Erakusketa: Carlos de Haes. Marrazki eta grabatuak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2006-11-13 • 2007-01-28

Carlos de Haes. Marrazki eta grabatuak

Artearen Papera (IV)

33 Aretoa

BANCAJA FUNDAZIOAren babesari esker,ARTEAREN PAPERA programak paper gaineko obrari eskainitako erakusketa monografiko batzuk aurkezten ditu. Batzuetan, Museoaren bildumako lanak dira, eta, beste batzuetan, beste bilduma batzuetatik ekarritakoak. Modu horretan, programak egonkortasuna ematen dio Museoaren erakusketa-ildo nagusietako bati, zeinen bitartez garrantzia eman nahi baitzaie paperean egindako lanei. Mota horretako obrak ezin dira modu iraunkorrean erakutsi, euskarri hori oso sentikorra baita argiarekiko eta hezetasun zein tenperaturen giro aldaketekiko.

Oraingoan, erakusketak Carlos de Haesen (Brusela, 1826–Madril, 1898) 57 marrazki eta grabatu biltzen ditu, denak ere Museoaren bildumakoak. Obra horien jatorria margolariak Algortarekin (Bizkaia) izan zuen lotura estuan dago oinarrituta. Izan ere, sarritan joaten zen bertara pintatzera, bere dizipulu eta lagun Jaime Morerarekin (Lleida, 1854–Madril, 1927). Egonaldi horietako batean, Morerak Felisa Alday ezagutu zuen, eta 1900. urtean ezkondu ziren. Zenbait urte geroago, 1952an, Felisa Aldayk 49 obra eman zituen dohaintzan –6 marrazki eta 43 grabatu–, eta lan horiek Haesek eta Morerak pintatutako olioen lehenagoko dohaintzei gehitu zitzaizkien. Beste 9 grabatuak Museoak erosi zizkion Kalkografia Nazionalari 1988an. Tartean dago, era berean, margolariaren erretratu bat, Ignacio Suárez Llanosek (Gijón, 1830–Madril, 1881) akuafortean egindakoa.

Lanetako batzuk oroimenetik edo naturaletik egindakoak dira, beste batzuk prestaketarako zirriborroak, eskuz egindako ariketak, bidaia-oharrak edo grabatuetarako marrazkiak; hala ere, lanok pintorearen obraren ikuspegi pertsonalena erakusten dute, paisaia eta tipo herrikoietan.

 

CARLOS DE HAES (Brusela, 1826–Madril, 1898)

Carlos de Haes XIX. mendeko bigarren erdialdeko paisaia-egilerik garrantzitsuenetakoa da. 1835ean, bere familia Málagara joan zen bizitzera, eta, han, marrazketa lezioak jaso zituen. Hasierako trebakuntza akademizista horri esker, ezagutza tekniko sendoak lortu zituen, eta horretan oinarritu zuen bere produkzio artistiko osoa. 1850ean, jaioterrira itzuli zen, Bruselara, eta, han, paisaiaren generoaren tradizio handia ikertzean eta aire libreko pintura deskubritzean, gaiak eta estiloa zehaztu zituen.

1856an itzuli zenean, ezaguna izaten hasi zen, sortu berriak ziren Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan parte hartu baitzuen. Erakusketa horietan, naturaletik zuzenean hartutako paisaiek publikoaren eta kritikaren interesa piztu zuten. Arrakasta goiztiar horretaz gain, 1857an paisaiako irakasle hasi zen San Fernandoko Arte Ederren Akademiako Pintura Eskolan. Handik, bere irakaskuntzei esker, eragina izan zuen beste margolari aipagarri batzuengan; besteak beste, Aureliano de Beruete, Jaime Morera eta Darío de Regoyosengan. Azken horiek paisaiaren generoa berritu zuten Espainiako pinturan, eta balioa eman zioten genero horri.

Sasoi hartan penintsulatik bidaiatzen hasi zen, gai piktoriko berrien bila. Horretarako, zuzenean naturaletik marraztu edo pintatutako zirriborro txikiak egiten zituen. Gainera, bere pinturari esker, sari ugari lortu zituen; esate baterako, lehenengo dominak 1858, 1860 eta 1862ko erakusketa nazionaletan. 1860an Arte Ederren akademiko izendatu zuten, eta bere ideia estetikoak agertu zituen Paisaien pintura antzinakoa eta modernoa hitzaldian.

Marrazkiak zenbait motatakoak dira: eskuz egindako ariketak, prestaketarako zirriborroak, bidaia-oharrak edo grabatuak. Gehienek planteamendu piktorikoa dute, eta, bertan, izaera atmosferikoko paisaiak agertzen dira: lehenengo planoa hutsik dago, bigarrenean gai nagusia agertzen da, eta hirugarrena, berriz, urruntasunaren planoa da.

Haes margolaria izan zen batez ere, baina denboraldi labur batez grabatuak ere egin zituen. Hala ere, osasun arazoak zirela eta, grabatuak albo batera utzi behar izan zituen, grabatzeko erabiltzen zituen azidoek ikusmena mintzen zioten eta. Grabatuak txikiak dira, eta, gaiei erreparatuta, talde handi bitan bana daitezke. Alde batetik, paisaien zirriborroak daude. Jatorri erromantikokoak dira eta zuzenean naturaletik daude hartuta. Bertan, zuhaitzak, errekak, hondartzak eta itsasoa, mendia eta landa giroa agertzen dira, gehienetan figura txikiekin. Beste alde batetik, normalean landa girokoak diren tipo herrikoiei buruzko (artzainak, urketariak...) estanpa batzuk daude. Seguruenik, argitalpen ilustraturen baterako egin zituen.

Bere produkzioa handiegia izan ez bazen ere –1862 eta 1865. urteen artean berak egindako 70 bat estanpa ezagutzen dira–, Haes eta bere tailerrak akuafortearen teknika berreskuratu zuten Espainiako panorama artistikotik. Frantzian ere, Barbizoneko Eskolaren inguruan eta 1860ko hamarkadaren hasieran, teknika hori berpiztuz joan zen. Beraz, paisaia-egileek sustatutako berpizkundea izan zen, eta horrek baldintzatu egin zituen pintatutako gaiak eta pintatzeko moduak: tratamendu piktorikoarekin islatutako inguru naturalak ziren. Testuinguru horretan, Carlos de Haesen obra berritzailea eta eragin handikoa izan zen dizipuluen belaunaldi oso batentzat. Jarraitzaile horiek, maisuarekin batera, paisaiaren generoaren definizio berri bat osatu zuten.

 

Carlos de Haes (Brusela, 1826–Madril, 1898)
Zubi, c. 1862
Akuafortea paperean, 37,9 x 29 cm

Babeslea: