Erakusketa: Gerraren triptikoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2013-01-15 • 2013-04-07

Gerraren triptikoa

32. Aretoa

Honako hau Obra Gonbidatua programaren 40. deialdia da. Programa honek, Banco Santander Fundazioaren babesari esker, 47 artelan ekarri ditu museora aldi baterako maileguan; tartean, orain aurkezten dugun Artetaren triptikoa. Hain zuzen ere, programaren bitartez, artelanak modu indibidualizatuan ikustearen esperientzia jendaurrean proposatu nahi da.

Gerraren triptikoa 1937an pintatu zuen Aurelio Artetak (Bilbao, 1879–Mexiko Hiria, 1940), eta, bertan, gatazka belikoaren gordintasuna eta gerrak populazio zibilarengan dituen ondorio dramatikoak irudikatzen dira. Artetak, bere pinturan, tradizioa eta abangoardia uztartzen jakin izan zuen, eta konposizio koloretsu eta monumentala egin zuen hemen. Lan honen jatorria, beharbada, 1937ko apirilaren 26an egon daiteke, Alemaniako Cóndor legioak Gernika bonbardatu zuenean. Ezkerreko mihisean, Frontea izenekoan, gazte batek gorantz apuntatuz hartzen du fusila, gerrako hegazkinek zerua zeharkatzen duten bitartean. Eskuinekoak, Atzeguardia izenekoak, ama baten eta haren semearen gorpuak eta suntsiketa erakusten ditu, bonbardaketaren ostean. Exodoa, berriz, beste biak baino apur bat handiagoa da, eta, bertan, borrokara doazen gazte batzuen agurra ikusten da, portu batean.

Egile batzuen arabera, Julián de Tellaeche margolariak, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiako pabiloian ikusgai jarri zen euskal artearen bildumaren arduradunak, izapideak hasi zituen, Picassoren Guernica lanaren ordez Artetaren Gerraren triptikoa jartzeko. Azkenean ez zuen halakorik egin, ziurrenik Artetak izugarrizko errespetua ziolako Picassori; edozelan ere, anekdota horrek agerian uzten du obra hau oso kontuan hartua izan zela bere garaian.

Aurelio Arteta

1937an, Aurelio Arteta Biarritzen bizi izan zen zenbait hilabetez, Gerra Zibilak eragindako erbestealdiaren lehenengo etapan; bi urte geroago, Mexikora joan zen familiarekin. 1931. urteaz geroztik Madrilen lan egin zuen, eta, bertan zela, Pintura, Eskultura eta Grabatuko Goi Mailako Eskolako behin-behineko irakasle izendatu zuten 1933an. 1936ko abenduan, gobernu errepublikazaleak Valentziara bidalitako beste artista eta intelektualekin batera, hiriburua utzi zuen, matxinatutako osteen bonbardaketa biziak atzean utzita. Valentziatik Bartzelonara joan zen, eta hainbat hilabete egin zituen han, Frantzian bizilekua hartu baino lehen.

EGerra hasi aurreko urteetan, Artetak hainbat sari eta aipamen ofizial jaso zituen. Instrukzio Publikoko Kontseiluko kide izendatu zuten (1931), bai eta Altxor Artistikoaren Goi Mailako Batzordeko kide ere (1933). Horrez gainera, lehen mailako domina bat lortu zuen 1932ko Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean –Errepublikak antolatutako lehena–, Veneziako Biurtekora joateko hautatu zuten 1934an, eta Pinturako Lehiaketa Nazionalaren lehenengo saria irabazi zuen 1936ko uztailean.

1920ko hamarkadan, margolari gisa heldutasunera iritsia zela eta bere belaunaldiko beste sortzaile batzuekin sintonian –Sunyer edo Vázquez Díaz, esaterako–, Artetak cezannismotik eta hizkuntza kubistetatik hartutako osagaiak erantsi zizkien bere lanei. Urte horietan, marrazki zehatz eta definituz beteriko margolanetan, bolumen geometrikoen zaletasuna eta koloreen sinplifikazioa nabarmentzen dira. Sinplifikazio horren ondorioz, 1930eko hamarkadan, okre, berde, urdin eta, bereziki, zurietara murriztu zen Artetaren kolore aukera. Garai horretan ugariak dira aginduz egindako erretratuak, eta hiriko paisaiak nagusitzen dira, hala nola, Marinela lehorrean edo Burtzeñako zubia, baina baita figuren lanak ere, esaterako Arrantzalea (azken bi horiek Bilboko Arte Ederren Museoan daude). Artetaren pinturan, oro har, ez dago lekurik anekdotentzat edo apaindurentzat, eta konposizioak baliabide plastikoez baino ez dira osatzen. Kontzentraziorako eta sinplifikazio formalerako joera hori gerra garaian egindako lanetan ere antzematen da: gerra gaietako marrazkiak eta ur-margoak, zenbait kartel eta pintura gutxi batzuk, baina garrantzi handikoak. Azken horien artean aipagarriak dira, garrantzizko lekukotasuna direlako, Herri baten ebakuazioa (bilduma partikularra) eta honako Gerraren triptikoa hau.

Hiru eszena narratiboz osatuta dago: Frontea, Exodoa eta Atzeguardia. Triptikoak gerraren ondorioak eta gerrak herritarrengan duen eragina erakusten ditu, eremu edo hiri zehatz baten erreferentziarik ez badago ere, paisaia baino harago; paisaia hori Euskal Herrikoa izan zitekeen. Konposizioa ñabarra eta monumentala da, eta, hainbaten ustez, Artetak lan hauek egin zituenean gogoan zuen Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertatutakoa, hau da, Cóndor legio alemanak Bizkaiko herria bonbardatu zuenekoa. Ezkerreko margolanean, Frontea, eremu harkaiztsu batean, mutil gazte batek fusilari heltzen dio, zerura begira, eta zeruan, hegazkinak, karga hilgarria jaurtitzen. Inguruan bi gorpu ditu, hilik: soldadu batena, lehen planoan, eta beste mutiko batena. Eskuineko panelean, Atzeguardia, Artetak bonbardaketaren ondorioak erakusten ditu: etxe suntsituak, emakume bat hilda bere haurrarekin, animaliak hilda. Exodoa itsas portu batean gertatzen da; senideei agur esaten dieten mutikoak ikusten dira, borrokarako bidean beharbada. Beste biak baino pixka bat handiagoa da, eta argumentuaren haria ere bestelakoa da: egun eguzkitsu, argitsu batean gertatzen da ekintza, eta ez dago gerraren edo hurbileko inolako arriskuren aipamen zuzenik.

Testu: Miriam Alzuri
Erakusketa Saila. Bilboko Arte Ederren Museoa.



Gerraren triptikoa, 1937
Olioa mihisean. 161 x 120,5 cm (ezkerreko panela); 178 x 166,5 cm (erdiko panela); 161 x 120,3 cm (eskuineko panela)
Bilduma partikularra


Babeslea: