Erakusketa: Japoniar artea eta japonismoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2014-06-10 • 2014-09-15

Japoniar artea eta japonismoa

BBK Aretoa

José Palaciok (Montevideo, 1875 - Bilbao, 1952) 1925. eta 1932. urteen artean bildu zuen ekialdeko artearen Palacio bilduma. Lehen zatia 1953an iritsi zen Bilboko Arte Ederren Museora, María de Arechavaletak, hau da, haren oinordekoak egindako dohaintzaren bidez. Gero, Arechavaletak gainerako guztia utzi zuen oinordetzan, hil zenean. Bildutako piezak kalitate formal eta artistiko handikoak dira, eta bilduma ohiz kanpokoa da, gure ingurunean dagoen mota honetako bilduma bakanetako bat.

Ekialde Urruneko arteko 291 pieza ditu, gehienak Japoniako artekoak (221), baina Txinako, Asiako hego-ekialdeko, Koreako eta Vietnamgo artekoak ere badira, besteak beste. Piezen artean, pinturekin eta estanpekin batera, Europako bildumarik onenetako bat dugu, tsuba (Japoniako sablearen xaflaren babesa), inro (kimonoaren gerrikotik zintzilikatutako estutxea, hainbat ataletakoa), suzuribako (idazteko kutxa) eta sikisibako (paperak gordetzeko kutxa) objektuez hornitua, Namban objektuak, esportatzeko eginak eta mendebaldeko gustuaren erakusgarri, bai eta te edo chanoyu zeremonia enblematikorako zeramika ere. Gehienak Edo garaikoak dira, XVII. eta XIX. mende artekoak. Garai horretan, Japoniak ia ez zuen kanpoko eraginik jaso, eta, hortaz, bere arterik bereizgarriena sortu zuen.

Fernando García Gutiérrez, S.J., komisario adituak gidatutako Japoniar artea eta japonismoa. Bilboko Arte Ederren Museoa erakusketan, lehenengo aldiz bildu ditugu Palacio bilduman katalogatuta dauden japoniar arteko pieza guztiak (221). Pieza batzuk hainbat aldiz egon dira ikusgai, adibidez, 1998. (93 pieza) eta 2010. (114 pieza) urteetan, baina denak aldi berean ez. Bestetik, bildumak agerian uzten du arte horrek XIX. mendeko Europako artean eta XX. mendearen bigarren erdialdeko abstrakzioan eta informalismoan izan zuen eragina. Ildo horretan, museoaren bildumako hogeita hamar bat lan jarri ditugu ikusgai, Gauguin, Tàpies eta Chillidarenak, besteak beste.

Erakusketarekin batera, museoaren Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko Saileko ikerketa-taldeak azterketa aitzindaria egin dute, metodo suntsitzailerik erabili gabe sakon ikertu baitu 112 piezez eratutako aukeraketa bat, bi multzotan banatuta. Lehen multzoan, pieza hauek aztertu ditu: 37 tsuba, bi kozuka edo kogatana helduleku (aizto txikia), eta emakumezkoen maskara itxurako kutxa bat. Ondo landuta eta hainbat metalez apainduta daude denak, eta XVII. eta XIX. mende artekoak dira.

Bigarren multzoan, XVI. eta XIX. mendeetako objektu lakatuak aztertu dituzte, egurra oinarritzat hartzen dituztenak: 29 inro, 38 kutxa, esportatzekoak diren bi Namban pieza, eta hiru objektu gehiago (XIX. mende amaierako mahai bat, hori ere esportatzekoa, apain-orrazi bat, eta sake-edari alkoholduna- kopa bat).

Lan horren bidez, oinarrizko metalak eta aleazioak zehaztu ahal izan dituzte, bai eta tsuba sableak apaintzeko erabilitako gaiak ere. Bestetik, lakei dagokienez, inkrustazio ñimiño batzuetan erabilitako material batzuen izaera zehaztu dute, begiratu hutsean antzekoak diren materialak, hala nola, nakarra, marfila edo adarkia.

Piezen azterketa materialaren bidez, ikuspegi historiko eta estilistikotik osatzen dira zenbait adituk egin dituzten ikerketak, erakusketa dela-eta museoak argitaratutako katalogoan jasota daudenak: lehen aipatutako Fernando García Gutiérrez, S.J., V. David Almazán Tomás (Zaragozako Unibertsitatea), Yayoi Kawamura (Oviedoko Unibertsitatea), José Luis Merino Gorospe (museoaren Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko burua) eta Arantxa Pereda.

 

JAPONIAR ARTEA ETA JAPONISMOA

XIX. mendearen amaieran, Meiji dinastiak (1868-1912) Japoniako portuak zabaldu zituen, eta herrialdearen isolazionismoa hautsi zuen era horretan. Aldi berean, mendebaldean, merkataritzako harremanek nabarmen egin zuten gora, eta interes handia piztu zen Eguzki Atera Berriaren herrialdeko arte eta kulturarekiko.

Amerikarrek eta europarrek Japoniara joan eta objektu artistikoak inportatzeko aukera izan zutenean, lilura izugarria piztu zen hango kulturarekiko. Horrela sortu zen japonismoaren betiereko gertakaria, eta eragina utzi zuen pinturan, urre edo zilargintzan, literaturan, zineman eta modan. 1860. eta 1900. urteen artean izan zuen goren aldia Parisen, baina Alemanian eta Erresuma Batuan ere bildumagile handiak sortu ziren. Art nouveau mugimenduak, inpresionismoak, sinbolismoak eta, geroago, abangoardiako mugimenduek –hasi abstrakzioarekin eta informalismoarekin, eta minimalismora iritsi arte– haren aztarna sakona erakutsi zuten mendebaldeko artean, gaur egun oraindik ikus daitekeena. Bildumagileen objekturik gogokoenak erraz garraiatzeko modukoak izan ziren, adibidez, grabatuak, ezpaten apaingarriak, zeramikak, lakak eta netsuke ezagunak (Japoniako tradiziozko jantziaren, hau da, kimonoaren gerritik objektu txikiak esekitzeko kordoi bati loturik erabiltzen den tope modukoa).

Gure ingurunean, Japoniako artearen bildumazaletasuna ez zen gehiegi zabaldu, Katalunian izan ezik, Katalunian ekialdeko gaiekiko interesa zuen merkataritza eta iraungitako Mansana bezalako bildumak sortu baitziren –bere garaian, hiru mila piezatik gora bildu zituen Mansanak–. 1888an Bartzelonan izan zen Erakusketa Unibertsala, eta horrek eragin nabarmena izan zuen japonismoa zabaltzeko. Horregatik, bitxia da mende hasierako Bilbon José Palacio agertzea –Montevideon jaioa, eta aita Kantabriakoa eta ama bilbotarra zituena, baina 15 urte zituenetik Bizkaiko hiriburuan bizi izandakoa–. Izan ere, Bilbon, bildumagileek Europako pintura zaharra bilatzen zuten gehienbat, eta Ucelay edo Guiard bezalako artista gazteek baizik ez zieten balioa ematen estetika nipondarraren ezaugarri bereziei.

José Palaciori buruz gorde diren dokumentuetako aipamen urrien arabera, 1898an Zuzenbidean lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatetik, eta XX. mendeko lehen hamarkadan Arkitekturako ikasketak hasi zituen Bartzelonan. Inoiz ez zen lanbide batean aritu, eta ezagutzen zaion jarduera ekonomiko guztia arte eta musikarekiko zuen zaletasunari lotuta dago. Mende hasierako Bilboko goi burgesiako diletante ikasi eta eruditu hau maiz mugitu zen hiriko zirkulu kulturaletatik, eta Europatik bidaiatu zuen kontzertuetara eta arte-enkanteetara joateko. Dokumentuen arabera, 1925. eta 1932. urteen artean, Parisen izan zen, eta sarri joan zen Hôtel Drouot eta Galerie George Petiten egiten zituzten ekialdeko arte-enkante ospetsuetara.

Bere legatuaren zati bezala, museoak hainbat material gorde ditu: liburuak eta katalogoak, prezio eta eskuraketei buruz eskuz idatzitako oharrekin, Le Figaro egunkariko prentsa-ebakinak, aipamen artistikoekin, eta Hôtel du Louvreren libretak eta orriak, haietan, bidaiari eta arteen zale gisa izan zituen bizipenak idatzita. Bestetik, Europako Errenazimentu eta Barrokoko margolaritzak Palacioren interesa piztu zuen. Horrenbestez, bildumak 523 pieza ditu, baina, dena dela, ekialdeko sekzioa da nabarmenena, bere berezitasuna eta kalitatea aintzat hartuta, benetan bikaina. Kontu guztien jakile fina zenez, José Palaciok pieza sofistikatuen balioa hartu zuen aintzat, adibidez, zurezko netsukeak edo tearen zeremonian erabiltzen zen zeramika, bere garaian, nagusi ziren gustuetatik urrutiratuta egon arren.

 

ERAKUSKETA

Japoniar artea eta japonismoa. Bilboko Arte Ederren Museoa erakusketak japoniar estetikaren jezaugarri nagusiak erakusten ditu, bildu dituen 221 objektuen bidez. Nolabait esateko, Suzuki Daisetsu filosofoaren esaldi honen bidez laburbildu ditzakegu: “Edertasuna ez dago kanpoaldeko itxuran, barruan duen esanahian baizik”. Lau dira funtsezko kontzeptuak, arkitektura eta altzarietan, lorezaintzan, kaligrafia eta pinturan, zeramika eta lakan, eta Japoniako bizitzako alde estetiko guztietan ezartzen diren kontzeptuak. Lehenik eta behin, artearen eta naturaren arteko lotura estua, eta, mendebaldeko antropozentrismoaren aurrez aurre, gizakiak naturarekin duen lotura. Bigarrenik, funtsezko bakuntasuna, artearen espiritualizazioa, batzuetan, abstrakzio formalaren sorburu dena. Horrez gain, dekorazioko formak egiteko joera; eta, azkenik, estiloak eta joeran barneratzeko erraztasuna, hala Txinatik heldutako osagai kulturalen eragina –batez ere, XII. mendean Japonian sartu zen Zen eskola budistarena– nola mendebaldeko eragina, XVI. mendean hasi eta 1888an Japonia kanpoaldera zabaltzearekin batera areagotu zena.

Japoniar arteko piezak hiru multzo handitan daude bateratuta: –“Sakratua eta zaldunezkoa”, “Edo garaiko grabatua (1615-1868)” eta “Egunerokoa. Urushi lakaren artea”–. Multzo horiek osatzeko, José Palaciori eskainitako gune bat dago. Bertan, bildumagileari buruzko hainbat agiri jaso ditugu, eta japonismo gertakaria islatzen duten museoko bildumako hogeita hamar artelan inguru agertzen dira ibilbidean barrena; hona hemen artelanen egileak: Alfred Stevens, José Echenagusía, Paul Gauguin, Darío de Regoyos, Francisco Durrio, Ignacio Zuloaga, Francisco Iturrino, Anselmo Guinea, Adolfo Guiard, Juan de Echevarría, Antonio de Guezala, José María Ucelay, Henri Michaux, Antoni Tàpies, Joan Josep Tharrats, Fernando Zóbel, Eduardo Chillida, Rafael Balerdi eta José Antonio Sistiaga.

 

1.- Arlo sakratua eta zaldunen arloa

Sintoismoa, naturan bizi diren espirituak gurtzen dituen erlijioa, Japoniako tradiziozko kultua izan zen VI. mendera arte. Mende horretan, Txinatik iritsitako budismoa nagusitu zen, eta Zen sekta budistak eragin erabakigarria izan zuen Japoniako artean eta estetikan. Zen sektaren pentsamendua eta estetika tearen zeremoniaren oinarria dira, eta tearen erritualak bertan dauden pertsonen barneko harmonia lortzea du xede. Arlo sakratuari loturik, samuraia agertzen da (Japoniako zaldun militarra, ohorezko kode zorrotz bati jarraiki bizi zena). Mendebaldean jakin-min handiena piztu duen figuretako bat da samuraia, eta esku-hartze garrantzitsua izan du japoniar arteetan, eskatzaile eta motibo ikonografiko gisa, batez ere, pinturan eta grabatuan.

Lehenengo sekzio honetan, pieza hauek jaso ditugu: figura budisten irudikapen sakratuak (IX. mendeko eskultura bat eta XV. mendeko pintura bat), 19 objektu zeramiko, tearen zeremoniari lotutakoak, emaki-mono bat (horizontalean jarritako biribilki batean egindako pintura narratiboak) eta bost tinta, 37 tsuba (japoniar sablearen –katana– xaflaren babesa) eta bi kozuka (kogatana edo aizto txikiaren heldulekuak), XVII. eta XIX. mende artekoak.

 

2.- Edo garaiko grabatua (1615-1868)

Palacio bildumaren barruan, oso garrantzizkoa eta zabala da grabatuen multzo bikaina, batez ere herri-inspirazioko ukiyo-e generoko pintura bereizgarriaren barruan sartutakoak. Horien artean, generoko artistarik adierazgarrienetako batzuek egindako estanpak ditugu, esaterako, Utamaro, Hokusai eta Hiroshigerenak. Artista horiek mendebaldeko artean eragin handiena izan zuen adierazpide artistikoetako bat sortu zuten. Ikonografia aldetik, irudi hauek dira nagusi: kabukiko aktoreak (Edo garaiko antzerki molde japoniar klasikoa da kabuki), emakumearen irudia, batez ere geisharen irudiaren bidez adierazia (jostarazteko bereziki hezia izan den pertsona), eta paisaia. 42 estanpa eta bost liburu daude ikusgai, generoaren aurrekariak diren hiru margolanekin batera.

 

3.- Egunerokoa. Urushi lakaren artea

Japonian, erabilera pertsonaleko objektuak tradizioz agertu dira adierazpen artistikoan. Era horretan, nolakotasun estetikoak sumatzea hurbileko kontu bilakatzen zen, bizitzako ekintza guztietan agertzen baitzen. Hau da erakusketako sekziorik zabalena eta askotarikoena, eta erabilera pertsonaleko hainbat objektu eta tresna jarri ditu ikusgai. Urushi lakaren artea nabarmentzen da, XVI. mendean lehenik portugaldarrak eta gero espainiarrak liluratuta utzi zituena. Gero, Namban estiloa atera zen hortik, mendebaldeko gustura egokituta, eta nakarrezko inkrustazioz betetako dekorazio oparoz hornitua.

Azken sekzio honetan, pieza hauek nabarmentzen dira: Namban estiloko idazmahai bat, kutxa bat, mahai bat, 38 kaxa, 29 inro(kimonoaren gerrikotik zintzilikatutako kutxatxoa, hainbat atal dituena, sendagaiak, tabakoa, zigilua eta bestelakoak eramateko erabilgarria), 17 netsuke (kimonoaren gerritik mota guztietako objektu txikiak esekitzeko –inrori atxikitako kordoi bati loturik– erabiltzen den tope modukoa), eta 7 kiseru-zutsu(pipa gordetzeko estutxea). Pieza guztiak teknika desberdinez eginda daude, baina interes bera sortzen dute, Japoniako kulturari dagokiona: objektu arrunten edertasuna.

Irudian:
Utagawa Kunisada (歌川国貞) (1786-1865)
Daiko Rokusaburō (大工六三郎)
Ukiyo-e

Edo (Tokio), 1814

Babeslea: