Erakusketa: Galsoroa eper batekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2007-07-09 • 2007-09-30

Galsoroa eper batekin

Mogrobejo Aretoa

Obra Gonbidatua Bilboko Arte Eder Museoaren programa originala da, zeinen bitartez publikoari beste museo edo bilduma batzuetako obra bereziak helarazi nahi baitzaizkio, Museoaren bilduman dauden egileen ikuspegia aberasteko, edo sekula erakutsi gabeko egileen lanak erakusteko. Modu honetan, Programa honek egonkortasuna ematen dio Museoaren ohiko erakusketa ildoetako bati.

Programa 2001en hasi zen, eta 2004tik programak Santander Central Hispano Fundazioaren babesa dauka. Oraingo honetan hemeretzigarren edizioa aurkezten dugu. Irailaren 30era arte, Museoaren eraikin zaharreko hallean, Vincent van Gogh artistaren, Galsoroa eper batekin (Wheatfield with a partridge), 1887, Amsterdam, Van Gogh Museoko artelana ikusgai egongo da.

 

Vincent van Gogh (1853-1890) naturaren eta baserri giroaren miresle handia zen. Bere karrera artistiko laburrean egin zuen pintura eta marrazki askotan ikus daiteke hori.  

Gehien irudikatu zuen gaietako bat gari-zelaiak izan ziren; Galsoroa eper batekin da Herbehereak utzi eta Parisera joan ostean pintatu zuen serie honetako lehenengo lana. Artearen munduko hiriburu dinamiko horretan ikusi zituen lehenengoz inpresionisten kolore berriak, eta, Henri de Toulouse-Lautrec eta Paul Gauguin bezalako artista gazteak ezagutzean, ideia artistiko berriekin harremanetan jarri zen. Horrek guztiak erabateko aldaketa ekarri zien bere paletari eta teknikari. Gainera, hirian bizitzeak gai berriak ere eman zizkion: kafetegien barrualdeak eta kaleko eszenak, besteak beste.

Hala ere, sekula ez zion uko egin baserri giroko paisaiekiko mirespenari, eta sarritan egin zuen ihes hiritik, Montmartreko muinoa eta Sena ibaiaren iparraldea pintatzeko, adibidez. Ez dakigu ziur nora joan zen 1887ko udan, Galsoroa eper batekin lana pintatzera.

Ikuspegia lur-zati txiki batera mugatu eta testuinguru panoramikoa saihesteko zuen modua ez zen bere ezaugarri esklusiboa, baina nahiko ezohikoa zen Parisen eman zuen aldian. Konposizioa oso sinplea da; hiru gune horizontaletan dago eraikita, eta, bertan, bi dira nabarmentzen diren elementu bakarrak: eperra, zeina hegan hasteko puntuan dagoela baitirudi, garitik alde egiteko (sakontasun-sentsazioa ematen du, modu horretan); eta zelaiaren ertzean sakabanatutako mitxoleta gorriak.

Zerua, garia eta galtzua zenbait pintzeladarekin daude pintatuta. Erdialdean uhin-forman dauden zurtoinak (ezkerrerantz ari dira okertzen) bereziki iradokitzaileak dira, eta zelaiaren ertzeko monotonia apurtzen dute. Galtzu puntazorrotzak (eskuinalderantz orientatua, diagonalean) kontrastea egiten du zerurik zabalenarekin, eta, batez ere, pintzelada horizontalekin dago pintatuta, modu naturalagoan. Pintzelada alaien barietate horrek mugimendu sentsazioa ematen dio Galsoroa eper batekin obrari, eta ematen du haizearen hasperena ere entzun daitekeela koadroan.   

1880an, Vincent van Goghek bere karrera artistikoa hasi zuenean, sarritan kopiatu zuen Jean-Francois Milleten "Ereilea" (The sower) koadroa, eta Holanda utzi baino apur bat lehenago, zelaien zenbait marrazki egin zituen, garia kulunkan pintatuz. 1888an, Paris utzi eta Frantziako hegoaldera joan ostean, gariaren gaiarekin jarraitzen zuen, oraingoan Ereilea lanaren bere bertsioarekin. Zelai distiratsuak, ereile bat lanean, sorta izugarriak. Denborarekin, ereitearen eta bilketaren etengabeko zikloa bizitzaren eta heriotzaren metafora bihurtu zen berarentzat. Galsoroa eper batekin, itxuraz naturaren parte baten interpretazio sinple eta barnerakoia dena, nozio unibertsal eta erlijiosoz beteta dago.  

Leo Jansen
Pintura Kontserbatzailea Van Gogh Museoa



Vincent van Gogh (1853-1890)
Galsoroa eper batekin, 1887
Olioa mihisean. 54 x 65 cm
Van Gogh Museum Amsterdam
(Vincent Van Gogh Foundation)

Babeslea: