Erakusketa: Jacques Lipchitz. Dohaintza - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2005-06-24 • 2005-09-25

Jacques Lipchitz. Dohaintza

1 Solairua - Arte Garaikidea

2003an, Bilboko Arte Eder Museoak erakusketa bat eskaini zion Jacques Lipchitzen (Druskieniki, Lituania, 1891-Capri, Italia, 1973) obrari, XX. mendeko eskulturaren berritzailerik handienetakoa izan baitzen. Erakusketari esker, publikoak eskultorearen prozesu tekniko eta kontzeptuala deskubritu ahal izan zuen, izan ere, obren artean ez zituen soilik brontzezko edo harrizko eskulturak sartu, ezpada obra horien lehenengo estudioak ere, bai eta prestakuntzarako zirriborro ugari eta paperaren gaineko beste lan batzuk ere, zenbait teknika eta formatutan maisutasun handiz egindakoak denak ere. Azken horien presentziarekin argi utzi nahi izan zen Lipchitzek, abangoardiako artista gehienek bezala, garrantzi handia eman ziola esperimentazioaren eta hausnarketa artistikoaren esparruari.

Erakusketaren ostean, Museoak Figura jesarrita izeneko brontzezko eskultura eskuratu zuen: 1915ekoa da, Lipchitzek kubismoarekin guztiz konprometituta lan egin zuen garaikoa. Eskuraketa horri esker, Jacques eta Yulla Lipchitz Fundazioak 1968 eta 1972 arteko hamabi grabatuen dohaintza egin zuen. Lan horiek marrazki dinamiko eta bolumen sendoak dituzte, beti ere harreman estuarekin bere eskulturekin: Belerofonte Pegaso hezten II, Belerofonte Pegaso hezten III, Zeruaren eta lurraren artean, Gai biblikoa, Gure bizitzako zuhaitza I, Europaren bahiketa II, Europaren bahiketa III, Europaren bahiketa VI, Sakrifizioa, Azken besarkada I, Azken besarkada II, eta Ukondoen gainean jarritako emakumea.

Handik gutxira, Fundazioak beste bost pieza berezi eman zituen dohaintzan: eskultorearen zenbait obra garrantzitsuren lau bertsio eskaiolan eta beste bat terrakotan: Musika-tresnak, fruta-saskia eta mahatsak (1922), Oihua edo Bikotea (1928-1929), Ukondoen gainean jarritako emakumea (1933), Agar Basamortuan edo Agar III (1949-1957) eta Europaren bahiketa, G aldagaia (1969-1970).

Modu horretan, Museoa Lipchitzen ondarearen gaineko erakunde onuradunen talde aukeratuan sartu zen. Lipchitzek, bere azken borondateetan, adierazi zuen bere eskulturen eskaiolazko edo terrakotazko bertsioak (bere piezen funtsezko egoerak, alegia) ezin izango zirela inoiz merkaturatu edo bera bizirik zegoenean egin edo baimendu zituenak baino brontzezko kopia gehiago egiteko ezin izango zirela erabili, eta zehaztu zuen horien gaineko interesa agertzen zuten erakundeei eman beharko zitzaizkiela piezok, dohaintzan. Gure Museoaz gain, eta eskultoreak berak Tel Aviveko museoari egindakotik aparte, Pariseko Arte Modernoaren Museo Nazionalak, Otterloko Kröller-Müller Museoak, Londreseko Tate Galleryk, Madrileko Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalak eta Valentziako IVAMek jaso dituzte aipatutako dohaintzak.

Gauzak horrela, gure Museoaren bilduma iraunkorrean Jacques Lipchitzen brontze bat, lau eskaiola, terrakota bat eta hamabi grabatu daude. Eskultorearen omenezko erakusketa honetan aurkezten ditugu horiek guztiak, eskerrak emanez gure bilduman Lipchitzen obra hain ondo islatuta egoteko lanean aritu direnei.