Erakusketa: José Tasende Dohaintza - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2015-09-25 • 2016-01-11

José Tasende Dohaintza

33. Aretoa

Joan den maiatzaren 22an, zenbait artelanen dohaintza jaso zen museoan, eta prentsaurrekoan aurkeztu ziren ekain hasieran. Horien artean, lanen kalitateagatik eta adierazgarritasunagatik, Andrés Nagel (Donostia, 1947) euskal artista garaikidearen pieza-multzo bat nabarmentzen da, jatorri bilbotarrekoa den José Tasende estatubatuarrak dohaintzan emandakoak. Hain zuzen ere, Tasende izen bereko galeria ospetsuaren sortzailea da (gaur egun, galeria horren egoitza La Jollan dago, Kalifornian).

Joan den mendeko laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan egindako 34 obra dira: teknika mistoz eta olioz poliesterrean eta beira-zuntzean egindako 16 pieza, eta 18 collage grabatuan. Dohaintzan emandako pieza guztiak museoko 33. aretoan jarriko dira jendaurrean, datorren urteko urtarrilaren 11ra arte.

Andrés Nagelek Arkitektura ikasi zuen Iruñean, 1965 eta 1972. urteen artean. Hain zuzen ere, 1972an, grabatua lantzen hasi zen eta Eduardo Chillida ezagutu zuen, funtsezko erreferentea izango zena bere ibilbidean. Urte haietan, euskal plastika berritu nahi zuten artisten multzoan zegoen –horien artean zeuden, besteak beste, Vicente Ameztoy, Ramón Zuriarrain, Marta Cárdenas…–; horretarako, gako garaikidearen bitartez, ideario figuratiboa erabiltzen zuten, eta, sarritan, pop artetik, surrealismotik eta espresionismotik jasotako baliabideak erabiltzen zituzten.

Margolari gisa hasi zen arren, laster erakutsi zuen nahiago zuela eskulturan aritu, eta jatorri industrialeko material berriak erabiltzen hasi zen. Esperimentatzeko gogoak bultzatuta, olioarekin, akrilikoarekin, burdinarekin, brontzearekin, zinkarekin, letoiarekin, berunarekin, eztainuarekin, beira-zuntzarekin eta poliesterrarekin egin izan du lan, eta lehendik existitzen diren objektuak ere berrerabili izan ditu –latak, sokak, neoizko hodiak edo altzariak–, zenbait teknikaren bitartez: eskulturaren, pinturaren eta arte grafikoen bitartez, hain justu. Bere materialik gogokoenetakoa beira-zuntza da: molderik gabe erabiltzen du, ideiaren eta objektuaren arteko berehalakotasuna bilatuz. Era berean, collagea ere maiz lantzen du, eta, horrela, ehunduren arteko kontrasteak modu adierazkorrean erabil ditzake, eta lana azkar burutu eta aldaraz dezake.

José Tasendek dohaintzan emandako 34 obrak, hain justu, poliesterrez eta beira-zuntzez egindako eskulturak dira, bai eta collageak ere. Nagelen ibilbide artistikoari erreparatuta, lanok jardun eta trebetasun tekniko handiko garai batekoak dira: laurogeiko hamarkadaren amaierakoak eta hurrengoaren hasierakoak. Horietako lan askok zinematik, komikitik, kartelgintzatik eta publizitatetik jasotako erreferentzia garaikideen mundu konplexua islatzen dute, baina antzinako artetik jasotako erreferentziak ere badaude. Horrekin guztiarekin, Nagelek ikuspegi artistiko pertsonala eskaintzen du, ikuslea harrituz; izan ere, egunerokotasunari buruzko narrazio ironiko, barregarri edo erabat absurdoa aurkezten du lanotan.