Erakusketa: Greco - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2017-05-10 • 2017-10-16

Greco

Antonio de Covarrubias y Leivaren erretratua
Diego de Covarrubias y Leivaren erretratua

7. Gela

Grecoren Museoko (Toledo) bildumako bi obra nabarmenen –Antonio de Covarrubias y Leivaren erretratua eta Diego de Covarrubias y Leivaren erretratua, neurri bereko bi olio (68 x 57 cm), Grecok 1600. urte inguruan pintatutakoak– aurkezpenarekin, Obra Gonbidatua programarekin konpromiso berri hasi da, eta, gainera, indartu egingo da, adituekin nahiz artistekin hitzaldiak eta topaketak antolatuz; horri esker, programak bitartekari lana egingo du publikoaren eta haien artean.

Grecoren obrak museoko 7. aretoan jarri dira ikusgai. XVI. mendeko eta XVII. mende hasierako gorteko erretratuei eskainita dago, handitasunaren ideiaren eta dinastien interesen zerbitzura jarritako boterearen irudikapen gisa. Felipe II.aren, haren arreba Joana Austriakoaren eta Felipe Manuel Savoiakoa ilobaren erretratuek osatzen duten sekuentzia piktorikoa Habsburgotarren gorte espainiarrean ireki zuen Morok, eta Sánchez Coellok eta Pantoja de la Cruzek jarraipena eman zioten, Velázquezenganaino heldu arte. Pourbusek ondo ezagutzen zuen tradizio hori, eta Maria Medicikoa Frantziako erreginaren erretratuan aplikatu zuen. Museoko bildumako erretratu horiek testuingurua sortzen dute orain aurkezten diren bi obretarako, Grecok garai hartako erretratu zibilaren esparruan egindako ekarpenaren adierazgarri nabarmen gisa. Bestalde, 8. aretoan Grecoren bi pintura jarri dira ikusgai; bi horiek ere museoko bildumakoak dira, erlijioaren arlokoak: San Frantzisko otoitzean, Gurutziltzatuaren aurrean (c. 1587-1596) eta Deikundea (c. 1596-1600).

 

Madrilgo gortean, erregearen eta haren familiaren beharren inguruan sortu zen erretratua; hala ere, Toledon, Grecori esker, modu bikainean garatu zen erretratu zibila, tokiko bizimoduko jaun ospetsuen eskutik.

Hiri Inperialean erretratuaren generorako dohain handia zuten zenbait artista egon ziren, hala nola, Blas de Prado; artista Marokon izan zen 1593an, sultanaren familiari erretratua egiteko, Felipe II.aren enkarguz. Era berean, Solís etxeko jauna, semearekin erretratu bikaina margotu zuen Antón Pizarro ezezaguna daukagu; lan hori bilduma pribatu batean dago gordeta, eta Kretako maisuaren erretratu berantiarren ildokoa da, motagatik eta modeloaren irudikapen berehalako eta sakonagatik. Azkenik, Juan Sánchez Cotán pintorea ere aipatu daiteke; famatua izan zen egindako natura hilengatik eta Brígida del Río, Peñarandako emakume bizarduna erretratuagatik. Azken lan hori Taverako administratzailea zen Pedro Salazar de Mendozaren bilduma artistikoan egon zen gordeta. 1620ko ekainaren 13an idatzitako Ondasunen Inbentario horretan, hain zuzen, Covarrubiatarren bi erretratu agertzen dira, eta gaur egun Grecoren Museoan ikusgai daudenekin identifikatu daitezke.

Grecok Espainiako erretratuaren historiari egindako ekarpena funtsezkoa izan da. Bere erretratuak, orokorrean, hondo neutroaren gainean irudikatutako bustoak dira, hiru laurdeneko soslaiko aurpegiekin eta barneratze psikologiko sakonarekin, eta orduko gizarteko erretratu-bilduma bikaina dira. Artista hiriko girora egokitu zen, eta Toledoko familia garrantzitsuenen konfiantza lortu zuen; izan ere, beragana jo zuten, euren erretratuak egin zitzan. Erretratuen bidez, protagonistaren nortasunera gerturatzen da errealismo nabarmenaz. Erabilitako sorta kromatikoa eta Veneziako modeloen eragina gehituta, Velázquezen erretratuen aurrekari bihurtu dira. Grecok, erretratu-egile gisa egindako lanean, inguruan izan zituen eta harengan konfiantza izan zuten pertsonen sakontasun handiko irudiak utzi ditu, adibidez, Antonio eta Diego de Covarrubias anaienak eta hainbat jaun ezezagunenak; pertsonaia horiek garai hartako Espainia loriatu eta ilunaren arketipo gisa finkatu dira gure memorian.

Antonio de Covarrubias ospe handiko legelaria eta Grecoren lagun handienetakoa izan zen. 1584. urtean On Diego de Castilla hil ondoren, Toledoko zirkulu eklesiastiko eta intelektualetan sartzen lagundu zion. Adinean aurrera eginda eta haren bizitasunak edo, agian, barruko ezinegonak (bizitza osoan pairatutako gorreriaren isla) berezkoa zuen mugimenduarekin irudikatu zuen margolariak. Legelari toga edo jantzia du, kolore beltzekoa, bular aldean botoiak lotuta, eta, horren gainean, beste jantzi zuri bat ikusten da lepo aldean.

Grecok gutxienez beste bi alditan irudikatu zuen: horietako batean, Orgazako jaunaren ehorzketa obran, eskuinean, soslaiz, bizar zuriarekin eta elizgizon jantziekin. Margolan horren beste bertsio bat Louvre Museoan dago 1941. urtetik. Espainiako eta Frantziako gobernuen arteko trukea izan zen, Espainiatik modu irregularrean irten ziren hainbat obra berreskuratzeko.

Doménicok goretsi egin zuen, Vitruvioren tratatuari egindako ohar batean: "Antonio de Covarrubias hura (naturaren miraria, esan genezake), non adierazkortasun eta dotoretasun zizeroarra eta hizkuntza greziarraren ezagutza bikaina uztartzen diren, baita ontasun eta pazientzia amaigabea ere, eta horrek distirarazten du, hainbeste, non ikusmena oztopatzen didan eta ezin dudan jarraitu".

Diego de Covarrubiasek erakusten duen bizitasunaren eta baretasunaren adierazgarritasuna nabarmentzen da; haren anaia Antoniok bezala, prestakuntza sendoa zuen, eta goi-karguak bete zituen elizako hierarkian. Grecok ez zuen bizirik zegoen bitartean ezagutu; izan ere, 1577an Toledora iritsi baino hilabete batzuk lehenago hil zen, baina, ziurrenik, aurretik Alonso Sánchez Coellok egindako erretratu askoz hotzagoan hartu zuen inspirazioa. Antonioren anaia zen, eta biak ziren Espainiako Errenazimentuko arkitekto ospetsuenetakoa zen Alonso de Covarrubiasen semeak. Gainera, Trentoko Kontziliora joan ziren elkarrekin jurista gisa, eta euren erudizio harrigarria goraipatu zuten atzerriko kritikari askok.

Errenazimentuko humanistaren lehenengo eredua izan zen, baita teologoa, jurista, Salamancako Unibertsitateko katedraduna eta Segoviako apezpikua ere. Ile eta bizar zuriduna, aurrera begira, hondo neutro baten aurrean agertzen da, eta sotana, elizator zuria eta bonete beltza ditu jantzita. Lepoaren inguruan zinta zuri bat du, eta zinta horrek urrezko eta esmeraldazko bular-gurutze berdeari eusten dio bular aldean, apezpikuen kasuan ohikoa zen bezala.

1600. urte inguruan egindako pintura horiek oso ondo erakusten dute Grecok Espainiako erretratuaren historiari egindako ekarpena. Estatuan erretratu psikologikoa sartu zuen lehenengo pertsona izan zen, hau da, antzematen eta atzitzen hain zaila den pertsonen barne-bizitza erakusteko gai izan zen.

Luis Alberto Pérez Velarde
Grecoren Museoko kontserbatzailea (Toledo)

 

Greco (Doménikos Theotokópoulos)
(Candia, Kreta, 1541-Toledo, 1614)

Antonio de Covarrubias y Leivaren erretratua
Diego de Covarrubias y Leivaren erretratua
c. 1600
Olioa mihisean, 68 x 57 cm
Museo del Greco, Toledo

Babeslea: