Erakusketa: Balenciaga. Mugaren diseinua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2010-05-10 • 2010-09-26

Balenciaga. Mugaren diseinua

Ibilbidea museotik

"Dior jantzigintzako Watteau bada (ñabardurez betea, dotorea, fina eta egokia), Balenciaga modako Picasso da, margolariak bezala, Balenciagak tradizioa errespetatzen duelako bete-betean eta bere estilo klasiko araztua azaltzen delako arlo modernoan egiten dituen saiakuntza guztien azpian".

Cecil Beaton, 1954

 

Cristóbal Balenciaga (Getaria, Gipuzkoa, 1895–Xàbia, Alacant, 1972) modaren historiako sortzaile handienetakoa da, eta ebakiduren edertasun geometrikoa, ehunen ezagutza zehatza eta koloreen harmonia bikaina dira bere jantzigintzaren ezaugarri bereizgarriak.

Balenciaga. Mugaren diseinua erakusketan, Bilboko Arte Eder Museoaren helburua ez da jostunaren obrari eta lanari buruzko diziplinazko irakurketa proposatzea –datorren urtean, hain zuzen ere, museo monografikoa edukiko du bere jaioterrian–, modan egin zuen ekarpenaren eta modari buruz zeukan ikuskeraren interpretazioa eskaintzea baizik. Aldi berean, modak eta janzkerak gizabanakoen zein taldeen artean eduki dezaketen zeresanari buruzko hausnarketa iradoki nahi die ikus-entzuleei: Balenciagaren soinekoek muga fisikoak eta sozialak marrazten dituzte, soinean daramatzaten emakumeak nabarmentzen dituzte eta euren emetasuna gustu onaren nahiz forma finen armadurapean eskuratzen duten izaki dotore bilakatzen dituzte.

Ikusleek goi-mailako jantzigintzako 35 piezaz gozatzeko aukera izango dute –Eusko Jaurlaritzaren bildumakoak, Cristóbal Balenciaga Fundaziokoak eta Euskadiko zein Madrileko bi bilduma partikularretakoak–, Museoan erakusketetarako erabili ohi ez diren eremuetan, Bartzelonako AV62 Arquitectos estudioko Toño Forasterrek eta Victoria Garrigak egindako muntaketa paregabean.

Zazpi eremu bereizitan banatuta, berokiak, kapak, kokteleko soinekoak, gaueko soinekoak eta ezkontza-soineko zoragarria egongo dira ikusgai ezohiko muntaketan –batzuetan, gainera, argi-uztaiak edukiko dituzte inguruan edo metakrilatozko egituretan egongo dira sartuta–. Izan ere, ibilbide berezia diseinatuko da goi-mailako jantzigintzako urrezko aroko jostun onenetakoen sorkuntzetan zehar. Horrez gain, zazpi arlo tematiko horietan, argi-iturriak opako utziko dira eta zorua zedarrituko da. Honako hauexek izango dira arlook: gau distiratsua, hegazti gautarra, gorputz lekuratua, Balenciaga miraria, gaueko siluetak, lore-emakumeak eta emaztegaia.

Balenciaga Getariako herritxo gipuzkoarrean jaio zen 1895ean. Amak jostun lan egiten zuen bertan, eta, 13 urte baino ez zituela, Balenciagak Casa Torres markesaren soinekoa kopiatu zuen. Hasiera goiztiar horren ostean, markesa bere mezenas izan zen, eta Parisera bidali zuen, goi-mailako jantzigintzako prestakuntza jaso zezan.

1913an, bere tailerra ireki zuen Donostian, eta, artean, aristokraziaren udako opor-leku gustukoenetakoa zen. Bere sorkuntzak arrakastatsuak izan zirenez, ogibidea hobetu ahal izan zuen, eta, laster, Bartzelonan zein Madrilen ere ireki zituen dendak. Joskintza-arloko hasierako jakintza horrek betiko zehaztu zuen jantzigintzaz eduki zuen ikuskera: ebakidura ezin hobea izan behar zen eta ehunen ezaugarriak aztertu behar ziren.

1937. urtean, nazioartera hedatzea erabaki zuen, eta goi-mailako jantzigintzako etxea ireki zuen Pariseko Georges V.a etorbideko 10. zenbakian. Hiri horretan, goi-mailako jantzigintzako ezinbesteko erreferentea izan zen hiru hamarkadatan zehar. Bilduma bakoitzean, berritzea zuen helburu nagusi, eta, beti-beti, obsesioz lan egiten zuen, emakumeen hobezintasun eta dotoreziaren idealaren bila.

Parisen bertan, gizon hermetikoaren kondaira ere sorrarazi zuen, nahita ekitaldi sozialetatik eta moda-prentsatik urrundu zelako. Berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, beti-beti bere konfiantzako pertsonak eduki zituen inguruan, eta Espainiako hiru etxeak familiaren zuzendaritzapean egon ziren. Bere tailerretan, isiltasuna, maisuarekiko errespetua eta ondo egindako lanarekiko maitasuna ziren nagusi.

Hartara, nazioarteko kritika espezializatuaren atentzioa zein miresmena lortu zituen, baita Europako nahiz Ipar Amerikako goi-mailako emakumeak ziren bezeroen leialtasuna ere. Bere nagusitasunak 1968ko maiatzera arte iraun zuen; izan ere, garai horretan, prêt-à-porterra eta emakumeen zereginaren ikuskera berria sortu zirenean, Balenciagak bere etxe guztiak itxi zituen.

Balenciagak emakumeen silueta berria diseinatu zuen, proportzio estetikoen inguruan zeukan sisteman oinarrituta. Bezeroentzat sortu eta eredu bihurtu zen siluetan, jantzien diseinuaren funtsezko elementua da emakume-gorputzaren eta inguratzen duen ehunaren artean dagoen distantzia. Horrela, bada, bere soinekoen dotoretasun eta erosotasunaren oinarria den muga sotila sortu zuen.


 

BALENCIAGA. MUGAREN DISEINUA

 

1.- Gau distiratsua
(Chillida atondoa. Neoizko uztaiaz muntatutako gaueko 3 soineko)
Ibilbideari hasiera ematen dioten gaueko hiru soinekoak Balenciagaren jantzigintzaren hiru elementu garrantzitsuren adierazgarri dira: Espainiako janzkera historiko eta herritarra, silueta tubularra, eta ahalik eta jostura gutxienez egindako eraketa. Berrogeiko hamarkadatik, Balenciagak janzkera historiko eta herritarreko zenbait silueta eta material hartu zituen inspirazio-iturritzat: 1955ko estanpazio eta tafetan beltzezko gaueko soinekoak XVIII. mendeko siluetak dakarzkigu gogora, aldakak alboko izurren bitartez nabarmentzean. Tul gaineko kobre-koloreko lentejuelez egindako tunikak figura estilizatu eta lepoa luzatzen du, inolaz ere konprimatu gabe emakumeen anatomia iradoki nahian. Tunika hori, hain zuzen ere, Christian Diorren musa eta laguntzaile hurbilenetakoa izandako Mitza Bricardek erosi zuen 1957. urtean. Bestetik, 1962ko sari-soinekoa maisu-lana da ebakiduran zein ehunaren erabileran –zuntz sintetikoz egindako lame fin berritzailea–, jostura bakarra erabiltzean.

2.- Hegazti gautarra
(Nexo atondoa. Neoizko uztaiaz muntatutako gaueko soineko bat)
Originaltasuna eta koloreen zein ehunen distira dira Balenciagaren gaueko soinekoen ezaugarri bereizgarriak. Hasi zenean, hirira uda igarotzera zihoazen emakume aristokratiko guztiak janzten zituen Donostian. Hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, ordea, bere sorkuntzen eskaria gero eta handiagoa zenez, Madrilen eta Bartzelonan ireki zituen dendak. Gaueko lehen soinekoak soilak ziren arren, berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetako soinekoetan kolore biziak ziren nagusi, eta honako apaingarri hauek zituzten: eskudelak, lumak, txenila, azabatxea eta organtzazko loreak. Gaueko jantzia satin hori biziaz eginda dago, linea tubularrekoa da eta tunika zein kapa ditu osagai. Bertan, Balenciagak glamourrari buruz duen ikuspegia nabarmentzen du ostruka-lumazko parpailan, bere mugimenduak ingeradak desitxuratzen ditu-eta.

3.- Gorputz lekuratua
(Arriaga galeria. Metakrilatozko zilindroetan muntatutako eguneko 10 beroki)
Hogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Balenciagak emakumeen siluetan egindako aldaketa balioesten zuen prentsa espezializatuak, ebakidurak ezin hobeak zirelako. Gorputza nabarmentzeko asmoz Diorrek proposatutakoa Balenciagaren gustukoa ez zenez, honako hiru elementu hauek hartu zituen kontuan modeloak sortzeko orduan: emakumea, jantziaren kanpoko bolumetria eta euren arteko espazioa. Bolumetria hori lortzeko, ehun zurrunak edo testura nabariko ehunak erabiltzen zituen, kanale beltzezko koktel-berokian eta orban urdindun koktel-beroki zurian (1960) antzematen den bezala. Balenciagak bere ibilbide osoan zehar erabili zuen orbandun estanpatua,

baina orbandun beroki hori hirurogeiko hamarkadako bildumetako forma geometrikoen aurrerapena izan zen. Hamarkada horretan, josturak jantzien apaingarri bihurtu ziren, artile horizko eguneko kapa laburrean eta 1966an artile urdin argiz egindako eguneko soinekoan antzematen den bezala. Marlene Dietrich aktoreak, hain zuzen ere, horrelako soinekoa egiteko eskatu zuen.

4.- Balenciaga miraria
(Mogrobejo atondoa. Sabaitik esekitako gaueko 4 soineko)
Garai hartan marrazkian oinarritzen ziren beste diseinugile batzuen aldean, Balenciaga joskintzan trebatu zen. Hori dela eta, berrogeita hamar urtean egin zituen bildumetan, patroien ebaketari eta ehunen ezagutza zorrotzari emandako garrantzia izan zen nagusi. Berrogeiko hamarkadaren amaieran hasitako lineak berrogeita hamarreko hamarkadan garatu ziren, harik eta modako zenbait mugarri bihurtu arte; esate baterako, 1951ko itsas blusa, 1955eko tunika eta 1957ko zaku-soinekoak. Gerria desagertu egiten da; tunikan, sorbaldak eta bularra nabarmentzen dira, edo bizkarra, zaku-soinekoetan; figura estilizatu egiten da, aldaka are gehiago iradoki nahian. 1957an krepe grisez egin eta satin beltzezko begizta daraman kokteleko zaku-soinekoa maisu-eraketa da, eta bizkarra zein aldaka goratzen ditu, 1947tik garatutako bilakaeraren ondorioz. Urte horretan, hain zuzen ere, Tonneau (kupela) linea aurkeztu zuen, Christian Diorren New Look linearen aldean. Azken horrek harea-erlojuko siluetan markatzen zuen gerria, eta ehun lar erabiltzen zuen gonan. 1966eko tunika beste mugarrietako bat izan zen, lerro zuzenaren bidez silueta arazten duen azterketa konstruktiboa gaueko eta kokteleko soinekoetara eraman zuenean, 1966ko koktel-tunikan ikusten den bezala. Izan ere, mahuka laburra eta kaxa-lepoa ditu, brodatutako tul beltzez eginda dago eta ekialdeko fantasia darama laminettean, iophophorean –berde eta urdin arteko kolorea da, eta oso modan zegoen hirurogeiko hamarkadan– eta urre-kolorean.

1967an krepe beltzeko koktel-soinekoa oihal bakarrean eginda dago, aloza dauka albo batean eta jostura bakarra du brillantezko papar-orratzaren azpian ezkutatuta. Hemen, Balenciagak bere ustez emakumeek armairuan derrigorrean eduki behar zuten funtsezko jantzi, eraketa arkitektonikoko benetako bitxi bihurtu zuen petite robe noirea.

5.- Gaueko siluetak
(Euskal artisten atondoa. Plataforma biribil birakarian muntatutako gaueko 5 soineko)
Gaueko soinekoen aukeraketa honetan, nazioarteko prentsak Balenciagaren sorkuntzetan balioesten zuen espiritu espainiarra igartzen da: alferrikakoa desagertzean eta belusaren beltz sakon bezain lodia erabiltzean, tafetan beltzezko lepoa daukan belusezko gaueko berokian Felipe II.aren erregealdiko soiltasuna datorkigu gogora, mantuaren zabalera eta koloreagatik nahiz letxugila edo izurdun lepoagatik. 1966an "gazar" urdinez egindako gaueko jantzia jantzigintzako maisu-lana da, ertzean parpaila duen oihal lisoan oinarrituta txaleko-kapelina lortzen duelako eta lepoa zein aurpegia nabarmentzeko bolumen handia erdiesten duelako, soinekoaren linea tubularrak gorputza estilizatzen duen bitartean. 1960. urtetik aurrera, jostuna materialak ausardiaz nahasten hasi zen, eta zenbait soineko larruz errematatu zituen, bisoiz profilatutako moerrezko tunika beltzean agertzen den bezala.

6.- Lore-emakumeak
(Kristaldun pasabidea. Metakrilatozko krisalidetan muntatutako eguneko 11 soineko)
Murrizketa-epealdi luzearen ondoren, berrogeita hamarreko hamarkadan, emakumeak egunean zenbait aldiz arropaz aldatu behar zireneko garaia itzuli zen. Une horretan, hain zuzen ere, gaueko edo kokteleko soineko laburra sortu zen arratsalde erdiko ekitaldietarako; esate baterako, erakusgai dauden eta 1958koak diren lore-apaingarridun eta tafetan eta otoman estanpatuzko bi soinekoak. Orduan, Balenciaga gainjarpenak erabiltzen hasi zen, eta ikusizko jokoak sortzen zituzten, jantzi bat baino gehiago iradokitzean, 1957an urdinean eta beltzez estanpatuta otomanean egindako soinekoan gertatzen den bezala. Pariseko Balenciaga etxeak, esaterako, soineko hori egin zuen 2008an, 1952. eta 1968. urteen artean sortutako modeloak berreditatzen zituen Balenciaga Edition bildumarako. Bere bilduma guztietan, jostunak gaueko eta kokteleko soinekoetarako erabili zuen parpaila zenbait siluetatan ezartzen zen: alkandora-soinekoak, xalak eta gona harroak, xingoladun eta brodatutako parpaila grisezko soinekoan gertatzen den bezala.

7.- Emaztegaia
(33. aretoko atondoa. Argi-instalazioa duen oinazpiko biribilean muntatutako ezkontza-soineko bat)
Balenciagak ezkontza-soinekoa aurkeztu ohi zuen bere bildumen amaieran, eta 200-250 modelok desfilatu ondoren agertzen zen. Erakusketa honetan ikusgai dagoen ezkontza-soinekoa azken bildumetako modeloa da. Sasoi horretan, bikaintasunez ebakitzen zuenez eta azterketa zorrotz-zorrotza garatu zuenez, bolumen geometrikoa lortu zuen, eta emakumearen gorputza sorkuntzaren euskarria bera zen. Oihal bakar batean oinarrituta, jantzi baten baino gehiagoren ikusizko efektua sortzeko asmoz Balenciagak egindako ikerketako emaitza ikusgarrienetakoa da. Soineko honetan, hain zuzen ere, mugen abstrakzioa egiten du, eta kapa handia zein soinekoa uztartzen ditu, efektu hori lortzeko. Soinekoaren osagarri, kapeluak lerro berberak luzatzen ditu, eta soinekoaren bolumenaren ingeradak goratzen ditu. Zurbaránen margolanetan inspiratutako bolumen soilak bezain garbiak dira, eskulturak ia-ia, eta modernotasun intenporalaren efektu liluragarria lortzen dute.



Irudian (Ezkerretik eskumara):
Koktelerako soinekoa gonagainekoarekin, 1957. Cristóbal Balenciaga Fundazioa
Gazar urdinez egindako gauerako soinekoa eta kapelina, 1966. Cristóbal Balenciaga Fundazioa
Krepe beltzez egindako koktelerako soinekoa, ezkerreko sorbaldarako tirantearekin, 1967. Eusko Jaurlaritzaren gordailua

Erakusketaren edukia: Balenciaga. Mugaren diseinua

Babeslea: