Berriak
05-12-17

“Euskal artearen historia. Gerra Zibiletik, gaur egunera (1936-2016)” liburuaren aurkezpena
Metro Bilbaoren babesari esker, Bilboko Arte Ederren Museoak euskal panorama artistikoa 1930etik, gutxi gorabehera, gaur egun arte sakontasunez berrikusten eta aztertzen duen egitasmo editorial handinahi baten lehen atala aurkeztuko du. Euskal artearen historia obrak hiru atalen argitalpena aurreikusten du, eta Javier Viarrek zuzendutako proiektua da; Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari ohia eta orain aurkeztuko den atalaren egilea da Viar. Begoña González, Bilboko Arte Ederren Museoko Liburutegi Saileko burua, arduratu da museoak osorik ekoitzitako eta euskaraz zein gaztelaniaz argitaratutako proiektu editorial honen barruko dokumentazio bibliografiko sakonaz.
Euskal artearen historia. Gerra Zibiletik, gaur egunera (1936-2016), kronologikoki, saileko azken atala da, eta euskal arte garaikidea du gai nagusi eta ardatz. Bi liburukitan banatuta dago, eta, horietan, Javier Viarrek ibilbide sakona egin du euskal artearen distira bizieneko eta nazioarteko proiekziorik handieneko aro batean zehar, gerrak eta haren segidako gerraosteak sortutako egoera dramatikotik Chillida agertu eta Oteiza Latinoamerikatik itzuli ondoren ia berehala nazioartean oihartzun handia izan zuen abangoardiako arte baten gorakada arte. Liburuak berresten ditu, halaber, Euskal Herriko gorabehera sozio-politikoetan izandako aldaketak eta mugimendu artistiko berriek, txandaka, batak bestearen atzetik, euskal artistengan izandako eragina, artista horien kopurua belaunaldiz belaunaldi hazi delarik, harik eta gaur egungo panoraman proposamen estetikoetan dagoen oparotasunera iritsi arte, arte plastikoek euskal kulturari eta euskal gizarteari eman dioten aberastasuna agerian uzten duen kontaketa batean.
Liburuan 300 artistatik gora aipatzen dira, eta, azken laurogei urteetan Euskal Herrian lan egin duten sortzaile asko ikertzeaz gain, hainbat figura lantzen dira: besteak beste, Ucelay, Oteiza, Chillida, Balerdi, Mendiburu, Larrea, Ibarrola, Zumeta, Ortiz de Elgea, Mieg, Ferrer, Cárdenas, Herrero, Ameztoy, Nagel, Goenaga, Tamayo, Gortázar, Badiola, Irazu, Iglesias, Talayero, Pérez eta Mendizabal.
Euskal artearen historia. Gerra Zibiletik, gaur egunera (1936-2016) ostegunean aurkeztuko da, abenduaren 7an, 13:30etik 14:00etara, Durangoko Azokako 52. edizioa. Liburuak 60 euroko salneurria izango du –bi liburukientzat, ez dira banaka salduko–.
Lehen atal hau beste birekin osatuko da –horiek ere Metro Bilbaok babestuak–, XVIII. mendearen amaieratik XIX. mendearen bukaera arteko euskal artearen ikerketari eskainia lehena, Mikel Lertxundiren eta Javier Novoren eskutik, eta XX. mendeko lehen hiru hamarkadetako euskal panorama artistikoaren ikerketari eskainia bigarrena, Pilar Murren eta Miriam Alzuriren eskutik.
Javier Viar (Bilbao, 1946), liburuaren egilea, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izan zen 2002 eta 2017 urteen artean. Farmazian lizentziatua da, eta 1972az geroztik arte-kritikari gisa kolaboratu du hainbat aldizkari eta egunkaritan (Gazeta de Arte, Kurpil, Común, Album, El Correo, El País, El Mundo del País Vasco). Sevillako Santa Isabel de Hungariakoaren Arte Ederren Errege Akademiako urgazlea da Bilboko ordezkari gisa, eta 2008an Frantziako Arteen eta Letren Ordenako Zalduna izendapenarekin kondekoratu zuen Frantziako Kultura Ministerioak. Arte-historialari gisa ere egin du lan, eta hark egindako lanen artean daude Rafael Ruiz Balerdiren biografia, ikerketa kritikoa eta katalogo arrazoitua (Balerdi. La experiencia infinita, 1993) eta Bilbao en el arte (2000) eta Bilbao en las revistas ilustradas (1843-1900) (2003) ikerketa historikoak, bai eta Eduardo Chillida, Pablo Palazuelo, Vicente Larrea, Carmelo Ortiz de Elgea eta XX. mendeko beste hainbat artistari buruzko lan ugari ere. 2017an, Balerdiri Euskal Herrian eskaini zaion atzera begirakoaren komisarioa izan da (Balerdi, 1934-1994, Donostia, Kutxa Fundazioa).