Erakusketa: Ameztoy - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2020-02-12 • 2020-09-13

Ameztoy

32. aretoa

Aurreko belaunaldiko euskal artisten hizkuntza abstraktuaren parez pare, Vicente Ameztoyk (Donostia, 1946–2001) hirurogeita hamarreko hamarkadako euskal artea zeharo eraldatu zuen figurazioaren alde egin zuen, eta subjektibotasunarekiko, misterioarekiko eta ironiarekiko zuen interesa gehitu zion figurazio horri.

Kezkagarriaren eta ohiz kanpokoaren presentzia nabarmena izan zen haren lan guztian. Halaber, aipatzekoa da Ameztoyk zuen gaitasuna itxuraz arruntak diren osagaiak, paisaia esaterako, osagai aztoratzaile bihurtzeko.

Euskal Herriko kultura eta historia garaikidearen aipamenekin batera, Ameztoyk hainbat erreferente erabili zituen, besteak beste, ingeles pintura prerrafaelita, italiar quattrocentoa edo Magritteren surrealismoa. Nolanahi ere, erreferente horiek guztiak hartu, eta estilo sofistikatuaren, teknika zehatzen eta bere interesen, hala nola ekologiaren edo argazkilaritzaren eta zinemaren munduaren –1992an Julio Medem errealizadorearen Vacas filmaren diseinu artistikoan parte hartu zuen–, galbahetik igarotzen zituen, baita bere gorabehera biografikoen galbahetik ere.

1990ean antolatu zen, Donostian, Ameztoyren lanaren atzera begirako lehenengo erakusketa, eta gaur egun arte bakarra; artistak berak prestatu zuen, 1970 eta 1980ko hamarkadetako lan aipagarrienen bilduma gisa. Ondoren, formatu txikiko hainbat erakusketa egin dira, haren lanaren alderdi partzialetan oinarrituak, esate baterako, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean (2000) edo Gasteizko Artiumen (2003).

Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketan aurkeztuko da jendaurrean lehen aldiz Vicente Ameztoyren lan osoaren irakurketa bat, haren ibilbide artistiko osoa bilduko duena. Hala, ikusgai egongo dira joan den mendeko 60ko hamarkada amaieran, gaztaroan, egin eta oso gutxi ezagutzen diren obretatik, 2001ean hil aurretik egindako azkenengo lanetara arteko lanak.

53 margolan dira, eta batzuk oso enblematikoak; esate baterako, bere azken lan garrantzitsua: Rodríguez Hernandorena familiaren enkarguz, Bastidako (Araba) Remelluriko Amaren ermitarako 1994 eta 2001 artean egin zuen margolanen zikloa.

Asko eta asko bilduma partikularretatik datoz, eta, batez ere, 1970 eta 1980ko hamarkadetan erositakoak direnez, orduz geroztik oso gutxitan ikusi ahal izan diren obrak dira. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumatik, hirurogeita hamarreko hamarkadako lau obra ikusi ahal izango dira: Izenbururik gabe (c. 1972), Izenbururik gabe [Juan Luis Goenagaren erretratua] (1976); Izenbururik gabe [Poxpolinak (Arias Navarro)] (1977) eta Izenbururik gabe [Ahoa] (1979).

Margolanez gain, paperean egindako hainbat obra ere izango dira ikusgai (marrazkiak, estanpak eta kartelak), baita askatasun osoz elkarganatutako objektuak biltzen dituzten collage-kutxak eta dokumentazioa ere, esaterako, marrazki-koadernoak, liburuxkak eta liburuak. Ameztoyren obrari buruzko Miradas (1969) film laburra ere proiektatuko da; Jesús Almendros zuzendariarena da, eta margolaria bera izan zen filmeko aholkulari artistikoa.

Bilboko Arte Ederren Museoak ekoitzi du erakusketa, eta Javier Viar eta Miriam Alzuri izan dira komisarioak. Halaber, Viarrek eta Alzurik hautatu zituzten Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, joan den urritik urtarril honetara, ikusgai egon diren 36 lanak.

Orain, Vicente Ameztoyren ibilbideari eta lanari buruzko berrikusketa oso honen bertsio zabalagoa ikus daiteke gure museoan, BBKren lankidetzari esker.

 

Vicente Ameztoy (Donostia, 1946-2001)



Donostian bertan Ascensio Martiarena margolariarekin ikasten aritu zen arren eta denboraldi labur batez Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Goi Eskolan egon, oso artista goiztiarra izan zen eta trebakuntza autodidakta izan zuen, familia inguruneak (Jesus Olasagasti eta Gonzalo Chillida osaba margolariek) sustatuta. 1959an –13 urte besterik ez zituela–, Donostian aurreko belaunaldiko artistek antolatu zuten erakusketa kolektibo batean hartu zuen parte lehenengo aldiz. Orduz geroztik, haren lana hainbat lehiaketatan eta Gipuzkoan egindako zenbait erakusketa kolektibotan ikusi ahal izan zen, eta, gaztea zen arren, hainbat sari eta ohorezko aipamen lortu zituen.

1964an, eta José Ayllón eragin handiko arte-kritikariaren babesari esker, besteak beste, Madrilen hartu zuen parte Juana Mordó galeriaren inaugurazioko erakusketan, non lengoaia plastiko berrien ordezkari ziren 29 artista espainiarren obrak bildu baitziren. Urte hartan joan zen Ameztoy Parisera lehenengo aldiz –eta gero Londresera–, eta betirako txunditu zuten pop kulturak eta rock musikak.

Banakako lehenengo erakusketa 1967an egin zuen Donostiako Barandiaran galerian, hau da, euskal arte berritzaileenarekin eta Gaur taldearekin (Amable Arias, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, José Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta eta Nestor Basterretxea) lotura zuen galerian. Aurreko margolari eta eskultore horien lengoaia abstraktuaren eta informalismoaren ordez edo garai hartan indar handia zuten espresionismoaren eta arte kontzeptualaren proposamenen ordez, Ameztoyk eta beste artista garaikide batzuek (Andrés Nagel, Marta Cárdenas, Juan Luis Goenaga eta Mari Puri Herrerok, besteak beste) figurazioa berreskuratu zuten euskal artearentzako, proposamen berritzaile gisa. Ameztoyk Antonio Lópezengandik hartu zuen errealismo magikoaren ukitua, eta surrealismotik eta René Magritteren pinturatik hartutako jolas bisualekin aberastu zuen, baina ironiarako eta satira politikorako ere bazuen tokia. Lehenengo obra hauetan agertu zen jada iparraldeko paisaia lanbrotsuekiko zuen interesa. 1973an, banakako erakusketak inauguratu zituen Donostian (El Pez galeria) eta Bilbon (Lúzaro), eta euskal kultura-eremuan finkatzen hasi zen bere ibilbidea.

1971n, banakako bat egin zuen Ameztoyk Ramón Durán Madrilgo galerian, eta asko saldu zuen. Ispilu gaineko hainbat olio-pintura eta irudi gardenekiko paisaiak aurkeztu zituen, kontrapuntu geometrikoak zituen natura misteriotsuaren erdian. Gero, giza irudiak kendu zituen surrealismoko baliabideak erabiliz eta paisaia bikoiztuak egiten hasi zen, ikuslearen pertzepzioa nahasiz. Jarraian, elementu desberdinak sartu zituen, euskal paisaiako meta tradizionalak esaterako, eta konposizio arraroen bidez distortsionatu zituen.

Hamarkada hartako bigarren erdian, bere obrarik enblematikoenak sortu zituen, eta euskal testuingurutik kanpo egin zituen erakusketak; artista ospetsua zen ordurako. 1975ean, bakarkako erakusketa bat egin zuen Zaragozan (Prisma galeria), eta urte horretan hautatu zuten New Yorken eta Madrilen aurkeztu zen New Spanish Painting erakusketa kolektiboan parte hartzeko.

Handik urtebetera, Ameztoyk obra ugari erakutsi zituen Juana Mordó galerian; pertsonaia bitxiak ziren protagonista, zeinek giza itxurako panpinak edo landa-kulturatik ateratako txorimaloak ziruditen. Ameztoyren pinturak indar espresibo handia hartu zuen, errealaren metamorfosia egiten baitzuen, onirikoa, bitxia eta Freuden ukitu iluna erabiltzearen bidez.

Arrakasta izan zuen arren, erakusketa horren ondoren, Ameztoyk ez zuen berriro bakarkako erakusketarik aurkeztu Madrilen. Zorrotza eta artatsua, mantso margotzen zuen, eta laster ikusi zuen ez zela gai galeriek ezartzen zuten lan- eta komertzializazio-erritmoa jarraitzeko. Hurrengo banakako erakusketa Zarautzen (Gipuzkoa) izan zen; 1979an Gaztelu galerian egin zuen erakusketa hartan, ez zen ageri giza itxurako izakirik, eta natura ageri zen kezkatzeko moduan gizartiartutako presentzia gisa. Urte hauetan, 1976tik 1979ra, egin zituen Ameztoyk bere ibilbide osoko margolanik hoberenetako batzuk –besteak beste, Ahoa, Bilboko Arte Ederren Museoarena–, eta iruditeria zehatza erabili zuen; margolan horietan, nabaria zen Boschen eta Richard Dadden pinturarekiko miresmena eta Lewis Carroll edo Jonathan Swiften literaturari ziona, besteak beste.

Laurogeiko hamarkadan margotzen jarraitu zuen arren, paper gainean lan handia egin zuen; marrazkiak, obra grafikoa eta kartelak egin zituen. Urte horietako biografia eta obra drogaren mendekotasunak markatu zuen, eta, ondorioz, obra asaldariagoa eta esanahi konplexuagokoa egin zuen. 1984an, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gure Artea pintura lehiaketan bigarren saria lortu zuen, eta, 1990ean, bere obraren lehenengo atzera begirako erakusketa antolatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian. Karne & Klorofila zuen izena, eta 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrerako ekoizpena bildu zuen. Julio Medem donostiar zinema-zuzendaria erakusketan izan zen, eta Vacas filmaren giropenerako inspirazio-iturri izan zuen; Vicente Ameztoy bera ere lankidetzan aritu zen film hartan, 1992an.

Ameztoyk bere ibilbidearen amaieran egin zuen lanik garrantzitsuena Bastidako (Araba) Remelluriko Amaren ermitarako egindako dekorazio zikloa izan zen, zeina 1994 eta 2001 bitartean egin zuen. Tablex gaineko zazpi olio-pintura dira; sei santu ageri dira ermitarekin eta inguruarekin lotuta, eta Paradisuaren ikuspegi bat dago zazpigarrenean.

Santutegi berezi horretan –Santa Eulalia, San Eztebe, San Kristobal, Santa Sabina, San Gines eta San Bizente– irudiak paisaia ezagunen gainean daude, eta gehienak Arabako Errioxako paisaiak diren arren, margolariaren aurreko lan askotan ageri den paisaia heze eta basotsua ere ageri da bakarren batean. Paradisuari buruzko konposizioak ixten du zikloa, eta Ameztoyk animaliaz eta landarez betetako paisaia handi bat margotu zuen, "...paradisu nahiko eskuragarria eta erosoa. Dena lasai dago, eta jatorrizko bekatuaren aurreko segundoa ageri da", margolariak idatzi zuenez. Mundu lasaia, tentazioan erori ondoren, betirako galdu zena.

 

Argitalpenak

Erakusketaz gain, katalogo oso bat egin da Ameztoyren ibilbide artistikoa eta bizitzakoa hobeto ulertzeko. Komisarioen testuez gainera, Fernando Golvano Ameztoyren obrari buruzko aditua eta komisario independentearen lan bat ere badago, baita Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga idazleen lanak ere. Gainera, Bilboko erakusketa dela-eta, Vicente Ameztoy. La transfiguración melancólica liburua argitaratu da; Javier Viarrek egin du artistaren obra osoaren azterketa sakona biltzen duen liburua, bera baita Vicente Ameztoy ongien ezagutzen duenetako bat.

Era berean, museoak kronologia zabal bat argitaratu du www.museobilbao.com gunean, euskaraz eta gaztelaniaz, eta sarbide librekoa da. Kronograma idazteko Miriam Alzuriren ikerketa lana hartu da oinarri gisa.

Halaber, museoak bere webgunean argitaratu ditu kronologia luze bat, Miriam Alzuriren ikerketa lana duena oinarrian, eta Javier Viarrek idatzitako katalogoko testu nagusia; euskaraz eta gaztelaniaz daude, eta edozeinek eskuratu ditzake.

 

Audiogida

Publiko orokorrari zuzendutako audiogida prestatu da. Erakusketan zeharreko ibilbide osoa osatzen duten obra batzuk hautatu dira, eta horiei buruzko azalpenak jaso dira. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri (3 €).

 

ERAKUSKETA BIRTUALA

Vicente Ameztoy (Donostia, 1946-2001) euskal pinturako artistarik originalenetako eta sailkaezinetako bat da. Atal honetan, museoak antolatutako erakusketa oinarri hartuta, haren ibilbidearen berri ematen diguten zenbait dokumentu bildu ditugu.

Erakusketaren laburpen-bideoa


Vicente Ameztoy (Donostia, 1946-2001) margolariari eskainitako erakusketan zehar egindako ibilbidea. Bilboko Arte Ederren Museoan aurkeztu du, lehen aldiz, bere lanaren irakurketa osoa.

 

Komisarioen ikuspegia


Erakusketaren asmo kuratorialaren aurkezpena, Miriam Alzuri eta Javier Viar komisarioen eskutik, museoaren zuzendari Miguel Zugazak programatua.

 

Hitzaldia "Vicente Ameztoy o Coppelius en Euskadi"


Javier Viarrek, "Ameztoy" erakusketaren komisarioak, emango du hitzaldia margolari donostiarraren lanaren gakoak aztertzeko.

 

Hitzaldia "Paisaje y figuras de la ironía en Ameztoy"


Fernando Golvanok (Estetika eta Arteen Teoria irakaslea) Vicente Ameztoyri buruz emandako hitzaldia.

 

Laburmetraia


Miradas

Gidoia eta Zuzendaritza: Jesús Almendros
Urtea: 1969
Iraupena: 10'08"

Argitalpen digitalak


Online denda argitalpenak


  • Ameztoy

    Egilea: Miriam Alzuri, Bernardo Atxaga, Fernando Golvano, Joseba Sarrionandia eta Javier Viar
    Hizkuntza: Gaztelania
    Neurriak: 24 x 28 zm
    Koadernaketa: Azal gogorra
    Orrialde kopurua: 260

    Ikusi online dendan
  • Vicente Ameztoy. La transfiguración melancólica

    Egilea: Javier Viar
    Hizkuntza: Gaztelania
    Neurriak:15 x 24 zm
    Koadernaketa: Azal arrunta
    Orrialde kopurua: 268

    Ikusi online dendan

Kontsultarako materiala


 

 

 

 

Irudian:
Izenbururik gabe (autorretratua), 1977-1978
Olioa mihisean, 195 x 113,5 cm
Bilduma partikularra

 

Laguntzailea:

Babeslea:

Babeslea: