Erakusketa: José Guerrero - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2016-06-01 • 2016-10-24

José Guerrero

Tarte beltzak

32. Aretoa

Deialdi berri honetan, programaren berrogeita hamahirugarrenean, Granadako Centro José Guerrero Bildumako obra dator museoko 32. aretora.Tarte beltzak izenekoa da, tamaina handiko mihisean (180 x 278 cm) egindako olioa, 1971koa da. Garai labur hartan, Guerrerok pospoloak erabili zituen, konposizioen protagonista nagusi gisa.

Jaioterriko Arte eta Lanbide Eskolan hasierako ikasketak egin ondoren, José Guerrerok (Granada, 1914-Bartzelona, 1991) bere identitate artistikoaren bilaketari ekin zion, bere kezkei jarraituz, eta Espainiako gerraostearen egoera kultural estuak markatuta. 1940an, Madrilera joan zen, San Fernandoko Arte Ederren Goi Eskolara joateko, eta Daniel Vázquez Díaz margolariaren ikaslea izan zen.

1945ean, prestakuntza amaitzean, Parisera joan zen, Frantziako gobernuak emandako ikasketa-beka bati esker. Bertan, lehen eskutik ezagutu zituen abangoardia artistikoa eta Pablo Picassoren, Joan Miróren eta Juan Grisen obrak. Aurkikuntza hori benetan pizgarria izan zen bere jarduera sortzailerako, eta, ondoren, hainbat bidaia egin zituen Europatik, behin betiko New Yorken gelditu zen arte, 1950ean. Bertan, harremanak izan zituen Ipar Amerikako espresionismo abstraktuko eta action painting delakoko margolariekin, eta lehenengo koadro abstraktuak margotzen hasi zen.

1954an, Solomon R. Guggenheim Museum museoak bere margolan bat erosi zuen, eta erosketa berriei eskainitako erakusketa batean sartu zuen, besteak beste, Pollock, De Kooning, Motherwell, Kline edota Mattaren obrekin batera. Era berean, erbestean zeuden espainiar intelektualen koloniarekin harremanak izan zituen, hala nola, Jorge Guillén poetarekin edo García Lorcaren anaiekin. Horrela, keinuzko artearen hurbileko modu eta zeinuen hizkera propioarekin, Guerrero nazioarteko eszena artistikoaren zati izatera igaro zen.

Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, Espainian egon zen hiru urtez, eta lotura izan zuen Cuencako Espainiako Arte Abstraktuaren Museoaren inguruko taldeko informalistekin. Museo hori 1966an inauguratu zen, euskal artisten Gaur taldea sortu zen urte berean. Denboraldi horretako pinturaren ezaugarria da energia kromatiko handiko planoen justaposizioa. New Yorkera itzultzean, 1968an, sintetikoagoak ziren obren multzoa sortu zuen, eta, jarraian, kolorezko planoen arteko obalo eta arkua bezalako formek definitzen zuten heldutasun osoko garaia izan zuen.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, bere eragina nabaria izan zen ingurune artistikoetan, eta bere ibilbidearekiko aintzatespen ugari jaso zituen; horrek bere jarduera suspertu zuen, eta emaitza azken obra sendo eta argitsua izan zen.

 

Tarte beltzak, 1971

Cuencako Espainiako Arte Abstraktuaren Museoaren genesiari loturik Espainian egindako egonaldiaren ondoren, hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Guerrero New Yorkera itzuli zen, eta aldi berri bati ekin zion; aldi hori 1970ean heldu zen gorenera, Fosforeszentzia izeneko koadro-multzoarekin. Ipar Amerikako hiriko bi galeriatan erakutsi zituen multzo horretako koadroak, eta bi urte geroago jarraitu zuen, hain zuzen ere, Cuencako museoak argitaratutako izenburu bereko serigrafien karpeta batean.

Guerrerok berak kontatu zuen multzoaren jatorri hori hainbat alditan; hain zuzen ere, New York eta Stockholm arteko hegaldi batean kartoizko oinarri batek elkartutako fosforozko lauko zorro bat ikusi zuela. Itsasoaren kolore urdinaren distira ere ikusi zuen hegaldi horretan, eta, dirudienez, urte berean datatutako eta Tarte urdinak izeneko koadroan islatu zuen.

Pospoloen garrantzirik gabeko aitzakia baliagarria izan zitzaion konbinazio ugari egiteko, eskalaren jolasetik, nolabait figuratiboa den elementuaren konposizio-antolakuntzatik eta horren eta hondoaren artean ezartzen zuen tentsiotik abiatuta. Mugatutako kodea da, eta, hala ere, Guerrerok multzo labur batean erabili zuen, baina intentsitate sortzaile berezikoak dira, motiboaren irudi antolatzaileen arabera. Koloreko gainazal handietako argitasunetik, Rothkorengandik ikasitakoak, Tarte beltzak lanaren murriztapen kromatiko ilunera doazen bertsioak egin zituen.

Kolorearen erabilera mugatu eta antagonistagatik nabarmendutako konposizio horrek izaera monumentaleko friso arkitektoniko baten irudia dauka, dituen dimentsio handiei esker. Gainera, Guerreroren lan adierazgarria da, beltzaren erabateko protagonismoa dela-eta; kolore hori hasieratik erabili izan zuen bere margolanetan, 1958an New Yorken egindako The Presence of Black izeneko erakusketa goiztiarraren izenburuak adierazten duen bezala.

1982an, Bilboko Arte Ederren Museoak 1975eko Erdigune beltza izeneko mihisean pintura akrilikoz egindako margolana (179 x 141 cm) eskuratu zuen, hau da, orain gonbidatutako obra gisa aurkezten duguna baino lau urte geroagokoa. Museoko koadroan, konposizioa koloreko plano eta banda horizontalen arabera antolatzen da, erdigune beltz sendo batekin bertikalean, kolore bereko oinarria duela. Bi lerro beltzek konposizioa tenkatzen dute, beste hainbat trazu zurik eta kolore bereko elementu biribildu batek osotasuna orekatzen eta José Guerreroren lanaren ezaugarri diren inguru zehaztugabeko pintura geometrikoaren argitasun sutsua gehitzen dutela.

José Guerrero (Granada, 1914-Barcelona, 1991)
Tarte beltzak, 1971
Olioa mihisean, 180 x 278 cm
Centro José Guerrero bilduma, Granada

Babeslea: