Erakusketa: ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2018-10-06 • 2021-10-17

ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa

1-31. Aretoak

1908ko urriaren 5ean, Hiriko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Arte Ederren Museoaren fundazio agiria sinatu zuten, erreferentziazko erakundea hirian eta museoen panoraman.

Sorreraren 110. urteurrena dela-eta, museoak, BBKren babesarekin eta Kirmen Uribe idazlea (Ondarroa, Bizkaia, 1970) literatura-komisario dela, ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa aurkeztu du, antzinako eraikin osoa –1. aretotik 31.era– hartzen duen proposamen berria, azken hilabeteotan egindako eraberritze museografiko sakonaren ondoren.

Erakusketaren abiapuntua ideia original bat da, zeinaren bidez instalazioen eraberritzea bilduma bisitariei erakusteko modu berri batekin lagundu nahi duen museoak, begirada ere berritzeko aukera emanez horrela. Horretarako, obrak ordenatzeko ohiko erakusketa-irizpideen ordez –kronologikoa edo eskolen zein egileen araberakoa–, alfabeto zabal bat erabili da, 27 letraz gain espainiar alfabetoaren ll digrafoa eta euskal alfabetoaren ts, tx eta tz digrafoak ere biltzen dituena.

Proposamen hau garatzeko, Kirmen Uribe idazlea izan da literatura-komisarioa; museoa ondo ezagutzen du eta ohiko bisitaria izan da haurra zenetik, haren Bilbao-New York-Bilbao (lehen eleberria, 2009an argitaratua) eta Elkarrekin esnatzeko ordua (orain arteko azken eleberria, 2016koa) lanetan islatuta geratu den moduan, bi lan horietan Aurelio Arteta eta Antonio Gezalaren obrak, hurrenez hurren, tramaren funtsezko osagai baitira.

31 letra horietako bakoitzarekin lotuta, Kirmen Uribek euskarazko, espainierazko, ingelesezko edo frantsesezko hitz bana bilatu du, eta hitz horiek inspirazio literariotzat eta komisariotza-argudiotzat erabiliz, museoaren antzinako erakineko areto guztietan erakutsiko diren museoko bildumako artelanen aukeraketa bat egin du. Hain muntaketa berezirako, horrez gain, Ana Isabel Román eta Eduardo López artisten laguntza izan dugu.

Horrela, lau hizkuntzatako letrek eta hitzek osatutako ibilbide bat ordenatzen da, zeinak artearen eta bildumaren historia zeharkatzen duen aroetan eta estiloetan barrena. Idazlearen hitzetan esanda, "denborak baino gehiago, ideiek lotu dituzte obrak, bildumari beste zentzu bat emanez".

 

ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa

 

Aretoetan beste objektu artistiko batzuekin batera erakutsi ohi diren obrak batzen ditu erakusketak, gutxitan erakutsitakoak eta eskuarki biltegietan gordeta egoten direnak. Horrela, Bilboko museoaren bildumaren aberastasuna eta aniztasuna nabarmentzen da; batez ere XIII. mendetik gaur egunera arteko lanak daude bilduma horretan, eta Mendebaldeko artearen pasarte nagusiak daude ordezkatuta.

Horrela, bildumako obra eta artista ezagunen lanak erakutsiko dira –Lucas Cranach Zaharra, José de Ribera, Bartolomé Esteban Murillo, Francisco de Zurbarán, Martin de Vos, Orazio Gentileschi, Francisco de Goya, Paul Gauguin, Mary Cassatt, Ignacio Zuloaga, Joaquín Sorolla, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Francis Bacon eta Antoni Tàpies, beste askoren artean–, baina baita Alberto Schommer eta Gabriele Basilicoren argazkiak ere, Joseph Beuys eta David Hockneyren obra grafikoa, jatorria Palmiran duen harrizko busto bat, K.o. II. mendeko data duena, eta Palacio-Arechabaleta ondareko japoniar arteko piezen aukeraketa fin bat.

Museoko obrei beste erakunde batzuetatik ekarritako mailegu bakan batzuk gehitu zaizkie, proposamenaren esanahia osatzeko, hala nola, Ekain historiaurreko aztarnategiko (Gipuzkoa) hareharrizko plaketa, K.a. 12.000ko data duena, lehen aretoan, Arte izenekoan, eta Aurelio Artetaren Idilioa kirol-zelaietan kartoi gaineko olio-pintura ikonikoa, Athletic Clubek utzitakoa, Kirol aretoan. Era berean, lehen aldiz aurkeztuko da orain dela gutxi eskuratutako eskultura bat, 2018an Eskultura Sari Nazionala irabazi zuen Ángel Bados artistarena, edota Valentín de Zubiaurreren film orain arte ezezagun bat.

Hirurehun pieza eta berrehun artista inguru ordezkatuta, Kirmen Uribek subjektibitatez eta emozioz betetako trama bat osatu du, eta, horretan, hitzek "lurralde ezezagun eta konplexuagoetara" eramaten gaituzte; horietan, askatasun poetikoak Paul Gauguin eta Joseph Beuysen arteko elkarrizketarako aukera zabaltzen du, lehen aretoan, Arte izenekoan, gertatzen den moduan.

Erreferente kulturalez betetako eskuliburu artistiko bat osatu du horrela: arte historialariak, hala nola, Ernst Gombrich eta John Berger; hizkuntzalariak, adibidez, Koldo Mitxelena; filosofoak, besteak beste, Walter Benjamin; eta, jakina, idazleak eta poetak, Homerorengandik hasi eta Unamunorenganaino, Virginia Woolfengandik Bernardo Atxagarenganaino, edo Charles Baudelairerengandik Gabriel Arestirenganaino.

Literatura- eta erakusketa-kontaketa horretan, bizipenak eta artisten biografiako anekdotak daude, baita artelanak bestelako ikuspegi batetik irakurtzeko gakoak eskaintzen dituzten kondairak ere. Iron aretoan (burdina), bilboes direlakoei egindako erreferentziak (Bilboko burdinaz fabrikatutako girgiluak), zeina Shakespeareren Hamlet-en agertzen den, Oteizak eta Chillidak burdinaz egindako eskulturak ilustratzen ditu; Etxe aretoan, berriz, Sonia eta Robert Delaunayk Elantxobe (Bizkaia) itsasertzeko herrian aurkitu zuten babesa du aipagai.

Bizitzeari edo begiratzeari buruzko gogoetak ere proposatzen ditu Uribek, haiku moduan erakusketa seinalatzen doazenak, Heriotza nagusi den aretoan daudenak, adibidez: "hildakoak hilda, bizitzak aurrera egiten du beti"; edo Bilboko ikonografiari eskainitakoan: "begiratzen dugunean inoiz ez dugu gaur egungoa soilik ikusten".

Horrela, museoak bere 110. urteurrena areto oraintxe berrituetan ospatzen du, non literaturak eta arteak iradokizunez betetako erakusketa-espazio bat sortzen duten, museoaren bilduma berraurkitzeko.

 

Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1970)

Kirmen Uribe euskarazko literaturako idazlerik irakurrienetako eta itzulienetako bat da. Haren lehen eleberriak, Bilbao-New York-Bilbao, Espainiako Narratibako Sari Nazionala irabazi zuen 2009an, eta liburuen munduko gertakari global bihurtu zen. Aurretik, haren lehen poema-liburuak, Bitartean heldu eskutik, kritikaren eta publikoaren harrera ona jaso zuen (Kritikaren saria eman zioten euskarazkoen arloan eta ingelesera itzulita argitaratu zen Amerikako Estatu Batuetan). Bere orain arteko azken eleberria, Elkarrekin esnatzeko ordua, aldi berean euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz argitaratua eta Kritikaren saria jasotakoa (euskarazko narratibaren arlokoa), zinemara eramango du Asier Altunak.

Haren artikuluak nazioarteko argitalpenetan agertu dira, The New Yorker eta gisakoetan.

New Yorkeko Liburutegi Publikoaren beka jaso berri du hurrengo eleberria han idazteko.

Arteari buruzko pasioa izebarekin Bilboko Arte Ederren Museora egindako bisitetatik datorkio. Horrela, haren eleberrietan protagonismoa dute Aurelio Artetaren nahiz Antonio Gezalaren margolanek.

 

 

Babeslea: