Erakusketa: San Joan Bataiatzailearen predikua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2014-01-15 • 2014-04-07

San Joan Bataiatzailearen predikua

Lucas Cranach Zaharra

6 aretoa

2014an, hamar urte beteko dira Banco Santander Fundazioa Obra Gonbidatua programa babesten hasi zenetik. Tarte horretan, berrogeita hamar lan aurkeztu dira 44 deialditan. Banco Santander Fundazioak, gainera, bere bildumako pieza nabarmenak laga ditu hainbat alditan. Adibidez, Lucas Cranach Zaharraren San Joan Bataiatzailearen predikua pintura, 1537-1540 ingurukoa; orain 6. aretoan dago ikusgai, Museoak 2012. urtean eskuratutako Lukrezia lanaren (1534koa), autore beraren lan autografoaren, ondoan. Programak, hortaz, autore beraren bi lan oso desberdin batzen ditu, eta interesa gehitzen dio proposamenari: alde batetik, Cranachen ekoizpenean ezohikoa den gai ebanjelikoa; eta, bestetik, Lukreziaren biluzi femeninoa, bere gai gogokoenetako bat, izan ere, bakarrik edo lagunduta, hirurogei bertsio baino gehiago egin zituen.

Lucas Cranach Zaharra (Kronach, Alemania, 1472–Weimar, Alemania, 1553) margolari eta grabatzailea artearen historiako artistarik aipagarrienetakoa da, eta, Alberto Durerorekin batera, Alemaniako Errenazimentuaren protagonista garrantzitsua izan zen. Kronach (Frankonia) hiri alemaniar txikiaren izengoitia hartu zuen, bertan jaio eta bertan jaso zituelako, aitaren eskutik, lanbideari buruzko lehenengo ikasketak. Erreforma protestantearen guztiz alde zegoen, eta Martin Lutherren adiskide mina ere izan zen; hain zuzen ere, izaera didaktikoko lan erlijiosoak eta zenbait erretratu egin zituen harentzat. Gainera, biluzi femeninoaren gaineko ideal propioa sortu zuen, eta estilo horren erakargarritasun bereziak gaur egunera arte iraun du.

Bere lehenengo urteetako ezer gutxi dakigu, baina dokumentatuta dago 1502an Vienan egon zela. Hiri horretan unibertsitatearen inguruan sortutako giroak eragin handia izan zuen Cranachengan, izan ere, handik aurrera, ideal humanistak hartu zituen bere gain. 1505ean, Wittenbergen zegoen, eta hantxe geratu zen 1550era arte, Federiko III.a hautesleak gorteko margolari izendatu baitzuen. Han, eredu humanistari jarraituz, margolari eta grabatzaile gisa aritzeaz gain, artisautza antolatzeaz, proiektu arkitektonikoak gainbegiratzeaz, zeremonien garapena kontrolatzeaz eta gortearekin erlazionatutako giro estetiko osoa zaintzeaz arduratu zen. Hiriko burgumaisu izanik, liburu-denda baten eta farmazia baten jabe ere izan zen, eta oparotasuna eta maila ona ekarri zizkioten hainbat negozio abiarazi zituen.

1508an, misio diplomatikoan, Herbeheretara bidaiatu zuen, Maximiliano enperadorearen gortera. Une hartatik aurrera, aldaketa sumatu zen bere pinturan, figurak modelatu leunez egiten hasi baitzen. 1520tik aurrera, bere tailer aktiboa (bertan lan egin zuten Hans eta Lucas Cranach Gaztea bi semeek) enkargu ugari jasotzen hasi zen, eta, gai erlijiosoekin eta erretratuekin batera, gai klasiko eta mitologikoen ekoizpen zabala egin zuen. Bere bizitzako azken urteetan, Cranachek erbestera lagundu zion Juan Federiko I.a hautesleari; lehenengo, Augsburgera, eta, gero, Weimarrera. Hain zuzen ere, azken hiri horretan hil zen, 1553an. Joera askotan aritutako artista oparoa izaki, Lucas Cranach Zaharrak margolan eta grabatu ugari utzi zituen, eta haren tailerrak gerora ere jarraitu zuen lanean, margolaria hil eta hainbat hamarkadaren ostean ere haren lanen bertsioak sortuz.


Sinadura (suge hegodun bat edo dragoi bat) 1508an bereganatu zuen Lucas Cranach margolari frankoniarrak, Federiko Jakintsua Saxoniako dukeak eman zion armarritik hartuta; izan ere, harentzat egiten zuen lan Wittenbergen. Narrastiaren hegoak jasota agertzen dira 1537ra arte; urte hartan hil zen Hans, bere seme nagusia. Margolariaz jabetu zen tristura izugarriaren ondorioz, sinbolikoki, hegoak baxu jarri zituen, horizontalean. Alabaina, munstroa lantegiaren benetako marka gisa erabiltzen jarraitu zen.

Izan ere, Cranachek lan egiteko modu berezia izan zuen. 1530. urtearen ingurura arte, ekoizpen originala egin zuen, eta ekoizpen horren zati handi bat grabatu egin zen. Geroztik, haziz zihoan eskariari aurre egiteko, arrakasta zuten zenbait gai –Adan eta Eva, Venus, Lukrezia, Judit, Parisen epaiketa, ninfa iturrian– errepikatzen hasi zen, jatorrizko margolanetatik abiatuta (batzuetan aldaera txiki batzuekin) edo hainbat modutan mihiztatutako edo trukatutako antzinako elementuak eta gaiak aprobetxatuz. Hainbeste margolan egiteko, Cranachek izen bereko semearen laguntza izan zuen (1515ean jaioa), bai eta lantegiko beste zenbait kiderena ere (izenak ere ezagutzen ditugu). Horri guztiari gehitzen badiogu maisua nahiko zaharra zela, argi geratzen da, bere esku-hartzea, batez ere Hansen heriotzatik, mugatua izan zela.

Ohol hau 1518-1520. urteetan datatu izan den arren, hego baxuak dituen sugearen presentziaren ondorioz 1537. urtearen ostekoa dela esan beharra dago. Friedländer eta Rosenbergen katalogoan (margolariari buruzko obra klasikoa da), ez da aipatzen gai hori duen artelanik. Aipatutako egileak San Joan Bataiatzaileari buruz ari dira (1902an Berlinen enkantean jarritakoa), baina ez predikuaren inguruko pasarteari buruz. Are interesgarriagoa, gai hau irudikatzen duelako, 1516an datatutako xilografia bat da, galdutako original batena eta entzuleei dagokienez aldaera asko dituena. Edozelan ere, argi dago erabat pasarte ebanjelikoa ezohikoa dela Cranachen ekoizpenean, eta horrek oholaren interesa areagotzen du.

Berezia da Bataiatzaileak bere predikurako erabiltzen duen pulpitu inprobisatua, inausitako enborrarekin eta aurrerantz ez erortzeko babesgarri gisa darabilen adar gurutzatuarekin. Zutik dauden hamar entzuleak eta atzealdeko hiru zaldunak sakontasunaren arabera daude kokatuta, inbutu moduko bat osatuz. Zuhaitzek eta zoru trinkoak espazioa betetzen dute, eta kolore berde uniforme horrek kontrastea egiten du adi eta erne entzuten ari diren gizon eta emakumeen figurekin.

Ez dugu kointzidentzia askorik aurkitzen Cranachen beste obra batzuekin. Zaldunen armadurak edo euren animaliak nabarmendu behar dira, bai eta zuhaitzetako hostoak ere. Zutik entzuten ari direnen arropak ere bai, nahiz eta nolabaiteko zurruntasuna sumatzen den toles bertikaletan. Koloreen kokapenak eta konposizioak ematen duten izaera apaingarria eta figuren hauskortasuna (trazuaren ahuldaderen bat ere badute) lantegi oparo hura zuzentzen zuen maisuaren lanetako ohiko ezaugarriak dira.

Testua: José Manuel Cruz Valdovinos
Complutense Unibertsitatea, Madril



Lucas Cranach Zaharra (Kronach, Alemania, 1472–Weimar, Alemania, 1553)
San Joan Bataiatzailearen predikua, c. 1537-1540
Olioa oholan. 47 x 38 cm
Banco Santander bilduma

Erakusketaren edukia: San Joan Bataiatzailearen predikua

Babeslea: