Erakusketa: Oi! Bihotz Ay! Corazón Oh! Heart - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2009-07-03 • 2009-09-13

Oi! Bihotz Ay! Corazón Oh! Heart

33. Aretoa

Erakusketa honetan aurkeztutako 38 serigrafiak José Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) Globo rojo aldizkarian sartutako testu eta poemetan inspiratuta sortutako Oi! Bihotz Ay! Corazón Oh! Heart liburuaren zati dira, eta Usoa Zumetak estanpatu ditu. Globo Rojo aldizkaria, izan ere, Santa Agedako (Arrasate, Gipuzkoa) San Juan de Dios Ospitale Psikiatrikoko gaixoek idatzitakoa da. Liburua 150 aleko argitaraldi mugatua da; aleak zenbakituta eta sinatuta daude, eta eskuz egindako paperean serigrafiatuta inprimatu dira.

Zumetak berak honela kontatzen du liburu honen historia:

"80ko hamarkadaren erdialdera, Santa Ageda Erietxeko gaixoek idatzi eta argitaratutako aldizkari bat iritsi zitzaidan, Arrasateko lagun batzuen bitartez. Asko interesatu zitzaidan; izan ere, beti interesatu izan zaizkit alde batera dagoen jendearen lanak, artearen lanbidearen akademiatik at dagoen jendearen lanak, hala nola, graffitiak, haur-pinturak, arte herrikoia... Orduan, serigrafia bat bidali nien Globo Rojo izeneko aldizkariaren sortzaileei, egindako lanagatik zorionak emanez. Beraiek erantzun egin zidaten, ordura arte argitaratuta zituzten aldizkariaren zenbaki guztiak koadernatuta bidaliz. Haiek ikusi eta irakurtzean, pentsatu nuen material interesgarria zela liburu batean erabiltzeko, baina ez nekien nola erabili, eta niretzat, ez zen mota honetako proiektu bat gauzatzeko unea. Urte askoan ahaztuta egon ondoren, duela urte gutxi batzuk (2006), nire alaba Usoak, arte grafikoko inprimatzailea eta argitaratzailea den aldetik, elkarrekin edizio mugatuko liburu bat egiteko (serigrafian) proposamena egin zidan. Hasieran, ez nion kasu handiegirik egin, baina bera tematu egin zen, eta, orduan, aspaldiko ideia hura etorri zitzaidan burura. 26 testu labur aukeratu nituen, eta, Buenos Airesen egindako egonaldia aprobetxatuta, 2006-2007ko neguan bi marrazki egin nituen eta liburuaren maketari forma ematen hasi nintzen."

 

José Luis Zumeta

Nerabezaroan, Zumetak pintura ikasi zuen Donostiako Arte eta Lanbideen Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartean. 1958an, Urrezko Domina jaso zuen Madrilgo Gazte Pinturaren lehiaketan. Handik urtebetera, Parisera joan zen ikasketak osatzeko asmoz; Stockholm eta Londresera ere joan zen, eta, bertan, zuzenean ezagutu zituen garaiko abangoardia eta artea.
1966an, Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, Amable Arias, Rafael Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu eta Jorge Oteizarekin batera. Urte horretantxe, Euskal Pinturaren Saria jaso zuen.

Bere ibilbide piktorikoa informalismotik abstrakzio lirikora bilakatu zen, betiere, adierazpen koloristari leial, baita 80ko hamarkadan figurazio karikatureskoan eta kritika sozialekoan murgildu zenean ere. Bere obraren ezaugarrietako bat, berezkotasunaz eta indar adierazkorraz aparte, aldakortasuna da; izan ere, euskal pintoreen bi belaunaldiren alderdiak eta interesak uztartzen ditu.

Bere pinturaren parterik handiena, parentesi figuratibo bat salbu, espresionismo abstraktuan sartu behar dugu; bere kasuan, beti izan du interesa sustrai herrikoiak aurkitzeko, eta eduki argumentalez eta dramatismoz blai egon da. Koadro hauek deskribapen konplexuagoak eragin zituzten luze barik, zeintzuetan gatazka ilunak antzeman zitezkeen. Gatazka horiek, beti distiratsua zen kolore baten bitartez, frankismoaren azken urteetako drama kolektiboa islatzen zuten.

1973an Picasso hiltzean –egileak beti izan zuen oso presente bere obran–, bere lanaren norabidea birplanteatu zuen, eta figurazio espresionista oso agresiborantz jo zuen; eszena, jarrera eta pertsonaia desitxuratuz betetako lana zen, eta gaiak eguneroko irudi arruntetatik lortzen zituen. Esperientzia labur hori figurazio espresionista bilakatu zen, baina piktoriko eta koloristagoa, irudi ugarikoa eta euskarri ezohikoetan egindakoa, hala nola, kartoian. Izan ere, kartoiak, bere egiturarekin, interes adierazkor osagarria eskaintzen du.

Bere azken lana, parametro espresionisten barruan eta figuraren erabilera galdu gabe, abstraktuagoa da oro har; zaletasuna dauka formatu handiekiko, berezkotasun indartsuz dago eginda eta neoespresionismoarekin lotuta dago, bere ibilbidearekin bat etorriz.

José Luis Zumeta (Usurbil, Gipuzkoa, 1934)
Izenburu gabe, 2006
Autorearen bilduma


Babeslea: