Erakusketa: Beruete, Regoyos eta paisaia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2020-03-11 • 2020-10-12

Beruete, Regoyos eta paisaia

José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumetan

32. eta 33. Aretoak

Museoak XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako espainiar paisaiari buruzko erakusketa handi bat hartuko du, zeinak ardatz nagusitzat José Entrecanales Ibarra (Bilbo, 1899-Madril, 1990) eta Santiago Corral Pérez (Santander, 1907-Madril, 1989) bide, ubide eta portuetako ingeniariek 1940 eta 1970eko hamarkaden artean garatutako bildumak dituen.

Herrialde atzeratu bateko azpiegituren eraldaketan lan egin zuten biek, eta interes handia erakutsi zuten Espainian mende erdi lehenago genero moderno berezkoenean, paisaiarenean, izandako berrikuntzari buruz.

Hala, asmatu zuten kalitate eta berrikuntza ahalmen handieneko margolariak aintzat hartzen, eta obra garrantzitsuz hornitutako bilduma oparoak osatu zituzten; horien artean nabarmentzekoak dira, oparotasunarengatik, Aureliano de Berueterenak (Madril, 1845-1912) eta Darío de Regoyosenak (Ribadesella, Asturias, 1857-Bartzelona, 1913), espainiar margolari inpresionista bakarrenak.

Erakusketa honen interes nagusia da, batetik, Entrecanalesek eta Corralek bildutako obren bikaintasuna, eta, bestetik, bildumak osatzeko erakutsi zuten jarrera irmoa, ezohikoa haien garaian.

Erakusketako pintorerik kosmopolitena eta erradikalena izan zen Regoyos, eta gure museoak kontserbatzen du haren bildumarik onena. Bilbo ardatz izan zen Regoyosentzat, eta, hiri honen zein gure museoaren modernitate bokazioaren ondorioz, berezkotasun eta suhartasun osoz hartuko da museoan erakusketa hau. Halaber, Aureliano de Berueteren piezen multzo oso esanguratsu bat hemen lehen aldiz erakusteko aukera ere bada erakusketa.

Aipatutako bildumetako hirurogeita hamar inguru lan bilduko ditu erakusketak –gehienak 1890 eta 1920 arteko data dutenak–, batez ere, Beruete eta Regoyosen paisaiak, eta osagarri izango dira haien garaikide Agustín Riancho, Francisco Gimeno, Santiago Rusiñol eta Joaquín Sorollaren beste batzuk.

Bildutakoaren kalitatearen eta interesaren jakitun, beren oinordekoetako askok obrak gorde zituzten, eta horrek ahalbidetu du erakusketa hau antolatzea. Funts nagusi honi euren bildumen zati izan ziren zenbait lan gehitzen zaizkio, gaur egun Prado Museoari (2), Bilboko Arte Ederren Museoari (1) eta bilduma partikularrei (5) dagozkienak. Entrecanalesek eta Corralek eskuratutako eta, hortaz, euren bildumen zati izandako obrak bakarrik izango dira ikusgai.

Beruete, Regoyos eta paisaia José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumetan erakusketak Javier Barón Thaidigsmann izan du komisario lanetan; Prado Museo Nazionaleko XIX. Mendeko Pinturaren Kontserbazio Sailaren burua da, eta, era berean, erakusketarako argitaratu den katalogoaren testu luzearen egilea.

 

Beruete, Regoyos eta paisaia
José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumetan

 

José Entrecanales (Bilbo, 1899-Madril, 1990) eta Santiago Corral (Santander, 1907-Madril, 1989) bide ingeniariek garrantzi handiko jarduera izan zuten bildumari gisa, lanbide eta enpresa ibilbide ikusgarria osatzeaz gainera. Beren lanbidean lurrak duen garrantziak bultzatuta, neurri handi batean, paisaien pinturarekiko interes bizia izan zuten, eta, interes horri jarraituz, XIX. mendetik XX. mendera bitarteko aldiko espainiar artista ospetsuen obra sorta adierazgarri eta ugaria bildu zuten.

Garai hartan, paisaia izan zen modernitatearen adierazpide nagusia pinturan. Eta, Espainian, herrialdeari buruzko ikuspegi berri bati atxiki zioten joera hura Erregenerazionismoko artistek, haren balio historiko eta kulturalaren jakitun. Artista haien artean, Aureliano de Beruete eta Darío de Regoyos izan ziren erradikalenak eta Europako joera modernoekin lotura estuena izan zutenak. Haiek margotutako kalitate bikaineko koadroek erabateko protagonismoa izan zuten bi bildumetan, eta horrek erakusten du nola asmatu zuten bildumariek bete-betean beren aukeretan, obra sorta honetan ikus daitekeenez.

Orobat eskuratu zituzten Agustín Riancho kantabriarraren eta Francisco Gimeno katalanaren obrak; ibilbide berezia osatu zuten bi artistek natura oso modu independentean adierazteko askatasunari eta berehalakotasunari dagokionez. Azkenik, Santiago Rusiñolen eta Joaquín Sorollaren lanak ere bildu zituzten; bestelako gaiak ere landu arren, aire zabalean lan egin eta paisaia bikainak margotu zituzten biek ala biek. Rusiñolek lotura estuagoa izan zuen sinbolismoarekin; Sorolla, berriz, bere belaunaldiko artista gailena, Beruereten lagun mina zen, eta hark bezain ongi ezagutzen zuen Espainiako geografia askotariko eta aberatsa.

 

ERAKUSKETA BIRTUALA

Joan den martxoaren 11n, nagusiki Aurelio de Beruetek eta Darío de Regoyosek margotutako hirurogeita hamar paisaiako erakusketa bikaina aurkeztu genuen; lan horiek José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniariek bildu zituzten euren bildumetan. Gaur egun bizi dugun ezohiko egoera dela-eta, oraingoz ezingo dugu erakusketa museoan ikusi; baina, bitartean, erakusketa honi lotutako oso eduki interesgarriez etxean gozatzeko aukera ematen digu teknologiak. .

Erakusketaren laburpena irudietan


 

Aurkezpen prentsaurrekoa


Miguel Zugaza, Juan Entrecanales eta Maria de Corralen hitzak

(Audio / Gaztelaniaz)

Javier Barón hitzaldia


"Beruete, Regoyos y la renovación del paisaje en las colecciones de Corral y Entrecanales"

 

  

Ezagutza-pilulak


 

Erakusketaren katalogoa


Egilea: Javier Barón
Hizkuntza: Gaztelania
Neurriak: 26 x 22,5 zm
Koadernaketa: Azal arrunta
Orrialde kopurua: 200
Ilustrazio kopurua: 110 (kolor)

Ikusi online dendan

Ikusi online dendan

Beruete / Regoyos eskaintza



 

Irudian:
Aureliano de Beruete
Manzanaresko ibaiertza, 1906
Olioa mihisean. 57 x 80 cm
Bilduma partikularra

 

José Entrecanales Ibarra Fundazioak babestua

 

Babeslea: