Erakusketa: Arrosa kandelarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2007-10-15 • 2008-01-06

Arrosa kandelarekin

Obra Gonbidatua Bilboko Arte Eder Museoaren programa originala da, zeinen bitartez publikoari beste museo edo bilduma batzuetako obra bereziak helarazi nahi baitzaizkio, Museoaren bilduman dauden egileen ikuspegia aberasteko edo sekula erakutsi gabeko egileen lanak erakusteko. Modu horretan, Programak egonkortasuna ematen dio Museoaren erakusketa-ildo tradizionaletako bati.

Programa 2001ean hasi zen, eta, 2004tik, Santander Fundazioaren babesa dauka. Oraingoan hogeigarren edizioari ekingo zaio. Hori horrela, 2008ko urtarrilaren 6ra arte, Museoko Arte Garaikideko Aretoan, Luis Fernándezen Rose avec un bougie (Arrosa kandelarekin, 1971-73) egongo da ikusgai. Lan hori Oviedon dagoen Asturiasko Arte Eder Museoarena da.

 

Luis Fernández (Oviedo, 1900 - Paris, 1973) obra hau ari zen pintatzen, 1973ko urriaren 25ean hil baino lehen. Zalantzarik gabe, margolari honen sorkuntzarik ederrenetakoa da. Duen sinbolismo nabarmena dela eta, bere obrarik enblematikoenetakoa dela ere esan daiteke. Gainera, Frantziako telebistak 1972an Fernándezi buruz egin zuen dokumentalean (margolanarekin aurkezten da ere bai, 12 minutu), artista asturiarra koadro honekin agertzen zen lanean, Parisko Centre National d'Art Contemporain-en (CNACen) egin behar zioten atzera begirako erakusketa handia zela eta.

Piezak Fernándezen ikonografiako elementurik esanguratsuenetako bi ditu; elementu horiek hirurogeiko hamarkadako eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako obra batzuetan ere landu zituen, modu indibidualean. Alde batetik, arrosa dago; apal edo mahai antzeko batean agertzen da, euskarria bera izanik margoaren atzealdea. Ezkerrean, azalera beraren gainean, piztutako kandela bat dago, garretan. Obra honetan, margolariak bere bizitzako eta sorkuntzako konstanteak laburbiltzen zituzten irudi bi laburbildu zituen. Alde batetik, lanarekiko erabateko dedikazioa; kandelak irudikatzen du hori. Era berean, artista honen kasuan, kandelak ematen duen argia indibiduoaren argitasun intelektualaren sinboloa izan daiteke, bai eta materia modu sortzailean argiztatzen duen espirituaren errealitatearen sinboloa ere. Beste alde batetik, koadroan berpizkunde mistikoaren eta perfekzioaren idealak ere agertzen dira; izan ere, Luis Fernándezek bere bizitza eta obra osoan zehar bilatutako idealak ziren. Koadroan, elementu horiek loreak islatzen ditu.

Konposizioak ordenazio matematiko zaindua dauka, artistari asko gustatzen baitzitzaion hori egitea. Lehenengo eta behin, ezkerreko eta eskuineko marjinei dagokienez, motiboa guztiz zentratuta dago. Ondoren, ikus daiteke beheko banda horizontalak goikoaren zabalera erdia duela, eta goiko horrek, berriz, bere gainean dagoen bandaren zabalera erdia duela. Modu horretan, artistak igoera bisualaren sentsazioa sortzen du, kandelaren gar larriak irudipen hori indartzen duen bitartean. Era berean, bertikalean jarritako elementu baten (kandela) eta horizontalean jarritako beste baten (arrosa) arteko adostasuna dela eta, obra honek erritmo ideala lortzen du. Fernándezek bere idazkietan dioenez, erritmo hori ikuslearen egoeretan oinarritu behar zen: sumindura egoeraren ostean, baretasuna etorri behar zitzaion ikusleari.

Jakin badakigu garai berean egindako kalko bat existitzen dela; koadro honen antzekoa da, baina zenbait desberdintasun ditu kandelaren garraren korolan eta proiekzioan.

Testua: Alfonso Palacio Álvarez
Artearen Historiaren Irakaslea. Ovieodoko Unibertsitatea



Luis Fernández (Oviedo, 1900-Paris, 1973)
Rose avec une bougie (Arrosa kandelarekin), 1971-73
Tinta txinatarra eta gouachea kartulinan 31,3 x 48,9 cm
Asturiasko Arte Eder Museoa

Babeslea: