BBKateak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2022-06-17 • 2024-05-31

BBKateak

Bildumako bi artistaren arteko ezusteko topaketa areto bakoitzean

1-21 Aretoak

 

 

Museoak eraikin zaharreko 21 areto irekiko ditu BBKateak ekimenaren bidez, eta bildumako bi artistaren arteko ezusteko topaketa bat erakutsiko du horietako bakoitzean. Aurrez aurreko horretan, artistak elkarrengandik urrunekoak izan daitezke denborari eta haien jatorri kultural eta geografikoari dagokienez, antzinako eta gaur egungo maisuen arteko elkarrizketa estimulatzaileak eragiteko, askotariko estiloak, interesak, formatuak eta diziplinak lotuz.

Museoaren ondare artistikoaren kronologia zabalari eta aberastasunari esker, erakusketa-aukera ugari eta narratiba berriak egin daitezke, bilduma birformulatu eta bisitaldia aberaste aldera; hain zuzen ere, horixe egin zen 2018an, Kirmen Uribe komisario zela aretoei eman zitzaien antolamendu berriarekin: ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa. Orduan, hitz batek garai desberdinetako obrak biltzen zituen areto bakoitzean, eta haietako bakoitzaren historia protagonista bihurtzen zuen. Orain, hitzen ordez, bildumako artisten izenak, biografiak eta haien obra ederrak aurki daitezke.

Modu horretan, eta ekainaren 21etik aurrera, berriz bisitatu ahal izango da museoa, oraingoan, funtsen txandakatzean oinarritutako proposamen berri baten bidez, eta aldian-aldian berritzen joango gara, artista gehiagori ikusgarritasuna emateko eta publikoarekin harreman dinamikoagoa izateko.

Bildumaren erakusketa antologiko bat egiteko ideiaren aurrean, garai berezi hauetan, museoko arterako bestelako hurbilketa bat proposatu nahi izan diegu gure bisitariei. Eraikin zaharreko areto klasikoek espazioan sortzen duten sareak, areto eraberrituekin oraingoan, etenik gabeko topaketa-sekuentzia bat aurkezten digu, Icaza hallean hasi eta amaitzen den begizta batean kateatuta –halla Museoko sarrera nagusi bihurtu da–, Juan Muñozen Hanging Figures eta Nemesio Mogrobejoren eta Moises Huertaren obra klasikoak buru dituela.

Behin-behinekotasuna malgutzen da eta, diziplina arteko ikuspegi askeagoa izanik, sorkuntzako harremanetan jartzen du arreta; hala, ikusleek bisita pertsonalago bat egin dezakete, artelanak ikuspuntu berrietatik interpretatzeko. Helburu horrekin, pinturaren genero tradizionalak –paisaia, natura hila eta biluzia– eta bestelako interes eta diziplina garaikideak aurki daitezke elkarrekin.

Eskulturaren eta arkitekturaren arteko harremana aztertzen duen hitzaurre gisa, maiatzaren 6an, Trece a Centauro inauguratu zen, museoak Sergio Pregori (Donostia, 1969) egindako enkarguaren ondoriozko instalazioa. Eskala monumentaleko instalazio pneumatiko batek beteko du hurbileko handitze-lanak dituzten aretoak, gaur egungo lengoaia artistikoen eta eraikinaren zati horretako errepertorio arkitektoniko klasikoaren arteko norgehiagoka batean.

Museoaren metamorfosi arkitektonikoa etengabe aldatzen ari den bilduman islatzen da; gainera, aukera emango du etengabeko hezkuntza- eta hedapen-jarduera sortzeko.

Artelanekin batera, zenbait iruzkin eta aipamen biografiko egongo dira, eta areto bakoitzean begiratze aktiboa bultzatzen duen interpretazio bat emango da. Material horrek guztiak areto birtualeko orri bat osatzen du (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez); museoaren webgunean dago eskuragarri, eta doan deskarga daiteke gailu mugikorretan, aretoan dagoen QR kode baten bidez.

 

MIKROSITEA BISITATU


Kredituak

Proiektuaren zuzendaritza: Miguel Zugaza, zuzendaria
Koordinazioa: Javier Novo, Kontserbazioko eta Ikerketako koordinatzailea, eta Silvia García Lusa, Jardueren koordinatzailea
Muntaketa: Ana Isabel Román eta Edu López
Kontzeptu grafikoa: Mikel Garay
Obren iruzkinak: José Luis Merino Gorospe, Antzinako Artearen kontserbatzailea, Miriam Alzuri, Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea eta Gilermo Zuaznabar Uzkudun, Diseinu eta Arkitekturaren Konserbatzailea
Aretoen iruzkinak: Marta García Maruri, Komunikazioko zuzendariordea
Bideoak: Mikel Clemente


Babeslea: