Erakusketa: Picasso: Ausikien kutxa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2005-09-12 • 2005-11-06

Picasso: Ausikien kutxa

Artearen papera (II)

33 Aretoa

BANCAJA FUNDAZIOAren babesari esker, ARTEAREN PAPERA programak paper gaineko obrari eskainitako erakusketa monografiko batzuk aurkezten ditu. Batzuetan, Museoaren bildumako lanak dira, eta, beste batzuetan, beste bilduma batzuetatik ekarritakoak. Modu horretan, programak egonkortasuna ematen dio Museoaren erakusketa-ildo nagusietako bati, zeinen bitartez garrantzia eman nahi baitzaie paperean egindako lanei. Mota horretako obrak ezin dira modu iraunkorrean erakutsi, euskarri hori oso sentikorra baita argiarekiko eta hezetasun zein tenperaturen giro aldaketekiko.

Oraingoan, Picasso grabatzailearen serierik esanguratsuenetako bat aurkezten dugu: Caisse à remords edo Ausikien Kutxa, Bancaja Fundazioak 2001ean eskuratutakoa.

Serie horren historia bitxia 1960. urtearen amaieran hasi zen. Sasoi hartan, margolaria eta Jacqueline Roque neskalaguna (hurrengo urtean ezkondu ziren) Frantziako Mougins herrira joan ziren bizitzera, Canneseko badiaren gaineko muino batera.

Etxe-aldaketan ari zirela, urteetan zehar Picassok egindako kobrezko eta zinkezko ehun bat grabatu-xafla agertu ziren. Hura aurkituta, Picassok bere grabatzaile-inprimatzaileari agindu zion xafla guztien frogak egiteko, ze egoeratan zeuden jakin nahian. Aztertu ostean, zenbait grabaturen edizio berria eta lehenago editatu gabe zeuden beste batzuen inpresioa egiteko baimena eman zuen. Gainera, beste grabatu asko atzera bota zituen.

Guztira, berrogeita bost xaflari eman zien oniritzia -"bon à tirer" idatzi zuen proben gainean-, eta, 1961. urtearen hasieran, estanpazioen lehenengo seriea egin zen horien gainean, batzuk paper zaharretan, artistak hala nahi zuen eta. Tirada osoa bidali zitzaion Picassori, baina ale batzuk baino ez zituen sinatu, eta gainontzekoa kutxa batean gordeta geratu zen, bere tailerrean. Seriearen izena (Ausikien kutxa) ulertzeko, pentsa daiteke Picassok ausikiak zituela, ez ziolako ekin grabatu guztiak sinatzeko lan aspergarriari. Edo, bestela, bere inguruko pertsonak zirela ausikidunak, ez zutelako lortu Picassok lan haiek sinatzea.

1973an Picasso hil zenean, Kutxa berriro agertu zen, eta, zenbait urte geroago, artistaren oinordekoekin elkarrizketak izan ostean, Louise Leiris arte galeria frantziarrak ale batzuk merkaturatu zituen. Faltsifikazioak saihesteko, Picassoren zigilu edo "cacheta" jarri zioten ale horiei.

Serie honetan berrogeita bost grabatu daude bilduta, eta, horien artean, akuaforteak, punta sikuak eta berniz bigunak daude. Orain ikusgai daudenak Bancaja bildumakoak dira. Erakusketak argi erakusten du Picassoren maisutasun teknikoa, esperimentatzeko erabili zituen estiloak -kubista, surrealista, neoklasikoa eta abar- eta, bere ibilbidean zehar, interesatu zitzaizkion gaietako asko. Emakumeen erretratuek, bainularien errepresentazioek, minotauroek eta bakanalek denboraren joana dute hari nagusi, Picassok 1919 eta 1955. artean egin eta gorde baitzituen estanpa horiek.

Hori dela eta, sorkuntza artistikora bideratutako garai luze hura hain modu berezi eta esanguratsuan biltzen duen serie hau Picassoren nolabaiteko autobiografiatzat hartu dute aditu batzuek.

Babeslea: