Erakusketa: Ekialdeko paisaia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2007-02-05 • 2007-04-15

Ekialdeko paisaia

Mogrobejo ARETOA

Obra Gonbidatua Bilboko Arte Eder Museoaren programa originala da, zeinen bitartez publikoari beste museo edo bilduma batzuetako obra bereziak helarazi nahi baitzaizkio, oraingoan bezala Museoaren bilduman dauden egileen ikuspegia aberasteko, edo sekula erakutsi gabeko egileen lanak erakusteko.

Erakusketa monografikoen sail hau 2001ean hasi zen eta, 2004tik, Santander Central Hispano Fundazioaren babesa dauka. Oraingoan, hamazazpigarren edizioa ireki da. Apirilaren 15era arte, Museoaren eraikin zaharreko hallean, Carlos de Haesen (1826-1898) margo eder bat egongo da ikusgai, Madrilgo Museo Erromantikotik ekarrita. Carlos de Haes Espainiako paisaia errealistaren ordezkari nagusia da, eta, obra honetan, ekialdeko pinturaren ariketa bikaina egin zuen. Margolariak palmondoz inguratutako Egiptoko tenplu bat erakusten digu. Inguruan, tunikekin jantzitako jendea ere ikus daiteke.

 

Jatorri belgikarreko margolari honen familia Málagan jarri zen bizitzen 1835ean, eta, han, Luis de la Cruz y Ríos margolari miniaturistaren marrazki-lezioak jaso zituen. Hasierako trebakuntza akademizista horri esker, ezagutza tekniko sendoak lortu zituen, eta horretan oinarritu zuen bere produkzio artistiko osoa. 1850ean, jaioterrira itzuli zen, Bruselara, eta, han, Joseph Quineauxen eskutik, paisaiaren generoaren tradizio handia ezagutzean eta aire libreko pintura deskubritzean, gaiak eta estiloa zehaztu zituen.

1856an, Haes Espainiara itzuli zen. Garai hartan ezaguna izaten hasi zen, sortu berriak ziren Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan parte hartu baitzuen. Erakusketa horietan, naturaletik zuzenean hartutako paisaiek publikoaren eta kritikaren interesa piztu zuten. Barbizoneko Eskolako margolarien erradikaltasunera heldu barik, naturaren aurrean zuen teknikak eta jarrerak aire freskoa ekarri zuten Espainiako akademizismoaren giro zaharkitura. Bere hasierako lanetan paisajismo erromantikoaren hondarrak gelditzen baziren ere, denborarekin, gertuagoko errealismorantz doa, argi gardenak eta kolore distiratsuak erabiliz. 1857an, Carlos de Haes irakasle izendatu zuten Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademiako Pintura Eskolan. Bere katedratik, margolari aipagarri ugari prestatu zituen. Tartean zeuden, besteak beste, Aureliano de Beruete, Jaime Morera eta Darío de Regoyos. Artista horiek goitik behera berrituko zuten paisaiaren generoaren ikuspegia, euren garaiko panorama artistiko espainiarrean. Gauzak horrela, paisaia erromantikoaren sugestio fantastikoa Naturaren interpretazio zintzo eta zuzen bihurtu zuten.

 

Natura paisaia bihurtzeak ikuspegi berezia eskatzen zuen: pertzepzio optikoak beste modu batez landu behar ziren. Carlos de Haesek (1826-1898) hasitako paisaia-pintura eta ondorengo pintura konparatzen baditugu, konturatuko gara urrats hori sekulako esnatzea izan zela, begiak irekitzea beste zerbait ikusteko. Hori guztia lehendik ere bazegoen, baina orduantxe deskubritu zen, eta beste modu batez hasi zen ikusten.

Hala ere, urte haiek paradoxaz eta nahastez beteta ere egon ziren: alde batetik, desagertu gabeko mundu batek –ukitu erromantiko argikoa–  iraun egiten zuen; bestetik, horrekin batera, ikuspegi eta apurketa berri baten lehen agerpenak ematen hasi ziren. XIX. mendeko arte aurreratua kontrako bi poloren artean mugitu zen: alde batetik, barnekotasun psikologiko erromantikoa zegoen, eta, bestetik, joera errealista berriaren objektibotasun inpertsonala. Azken horren iritziz, forma naturalak berez ziren espresiboak, eta esanahiak zuzenean transmititzen ziren pinturara, arauak erabili barik.

Paisaiaren ikuspegi berri honen funtsezko oinarrietako bat –paisaiaren XVII. mendeko eskola flandestarraren tradizioaren urratsei eta Barbizoneko eskola frantziarreko urrats modernoagoei jarraituz– errealitatea transkribatzea zen, aldez aurreko aldaketarik egin gabe. Hain zuzen ere, Haes izan zen indar gehien egin zuena –bere hitzetan esanda– "ameskeria eta asmakuntza fantastikoen" eta ikuspegi bukoliko edo subjektiboaren aurka. Horren ordez, leku naturalak aldez aurreko iritzi idealistarik gabe behatzearen alde egin zuen, ahal bazen aire librean -plein air- eta esperientzia zuzena erabiliz. Hori horrela, Carlos de Haesek eta haren jarraitzaileek inauguratutako paisaia antidotoa izan zen –tematikoki eta teknikoki–, eta marka ezabaezinak utzi zituen Espainiako pinturan, ideal erromantikoen eta errealismoaren arteko trantsizio gisa.

Baina, bitxia bada ere, orain aurkezten ari garen mihise hau –Ekialdeko paisaia (Museo Erromantikoa, Madril)–, margolariak egindako azkenetakoa ere badena (1883), aipatutako kontraesanaren erakusgarri argia izan daiteke: paisaia modu naturalistan dago hartuta eta, hasierako kolore goibelen ordez, argitasun eta aberastasun kromatiko handia erabiltzen du; hala ere, gaian eta ikuspuntuan, nolabaiteko nostalgia erromantikoaren kutsua nabaritzen da oraindik ere.

Hasteko, ez da naturaletik hartutako edo aire librean egindako paisaia –aipatzen ari garen artista ez zen sekula Egipton egon–, ezpada bere estudioan egindako berreraikuntza bat; gainera, ez du esperientzia objektibo eta zuzenik ere islatzen. Bere asmoa ez da itxurak harrapatzea, baizik eta itxuren atzean ezkutatutako errealitatea, misterioa eta gizakiak naturaren aurrean duen txikitasuna: paisaia, aurriaren moduan –gizakien obra handien iragankortasunaren eta suntsikortasunaren sinbolo–, zerbait puru eta harmoniatsu gisa deskribatzen da. Antzinatik existitzen den ordena naturala da.

Egia da, baita ere, eta irudi pintoresko eta ekialdezalea bada ere, ez duela inongo zerikusirik Genaro Pérez Villamilen koadroekin, Haesek ez baitzuen begi onez ikusten margolari erromantiko horren lana. Aitzitik, paisaiaren partikularizazioa –hurbilketa naturalista– dela eta, beste artista hark "asmatutako" produkzioetatik urrun dago Haes. Segurtasun osoz esan daiteke ez dela asmatutakoa, ezpada ondo dokumentatutako zerbait. Horretarako, bidaia-libururen bat edo, zehazkiago, margolarien tailerretan ikusi ohi ziren argazkietako bat erabiliko zuen (Kom Ombo tenplua, Niloren ekialdeko bazterrean).

Badirudi hori ez zela izan ekialdeko eta Egiptoko gaiarekin egin zuen obra bakarra. Izan ere, 1862an, El Arte en España aldizkari garrantzitsuan, belgikarrari ezagutzen zaion litografia bakarra argitaratu zuen: Herrialde egiptoarra deitzen zen. Argazki hori pinturaren aurrekari gisa har daiteke, izan ere, horizontalean eta panorama zabalagoarekin eginda badago ere, tenplu beraren ikuspegi bat aurkeztu du, giza figuraren presentzia txikirik gabe oraingoan. Obra bietan, naturaren itxura harrapatzeko errespetua nabarmentzen da. Xehetasunik txikienak ere jasota daude: palmondo-orrien arteko haizea, argi-ilunen aldaketak eta koloreen xehetasunak. Hori ez zen izan paisaiarekiko bat-bateko sinpatiaren ondorio, ezpada hizkera artistikoaren ikasketa-prozesu luze baten ondorio.

Begoña Torres González
Museo Erromantikoaren zuzendaria

 

carlos de Haes (Bruselas, 1826-Madrid, 1898)
Ekialdeko paisaia, 1886
Olioa mihisean, 190 x 130 cm

Babeslea: