Erakusketa: Ontzitegia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2003-11-12 • 2004-02-22

Ontzitegia

 

Antonio López García Tomelloson jaio zen, Ciudad Realen, 1936an. Bere osabak, Antonio López Torres margolariak, garaiz hasi zuen lanbidean. Hamahiru urte bakarrik zituela, Madrilera joan eta Arte Ederren Eskolan sartzeko prestatu zen, aldi berean Erreprodukzio Artistikoen Museora eta Arteen eta Lanbideen Eskolara maiz joaten zelarik. 1950-1955 bitartean, pintura-ikasketak burutu zituen Madrilgo San Fernando Arte Ederren Goi Eskolan.

Ikasketak amaitu eta berehala Italiara eta Greziara joan zen, eta han txundituta geratu zen Treceto-ko eta Quattrocento-ko margolariekin, baina batez ere, Piero della Francescaren lanarekin. Tomelloson eta Madrilen egin zuen lan 1960ra arte. 1961ean, ezkondu egin zen  María Morenorekin; hura ere margolaria zen. 1964-1969 bitartean, irakasle-lanak egin zituen San Fernando Arte Ederren Goi Eskolan, Koloreak Prestatzeko Katedraren arduradun gisa. 1992an, Víctor Erice zuzendariak Irasagarraren eguzkia luzemetraia egin zuen, Antonio Lópezen sorbidean oinarritua, eta urte hartan bertan Cannes-eko Zinemaldian Nazioarteko Kritikaren saria irabazi zuen. 1993ko urtarrilean, San Fernando Arte Ederren Errege Akademiako zenbakizko kide izendatu zuten. Gaur egun, bizi eta lan Madrilen egiten du. 

"Errealismo madrildarra" izenekoari lotua, Antonio López gerra zibilaren ondorengoko eszenategi espainiarreko artistarik pertsonalenetako bat da. Berrogeita hamargarren hamarkadatik, marrazkia, grabatua eta eskultura landu ditu, eta kutsu intenporala eta birtuosismo tekniko handia duen lana sortu du, izakiak eta objektuak modu errealistan islatuz. Bere errepertorio ikonografikoa ikusmenezko errealitatetik abiatzen da eta intimitateko espazioen eta kanpoko handitasunaren artean ibiltzen da (erretratuak, natura hilak, barnealdeak eta etxeko objektuak, eta panorama handiak). 

Ontzitegia (ohol gaineango oleoa, 200 x 100 cm), 1963an margotua, Antonio Lópezen lan enblematikoenetako bat da. Teknika aldetik, margoa trinkoa da eta margolariak surrealismoko eta informalismoko hainbat baliabide sartzen dizkio (orbanak, urradurak eta baita materia-gehitzeak: marmol-hautsa sartu zen, eta gero erre egin zen hautsa). Jardunbide horren bidez, oleoko aglutinatzailea (olioa) desagertu edo urritu egiten da eta pintura, oholean aplikatua, itxura lehorra eta zimurra hartzen du; batzuetan, horma-pinturaren antzekoa da. 

Bere gaia eta baliabideak kontuan harturik, fantasia eta afektibitatea egunero agertzen diren lanen multzoan kokatzen da; batzuetan, surrealista samarrak ere kalifikatu izan dira. Errealitatea irudikatzeko gustuari -altzari baten gainean erabiltzen diren objektuen multzoa- hausnarketara bultzatzen gaituen presentzia eta objektu kezkagarriak gehitu behar zaizkio. Hala, emakumezko baten bustoa ezkerraldeko goi-angeluan zintzilik -berez, bere emaztearen erretratua- presentzia babesle gisa ageri da, tradizio klasikoan edo zinopari herrikoietan bezala, etxeko mikrokosmosaren kaosa babestuz. Piztutako kandela -hau ere airean esekia- esanahi hori indartu egiten du eta iheskortasun kutsu bat gehitzen dio; hori loreetan eta fruituetan ere ageri da.

Egunerokotasunaren naturaz gaindikotasunari esker obra hauek espainiar barrokoarekin lotzen ditu eta, Sánchez Cotán-en natura hiletan bezala, margolariak objektuengan ipintzen duen begirada biziak eta kontzentratuak obrari naturaz gaindiko kutsua ematen dio obrari eta ikuslea bere baitan eta hausnartuz kontenplatzera bultzatzen du. Amets metafisikozko kutsu honi, begi-bistakoaren bidez ikusi ezin dena iradokitzen duen kutsu honi argiaren erabilerak (edo hobeto esanda, ilunantzak) asko laguntzen dio, objektuak ukitzen dituelako eta isiltasunaren eta denbora-ezaren sentsazioa indartu egiten duelako; sentsazio hori maiz ageri da Antonio Lópezen lanetan.