Erakusketa: Susana Talayero, Kronika geldiezina (1987-2016) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2016-03-04 • 2016-06-06

Susana Talayero, Kronika geldiezina (1987-2016)

33. aretoa

Susana Talayerok (Bilbo, 1961) Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean 1980tik 1985era, eta, jarraian, ibilbide artistikoa hasi zuen Erroman, 1986. eta 1995. urteen bitartean bertan bizi izan baitzen. Hamarkada horretan, lehen eskutik ezagutu zuen Italiako bizitza kultural eta artistiko eferbeszentean murgildutako abangoardia historikoen herentzia, eta eragin hori erabakigarria eta iraunkorra izan zen bere bidean. Susanak berak biziki ezinbestekotzat hartu du ondare hori, eta, Bilbora itzuli denetik, gaur egun arte bizi eta lan egiten duen lekura, berarekin ekarri du. Hiru hamarkadaz, Erromak eta Bilbok osatzen dute Talayerok lotzen dituen bi lekuak.

Susana Talayero. Kronika geldiezina (1987-2016) erakusketaren komisarioa Aimar Arriola ikertzailea da. Talayeron lana sakontasunean aurkezten du, jarduera artistikoan izandako 30 urteko ibilbidearen bitartez. Horretarako, 1980ko hamarkadaren amaieratik gaurdaino egindako pieza esanguratsuak bildu dira lehenengo aldiz. Gutxi gorabehera 100 lan dira, eta, horien artean, formatu ertain eta handiko 40 margolan eta tamaina txikiagoko paperezko collageak daude. Era berean, 1980. eta 1990. urteen bitartean egindako mota ugaritako lanak daude, hala nola kautxuzko eskultura txikiak edo esku hartutako argazkiak eta Erroma-mahaia egitura osatzen duten tamaina txikiko objektuak, edo aretoko horman eta lurzoruan bertikalki eta horizontalki jarritako Lorategia instalazioko marrazki eta margolanak.

Bideo-lan bat ere badago; izan ere, 2000. urteaz geroztik, jarraikortasun gehiagorekin hasi zuen jarduera hori, eta, ibilbidean zehar ohikoa ez den arren, interesgarritzat jo da atzera begirako testuinguru horretan. Murata (2015) lanean Talayerok –Toni Maraini arte historialari eta idazlearen liburu homonimoa erreferentzia gisa– espazioari edo itxialdiari buruzko kontzeptuak jorratzen ditu, ikerketaren barruko jarduera artistikoan.

Erakusketa hiru esparrutan banatzen da. Lehenengoak, Erroma izenekoak, Erroma-mahaia lanak eta 1987tik 1995era bitartean egindako hormarako hainbat lan barne hartzen ditu; bigarrenerako, Lorategia izenekorako, gehienbat 1999tik 2009ra bitartean datatutako margolanak hautatu dira, eta, horman eta lurzoruan jarrita, metatze-instalazioaren esanahia eskuratzen dute. Azkenik, Buruhandiak izenekoan Buruhandiak eta ausartak saileko2006-2014 bitarteko lanak aurkezten dira.

Margolanen artean, museoko bildumari dagozkion hiru daude. Bi formatu handikoak dira: Sentimentalki emakumezko begiradaren arrazoiak (1993) eta Ezerezaren arrosa (2003). Lehenengoa 95,5 x 203,8 cm-ko oihalari itsatsitako paper gainean egindako papier collé (idazteko kalko-papera eta paperezko ezpainzapiak), gouache eta ikatz-ziria da. Bigarrena, berriz, Paul Celanen poemaren izenburua duena, egur gaineko 200 x 240 cm-ko enkaustikako margolana da. Azkenik, berriena den Erretratu erraboilduna I (2013) 152 x 110 cm-ko poliesterreko paperaren gainean olioz, tintaz, grafitoz eta boligrafoz egindako lana da.

Gainerako piezak artistaren estudiokoak dira, eta, hortaz, berarentzako esanguratsuak diren lanak dira. Orain museoan erakutsita, instalazio modukoa osatzen dute, eta hautaketa eta muntaiaren diseinu prozesuan, artistak bere lanari buruzko pertzepzio berriak aurkitu ditu. Honakoa esan du artistak: "Helburua… erakusketako muntaian dago, eta aretoko hormetan eta erdigunean jarrita, izena ematean eta berpiztean esanahi berria ematen dion lana da, kontakizun baten zati bezala… ekoizpen artistikoari dagozkion aldi ugarietatik jario dena".

Lan guztiak museoak editatutako katalogoan daude jasota, honakoekin batera: Aimar Arriola komisarioaren testua eta kronologia artistikoa, Toni Marainiren –1987. urtean Talayeroren lehen banakako erakusketa sustatu zuen Erroman– testua, eta artistaren beste testu bat.

Halaber, esan beharra dago Talayerok museoarekin duen harremana artearen alderdi pedagogikoarekiko eta terapeutikoarekiko duen interesean oinarritutako beste proiektu batzuetan ere adierazten dela. Horrela, eta hainbat tailer didaktikoz gain, 2011. eta 2013. urteen bitartean, museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak programaren barruan familientzako Ezohiko Ibilbideak izenekoa abiarazi zuen, eta basogintzako ingeniari Claudia Maldonadorekin batera Susana Talayerok berak diseinatutako eta egindako hezkuntza-materialean oinarritu zen. Egitasmo horrek museoko bilduma iraunkorra eta museoa bera hartzen duen parkeko zuhaitzen arteko harremana ezartzen du.

 

SUSANA TALAYERO

Italiako testuinguru artistikoak intentsitate berezia zuen uneetan Talayero Erroman bizi izanak aztarna iraunkorra utzi du bere sorkuntza-lanean. Hortaz, bere lanean honako hauen eragina ikus daiteke: Europako keinuzko informalismoa, Estatu Batuetako espresionismo abstraktua, Alemaniako neoespresionismoa eta arte pobrearen instalazioak, Italiako errealismo berriak eta transabangoardiak, art brutten ageriko ironia eta inozentzia ahaztu gabe. Une honetan, honako hauetan du interesa: Osvaldo Liciniren eta Cy Twomblyren margolanak, Wolsen eta Enzo Cucchiren marrazkiak, Nicola De Mariaren pintatutako guneak, José Guerreroren informalismoa, Joseph Cornellen kaxak eta Nicola De Lekuonaren fotomuntaketa surrealista; azken horiek, Arte Ederretako Fakultatean ikasle izan zen garaiko memoriako aztarnak dira.

Hasieratik, Talayerorengan irrika esperimentala eta bultzada sortzailea sortu ziren, zeintzuek premiazko zehaztasuna behar zuten. Bi irrika horiek –esperimentazioa eta berehalakotasuna– interes sortzaileen arabera erabiltzen dituen material pobreetan adierazten dira, batzuetan aurkitutakoak eta birziklatutakoak –papera, kartoia, kautxua edo plastikoa, besteak beste–. Gainera, teknika mota asko erabiltzen ditu –grafismotik hasita enkaustikara, edo, sarriagotan, bideo esperimentalera–, eta hierarkiarik gabe, konbentzionalak edo ez hain konbentzionalak diren euskarrietan margolanak eta marrazkiak egiten ditu, hala nola paperean edo mihisean, baina baita bere asmo espresiboari berariaz erantzuten dioten bestelakoetan ere –albumak, liburuxkak edo baldosak–.

Prozesu horretan, kromatismo biziko guneak arkatzaren edo tintaren trazu garbiaren biluztasuna ezaugarri duten bestelakoekin uztartzen ditu. Ekoizpenean, nagusi da teknika mistoen eta collageen erabilera. Era berean, lanak gauzatzeko prozesua desberdina da, plano bertikalaren edo horizontalaren erabileraren baitan, paradigmatikoki Erroma-mahaia lanaren ezaugarri dena.

Material eta baliabide horiekin, Talayerok, berehala, energia sortzailea ia beti amaitu gabeko prozesura bideratzen du, etengabe egiten eta berregiten den instalazioan bezala. Prozedura horren bidez, aldeek maila handiagoko edo gutxiagoko keinuzko trazuak eta trazu kontrolatuak, zineari erreferentzia egiten dioten narrazioak, literatura, musika eta bizitzako memoria eraikitzen dute. Maiz, testigantza horietatik abiatutako izenburuak jartzen dizkie lanei, eta azal piktorikoan esaldiak edo aipuak sartzen ditu.

Talayeroren lanean banatutako kontakizun heterogeneo horietan, misteriotsuak betiere, landare-animalien eta gizakien iruditeriatik eratorritako irudiak protagonista bilakatzen dira, eta, tankera sinboliko edo surrealistarekin, haien ezaugarriak elkar trukatzen dituzte, arketipo edo metafora bihurtzeko. Horrela, "erretratuek" izaera zoomorfikoa eskuratzen dute, eta animaliek gizakien formekin bat egiten dute. Mihisearen edo paperaren eremuan, Talayerok loreak, aurpegiak, ikurrak, kolorezko orbanak eta aurkitutako objektuak erabiltzen ditu, ikuslea artistaren arimarekin lotzeko, bai eta aspaldiko oihartzun kulturalekin ere, berezkoa eta misteriotsua duen ekosisteman.

 

Irudian:
Susana Talayero Sebastián (Bilbao, 1961)
Buruhaundi arrosa (Buruhaundiak seriekoa), 2014
Olioa, tinta, grafito eta akuarela poliester paperean. 239 x 110 cm
Artistaren bilduma