Erakusketa: Joaquim Mir. Erakusketa Antologikoa 1873-1940 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2009-05-18 • 2009-07-26

Joaquim Mir. Erakusketa Antologikoa 1873-1940

1. Solairua - Arte Garaikidea

Joaquim Mir XX. mende hasierako pintura katalaneko margolaririk ospetsu eta eraginkorrenetakoa da. 80 lan inguruko aukeraketa batetik abiatuta —tartean daude olioak, pastelak eta marrazkiak, batzuk inoiz jendaurrean erakutsi gabeak—, "la Caixa" Gizarte Lanak orain arte Bartzelonako artista honen obrari buruz egin den erakusketarik zorrotzena antolatu du.

Erakusketaren helburua bere ibilbide artistikoaren ikuspuntu osoa eskaintzea da, naturalismo goiztiarrean hasi eta inpresionismotik eta abstrakziotik hurbil dagoen estilo pertsonalagora heldu arte. Horrekin batera, Joaquim Mirren panorama biografikoa ere eskaini nahi da, eta, ondorioz, erakusketak artistaren bizitzako zenbait une errepasatzen ditu, kronologikoki. Hori horrela, bere bizitokiak ezagutuko ditugu: Bartzelona sorterritik hasi eta Mallorcan, Camp de Tarragonan, El Vallès eskualde bartzelonarrean eta Vilanova i la Geltrú hiri bartzelonarrean egindako egonaldietara heldu arte.

Francesc Miralles komisarioak urte asko eman ditu ikerketak eta interpretazioak egiten, eta, emaitza gisa, Nadia Hernández eta Olga Sauquet alboko komisarioekin batera egindako lanari esker, erakusketa antologiko honek artistaren piezarik heldu eta zuhurrenetako batzuk erakutsiko ditu, bai eta publikoarentzat ezezagunak diren beste dozena bat lan ere, denak ere zenbait bilduma pribatutatik ekarritakoak. Gainera, margolariak berak familiartean egindako filmazioen aukeraketa bat dago, Josep Mir i Estalella semeak erakusketa honetarako lagatakoak.

Bilbon aurkeztu aurretik, JOAQUIM MIR. ERAKUSKETA ANTOLOGIKOA 1873—1940 Bartzelonako CaixaForumen ikusi ahal izan zen, 2009ko otsailaren 4tik apirilaren 26ra bitartean.



JOAQUIM MIR. ERAKUSKETA ANTOLOGIKOA 1873—1940

"Nahi dudan bakarra da nire lanek jendearen bihotzak alaitzea eta begiak zein arimak argiz betetzea". 1928an, Joaquim Mirrek (Bartzelona, 1873—1940) horrela laburbildu zuen bere artista-manifestua. Bartzelonako margolariarentzat, kolorea eta argia den-dena zen, eta, horri jarraituz, estilo pertsonala eraiki zuen, oso obra modernoa sortu zuelarik, egotzi nahi izan zaizkion mugimendu artistikoak, besteak beste, inpresionismoa edo sinbolismoa, baino urrunago joanez. Bere bilakaera artistikoa errealismoaren eta abstrakzioaren artean ibili zen, baina bere produkzio piktorikoan bi konstante agertzen dira: naturaren ikuspegi berriaren ezarpena eta edertasunaren bilaketa irmo baina tentsio sortzailez betea.

Bere ibilbideari buruzko ahalik eta ikuspegirik zehatzena emateko, erakusketan lan ugari ikus daitezke: Tarragonan eta Mallorcan pintatutako paisaiak, beharbada, horiek dira bere lanik ezagunenak, naturarekin bat egiten duen eta argizko eta kolorezko eldarnio batean murgiltzen den artistaren mitoa sorrarazi zutenak, Bartzelonako ikasketa-garaiko lehenengo lanak, edo Vilanova i la Geltrún sortu zituen azken obrak, non bere errealismoa indartu egin baitzen. Bartzelonako Trinxet Etxe desagerturako egindako lan garrantzitsuak ere ikus daitezke. Bertan, Mirrek paisaiari buruz zeukan kontzepzio osoa islatu zuen. Era berean, Andorran, Montserraten, Miraveten edo Gualban egindako kanpaina piktorikoetako mihiseen aukeraketa bat ere ikus daiteke.

Pieza horiekin batera, ikusleak Mirren bizitza eta inguru familiarraren berri izango du, eta benetako eszenatokiak Mirren lanetan zelan agertzen ziren konparatu ahal izango du; izan ere, Mirren begiradak izeneko ikus-entzunezko batek lehen aldiz aurkezten du Mirrek zine-zuzendari amateur gisa egin zuen lana. Filmak artistaren semearen bildumakoak dira, eta 1930 eta 1936. urteen artean izan ziren filmatuak, Mirren bizitzako azken garaian.

Beste alde batetik, familiaren artxiboa aztertzeko aukera egon da, eta, ondorioz, Mirren biografiako alderdi ezezagunak azaleratu ahal izan dira, eta bere motibazioei buruz eta pinturaren inguruan zituen ideiei buruz ikertu ahal izan da. Erakusketan, lar ezagunak ez diren piezak ikus daitezke: besteak beste, Santa Perpètua de Mogolan (Vallés Occidental eskualde bartzelonarrean) pintatutako multzoko mihiseak, zeintzuen bitartez margolariaren alderdirik heldu eta erreflexiboena deskubritu baitaiteke. Mallorcako lanek ere garrantzi handia dute. Horien artean daude kobazuloetan egindako zenbait pintura eta Lluís Domènech i Montanerren Gran Hotel modernistarako pintatu zituen hiru piezetatik bi, gaur egun, eraikin hori Palmako CaixaForumen egoitza da.

Espazio geografikoek nahiko eragin handia izan zuten artistarengan, eta beti modu zehatz eta desberdinean pintatzera heldu zen. Mirren obra piktorikoaren ezaugarri horrek argi uzten du garai hartako gune artistikoekiko independentea zela. Sarri askotan, zenbait talde eta mugimendutan sartu izan dute, besteak beste, inpresionismoan edo sinbolismoan, Mir noucentista bat aipatu izan da, edo modernismoarekin lotu izan da, Santiago Rusiñolek berarengan izan zuen eraginagatik, gaztetan Bartzelonan margolari gisa ibili zen garaian.

Egia da Mirren paletako multzo kromatikoa eta inpresionistek erabiltzen zutena antzekoak direla eta, era berean, inpresionisten moduan erabili zuela kolore beltza edo itzalak pintatzeko konbinazio ugariak ere antzekoak direla. Alabaina, baliabide tekniko horiekin, Mirrek mundu propioa eta paisaia berria sortu zituen. Bere garaiko teoria nagusiak barneratu eta birsortu baino gehiago, barne-beharrizan bat balitz bezala garatu zuen bere lana, naturari eta argiari begiratzeko zeukan modu bereziaren ondorioz.

Francesc Miralles komisarioaren hitzetan, "Mirrek ez zuen natura bilatzen; aurkitu egiten zuen, edo, hobeto esanda, sorrarazi egiten zuen. Paisaia bere begiradaren intentsitatearekin sortzen zuen, argiak zekarkion ikuspegi sakonari esker". Hori horrela, natura aitzakia izan zen, munduari buruzko bere ikuspegi propioa osatzeko: funtsean, Mir paisaia-egilea zen, eta paisaia dimentsio berri batera eraman zuen. Hori lortzeko, kolore osagarriekin jolasten zuen, eta indartu egiten zuen koloreon intentsitatea. Hori da Mirren pinturak duen indar kromatikoaren gakoa, eta bere lana koloretik, eta ez formatik, abiatuta egituratzeko balio izan zion tresna, paisaiei arima emanez.

Beraz, bere ibilbidea paisaietan oinarritzen da, batez ere; gutxi batzuetan baino ez zen hurbildu beste gai batzuetara, albo batera utzita monumentu arkitektonikoekiko hasierako interesa, tartean, Bartzelonako Familia Sakratua. Helduaroan, Vilanovan eta Gerra Zibilaren testuinguruan, ekintza-esparrua mugatu egin zitzaion, eta herriko lorategi, kale eta plazak pintatzeari ekin zion.

Zeukan izaera independentearen ondorioz, Joaquim Mirren figura kondaira-mailara heldu zen, nola edo hala. Izaera konpultsibo eta neurrigabeko gizona zen, eta, bizirik zela, kondaira moduko bat sortu zen bere inguruan. 1940an hil ostean, zenbait biografok, Josep Plak, adibidez, indartu egin zuten kondaira hori.

 

1873—1899. Bartzelonako urteak. Trebakuntza-aroa.

Joaquim Mir 1873ko urtarrilaren 6an jaio zen, Bartzelonako Ciutat kalean. Gaztetan, Nonell, Vallmitjana, Canals eta Pitxot margolariekin batera, Colla del Safrà, "Azafraiaren Taldea", taldeko kidea izan zen; euren oihaletan tonu horiak eta okreak erabiltzen zituztelako deitzen ziren horrela. Taldea pintura akademizistatik urrundu zen eta arte katalanaren norabidea aldatu zuen, hemezortzigarren mendeko eta modernismoko pintura katalanari amaiera eman zion pizgarri gisa jokatuz.

Une hartan, Els Quatre Gats delakoarekin erlazionatutako margolarien eskutik, Europako pinturako joerak ezagutu zituen, baina Mirrek jarrera propioa izan zuen hasiera-hasieratik. Bere ikasketak iraun zuen hamar urteetan, margolaria izateko nahia berretsi zuen, senideak eta irakasleak konbentzitu zituen, eta bilakaera teknikoa izan zuen, pintura profesionalaren mugara heldu arte.

1898an, Mirrek obra handi bat pintatu zuen Familia Sakratuaren tenpluaren inguruetan: Pobreen katedrala. Pieza honek polemika handia sortu zuen, baina inflexio-puntua izan zen bere ibilbidean, arauen eta korronte nagusien aurkako iraultzari ekin baitzion. Mihise handi hau sortzeko, Mirrek zirriborro eta prestaketarako estudio ugari egin zituen. Hori ez zen batere ohikoa berehalakotasunean oinarritutako bere karrera piktorikoan. Garai hartan, aintzatespena lortu nahirik, marrazkiak egin zituen zenbait argitalpenetarako; horietako batzuk erakusketan ikus daitezke.

 

1900—1904. Mallorcako urteak. Estilo baten bila.

Joaquim Mir 1900. urtearen hasieran heldu zen Mallorcara. Han eman zituen lau urteak funtsezkoak izan ziren bere bizitzan; izan ere, denbora-tarte hartan, bere hizkera artistiko propioa aurkitu zuen, eta, gainera, Sa Calobra kalan, istripu misteriotsu bat izan zuen —beharbada, maitasun-desengainu baten osteko suizidio saiakera—, horrek bere bizitza osoa aldatu zuelarik.

Urte haietan, dekorazio-multzo handi bi egiten hasi zen: Bartzelonako Trinxet Etxeko –Avel·lí Trinxet osabaren jabetzakoa– horma-irudiak, eta Palmako Gran Hotel-eko jantokirako hiru koadro handi. Mallorcako kostaldeari buruzko hiru itsas pintura horiek, Domènech i Montanerrek proiektatutako eraikineko jantokia dekoratzeko eskatutakoak, multzo handi, ikusgarri eta guztiz koherentea osatzen dute. Oinarrian errealistak izan arren, mihiseek ukitu sinbolistak ere badituzte, eta natura handiaren aurreko babesgabetasun-sentimendua da gai nagusia.

Urte horietan, Mirren estilo bakandu egin zen, eta Mallorcako hegoaldean sortutako lehenengo obren errealismotik, naturari buruzko ikuspegi originala islatzera pasatu zen, batez ere irlako iparraldeko itsaslabarrei buruz pintatzean. Modu horretan, paisaia-egilerik berritzaileenetakoa izatera heldu zen, eta, aldi  berean, berari buruzko kondaira sortzen hasi zen, arroken artean izan zuen erorketa larria zela eta. Istripu horren ondorioz, Kataluniara itzuli behar izan zen, eta buruko gaitzetarako instituzio batean sartu zuten, Reusen.

 

1905—1913. Reuseko eta L´Aleixarreko urteak. Begiradaren eztanda.

Reuseko Pere Mata Institutu Psikiatrikoan bi urte eman ondoren, Joaquim Mir Camp de Tarragonara joan zen bizitzera. Han, lan profesional handia egin zuen, eta gaur egun existitzen ez den Trinxet Etxeko kolaborazioan aritu zen. Mirrek hamar urte eman zituen Puig i Cadafalchek diseinatutako etxeko horma-irudiak egiten. Erakusketan, enkargu honetarako egin zituen lanetako asko daude ikusgai; besteak beste, El Gorg Blau eta La Vita, bai eta Trinxet Etxeko inspirazio begetaleko dekoraziorako diseinatu zituen beirate bien zirriborroak ere. Hain zuzen ere, beirate horiek Kataluniako beirateen historiako multzorik ospetsuenetakoa osatzen dute. Urte haiek oso garrantzitsuak izan ziren bere bilakaera estilistikoan. Mallorcan hasitako kolore-eztandan sakondu zuen, eta abstrakziora hurbildu zen, naturaren gainean zuen ikuspegitik abiatuta. Jarduera profesional handiko urteak izan ziren: erakusketa kolektiboetan hartu zuen parte, eta, 1909an, erakusketa indibidual handia eskaini zitzaion Bartzelonan.

1915ean, ordurako bere hurrengo aro piktorikoan sartuta, Mirrek berriz ere bidaiatu zuen Tarragonako L'Aleixar herrira. Halaxe ikusten da Bilboko Arte Eder Museoaren bildumako L'Aleixarreko ikuspegia mihisean.

 

1914-1921. Vallèseko urteak. Aldaketa aroa.

Hau da artistaren garairik ezezagunena. Mollet del Vallèsen eman zituen zortzi urteetan (hantxe bizi zen bere arreba), bere bizitza eta lana lasaitasun-aro batean sartu ziren; izan ere, une horretan, apurka-apurka, margolaria urrunduz joan zen eztabaida artistikoko guneetatik. Santa Perpètua de Mogodan pintatutako lan-serie bikainak erakusten duen bezala, Mirrek argia harrapatu nahian jarraitu zuen, formarik errealistenak berreskuratuz.

1917an, bere lehenengo domina lortu zuen Madrilgo Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean. Sari horrek argi uzten du Bartzelonako artistaren pintura ortodoxiara hurbiltzen ari zela. Lau urte geroago, Joaquim Mir eta Maria Estalella (Vilanova i la Geltrúkoa) ezkondu egin ziren, eta, hurrengo urtean, Mas Blaurako horma-panelak pintatu zituen. Obra hori funtsezkoa da, eta bere bizitzako azken garaiko pintatzeko moduranzko trantsizioa erakusten du. 1921ean, Mirrek bere lehenengo aintzatespen handia jaso zuen, Bartzelonako Arte Erakusketak ohorezko aretoan egin zion antologikoari esker.

 

1922-1940. Vilanova i la Geltrúko urteak. Errealismoranzko itzulera.

Bere bizitza osoan, Mir Vilanova i la Geltrún bizi izan zen denbora gehienez. Han, ospea finkatuta zuelarik, Mirrek zenbait "kanpaina piktoriko" hasi zituen; horretarako, Montserrat, Alforja, Miravet, Costa Brava, Andorra, Gualba… bisitatu zituen, bertan zenbait aste emanez eta, batzuetan, hilabeteak ere igaroz. Mirrek ahal zuen guztietan egiten zuen ihes hiritik, naturarekiko kontaktua indartzeko. Kanpaina horietan, kolorearekiko konpromisoari eutsi zion, gero eta alderdi errealistagotik.

Urte horietan, nazioarteko aintzatespena lortu zuen, eta, beste hiri askoren artean, Londres, Paris, Buenos Aires edo Washingtonen egin zituen erakusketak. 1932an eta 1934an, Veneziako Bienalean ere hartu zuen parte, eta zenbait sari irabazi zituen.

Gerra Zibila hastean, margolaria etxean sartuta geratu zen. Bere margoen gaia hurbileneko lau kaleetara murriztu zen, baina bere konposiziorik onenak lorategikoak dira. Izan ere, Mirrek pasio osoz islatzen zuen lorategia bere lanetan. Gerraostean, zoritxarreko gertakari baten ondorioz, kartzelan sartu zuten eta egun batzuk pasatu zituen bertan. Ondorioz, desmoralizatu eta giltzurrunetako gaitza hartu zuen, eta horrek heriotza ekarri zion 1940an.



Irudian:
Joaquim Mir Trinxet (Barcelona, 1873 - Barcelona, 1940)
La cala encantada. c. 1903
Olioa mihisean
Colección AENA de Arte Contemporáneo

Erakusketaren edukia: Joaquim Mir. Erakusketa Antologikoa 1873-1940

Babeslea: