belusezko zaia gorrimin eta horia, landutakoa eta zenbait orritan moztutakoa, gorputz garaikoa eta puntadun mahukaduna, tafeta horiz forratua; eta mahukak eta barrenak satin arraspatu zuriz egindakoak, eta zaia moztutako belusezko orriekin apaindua». Hain zuzen ere, aipatutako soineko hori Isabelen ondasunen inbentarioan agertu zen hura hil ostean, eta 50.000 marabediko prezio izugarri altuan tasatu zen.

Várez Fisa bildumako Valoisko Isabelek ezin hobeto islatzen ditu Antonio Mororen erretratuen ezaugarriak; izan ere, Morok abstrakzio-prozesu konplexu batean murgiltzen zituen formak, gero forma horiek eskema geometriko batera eramateko. Horrek azalduko luke zergatik bere modeloen poseak zurrunagoak diren, Tiziano bezalako artistenak baino (izan ere, maiz konparatzen dira aipatutako artista biak). Mororengan ohikoa den moduan, pertsonaia hiru laurdeneko jarreran agertzen da, eta ikuslearengandik hurbilen dagoen begia oholaren zabaleraren erdi-erdian dago. Modu horretan, konposizioa zentratuta geratzen da eta hurbiltasun-sentsazioa areagotu egiten da. Erreginaren aurpegia ezkerretik eta apur bat goitik dago argiztatuta, eta, ondorioz, sudurra nabarmendu egiten da; era berean, itzal estu eta zorrotz batzuk ere agertzen dira, modeloari aire aristokratiko eta urruna emanez. Izan ere, transmititzen duen hieratikotasuna eta seriotasuna ez datoz bat erreginaren izaerari buruz dakigunarekin, eta ezaugarri horiek ez dira bere beste erretratu batzuetan ikusten. Azkenik, haren arropen xehetasunik txikienak ere zehaztasun osoz irudikatuta daude, eta, beraz, badirudi oraingo honetan erabilitako lan-prozedura 1549an ere erabili zuela Morok, Felipe II.a erretratatu zuenean. Teknika horren arabera, modeloak bere bitxi eta arropak uzten zizkion margolariari, lana errazteko.

Erretratu honen kopia bat ere badago, Sánchez Coellorena, hori ere Várez Fisa bilduman, eta denbora batez jatorrizkoarekin identifikatu zena, modu okerrean. Bi lanen gaineko analisiak desberdintasun nabarmenak erakusten ditu. Konposizioa handitzean, erreginaren figurak axialtasuna galtzen du, bai eta jatorrizkoak transmititzen duen berehalakotasuna ere. Euskarriak desberdinak dira, eta horrek agerian uzten du Coelloren erretratua kopia dela; gainera, Coello ezin izan zen heldu Mororen zehaztasun mailara, tradizio flandestarrean hain ohikoa zena. Zehaztasunen murrizketa horrez gain, esan beharra dago Coellok Tizianoren erretratuak ere ezagutzen zituela.

Testu: Miguel Falomir
1700. urtera arteko Italiako eta Frantziako Pintura Saileko burua, Pradoko Museo Nazionala, Madril

Antonio Moro (Utrecht,1516/1520–Amberes?, 1576)
Valoisko Isabelen erretratua (c. 1560)
Olioa oholean. 104,5 x 84 cm
Várez Fisa bilduma, Madril

Alonso Sánchez Coello (Benifairó de les Valls, Valentzia, 1531–Madril, 1588)
Valoisko Isabelen erretratua (c. 1560)
Olioa mihisean. 113 x 94,5 cm
Várez Fisa bilduma, Madril

Babeslea: