Erakusketa: Néstor Basterretxea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2013-02-25 • 2013-05-19

Néstor Basterretxea

Forma eta unibertsoa

BBK Aretoa

Peio Aguirre komisario duen erakusketa honen bidez, Néstor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924) obraren orain arteko atzera begirako bildumarik osoena jarri nahi izan da ikusgai; eta helburu horrekin argitaratu da, halaber, erakusketa honi loturiko katalogo zehatza. Aldez aurretik, 2008an, Basterretxeak museoari dohaintzan eman zizkion Euskal serie kosmogonikoa saila osatzen duten 18 eskulturak, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskulturako multzo ospetsuenetako bat.

Erakusketa honek 60 urte inguruko sorkuntza ibilbide oparo baten azterketa proposatzen du, egileak baliatu izan dituen teknika eta adierazpen artistiko askotarikoetan barrenako bidaia. Margolaritzan lehen urratsak egin zituenetik hasi, eta eskulturari heldu zion arteko tarte osoa biltzen du, alde batera utzi gabe zinema, diseinu industriala, grafikoa, altzarien diseinua, arkitektura eta hirigintzako proiektu gauzatu gabeak, argazkilaritza, kartelgintza eta idazketa. Juan Daniel Fullaondok “Basterretxea kaleidoskopioa” deituriko oparotasun hori berregiten du, beraz, artistak bere hizkuntza formalean estetika, korronte, estilo eta joera antagonikoak txertatzeko duen gaitasunaren adierazpen gisa.

Basterretxea XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturaren berritzaile nagusienetakotzat hartua den arren, publizitateko marrazkilari modura hasi zen lanean, pinturari modu autodidaktan heldu aurretik. 1950eko hamarraldiaren amaieran, eskultura lantzen hasi zen, Jorge Oteizaren eskutik; Equipo 57 taldearen kide sortzailea izan zen, eta Bartzelonako Equipo Formarekin lankidetzan jardun zuen. 1961ean, Sao Pauloko VI. Biurtekoan (Brasil) Espainiaren ordezkari izateko hautatutako eskultore bakarra izan zen.

Handik gutxira, 1966an, Gaur abangoardiako euskal taldea sortu zuen, beste artista batzuekin batera. Garai hartan hasi zen zinemagintza lantzen ere; ordukoak ditu, besteak beste, Pelotari (1964) eta Alquézar (1966) film laburrak eta Ama Lur (1968) film luzea, guztiak ere Fernando Larruquertekin eginak. Aurrerago, laurogeiko hamarraldian, eskultura publikoaren arloan nabarmendu zen, batik bat; jarduera horren emaitzak ikus daitezke Euskal Herriko hainbat tokitan, baita Espainiako, Estatu Batuetako, Argentinako eta Txileko zenbait hiritan ere.

Erakusketa honetarako, 200 pieza inguru bildu dira, eta Basterretxearen obraren gaineko ikuspegi garaikide eta aldi berean historikoa eskaintzen du, abangoardiako hizkuntza artistikoen bidez tradizioaz egiten duen interpretazio berezia erakustearekin batera.


Erakusketaren ibilbidea


1. 1950eko hamarkadako pintura

Basterretxeak 1950eko hamarkadaren hasieran egin zituen lehen urratsak pinturaren arloan. Hamarkada haren erdialdean, arkitektura eta urbanismoarekiko interes bizia sortu zitzaion, eta horren erakusgarriak ditu orduko margolan abstraktu eta geometrikoak. Obra horien bidez, omenaldia egin zien beste artista batzuei, hala nola, Le Corbusier eta Ben Nicholsoni. Konbentzioak alde batera uzteko irrikak bultzatuta, ohola edo tablexa erabili zituen euskarri gisa, eta material berritzaileak baliatu zituen, esaterako arpillera eta burdina. Garai hartakoa da Interaktibotasun bertikala; obra horrek Equipo 57 taldearen ideiak islatzen ditu, artistak taldearekin bat egin baitzuen denbora labur batez.


2. Eskultura eta obra publikoen proiektuak (1967-1999)

1967an hasita, ibilbide oparoa osatu izan du Basterretxeak eskultura publiko garaikidearen arloan, zeina ez baitzen ordura arte Euskal Herrian askorik landu. Arlo horretako lanen artean, adierazgarriak dira Iztuetaren omenaldia (1967) eta Pio Barojarena (1971), biak Donostian, baita itsasoan hildako arrantzale eta itsasgizonen omenezko obra ere (1972), Pasai San Pedron (Gipuzkoa) dagoena. Haien ondotik, izaera sinbolikoko zenbait eskari jaso zituen artistak, hala nola, Donostiarako Bakearen usoa (1988) eta Euskal artzainaren monumentua (1989), Renon (Estatu Batuak) jarritakoa. Eta bereziki aipatzekoa da Urbidea (1993), Beasaingo (Gipuzkoa) Arriaran presan jarritakoa. Basterretxeak Lasarteko (Araba) eliza erromanikorako lanak egin zituen (1976), eta harena da, halaber, Izaro, Eusko Legebiltzarrekoa (1983). Horma-irudiei dagokienez, Arantzazuko basilikako kriptakoa du lan nagusia (1982-1984).


3. Gaur taldearen sorrerako erakusketa, Bariandiarán galerian (1966)

1960ko hamarkadaren erdialdean, ordurako eskultura lantzen hasita bazegoen ere, Basterretxeak lan eskerga egin zuen pinturan eta marrazkilaritzan. Euskal Eskolako Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, eta aurreko hamarkadako zorroztasun analitikotik urruntzen ziren formatu txikiko zenbait koadro aurkeztu zituen taldearen lehen erakusketan (1966). Lan horiek "barne paisaien" modura sortuak dira ia, eta naturarekiko nolabaiteko erlazioa eta sentipenak islatzen dituzte; muga lausoko pieza abstraktuak dira, eta etengabe egiten diete erreferentzia eskultura-formei.


4a. Planotik espazioa. Neblí aretoko erakusketa (1960)

1960 inguruan, Basterretxeak hirugarren dimentsioarekin esperimentatu zuen, marmolean eta arbelean erliebeak eta behe-erliebeak landuz, marren eta urratuen bidez. Kritikariek goretsi egin zituzten pieza horiek, Jorge Oteizarekin batera Madrilgo Neblí aretoan egindako erakusketan. Obra horietako askok, bestalde, baliokideak dituzte artistak bere ibilbidean zehar landutako beste arlo batzuetan, esate baterako, collagean, marrazkietan eta grabatuetan.


4b. Meridianoak

Disko forma Basterretxearen tipologia kutunenetakoa da, eta sarritan erabili izan ditu era horretako formak, logotipoetan, arkitektura-proiektuetan eta obra grafikoan, baina baita eskulturan ere. Hain zuzen ere, eskultura arloko erakusgarri finenetakoa da Meridianoak saila.


5. Diseinu industriala, logotipoak eta diseinu aplikatua

Basterretxea euskal diseinu industrialaren aitzindari gisa nabarmendu zen, 1950eko hamarkadaren amaieran; aipatzekoak dira H Muebles Madrilgo enpresarentzako landutako logotipoa eta altzariak, barne apainketako beste proiektu batzuez gain.
Jarduera horrek isla izan zuen, halaber, artistak zinemarako osatutako lehenengo obran, Juan Huarte industrialari eta mezenasarentzat errodatutako Operación H film esperimentalean (1963), hain zuzen. Hurrengo hamarkadan, Biok etxea sortu zuen Irunen, beste bazkide batzuekin batera, eta ezin konta ahala prototipo diseinatu zituen han, nahiz eta haietako batzuk ez ziren inoiz merkaturatu. Pieza aipagarriak dira Curpilla sailekoak (1966), xakea (1967) edo Sua argimutilak (1968).


6. Arantzazuko basilikarako zirriborroak

1952an, Arantzazuko (Gipuzkoa) basilika berriko kriptarako apaindurak egiteko eskaria jaso zuen; handik urte batzuetara, abangoardiako beste artista batzuk ere aritu zien espazio hartan, adibidez Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Lucio Muñoz. Arantzazurako lana egiten hasi eta berehala –Mexikoko horma-irudien estilo espresionista hartu zuen oinarri–, ezabatu egin zituzten bekatuari, berrerospenari, barkamenari eta aintzari buruz prestatutako irudiak. Gaur arte gorde diren marrazki apurretako batzuk ikus daitezke erakusketa honetan, 1969an kriptako gurutzadurarako proposatu zuen eskultura multzoarekin eta ikuslearen eta neurri monumentaleko eskultura horien arteko erlazioa planteatzen duten lau collagerekin batera.


7. Eskulturako lehen urratsak (1960ko hamarkada)

1960ko hamarkadan, mukulu biribileko lehen eskulturak osatu zituen Basterretxeak, hala nola Zezena (1961) eta Zeinua (1962) piezak. Burdinazko obrak dira, baina itxura arinekoak, eta, sarritan, paper gainean marraztean artistaren eskuak egindako keinua iradokitzen dute. Erakusketa honetan, Bizkaia eta Araba (1962koak, biak) obren jatorrizkoak ikus daitezke, harrizkoa eta egurrezkoa; nolanahi ere, obra horiek neurri handiko metalezko eskultura bihurtu zituen gero, eta Galdakaoko (Bizkaia) eta Donostiako espazio publikoetan instalatu ziren, azkenik.


8. 1970eko eta 1980ko hamarkadetako eskultura

1972. eta 1975. urteen artean, Euskal serie kosmogonikoa landu zuen Basterretxeak. Egurrezko 18 eskultura dira, pertsonaia mitologikoetan, naturako indarretan eta euskal kulturako objektu tradizionaletan oinarrituak. Urte haietan osatu zuen Eguzki lore saila, egurrezkoa, eta alabastroak eskulturarako eskaintzen dituen ezaugarriak ikertu zituen beste obra batzuetan. Garai berekoa da Euskal artisautzako tresnen frisoa (1980), harriz egina eskala monumentalean, Forondako aireportuan instalatu zutena (Gasteiz).


9. Fotomuntaiak

Fotomuntaien bidez, Basterretxeak irudizko testuinguruetan eta jatorriz sortu zirenez bestelako testuinguruetan kokatzen ditu bere eskulturak. Collagearen teknika baliatuz, literaturaz beteriko paisaietan "instalatzen" ditu pieza horiek –hondakin erromantikoak, lorategi barrokoa nahiz Amazonasko oihana–, norberaren eta bestelako testuinguru kulturalen arteko erlazioa ahalbidetzeko, modu esperimentalean bada ere.


10. Kartelak eta obra grafikoa

Kartela eta obra grafikoa dira Basterretxeak gustukoen izan dituen adierazpideetako batzuk, eta, adierazpide horiek baliatuta, kausa kultural, sozial edo politiko mota askori eman izan die laguntza 1960ko hamarkadaren erdialdetik aurrera. Collagea, argazkia eta tipografia (kartelgintzaren esparruan) uztartzeak aukera eman dio bere hiztegi formalaren parte bat birziklatzeko, eskultura, logotipo eta bestelako elementu grafikoen irudiekin esperimentatzeko, eta horiei funtzio jakin bat atxikitzeko diseinuaren esparruan.


11. Omenaldia hasierako Amerikari  (1992eta beste zenbait lan

Eskultura polikromatuen sorta hau Basterretxeak kolonaurreko garaiko kulturen gainean egindako zenbait urtetako ikerketa-lanaren emaitza da. Ikerketa horien berri eman zuen, halaber, Arte y culturas en la América prehispánica telebistarako dokumental-sailean ere (1988-1992). Neurri ertaineko lanak dira, aurrez aurrekoak, eta jainko, animalia, erritu eta hirien izenei egiten diete erreferentzia, beste herri batzuen jatorria eta tradizioak ulertzeko duen irrikaren erakusgarri, Euskal serie kosmogonikoa osatzen duten eskulturetan Kristautasunaren aurreko euskal munduarekin egin zuen bezala.


12. Bolumetriak (1957-2003)

Bolumetria deritze Basterretxeak paper gainean landutako izaera utopikoko arkitektura proiektuei. Hain zuzen ere horien sorta hautatua bildu da erakusketarako. Horiekin batera, beste adibide batzuk daude egileak arkitekturarekin izandako lotura erakusten dutenak, hala nola, Oteizarekin Irunen (1955-1957) partekatu zuen etxebizitza-tailerra edo gauzatu ez ziren zenbait proiektu, hala nola, Bilboko Sabino Arana Fundazioarentzat prestatu zuena (1979), Oteizarekin batera hura ere, Deustuko Unibertsitateko liburutegia (1985) edo Atlantida (2001-2002), Lemoizko zentral nuklearra zientziari eskainitako parke bihurtzean zetzana. Basterretxearen eskulturaren izaera arkitektonikoaren adibideetako bat Argizaiola da, artistak eraikin bihurtua, marrazki eta argazkietan.

Irudian:
Meridiano, 1960
Burdin pintatua, 70 cm (diametroa)
Basterretxea familia bilduma


Babeslea: