Erakusketa: Itsaso Ekaiztsua eta naufragioa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2011-04-05 • 2011-07-03

Itsaso Ekaiztsua eta naufragioa

16. Aretoa

Itsasoa Turnerren ibilbide artistikoko interes handietako gaia izan zen, eta, bere mihiseen herenetan ia-ia, itsas pinturak egin zituen. Itsasertzeko eta portuetako ikuspegiak margotu zituen argitaratuak izateko, eta itsasoaren zein kostaldearen milaka zirriborro eta azterketa egin zituen. Ausardia, lorpen eta tragediarako lekua izanda, beretzat gizakiak bere dramak sarritan axolagabea eta krudela den naturan irudikatzeko erabili zuen testuingurua izan zen itsasoa. Horrelako lan askotan, generoso maisu holandarrak berregiten dira edo omenaldia eskaintzen zaie, eta Turner bera tradizio piktoriko horretako oinordeko anglosaxoia da. Nolanahi ere, itsasoak behar duen miresmena inspirazio-iturria izan zen Turnerren estiloaren berriztapenean eta gaia jorratzeko moduan. Berak zabaldutako pasadizo batean, itsasontzi bateko mastan lotuta agertzen da ekaizpean. Seguruenik, apokrifoa da, baina ondo baino hobeto irudikatzen du bere margolanen egiazkotasunaren inguruko aldarrikapena. Olatuen arakatzaile erromantiko moduan berari buruz sortutako irudia bere heldutasunaren alderdian irudikatu zen, eta, horren ondorioz, bere herriko umeek “Booth almirantea” ezizena jarri zioten.

1830. urtearen inguruan, Turnerrek sarritan bidaiatu zuen Margateko marinel-hiribildura. Ingalaterrako hego-ekialdean dago, leku arriskutsua da, metereologia aldagarriaren ikuspegiak eskaintzen ditu eta “Europako zeru izugarrienak” zirela azaldu zuen Turnerrek. Margolan hau amaitu gabe dago, betearazpen-fasea nahikoa aurreratuta badago ere, 1840. eta 1845. urteen artekoa da eta margolaria hil ostean aurkitu zuten haren estudioan. Itsasbazterretik, seguruenik, Margatetik ikusitako ikuspegia dago irudikatuta. Eskuinaldeko beheko aldean ikusgai dagoen forma marroia olatuen erasoa pairatzen duen kaia da seguruenik. Pezioaren ingerada gorria amaitu gabe dago ezkerraldeko beheko aldean. Baliteke ikusgai ez dagoen naufragioaren zantzua izatea. Irudiaren erdialdean, hodeietako argiunean zehar sartzen den argi-izpiak ur bareagoen gunea eta bela zuria argiztatzen ditu. Dena dela, ekaitzetik ihes egin ote du itsasontziak edo arriskurantz nabigatzen du? Erantzuna argiagoa izango litzateke Turnerrek mihisea amaitu balu, lehen planoaren xehetasunak egin balitu eta, batez ere, izenburua jarri eta Royal Academyn erakusgai jarri balu. Gaur egun, egoera hori argitu gabe dago oraindik, eta jokoan dauden bi indarrak haztatu besterik ez dugu: itsasoaren ankerkeria eta gizakien erresistentzia.

Turnerren galeriara joandako bisitari baten esanetan, amaitu gabeko lanak “sorkuntza-lan apartak dira, ihintza bezain freskoak, zuritu berri diren perlak bezalakoak”. Gainera, honako hauxe ere adierazi zuen: “gaiari buruzko aipamena egin ez arren”, beti antzematen ez delako, “koloreak oso-oso atseginak [dira] begien aurrean”. 1960. urtean inguruan, hain zuzen ere, ezaugarri hori izan zen artisten belaunaldi oso batek gehien preziatu zuena, abstrakzio modernoarekin aurkitu zuelako lotunea. Gaur egun, ez gaude Turnerren margolanetan gaia kontuan ez hartzeko hain prest, baina onartu egiten dugu sarritan bere lan berantiarraren ezaugarri lausoa dela –nahiz eta garaiko zenbait kritikarik zentsuratu– halako indarra eta erakargarritasun eutsiezina ematen dizkiena.


Thomas Ardill
Dokomentalista, Tate Britain


Joseph Mallord William Turner Rough Sea with Wreckage, c. 1840-1845
Olioa mihisean, 92,1 x 122,6 cm
Tate Britain, Londres

Erakusketaren edukia: Itsaso Ekaiztsua eta naufragioa

Babeslea:

Kolaboratzaile: