Erakusketa: Begirada ugari - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2006-06-30 • 2006-09-24

Begirada ugari

BBK Aretoa

Begirada Ugari erakusketa Museoko fondo propioekin zein gordailuan lagatakoekin dago eginda. XX. mendearen bigarren erdiko nazioarteko obrak –ez Espainiakoak ez Euskal Herrikoak– jaso dira bertan, eta izenburuak II. Mundu Gerra amaitu ostean sortutako mugimendu artistiko ugariei egiten die erreferentzia.

Erakusketa honi esker, normalean ikusgai ez dagoen material artistiko ugari –batez ere, paperean egindako lanak– atera da argitara, eta obra horiek agerian uzten dute zenbatekoa den Museoko fondoen aberastasuna. Lan horiekin batera, arte garaikideko aretoan ikusgai egon ohi diren piezak daude.

Horrekin, bisitariari ibilbide erakargarri bat eskaintzen zaio mendearekin batera amaitu zen aro artistiko oparo eta zabaletik. Aro hartan, elkarrekin bizi izan ziren Abstrakzioa eta Errealismoa, geometria eta materiaren Arte Informalista, orbana eta keinuen kaligrafia.

Aukeratutako lanek, denak ere izaera desberdinekoak -olioak, eskulturak, marrazkiak eta grabatuak-, 1945 eta 2000. urteen artean garatu ziren mugimendurik garrantzitsuenetara hurbiltzeko aukera ematen digute, eta, beraz, erakusketak bilduma izaera eta izaera didaktikoa hartzen du.

 

I. ARETOA

Erakusketa zortzi aretotan dago banatuta, eta, hurrenez hurren, surrealismoarekin eta kubismoarekin lotutako mendearen lehenengo erdiko figura historiko biren obrekin hasten da, Man Ray eta Jacques Lipchitz dira artista bi horiek, eta, bigarrenari dagokionez, giza figuran zentratutako bere azken espresionismoaren ildotik, aro hartako autore figuratiborik esanguratsuena izan zen Francis Baconen lanak ditugu ikusgai.

II. ARETOA

Ondoren, Mattaren surrealismo berantiarrak CoBrA espresionista abstraktuen (Appel eta Alechinsky) irudi ameslari eta irrazionalistetara garamatza. Hartung, Vieira da Silva, Bram van Velde, Manessier eta Vedova artista europarren abstrakzio lirikoak edo keinuen informalismoak aurre egiten dio espresionista abstrakturik finenetakoa den Motherwell amerikarraren pinturari.

III. ARETOA

Den dena dago kontrastean abstrakzio geometriko garaikidearen –antagonikoa, ordea– zenbait eredurekin (Bill, Munari) eta horren eratorpen zinetikoarekin (Vassarely, Le Parc) (III. aretoa). Egitura unibertsal eta objektiboak sortzeko kezka dute, bai eta artelanak inguruan izan dezakeen eraginaren edo pertzepzioaren arazoen gaineko kezka ere.

IV. eta V. ARETOAK

Ikonografia herrikoian eta kontsumoko ikonografian arreta jartzen duten pop-art britainiarra zein amerikarra (Hockney, Kitaj, Blake, Dine, Rosenquist, Rivers, Segal), Crhistok pop-art eta arte kontzeptualaren artean egiten duen obra berezia, arte kontzeptualaren erreferentzia nagusia den Beuysen figura eraginkorra eta Twombly lirismo sarkorra ikusi ostean.

V. ARETOA

Alemaniar eta austriarren (Baselitz, Penck, Lüpertz, Immendorf) enfasi espresiboz betetako historiari buruzko figurazio neo-espresionistara pasatzen gara.

VII y VIII. ARETOAK

Azkeneko areto hauetan, Italiako unibertso kultural konplexutik eratorritako transabangoardiaren (Cucchi, Paladino, Merlino) proposamen garaikide eta poetikoak ikusgai dira. Gero, abstrakzio geometrikotik eta, etapa desberdinetan bada ere, minimal-art delakoaren mundutik hurbil samar dauden hiru figura amerikar garrantzitsuren lanak ere ikusiko ditugu (Noland, Stella, Serra), bai eta John Davies ingelesaren errealismoa ere, alde batetik, Davies humanismo britainiar bereziaren oinordekoa da, eta, bestetik, mugimendu hiperrealistaren jarraitzailea.

Babeslea: