Erakusketa: Haritza elurretan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2012-04-17 • 2012-07-08

Haritza elurretan

16. Aretoa

Caspar David Friedrich bere jaioterrian hasi zen artean trebatzen, Greifswalden (garai hartan, Suedia zen), unibertsitateko marrazketa-irakaslea zen Johann Gottfried Quistorpekin; eta, 1794tik aurrera, Kopenhageko Arte Ederren Akademian jarraitu zuen ikasten. 1798an, Dresdenen jarri zen bizitzen, eta ez zen inoiz handik joan, Alemania iparraldera eta Bohemiara egindako bidaia batzuk albo batera utzita. 1810ean, Berlingo Arte Ederren Akademiako kide gisa onartu zuten, eta, 1824tik, katedratikoa izan zen Dresdenekoan.

Neurri txikiko koadro honek ondo mugatutako paisaia-zati bat erakusten du. Elurrez estalitako landa batean, adabegiz betetako haritza dago, eta zuhaitzaren beheko adarrak irudiaren ertzetaraino heltzen dira. Atzean, baso baten mugak bereizten dira, eta, lehen planoan, urmaeltxo bat ikusten da. Uraren ertzean, berriz, hildako adar bi daude. Zeruaren tonalitate grisa bat dator neguko giroarekin, eta soilik mihisearen goiko aldean bereizten dira zeru urdineko zenbait gune.

Haritza elurretan lana naturaren gaineko oso zirriborro zehatzetan dago inspiratuta; izan ere, Friedrichek mota horretako lanak egin zituen Brandeburgo Berria hiri alemaniarrean, 1806. urtearen eta 1809ko ekainaren 2aren artean. Zirriborro horiek Osloko Nasjonalgallerieten (B16069 inb. zenb.; Bernhard, 427. or.) eta Berlingo Staatliche Museen delakoen Kupferstichkabinetten (Friedrich 28 inb. zenb.; Bernhard, 492. or.) daude gordeta. Hala ere, margoaren teknika aratza eta bertan agertzen den neguko gaia kontuan hartuta, Börsch-Supanek iradoki du koadroa ezin dela izan 1827. urtea baino lehenagokoa. Denbora asko igaro zen prestakuntza-marrazkiak egin eta lan hau amaitu zuen garaiaren artean, eta horrek argi erakusten du zein zen Friedrichen jokamoldea; izan ere, bidaietan naturalarekiko fideltasun handiz egiten zituen zirriborroetatik, ondoren, formen errepertorio bat aukeratzen zuen, eta mihisera eramaten zituen gero, bere paisaien beharrizanen arabera.

Haritzaren gaia maiz agertzen da Friedrichen lanetan, oso antzekoak diren moduetan; esate baterako, 1829an izenburu berarekin egin zuen koadroan. Lan hori Berlingo Nationalgalerie museoarena da (A II 338 inb. zenb.). Börsch-Supan arrakasta handiz ahalegindu da margolariaren hizkera sinbolikoa deszifratzen, eta, bere ustez, haritza bizitzaren kontzepzio paganoaren alegoria da. Haritza elurretan hain adierazkortasun nahastezinarekin agertzen da, ezen ikerlari honek proposatzen baitu zuzenean gizakiarekin erlazionatutako irudikapen gisa interpretatu behar dela. Urmaelaren ondoan eroritako adarren bitartez, beharbada, Friedrichek sinbolizatu nahi zuen gizakion bizitza eta boterea iheskorrak direla. Zeruak, urtzen hasia den elurrak eta urmaelak "historikoki paganismoaren ostean etortzen den kristautasuna" errepresentatzen dute (Börsch-Supan 1973, 414. or.). Arrazoiketa sinplista samar horrek artistaren asmoak erabat azaltzen ez baditu ere, argi dago haren pinturaren muinera heltzen dela. Adibide honetan, argi geratzen da nola ulertu behar diren margolari protestantearen paisaiak. Izan ere, Friedrichentzat, bere artearen jatorrizko helburua eta helburu gorena gizakiaren irudikapena da, baina Jaungoikoarekin konparatuta, hori baita gizakiak lurrean egin duen bide neketsuaren helburu eta promesa.

Testua: Götz Czymmek
Kontserbatzaile burua, Wallraf-Richartz-Museum & Fondation Corboud, Kolonia


Caspar David Friedrich (Greifswald, 1774–Dresde, 1840)
Haritza elurretan
Olioa mihisean. 44 x 34,5 cm
Wallraf-Richartz-Museum & Fondation Corboud, Kolonia

Babeslea: