Erakusketa: Eskuratutakoak 02/07 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2007-12-10 • 2008-02-10

Eskuratutakoak 02/07

BBK Aretoa

BBVA Museoaren Patronatuko kide da 2002tik, Bildumaren Master Plana garatzeko egin duen ekarpenagatik. Programa horren bitartez, bildumari balioa eman nahi zaio, erakusketak eginez eta fondoa handituz. Helburu hori bete nahian, BBVAk 6.010.121 euro jarri zituen Bilboko Arte Eder Museoa Fundazioaren eskura, hamar urteko mailegu baten bitartez. Mailegu horren kopuru nagusia Instituzio fundatzaileen kargura kitatuko da, eta interesak finantza erakundeak berak ordainduko ditu. Modu paraleloan, BBVAk 180.303,63 euroko urteroko ekarpenak egiteko konpromisoa hartu zuen, maileguak iraungo dituen hamar urteetan. 2001eko abenduan sinatutako lankidetza-hitzarmen horri esker, Museoak esku-dirua izango du, artelan multzo garrantzitsu bat eskuratu ahal izateko.

Akordio horren barruan, erakusketa honek 2002 eta 2007. urteen artean eskuratutako obra guztiak modu bateratuan aurkezten ditu, eta, horien artean, bilduman lehen aldiz dauden 9 artisten lanak daude −Jenaro Pérez Villaamil, R.B. Kitaj, Peter Blake, John Davies, Miquel Barceló, Markus Lüpertz, Jacques Lipchitz, Juan Luis Moraza edo Darío Urzay−, bai eta lehendik ere bilduman lanen bat zuten artistenak ere −Eduardo Zamacois, Vicente López, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Vicente Ameztoy, Juan José Aquerreta, Amable Arias, Txomin Badiola, Luis Fernández, Pablo Palazuelo edo Alfonso Gortázar−. Guztira, 41 artisten 192 pieza dira: 30 pintura, 24 eskultura eta instalazio, paperean egindako 120 obra eta 18 kartel. Kronologikoki, 123 lan XIX. mendekoak dira, 61 XX. mendekoak eta 8 XXI. mendekoak.

 

Euskal Herriko artistak

2002an, obra multzo handi bat sartu zen bilduman. Euskal Herriko artisten bilduma eguneratzeko asmoz eskuratu ziren, kontuan izanik Bilboko Arte Eder Museoak duela euskal artearen bildumarik onena. Sasoi hartan, 28 egile sartu ziren bilduman: Ángel Bados –1985, 1990, 1991, 1993 eta 2001eko Sin título (Izenbururik gabe) izeneko bost lan–, Juan José Aquerreta –bi: 1990-91ko Apolo barneliluratua (Heraklitoren hilobirako frisoa) eta 2001eko Naturaleza muerta de la granada (Granadaren natura hila)–, José Ramón S. Morquillas –bi: 1985-86ko Contenedor (Edukiontzia) eta 2001eko Los intelectuales de mi aldea (Nire herrixkako intelektualak)–, Daniel Tamayo –bat: Duranguesado (Durangaldea), 1981–, Txomin Badiola –bi: Double Trouble, 1990-91, eta Gimme Shelter, 1999–, Darío Urzay –bat: El vientre del observador (Umbral de atención) El vientre del observador (Afterimages) [Behatzailearen sabela (Arretaren ataria) Behatzailearen sabela (Afterimages)], 2001–, Juan Luis Moraza –lau: (P), 1982; Le grand vesse, 1998; Nas, 1998 eta FANAL. Gozamenen Llrategia, 2001–, Jesús M. Lazkano –bi: 2001eko A la espera del dibujo inacabado (Amaitu gabeko marrazkiaren zain) eta 1991ko Gianbolognaren omenez– eta Pello Irazu –hiru: 14-9. 31/081989; To the sleeping part, 1993 eta Habitat, 1995–.

Handik denbora batera, Amable Arias artistaren obra bi erosi ziren –De lo invisible I (Ikusezinaz I) eta De lo invisible II (Ikusezinaz II), 1972–, bai eta Mari Puri Herrerorenak –bi: 1999ko El Arenal al fondo (Areatza atzealdean), eta 2002ko Albia; hirugarren bat, 1967ko El comedor (Jantokia), 2006an eskuratu zen–, eta Alfonso Gortázarrenak ere –bi: biak Sin título (Izenbururik gabe), 1991 eta 2002koak–. Egile hauek ez zeuden batere islatuta edo oso agerpen gutxi zuten bilduman, eta denak daude euskal artistarik garrantzitsuenen artean. Urte hartan bertan, Ricardo Barojaren akuaforte bikain bi eskuratu ziren.

2003an Marcial de Aguirreren marmol bat erosi zen –Busto de Elena Koch (Elena Kochen bustoa), c. 1875–, eta, batez ere, Eduardo Chillidaren eskultura bat eta Oteizaren beste bat nabarmendu behar dira. Chillidaren kasuan, kalitate izugarriko burdina goiztiar bat da, 1956ko Hierros de temblor II (Dardarazko burdinak II). Erosketa hori sekula errepikatuko ez den aukera izan zen, gerora Chillidaren obrak hartu dituen prezioak kontuan izanda. Oteizaren eskultura zementuz egindako obra goiztiarra da, 1951ko Figuras (Figurak). Lan horrek osatu egiten du Museoak duen Oteizaren piezen bilduma garrantzitsua. 2006an, Chillidaren 1967ko Sin título (Izenbururik gabe) marrazkia eskuratu zen, bai eta Remigio Mendibururen 1969ko Jaula para pájaros libres (Txori askeentzako kaiola) ere.

2003an Eduardo Zamacoisen 1968ko Bufones jugando al cochonnet (Bufoiak cochonnetean jolasten) olio zoragarria eskuratu zen, bai eta urte bereko Espadachín (Ezpataria) izeneko akuarela eta Enrique Nietoren Mañaria (1918) ere. Nieto Gerra Zibilak gehien kaltetu zuen belaunaldiko margolari bikaina izan zen. Zamacois euskal plastika modernoaren esnatzeak izan zuen margolaririk aipagarrienetakoa izan zen, eta nazioartean sona handia izan zuen bere garaian. Gainera, 2005ean marrazkiz betetako gutun bat eskuratu zen; marrazki horien artean bere autorretratua ere bazegoen. Balerdik kartoi mehean egindako urkolore bat ere eskuratu zen 2003an. Bere informalismorik erradikalenaren erakustaldi interesgarria da, eta 1965ekoa da.

Euskal artisten lanen erosketak osatzeko, beste zenbait obra eskuratu ziren: 2004an, Juan MiegSin título (Izenbururik gabe), 1995– eta Vicente AmeztoyLa Boca (Ahoa), 1979–; 2005ean, Joaquín Lucarini ...Del 14 al 18 (...14tik 18ra), 1930– eta José Ángel Lasarantz número 5 (rantz 5. zenbakia), 2005–; 2006an, José Zugasti; eta 2007an, Antonio María Lecuonaren bat eta Aurelio Artetaren bi. Artetaren Al mercado (Merkatura) eta Sardinera sentada (Sardina-saltzailea eserita), 1913-15 ingurukoak, bereziki esanguratsuak dira, izan ere, elikadura gaitzat hartuta, zortzi panelez osatutako ziklo sinbolistaren parte dira. Museoak panel horietako hiru zituen lehendik. Beraz, eskuraketa aparta da, baina, gainera, XX. mendearen lehen laurdenean sakabanatu ziren eta euskal artean funtsezkoak diren obra batzuen bilketa-lan kultural handia ere bada. Beste alde batetik, Lecuonaren 1898ko Entrática en las Huelgas (Entratika Las Huelgasen) lana eskuratzea derrigorrezkoa zen, behin eskaintza egin ostean. Izan ere, margolari hori euskal pintore askoren maisua izan zen, nahiz eta bere lanaren garrantzia erlatiboa izan.

Roberto Laplazaren obra oso eskuraketa berezia da. Laplaza XIX. mendeko bigarren erdialdeko egile bilbotarra zen, bere garaian garrantzi handiko horma-irudietan parte hartu zuena Madrilen eta erabateko ahanzturan sartu dena. 2007an, berak egindako 112 marrazki sartu dira bilduman, eta, modu horretan, Museoak Laplazaren izaera artistikoa eta lana aztertu ahal izango ditu.

 

Espainiako artea

Espainiako artearen atalari dagokionez, zazpi pieza eskuratu dira, denak ere garrantzitsuak: Vicente López, Genaro Pérez Villaamil, Federico de Madrazo, Raimundo de Madrazo, Luis Fernández, Pablo Palazuelo eta Miquel Barcelóren lanak dira, hain zuzen ere. Lehenengo laurak Espainiako hemeretzigarren mendeko margolaririk garrantzitsuenetakoak dira, eta Museoak 2004 eta 2005. urteen artean eskuratu zituen euren lanak, XIX. mendeko bilduma berritzeko asmoz. Prospekzio horretan, aipatutako egileen maisulantzat har daitezkeen obra bi daude: Vicente Lópezen 1840ko Retrato de Matías Sorzano Nájera (Matías Sorzano Nájeraren erretratua) eta Pérez Villaamilen 1836ko Vista general de Toledo desde la Cruz de los Canónigos (Toledoko ikuspegi orokorra, Kalonjeen Gurutzetik) paisaia. Aipatzeko moduko beste bi ere badaude: Federico de Madrazoren 1854ko (bere garairik onena) Retrato de caballero (Zaldun baten erretratua) eta Raimundo de Madrazoren 1875eko Retrato de Federico de Madrazo pintando (Federico de Madrazoren erretratua, pintatzen ari dela). Azken obra horrek interes berezia dauka, Federico de Madrazo erakusten baitu, semeak pintatuta; margoan, Federico de Madrazo bere alaba Isabelen erretratua ari da pintatzen, Parisen. XIX. mendeko lan horiek osatzeko, Zamacois, Lecuona, Laplaza eta Aguirre euskal pintoreen lanak eskuratu ziren.

Beste hiru egile espainiarrak garaikideak dira: Luis Fernández, Pablo Palazuelo eta Miquel Barceló dira. 2002an, Luis Fernándezen Course de taureaux (Zezenketa) eskuratu zen. 1940ko lan horrek Gerra Zibilaren erreferentzia ikaragarria egiten du, eta, bertan, Goya eta Picassoren herentzia islatzen da. Palazueloren kasuan, 2004an eskuratutako mihiseak, 1955eko Imagen (Irudia) izenekoak, argi erakusten du duela gutxi hildako margolari madrildar handiak zelako eragina izan zuen gerraosteko euskal abangoardian. Izan ere, Chillidak, Oteizak eta Balerdik Palazueloren bideetatik jarraituko zuten, batez ere Chillidarekin izan zuen adiskidetasunagatik. Barcelóren 1998ko Des potirons (Kalabazak) lana, berriz, oso erakargarria da, materia eta kolorea tratatzeko duen moduagatik. Lan hori erosi izana justifikatuta dago, duen kalitateagatik eta Barceló ez zegoelako Museoaren bilduman. Izan ere, nazioartean sona handia duen artista da, eta, prezioak direla eta, bere obraren bat erostea ia ezinezkoa da.

 

Artista atzerritarrak

Atal honetan, XX. mendearen bigarren erdialdeko autore atzerritarrak daude: Jacques LipchitzFigura eserita, 1915—, forma arkitektonikoko espekulazio kubista, 2003an eskuratutakoa;  eta Karel Appel, Le cheval mourant izenburuko margoarekin (1956an egina eta 2007an eskuratua), zeinekin CoBrA taldearen espresionismo abstraktua islatzen baita (Appel talde horretako kidea izan zen). Apur bat geroagokoak dira Peter Blake eta duela gutxi hildako Ronald B. Kitaj, zeintzuen pintura bana erosi baitziren 2002an. Biak dira figuratiboak eta pop art ingeleseko talderik garrantzitsueneko kide izan ziren, Kitaj iparamerikarra bazen ere. Modu horretan, XX. mendearen azken hereneko arte ingeleseko izen garrantzitsuak sartu dira bilduman. Bilduman sartutako hirugarren artista anglosaxoia John Davies ingelesa da; giza figurarekiko etengabeko dedikazioa da bere ezaugarri nagusia.

Azkenik, 2002an Markus Lüpertzen eskultura bat sartu zen bilduman: Frauenkopf (Kopf meiner Mutter). [Emakume baten burua (Nire amaren burua)], 1987koa. Izaera espresionistako eta bolumen konpaktuko irudi picassiarra da, zeinen bitartez neoespresionismo alemaniarraren errepresentazio bikaina lortzen baitu.

 

John Davies (Cheshire, Erresuma Batua, 1946)
(Every) War Memorial [Gerra monumentu (bakoitza)], 1974-1977
Teknika mistoa. 162,5 x 366,5 x 244 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa

Babeslea: