Erakusketa: La tienda - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2006-10-09 • 2007-01-28

La tienda

14 Aretoa

Denda baten barrualdea ikusten da; batzuetan, "ehunen biltegi" gisa interpretatu da, eta, beste batzuetan, zaharkinen denda gisa. Erakusmahaiaren aurrean, mantelina zuriz jantzitako neska gazte batek esku artean duen parpailadun abanikoari begiratzen dio, modu distraituan. Ondoan, neskameak ume bat dauka besoetan, eta, beste aldean, aulki txiki batean jarritako gizon bat ugazabari ordaintzen ari zaiola dirudi. Erakusmahaiaren atzeko beste pertsonaia batzuk zokomiran ari dira, eta pertsonaietako bat oihal pieza bat armairuaren gainean jartzen ari da.

Luis de Borbón infantearen familiaren inbentarioetan (handik baitator lan hau) Genianiren denda deitzen zaio. Seguruenik, Geniani modako gauzen saltzaile italiarren bat izango da, Madrilen halako asko baitzeuden garai hartan. Inongo zalantzarik gabe, aho batez aitortu izan denez, Pareten maisulanetako bat da. Bizi-bizia da, egunerokotasuna aztertzeko espiritua dauka eta bere estilo pertsonalaren xarma fina erakusten du.

Mihise hau komentatzean, Gaya Nuñok hauxe adierazi zuen: "Paretek asko maite behar izan zuen gai hau; izan ere, gauza handi, eder eta arraroak gustatzen zitzaizkion, garaikide zituen pintoreen gainetik zegoen espiritua erakutsiz". María Luisa Caturlak, Watteauren L'Ensegne de Gerssaint mihise ospetsuarekiko harreman posiblea aipatzean (antzeko itxura dauka eta sarritan parekatu izan da Pareten konposizio honekin), distantziak jartzen ditu, ze, bere ustez, Watteauren koadroan "pertsonaien arteko giza komunikazio trukea dago... begira ari diren edo ikusten duten edo erakusten dutenarekiko interes handia dago eurengan, eta hori alferrik bilatuko dugu Pareten koadrotxoan. Izan ere, azken horren gaia erosketak dira, besterik gabe, eta hurkoarekiko harremana behatzaile hutsaren jakin-nahian dago oinarrituta. Bertan, arimak ez du parte hartzen". Gainera, bere iritziz, "ilusio eta nostalgien pintorea" den margolari frantziarra ez bezala, espainiarra, "bere modu alaiarekin eta bizi izan zuen garai finerako, lurrean ondo kokatutako errealista bat da. Espainiarra da horretan eta, baita ere, bere obra eredu frantziarren ezaugarri arinetatik urruntzen duen neurritasunean". Hala ere, Xavier de Salasek uste du mihiseak, "beharbada", zentzu "pikareskoa" izan dezakeela, eta, agian, emakumea ordaintzen ari den gizonaren maitalea izan daitekeela.

Baina denek diote gauza bat argi dagoela: margo honen kalitate bikaina, pintorearen "maisulantzat" baitago hartuta. Dotorezia teknikoak eta pintzelada zehatz eta arinak distira izugarria dauka, eta, horrela, oihalen kalitate desberdinak modu harrigarrian daude islatuta, zilar ukituaren kalitate apartarekin. Gaya Nuñoren ustez, "Lázaro Museoko koadroa edertasunaren edozein antologia perfektutan dago, eskubide osoz".

 

Alfonso E. Pérez Sánchez

Luis Paret y Alcázar (1746-1799)
Denda, 1772
Olioa taulan. 50 x 58 cm

Babeslea: