Erakusketa: New Topographics - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2011-10-17 • 2012-01-08

New Topographics

33. aretoa

1975ean, New Yorkeko George Eastman House delakoak –oso erakunde ezaguna da nazioartean, argazki eta zinema arloan dituen artxibo garrantzitsuengatik– New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape (Topografia Berriak: gizakiak eraldatutako paisaien argazkiak) erakusketa antolatu zuen. William Jenkins, XX. mendeko argazkigintzako kontserbatzaile albokoa, aritu zen komisario lanetan, eta erakusketak hamar artistaren 168 lan aurkeztu zituen: Robert Adams, Lewis Baltz, Bernd eta Hilla Becher, Joe Deal, Frank Gohlke, Nicholas Nixon, John Schott, Stephen Shore eta Henry Wessel, Jr. ziren aipatutako argazkilariak. Geroztik, euren irudiak erabat lotuta geratu dira paisaia ulertzeko moduaren aldaketa garrantzitsuari, argazkigintzako gai gisa eta gai sozial eta kultural gisa.

Erakusketa helburu apalekin egin zen, baina, hala ere, denborarekin, diziplina artistiko honen historiako funtsezko mugarria izatera heldu zen, erabat aldatu baitzituen paisaiaren generoaren oinarriak argazkigintza garaikidean. Eragina funtsezkoa izan zen Estatu Batuetan, baina are erabakigarriagoa izan zen Europan, non iraultza teknologikoaren garapen gero eta handiagoak eta iraultza horren ondorioek derrigorrez eraldatu baitzuten natura idealizatuaren ikuspegi erromantikoa. Argazkigintza berriak dokumentatu egiten du gizakiak naturaren gainean duen eragina, eta, gertakari hori idealizatu beharrean, beste modu batean begiratzera derrigortzen gaitu.

Garrantzi hori gorabehera, pertsona gutxik bisitatu ahal izan zuten New Topographics erakusketaren jatorrizko aurkezpena. Hori dela eta, Tucsoneko Unibertsitateko (Arizona, AEB) Center for Creative Photography delakoak erakusketa berreraikitzeko ekimena izan du orain, eta asmo horrek interes berezia dauka. 2009tik, erakusketa hau Estatu Batuak, Austria, Alemania, Frantzia eta Holandako zenbait egoitzatan ikusi ahal izan da, eta, orain, Bilboko Arte Ederren Museoan ere aurkeztuko da. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaierako Ipar Amerikako paisaia-argazkigintzaren berrikuntza estetikoa aztertzeko asmoz, bederatzi argazkilariren ehun argazki baino gehiago bildu dira, hau da, 1975eko jatorrizko erakusketarako aukeratutako lanen bi heren. George Eastman Housek eskuratu zituen garai hartan, eta lan horietako gehienak aipatutako erakundearen bildumakoak dira.

Irudi hauek paisaiaren kontzeptu berria definitu zuten, tradizio erromantikotik urrun eta naturak eta gizakiak industrializazioaren ostean izan duten harremanean oinarrituta. Joera horren eragina arte kontzeptualean, land art delakoan eta arkitekturan sumatzen da gaur egun, eta pentsa daiteke erabakigarria izan zela naturaren kontserbazioaren gaineko kontzientzia sozialaren sorreran ere. Hamarkada hartan, Vietnameko gerrak eta utopiaren amaierak erabat markatu zituzten Estatu Batuak, eta argazki hauek une hartako errealitatea islatu zuten: telefono-kableak, karabanak, kale nagusiak, bulego-bloke anonimoetako aparkalekuak, bungalowak, motelak eta autobideak; New England eta Los Angelesko ikuspegi prosaikoak... hori guztia, ohiko xarma estetikorik gabe eta adierazkortasunaren mesedetan. Itxurazko neutraltasuna eta simulatutako objektibotasuna gorabehera, irudi hauek paisaia arrunt eta ahaztuei buruzko mezu adierazgarriak transmititzen dituzte.



Irudian:
Robert Adams
Mobile Homes, Jefferson County, Colorado, 1973
George Eastman House Collections.
© Robert Adams, 2009


Erakusketaren edukia: New Topographics

Babeslea:

Kolaboratzaile: