Erakusketa: Nicolás Martínez Ortiz (1907-1991) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2007-10-01 • 2007-10-28

Nicolás Martínez Ortiz (1907-1991)

33 Aretoa

Nicolás Martínez Ortiz bilbotar margolariaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, Bilboko Udalak eta Museoak artistaren 151 lan biltzen dituen erakusketa antolatu dute. Olio-pinturak, marrazkiak, grabatuak eta akuarelak, billeteak eta zenbait agiri batu dira, ibilbide kronologiko batean antolatuta. Horrela, artista honek margolari, marrazkilari, kartelgile eta grabatzaile gisa egindako lanaren ikuspegi zabala eskainiko da.

Nicolás Martínez Ortiz Bilbon jaio zen 1907an. Gazte-gazterik ekin zion bere prestakuntza akademikoari eta 10 urte zituela Atxuriko (Bilbao) Arte eta Ofizioen Eskolan sartu zen. Pinturaren eta marrazkiaren gaineko interesa agertu zuen eta, besteak beste, Federico Sáenz Venturini, Higinio Basterra, eta Ángel Larroque artistak izan zituen irakasle. Litografiaren teknika ere ikasi zuen familiaren tailerrean.

Gero, Bilboko Udalak Salces beka eman zion, eta, horrela, Parisera joateko aukera izan zuen bere ikasketak osatzera. Parisen, Paco Durrioren eskutik, giro artistikoetan sartu zen. Bilboko Aurrezki Kutxak eskainitako pentsio berezi bati esker, beste hiru urte egin ahal izan zituen Frantziako hiriburuan.

Hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Bilbora itzuli zen eta zenbait erakusketa eta lehiaketatan parte hartu zuen. Sasoi hartan bertako artista batzuen lagun egin zen, esaterako, Arteta, Aranoa eta Urrutiarena, eta Euskal Artisten Elkarteko idazkari izendatu zuten.

Gerra Zibila hasi baino apur bat lehenago, Euskadiko Gobernuak Espainiako Bankuak jaulkiko zuen billete-seriearen zirriborroak egiteko enkargua egin zion. Gainera, lan asko egin zuen muralgile eta kartelgile legez. Horien artean, nabarmentzekoak dira Garellanoko kuartelerako, Luciano jatetxerako, Milizianoen Umezurtz Etxerako, Carlton hotelerako eta Bizkaiko Labe Garaietarako egindako mural apaingarriak, bai eta Bilboko jaietarako edo zezenketetarako egindako kartelak ere.

Gerra Zibilaren ondoren, 1969ra arte, erretiratu egin zen zirkuitu artistikoetatik. Tarte horretan, bere lanik pertsonalena garatu zuen, Euskal Herriko paisaia eta jendearekin girotutako pintura kostunbrista egiteari ekin zion, estilo kubistakoa eta kolore alai eta espontaneoekin. Gutxi batzuk baino ez ziren izan zeregin horren lekuko: familiakoak eta lagun batzuk, Alejandro de la Sota, Crisanto Lasterra, Llano Gorostiza edo Genaro Urrutia, besteak beste. 1969an, berriro hasi zen erakusketetan parte hartzen, eta arrakasta handia izan zuen, 1991n hil zen arte.

Irudian:
Nicolás Martínez Ortiz (Bilbao, 1907-Madril, 1990)
Erromeria baselizan, c. 1975
Olioa mihisean, 90 x 121 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa

Babeslea: