Artearen Ibilbidea BBK IV - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2023-05-22 • 2023-12-03

Artearen Ibilbidea BBK IV

Bizkaiari begira

Ibiltaria

BBK La Ruta del Arte - Artearen Ibilbidea dibulgazio artistikoko programak laugarren denboraldia hasiko du, ibilera berriarekin; oraingo honetan, Bizkaiaren irudia erakustea izango du helburu, artearen historiako hainbat garaitan 30 artistak egindako 36 lanen bitartez. Hala, “Bizkaiari begira” jarrita, lurraldearen “erretratu” bat marraztuko da adierazpen artistikoen bidez (32 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat), kronologia zabalean zehar, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehenengora arte.

Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute, nola landa-guneak, Kantauriko kostaldea eta horko portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia eta Abra, esaterako), hala Durango, Balmaseda, Gernika-Lumo, Busturialdea-Urdaibai eta bestelako udalerri eta eskualdeetako hiri eta industria giroko paisaiak (Bilbao, Erandio, meatze-herriak). Era berean, Unamunok esan zuen moduan, giza presentzia, herritar jendea, paisaian urtzen da Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen duten jardueretan: itsasoko jendearen lana, baserritarrena eta lantokietako beharginena, prozesioak eta mistizismoa, aisialdia erromerietan eta estropadetan, bolo-jokoa eta bertsolaritza... kultura eta historia. Friso zabal-zabala da, hasi Luis Pareten eszena idealizatuekin, eta Agustin Ibarrolaren salaketa politikoarekin amaitu. 

Babeslea: BBK

Erakusketa ikusgai egongo den udalerriak

Artearen Ibilbideak museoaren bildumako obren kalitate handiko erreprodukzioak jarriko ditu gune publikoetan. Horretarako, hurrengo hilabeteetan (maiatzetik azarora) programa iritsiko den Bizkaiko 28 udalerrietako udalen laguntza izango du; horietako bakoitzak astebetez hartuko dute ekimen hau, topagune publiko irisgarrietan eta aire zabalean: Bilbao, Barakaldo, Muskiz, Portugalete, Trapagaran, Abanto-Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika-Lumo, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Garai eta Durango.  

Bitartekaritza programari buruzko informazio gehiago

Ekimen honen proposamen didaktikoaren barruan, doako bitartekaritza-programa bat abian jarri da; programa horren barruan, ikastetxeentzako eta kultur elkarteentzako bisita komentatuak daude, eta orobat arreta eskainiko zaie erakusketa ikustera joango diren bisitarien kontsultei. Hemen kontsulta dezakezu.

 

Erakusketan dauden artelanak

 

Daniel Tamayo (1951)

Durangaldea, 1981

Olioa mihisean. 2002an eskuratua 2002

Tamayok hiru panel independentetan garatzen du Durangaldearen ikuspegi zabal hau, marrazkiaren etenak pentsarazten duenez. Atzealdean, objektu hegalariek zeharkatzen duten zeruaren kontra, eskualdea mugatzen duten mendiak ikusten dira, eta horien artean eraikuntza fantastikoak zabaltzen dira. Panel bakoitzaren erdian kontzentratzen da ekintza nagusia, eta inguruan pertsonaia txiki eta nortasun ezezaguneko objektu ugari agertzen dira, interpretazio ugari egiteko bidea ematen dutenak. Tonu lauko kromatismo biziak, fantasia geometrizatzaileak eta marrazkiaren zehaztasunak osatzen dute UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean irakasten duen artista honen unibertso plastikoa. 

Darío de Regoyos (1857-1913)

Santa Luzia, Durango, 1907

Olioa mihisean. 1924an eskuratua

Regoyosek 1907ko udaberria eta uda igaro zituen Bizkaiko Durango udalerrian, bertara bronkitisa tratatzeko joana. Egonaldi horren emaitza herriko hainbat paisaia dira, hala nola Santa Luzia haitzaren ikuspegi hau. Zeruko eta mendiko tonu moreek, berde-sorta zabal baten bidez adierazitako lehen planoko baratzeekin lotuta, konposizioa sakontzen laguntzen dute. Laboreak, artaldeak eta irudi txikiak irudikatzeko pintzelkada puntillista inpresionismo puruenaren adibide bikaina da.

Fernando de Amárica (1866-1956)

Euskal mistizismoa (Zeanuri), 1930

Olioa mihisean. Artistaren dohaintza 1953an

Andra Mari elizak, Bizkaiko Zeanuri herrian, hilerria aurrean eta altzifreak zerurantz igotzen dituela, izenburuak aipatzen duen espiritualtasuna gauzatzen du. Paisaia guztiz inpresionista horretan, zeinean, hala ere, marrazkiak protagonismo handia duen, atzean lerratzen den argi krepuskularrak lirismoa eta lasaitasuna ematen ditu. Eta, hain zuzen ere, argia paisaian lantzean jartzen du interesik handiena Erromara eta Parisera joan eta Madrilen Joaquín Sorollaren ikasle izan aurretik lehen prestakuntza Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan jaso zuen margolari eta idazle horri.

Jesus Mari Lazkano (1960)

Bilbo MMX, 2010

Akrilikoa mihisean. Bilboko Udalaren gordailua 2011an

Chillidaren eskulturaren bizileku den beiraz hornitutako irudimenezko barrualde batetik, Bilboko ikuspegi idealizatu bat ikus daiteke, horretan eraldaketaren kontakizuna osatzen duten mugarri arkitektoniko batzuk bereizten direla. Inguruko mendien artean eta itsasadarrean zehar hainbat eraikin daude, hiriaren irudiari ezin banantzeko moduan lotuak. Formatu etzanak eta tamaina handiak ikuspegi ikusgarria menderatzeko aukera ematen diote Lazkanori, marrazki trebez eta efektu hiperrealistaz ebatzia. Argazkigintzaren kualitateak ez ditu, ordea, obraren testura eta balio piktorikoak ezkutatzen.

Luis Paret (1746-1799)

Bilboko Arenalaren bista, c. 1783-1784

Olioa mihisean. Bizkaiko Foru Aldundiaren gordailua, BBVren dazioaren bitartez 1996an

Bilboko Areatzaren ikuspegi honetan, Luis Paretek kolore saturatuen eta argi-ilunen bidez atzematen du ilunabarreko kolore argia. Lehen planoan, zamaketariek eta merkatariek fardo eta animalien artean hitz egiten edo lan egiten dute, eta Bilboko Kontsulatuaren bandera bereizten da. Eskuinean, zuhaitzez betetako pasealekua San Nikolas elizarantz doa, zeina ezkutuan geratzen baita; atzean, Sendeja, Quintana jauregi desagertua eta San Agustin komentua, egungo Udaletxearen orubea hartzen zuena. Ezkerrean, Erripako kaia. Paret, Goyaren garaikidea, estetika rokokoari atxiki zitzaion, baina Neoklasizismoaren aitzindaria izan zen.

Mari Puri Herrero (1942)

Albia, 2002

Olioa mihisean. 2002an eskuratua

Bilboko Albia lorategietako palmondoek, platanoek eta soropilak definitzen dute Colón de Larreategui kaletik hartutako irudi ia monokromatiko honen kolorea. Irudi horiek landare-ingurunean diluitzen dira. Lehen planoan, pertsona bat alboko eskailera batetik jaisten ari da, eta, haren atzean, San Bizente plazatik hurbil dauden eraikinak ikusten dira, horietako bat arkupetua. Mari Puri Herrerok, 2022an Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria jaso zuenak, giro fantastiko batean murgildu zuen hiriko eszena hori, bere narratiba pertsonalari eta lausotutako pintzelkada bati esker; pintzelkada horrek formen pixkanakako desmaterializazioa lortzen du.

José María de Ucelay (1903-1979)

Conversation Piece, cum tiffin (Hizketaldi baten eszena, hamaiketakoa) edo Urrutia eta Aranoa, c. 1951

Olioa mihisean. 1956an eskuratua

Zeramikazko euskal pitxerrak, lehen planoan, erretratatuen izenen inskripzioak ditu. Barrutik paletak eta pintzelak ageri zaizkion maletak bere lanbideari egiten dio erreferentzia. Jenaro Urrutia, ezkerrean, Euskal Artisten Elkarteko buru izan zen 1926tik 1929ra bitartean; eskuinean, Juan de Aranoa, euskal muralista handienetako bat. Bigarren planoan, artistak bere burua pintatzen du ingelesezko gustu duen erretratu bikoitza hau gauzatuz, Busturialdean girotutako metapintura moduko batean. Alboko argiztapenak errealitatea ematen die eszenari eta paisaiari, Ucelayren produkzioan oso bereizgarri ohikoa.

Manuel Losada (1865-1949)

Arraunlariak, c. 1912

Olioa mihisean. Resurrección María de Azkue jaunaren dohaintza 1945ean

Manuel Losadak, 1914tik 1949ra bitartean museoko zuzendari izan zenak, Gernikako itsasadarraren bokaleko estropada bat birsortzen du hemen. Atzealdean, Ogoñoko haitza eta Lagako hondartza ikusten dira, udako egun bateko goizeko argiak bainatuta. Trainerua lehen planoan deskribatzen duten diagonalek eta arraunek mugimendua ematen diote eszenari, eta efektu horrek mihisearen formatu luzanga indartzen du. Argazki-enkoadraketa, kolorearen tratamendu ia laua eta lerroaren protagonismoa autoreak Parisen egindako egonaldietan ezagutu zituen inpresionismotik eta sinbolismotik eratorriak dira.

Antonio María Lecuona (1831-1907)

Euskal ohiturak, 1860

Olioa mihisean. Gabriel María Guzmán Uribe jaunaren dohaintza 2014an

Itsasoari begira dagoen mendi baten goialdeko parajea du agertokitzat ermita bat ardatz duen erromeria honek. Zeruak argia iragazten du, ilun samar bihurtuz ustez guztiz idilikoa behar zuen eszena, non Lecuonak deskribatzen baitu hemeretzigarren mendeko margolari batentzat euskal herriaren ohituren adibide dena. Gizarte-tipoen jarreren eta gizarte-klaseen deskribapen bikaina ematen du –batzuek erretratuak dirudite–, Pradon ikusi zituen Teniers Gaztearen konposizioetan oinarritua, eta, agian, baita Antonio Truebaren bertso moralizatzaileetan ere, horietan era horretako festek moralarentzat zituzten arriskuen berri ematen baitzen.

Anselmo Guinea (1855-1906)

Pazko loretsua, 1899

Olioa mihisean. 2010ean eskuratua

Loretan dauden zuhaitzek eta neska gazteen jantzi birjinalek ospakizun honen berezko izaeraren eztanda adierazten dute, eta Guinea puntillisten teknikaren bidez inpresionismora gerturatzen ari zela islatzen dute. Efektu ia zinematografiko batez, Pazkoko prozesio loretsu hau –Pazko Igandearen liturgia-izena– atzealderako tonu urdinak eta moreak dituen eta lehen planoan berde biziz beteta dagoen paisaia eder batean kokatzen du artistak, berde bizi horien kontra akolitoen gorria gailentzen delarik. Lekua zehaztea zaila da, baina gizonen jantziek Arratiako Haranera eramaten gaituzte, margolariaren zenbait obraren agertokira.

José Benito Bikandi (1894-1958)

Bermeoko portua, 1949

Olioa mihisean. 1950ean eskuratua

José Benito Bikandi ondarroarrak Benanzio Nardiz kaitik margotu zuen Bermeoko ikuspegi hau, Santa Eufemia elizako dorrea atzean zuela. Irudia, non espresionismoa eta fauvismoa agertzen baitira, ez dator bat gaur egungo ikuspegiarekin, baina ezkerrean pabiloi bat ikusten da, eremu arkupetua eta oraindik kontserbatzen diren etxeak dituena. Bikandik Bilbon hasi zuen bere arte-prestakuntza, eta Madrilen, Parisen eta Erroman jarraitu zuen. Buenos Airesen jarri zen bizitzen 1926an, eta, han, zeramikari lana garatu zuen; 1937an urrezko domina jaso zuen Parisko Nazioarteko Erakusketan.

Luis Paret (1746-1799)

Bermeoko bista, 1783

Olioa kobrean. BBKren babesari eta Museoaren Lagunen ekarpenari esker eskuratua 2017an

Paretek Bilboko bere erbestealdian margotu zuen gure kostaldeen lehen ikuspegia da hau. Bermeoko “Portu Zaharra” itsasbeheran islatzen du, Benanzio Nardiz kaitik ikusita. Ezkerrean, Santa Eufemia eliza ikusten da, dorrea eraikitzen ari direla; erdian, Ercilla dorretxea; eta eskuinean, Talaiako Andre Maria, aurri-egoeran. Printzearen Etxetxoa enbatarekin egindako herri bereko beste ikuspegi batekin batera dekoratu behar izan zuen, itxuraz, eta kobre gainean margotuta dago, paisaiaren elementuak eta idealizatutako pertsonaiak ia modu fotografikoan deskribatzen dituen akabera bikainarekin.

Antonio de Guezala (1889-1956)

Elantxobe, 1924

Olioa mihisean. Arte Ederren Bilboko Museoa

Kale aldapatsuen trazadurak eta etxeen antolaketak agertoki kubista bihurtzen dute Elantxobe herria, art-déco estetikaren barruan modu orekatuan adierazia. Bertikal pixka bat okertuek eta eskailera uhindunek mugimendu-ilusioa eragiten dute, eraikinei bizia emanez. Kolorea ere idealizatuta dago neurri batean. Guezala Euskal Artisten Elkarteko buru izan zen 1917an, eta bere garaiko artista abangoardistenetako bat dela esan daiteke, futurismoa eta gisako korronteak bereganatu zituena. Kartelismoa eta argazkia ere landu zituen, eta horietatik eratortzen da, seguruenik, margolan hau.

José Antonio de Ormaolea (1912-1984)

Elantxobeko portua, 1984

Olioa mihisean.1985ean eskuratua

Elantxoben jaioa, Ormaoleak sarritan margotu zuen herri hau hainbat ikuspuntutatik. Kasu honetan, ikuspegi orokorra landu zuen, baina kaien kokapena desitxuratuta dago, arrain-begi motako lente baten bidez ikusiko balitz bezala. Efektu hori eta kolore irreala artista, naturaletik baino gehiago, zirriborroetatik edo argazkietatik abiatu izanaren ondorio izan daitezke. Forma geometrikoak eta kolore lau eta kontrastatuak irudikatzen ditu, modelatze leun batekin tratatuak, eta pintura metafisikotik hurbil dagoen sintesi formala lortzen du. Ormaolea bokazio berantiarreko pintore autodidakta izan zen, eta 1971n hasi zen lanak erakusten. Lan hau hil zen urte berean egin zuen.

Ricardo Toja (1932-2012)

Plentziako etxeak, 1982

Olioa mihisean. 1983an eskuratua

Eraikuntzen zuzenguneek eta landare-elementuen kurbek kontrastatu egiten dute marrazketa zehatzeko obra honetan. Kolore garbiko eremuek, puntillismoaren teknikaz irudikatuak, inpresionismotik hurbil dagoen bibrazio kromatikoa eta argi-ezaugarriak ematen dituzte. Hala, Ricardo Tojak 1992an behin betiko bizilekutzat hartu zuen Plentziako kostaldeko herriko bizi lasaia transmititzen du. Bere prestakuntza artistikoa Fernando Maidaganekin hasi ondoren, 1951n Joven Pintura Bilbaína taldean parte hartu zuen, eta 1960ko hamarkadan Oslon ikasi zuen, Bizkaiko Diputazio Probintzialaren beka batekin. Paul Cézanne eta Giorgio Morandi ditu erreferentzia, besteak beste, haren lanak.

Anselmo Guinea (1855-1906)

Arto-jorratzea, 1893

Olioa mihisean. María del Carmen de Icaza Zabálburu andrearen dohaintza 2021ean

Margotu zuen urte berean –naturaletik, ziur aski–, Guineak koadro hau erakutsi zuen Ángel Velascoren Ispilu-dendan, Bilboko Víctor kalean. Historiako pinturan eta pintura kostunbristan hasia, hemen inpresionismora hurbiltzen ari zen Guiarden eraginez, eta, horrela, modernitatean sartzen. Langile-talde bat lurra jorratzen ari da, atzealdeko mendietako urdin beretan. Landarediaren berdeek kontrastea nabarmentzen dute. Arto-kimuek eta pertsonaiek, beren txapel gorriekin, duten kokapenari esker lortutako perspektibak sakontasuna sortzen du, eta gure begirada Muruetako ibarrera bideratzen du.

José María de Ucelay (1903-1979)

Bola jokoan San Bartolomen, 1935

Olioa mihisean. 1983an eskuratua

Joko-eszena honetan, Ucelayk Bizkaiko Urdaibaiko erreserbaren paisaia ekartzen du gogora; bertan bizi izan zen bizitzaren zati handi batean. Hala ere, Parisko estudioan margotu zuen, eta horrek azaltzen du, hein batean, imajinatutako obra honek dakarren irrealtasun-aura. Boloen lehen mailako eskalak menhirretan pentsarazten du, eta mendiek hodeiekin flotatzen dutela dirudi. Pintoreak behin eta berriz errepikatzen du zeru mota hori garai horretako obretan. Elementu horiek guztiek surrealismoaren eta errealismo magikoaren sintesia osatzen dute, eta, horren ondorioz, galderaz eta iradokizunez betetako irudi onirikoa lortzen da.

Antonio de Guezala (1889-1956)

Bilbo, Abrako hondartzak, 1919

Koloretako litografia paperean. 1987an eskuratua

Turismoko Patronatu Nazionalak kartel hau argitaratu zuen Portugaleteko eta Getxoko hondartzak sustatzeko. Futurismotik eta kubismotik hurbil dagoen estetikarekin, Guezalak pertsonaia-talde bateko kideak irudikatzen ditu lehen planoan figurin gisa. Irudi ludikoa, lasaia, baina dotorea eta modernoa eskaintzen dute, autoaren presentziari esker; azken batean, hogeiko hamarkada alaien isla da. Atzealdean, Ereagako hondartza, Igeretxe bainuetxe-kasinoarekin, bainu-etxolak, eguzkitakoak eta Arriluzeko kaia. Balandro batzuek, Areetako hondartzak, Portugaletek eta Bizkaiko Zubiak ixten dute eszena.

Julián de Tellaeche (1884-1957)

Txo zuria, c.1922-1924

Olioa kartoian. 1928an eskuratua

Obran ikusten diren nahasteak eta nabartasunak, berez, zorrotz aztertutako konposizio geometrikoari erantzuten diote, enkoadraketa fotografikoarekin. Itxuraz lehorra den kolorea, kartoiaren gainean aplikatua –hainbat puntutan ikusia–, Frantziako post-inpresionismotik asimilatutako pintzelkada indartsu batekin banatzen da. Itsasmutila euskal marinelaren idealizazio bat da, arketipo bat, kasu honetan samurtasuna pizten duena, haurren lanaren drama alde batera utzita. Tellaeche Lekeition bizi izan zen, eta Madrilen eta Parisen ikasi zuen. Gerra Zibilean Frantziara emigratu zuen, eta 1952an Perura joan zen; han, Altxor Artistiko Nazionalaren Kontserbatzaile izendatu zuten.

Valentín de Zubiaurre (1879-1963)

Itsasoaren biktimen alde, 1914

Olioa kartoian. 1928an eskuratua

Eszena solemne honetan, aurrez aurre irudikatutako irudiek tipoen erakusgai bat osatzen dute. Irudikapena menderatzen duen urdin sakona autorearen ezaugarri identitarioa da, eta kontrastea egiten du elementu liturgikoen eta haragi-koloreen tonu beroekin. Atzealdeko etxeak Ondarroakoa gogorarazten duen zubiraino jaisten dira. Valentín de Zubiaurre San Fernandoko Arte Ederren Eskolan trebatu zen, Europan zehar bidaiatu zuen modernismoarekin harremanetan, eta euskal eta gaztelar gai kostunbristen aldeko hautua egin zuen, horiei balio sinbolikoak emanez. Ohorezko domina jaso zuen 1957ko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean.

Alberto Arrue (1878-1944)

Euskal arrantzaleak, 1918

Olioa mihisean. 1931ean eskuratua

Marinel-herri baten ikuspegiak, ziurrenik alegiazkoa, jarraipena ematen dio, arraunak zatituta, bi mundu idealizatu erakusten dituen konposizioari: gizona infiniturantz begira dago, balentria epikoetan pentsatuz bezala; emakumeak sigi-sagatsu eta dotore posatzen du, begitarte enigmatikoz begiratzen dion bitartean. Narrazioaren pisua arrantzalearen gainean erortzen da. Haren kaiku gorria nabarmen agertzen da lan honetan, non haren aurpegiko larruazalak eta haren begi argiek kontrapuntu kromatikoa ematen duten. Alberto, Arrue anaietako zaharrena, Euskal Artisten Elkarteko lehen lehendakaria izan zen. Euskal gaiak pintatu zituen, eta ilustrazioak, grabatuak, antzerki-dekorazioak eta erretratu bikainak egin zituen.

Ricardo Arrue (1889-1978)

Portua, c.1932

Olioa mihisean. 1932an eskuratua

Lehen planoan, lurrunezko arrantza-txalupak ikuspegi behartu batez proiektatzen dira, lente fotografiko baten bidez hartuak bezala. Tximinien norabideak indartu egiten du irudipen hori, eta haietan erabilitako koloreek obraren oreka kromatikoari laguntzen diote. Atzealdean, Ondarroako Zubi Zaharra ikus daiteke, eta haren arkuen artean Zubi Berria bereizten da. Marrazketa definitua eta erritmikoa, eta kolore-eremu lauak edo modelatu leunak esmaltatzearen teknikaren antzekoak dira; Ricardo –Arrue lau anaien arteko hirugarrena– horretan espezializatu zen. Horrek guztiak kubismoaren eragina erakusten du, eta margolanari modernitate erakargarria ematen dio.

Julián de Tellaeche (1884-1957)

Foke-txanberga, c.1921-1924

Olioa kartoian. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1924an

Itsasoaren mundua da Lekeitioko marinel eta artista honen pinturaren gai bakarra, eta portu batean atrakatutako belaontziak haren erreferentzietako bat. Cézanneren eraginpeko lan honetan, ontzi baten txanbergak diagonalki zeharkatzen du konposizioa, eta kableek, sokek eta kateek norabide guztietan zeharkatzen dute, dinamismo handia sortuz. Tellaechek argazkigintzarekiko zuen interesak –estudio bat ireki zuen Bilbon 1911n– azaltzen du enkoadraketa zatikatua. Horrek guztiak, pintzelkadarekin eta kolore inpresionistarekin eta itxuraz kaosean nahasitako konposizioarekin batera, lana espresionismo abstraktura hurbiltzen du, eta pintorea bere garaiko abangoardia artistikoan kokatzen du.

Celso Lagar (1891-1966)

Bilboko portua, c.1917-1918

Olioa mihisean. 1996an eskuratua

Obra hau egiteko modua collage baten antzekoa da, itsasadarra eta Bilbo literalki aipatzen dituzten elementuekin. Beste batzuek, berriz, nabigazioa, lana, eta fabrika eta burdin eraikuntza aipatzen dituzte. Hori guztia, kolore biziz, marrazki erritmikoz eta konposizio trinko batez adierazten da, Bilbo industrialaren ekintza eta abiadura transmitituz horiekin. Lagarrek eskultore gisa hasi zuen bere ibilbide artistikoa, baina, laster, pintura aukeratu zuen, eta mugimendu bat sortu zuen, berak “planismo” deitu ziona. Lan honek XX. mendearen hasierako abangoardia batzuk laburbiltzen ditu, hala nola futurismoa, orfismoa eta fauvismoa.

Adolfo Guiard (1860-1916)

Klabelin gorridun baserritar gaztea, 1903

Olioa mihisean. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1913an

Neskato protagonistaren gaztetasunak eta haren begirada zuzenak gizartearen etorkizuna eta aurrerapena irudikatzen dute. Iraganeko oihartzunak izan arren –atzealdean ageri den emakume zaharra–, eraldaketa sakona bizi du gizarte horrek, itsasadarra zeharkatzen duten merkataritza-ontzietan ere adierazia. Eszena Elorrietan kokatua dago, Rekurti baserriaren aurrean; han jaioa zen neska gaztea. Parisen inpresionismoarekin eta sinbolismoarekin harremanak izan ondoren, Guiard bere belaunaldiaren abangoardian jarri zen, eta eragin nabarmena izan zuen beste euskal artista batzuengan. Urdinetan oinarritutako argi-kromatismoa eta lerroaren tratamendua, arte japoniarraren zordun, bere lanaren bereizgarriak dira.

Inocencio Asarta (1861-1921)

Eskabetxetegia, 1903

Olioa mihisean. Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Parisen trebatua, margolari nafar hau Bilbon finkatu zen 1900ean, eta tokiko burgesiaren erretratugile gisa nabarmendu zen. 1903an hasi zen Bizkaiko kostaldearekin zuen harremana –1905ean ezkondu zen ondarroar batekin–, eta urte horretatik 1906ra bitartean datatuta daude itsasoko jendearen bizitzari buruzko haren eszenak. Haren lanek mende amaierako akademizismoa eta Velázquezengandik asimilatutako estetika bat dute, Velázquezen Iruleak obratik eratorritako konposizio honetatik ondorioztatzen den bezala. Kolore bituminosoek eta lurzoruaren zein arrainen gainazal hezeen islek giro osasungaitza iradokitzen dute, non emakume batek haur bat amesten baitu.

Aurelio Arteta (1879-1940)

Burtzeñako zubia, c.1920-1930

Olioa mihisean. 1940an eskuratua

Adolfo Ibarreta ingeniariak 1876an eraikitako eta Espainiako Gerra Zibilean suntsitutako burdinazko zubiaren zati bat errepikapen-modulua da, gelditutako denbora bat iradokitzen duena, fotograma batek bezala. Forma erronboidalak ibaiaren eta barandaren diagonalak markoztatzen ditu, baita estetika kubistako etxeen bertikalak ere, oreka bereziko konposizioa osatuz. Bizkarra emanda dagoen figurak, edaten ari den zaldiak eta txalupak denboraren iragate motel eta malenkoniatsua ekartzen dute gogora. Horrek guztiak, azken batean, adiera metafisikoa ematen dio Barakaldo eta Zorrotzaren artean kokatutako aldiri giroko eszena honi.

Roberto Rodet (1915-1989)

San Severino plaza, Valmaseda, 1975

Olioa oholean. BBK Banku Fundazioa

Ohol honetan, San Seberino eliza gotikoa, Plaza Nagusitik ikusia, eta jaioterri izan zuen Balmaseda herriko Udaletxea erakusten ditu Rodetek; bertako alkate ere izan zen. Ohol hau Cézanneren zordun izan zen estilo postinpresionistaren adibide garbia da, hain zuzen ere, Villaren ezaugarri izan zen estilo hori. Ángel Larroqueren eta Federico Sáenzen ikasle izan zen Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan, eta 1941ean Grupo del Suizon sartu zen (geroago, Bizkaiko Arte Elkartea). Horma-pinturan espezializatu zen, eta era horretako lanen artean nabarmentzekoak dira Arantzazuko Basilika apaintzeko zirriborroak eta Balmasedako Udal Liburutegi zaharrerako horma-irudi bat. Antzerki lanetarako eta balleterako dekoratuak ere egin zituen.

Gabriele Basilico (1944-2013)

Itsasadarra, Axpe (Erandio), 1993

Zilarrezko bromuro-gelatina paperean. Bilbao Metropoli-30ren dohaintza 1997an

1993ko irudi hau sei argazkilari ospetsuri egindako enkargu instituzionalaren ondorioz osatutako 86 argazkiko multzo batekoa da. Bilboko eta inguruko industria-, hiri- eta giza paisaia dokumentatu nahi zen, garai hartan hasi zen ekonomia eta gizartea birsortzeko prozesuaren aurrean. Aukeratutakoen artean, Gabriele Basilico zegoen, “Hiriko argazkilaria” deitua, hiri-ingurunearen eraldaketaz zuen interesagatik. Argazki honetarako aukeratutako enkoadraketak konposizio matematiko bat sortzen du, non arintasuna eta astuntasuna txandakatu egiten baitira, ekosistema industrialari, askotan kaotikoa, oreka eta ikusmen-ordena emateko.

Juan José Landa (1898-1941)

Meategietako paisaia, c.1920-1921

Olioa mihisean. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1922an

Pintore honen obren artean kontserbatzen diren bakanetako bat da hau; izan zuen buru-eritasun luzeak eta familiak bokazio artistikoari laguntza eskasa eman izanak azaltzen dute haren lan gutxi kontserbatu izana. Meatze-paisaiak eta Enrique Salazar erretratugileak Deustun zuen finkaren lorategia baino ez zituen margotu. Mihise honetan zuhaitz bat bakarti altxatzen da, konposizioa bitan zatituz, paisaia irrealaren kontra, kolore fauvistaz eta pintzelkada kementsu eta adierazkorrez osatua. Bizkaiko Diputazio Probintzialak erosi zuen museorako, Euskal Artisten Elkarteak 1922an Eusko Ikaskuntzen III. Kongresua zela-eta antolatu zuen erakusketan.

Patxi Cobo (1953)

Izenbururik gabea (Paisaia 48), 1990

Zilarrezko bromuro-gelatina, selenioz biratua, barita paperean. 1990ean eskuratua

1982az geroztik, Patxi Cobok gure lurraldeko paisaia jaso nahi izan du argazkiaren bidez. Bere lana Gallarta, Zugaztieta eta Ortuella biltzen dituen meatze-arroan oinarritu da, baina baita Bilbok azken hamarkadetan izan duen metamorfosian ere, Arte Ederren Museoaren arkitekturan ere islatzen denez; museoko bilduman presentzia handia du haren lanak. Argazkia Trapagarango eremu naturaletan girotutako 49 laneko seriekoa da, baina beste edozein lekutan har zitekeen. Coboren begiradak aura magikoa ematen dio irudiari, eta itxuraz, lirismo handiz, naturak bakarrik irauten duela adierazten du, gu gaindituz.

Nicolás Martínez Ortiz de Zárate (1907-1990)

Exposición de /Industria y Comercio/, 1934

Koloretako litografia paperean. Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza

Bilboko Miguel de Unamuno Institutuan industriari eta merkataritzari buruzko urteko erakusketak egin ziren 1932tik Gerra Zibilera arte. Publizitate kartel hau patioa inguratzen zuen pergolan zeharreko ikuspegi bat da; angelu batean dorre oktogonala ageri da, eta horixe da Hermesen hondoa. Hermes merkatarien eta bidaiarien patroia da, eta hark, kaduzeoaz gain, engranaje bat du eskuan. Testuaren atzean, Bilboko armarria ikusten da. Ortiz de Zárate art déco estetikaren ordezkari izan zen; Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan eta Parisko La Grand Chaumièren ikasi zuen 1924 eta 1928 bitartean. Margolari eta muralista izateaz gain, marrazkilaria, grabatzailea eta kartelgilea ere izan zen.

José Arrue (1885-1977)

Euskal erromeria, 1921

Olioa oholean. 1921ean eskuratua

José Arruek, bere erromeria-koadroetan, nekazarien munduari buruzko ikuspegi baikorra erakusten du, hainbat estamentutako pertsonaiak tabula rasa sozial moduko batean giro adeitsuan nahastuta. Hemen, kolorea, bikain intonatua, zuhaitzez inguratutako agertoki baten antzekoa definitzen duen marrazketa zehatz batek mugatutako eremu lauetan kokatzen da. Alberto, Ricardo eta Ramiro pintoreen anaia, José Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan eta Parisko La Grand Chaumière-n trebatu zen. Hainbat argitalpenetan kolaboratu zuen marrazkilari gisa, hala nola El Coitao-n, eta 1911n Euskal Artisten Elkartearen sorreran parte hartu zuen.

José Ramón Morquillas (1947)

Nire herriko intelektualak, 2001

Collagea kartoian. 2002an eskuratua

Erdiko collagea José Arrueren erromeriekin lotzen da formalki, eta obra, oro har, Ramón de Zubiaurreren margolan baten ironiarekin lotzen da, zeinaren izenburua beretzat hartzen duen Morquillasek. Behatzeko eta gogoeta egiteko gonbidapen batean, arkitektura abangoardistena ermita baten ondoan azaleratzen da, eta gorputz biluziak jantziteria liturgikoekin nahasten dira. Egikera preziosista eta xeheak ez du ezkutatzen gure gizartearen kritika gupidagabea, are oldarkorra ere, hutsean jarritako elementu artegagarrietan adierazia (labezomorroa eta arma); aitzitik, indartu egiten ditu artistak isekaz salatzen dituen kontraesanak.

Alberto Arrue (1878-1944)

Eusko Ikaskuntzaren III. biltzarra, Gernika, 1922

Koloretako litografia paperean. Roda-Arrue familiaren dohaintza, Resu Arrue andrearen oroimenez, 2015ean

Alberto Arruek kartel honen hainbat zirriborro egin zituen, eta museoak horietako bat ere kontserbatzen du. 1922ko Eusko Ikaskuntzen III. Kongresua, hizkuntzari eta kulturari buruzkoa, iragartzeko balio izan zuen. Hartan, Arte Ederren eta Herrialdeko Jantzien Erakusketa antolatu zen, besteak beste. Eszena arkupe batean dago kokatua, eta, atzean, Juntetxea eta Gernikako Arbola daude. Lehen planoan, gizon batek foruak irakurtzen ditu, eta haren alabak otoitz-liburu bat darama, El Liberal egunkariaren interpretazioaren arabera, kartela argitaratu zuen hedabidea. Hala, kultura eta erlijioa batzen ziren, ohiko kontua horrelako ekitaldietan.

Agustín Ibarrola (1930)

Guernica, c.1977

Olioa mihisean. 2021ean eskuratua

2021ean bilduman sartu aurretik, horma-irudi hau bi aldiz erakutsi zen museoan 70eko hamarkadaren amaieran. Bertan, Ibarrolak Picassoren jatorrizko elementurik ikonikoenak erreproduzitzen ditu –zaldia, haurra besoetan duen emakumea, soldadu hila–, eta berrinterpretatu eta bere unibertso plastikora egokitzen du. Odol-kolore gorria ere badu, ordena publikoko indarrak hirira joaten erakusten duen eszena honen indarkeria nabarmentzen duena. Kartzela giroko sareak, espazioa antolatzen duten norabide ezberdinetako bilbeen bidez adieraziak, diktadura frankistaren zapalkuntzari egiten dio erreferentzia.

Babeslea: