Euskadiko Filmategia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Jazzinema (2022)

Uztailarekin batera, ohitura osasuntsu eta oso maite bat datorkigu bueltan Euskadiko Filmategira. Hilabete horretan, jazz-giroan murgiltzen da Euskadi (Getxo, Gasteiz, Donostia), eta Filmategiak, bat egiten duenez jazzaren bizipoz, erritmo eta kolorearekin, jazzarekin loturiko film batzuk eskainiko ditu. Aurten, gainera, beste hiru egoitzatan arituko gara: Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen. Ospatzeko, gure jatorrira itzuli gara nolabait, eta jazzarekin zerikusia duten lau harribitxi zinematografiko berreskuratu ditugu.

Zikloa hasteko, Bert Stern-ek 1959an filmatutako klasiko baten bertsio zaharberritua (4K kopia): Jazz on a Summer’s Day. Newporteko jaialdi mitikoan filmatua, jazzeko figurarik handienetako batzuen emanaldiak ikusiko ditugu: besteak beste, Louis Armstrong, Mahalia Jackson eta Thelonious Monk. Zikloko bigarren filma Mo’ Better Blues (1990) izango da, Spike Lee zuzendariak zinemaren eta jazzaren unibertsoari egin dion ekarpenik aipagarriena. Jazz-talde bateko kideen arteko lehiari eta norgehiagokei buruzko film bat, musika-saio bikainez betea. Jazzeko soinu-banda klasikorik baldin badago inon, Miles Davisek Louis Malle zuzendari frantziarraren Urkamendirako igogailua (Ascenseur pour l’échafaud) filmerako 1957an konposatu zuena da.

Miles Davis maisua bete-betean, mailarik goreneko jazza. Lehen filmeko gonbidatuetako batekin amaituko da zikloa: Thelonious Monk piano-jole apartarekin. Izan ere, Charlotte Zwerin-en kamerak segika izan zuen erreferentziazko beste lan bikain hau lortzeko: Thelonious Monk: Straight no Chaser (1988). Bizitzaren, erritmoaren, zinemaren eta jazzaren ospakizun benetako bat.

Programa horretaz gainera, ohore handia da Euskadiko Filmategiarentzat gure lagun min baten azken filmaren aurrestreinaldia ere eskaintzea gure egoitzan: Ana Díez film-zuzendari tuterarraren azken lanarena, hain zuzen. Zuzendariaz gainera, Patricia Reyes Spíndola aktore mexikar handia ere gurekin izango da (besteak beste, Arturo Ripstein eta Felipe Cazals zuzendarien agindupean lan egina da Reyes Spíndola). Bera du protagonista A quien cierra los ojos izenburuko filmak, drama bat metodo tradizional zaharkituak baliatzen dituen ikastetxe batean kokatua. Guk behintzat zabal-zabalik izango ditugu begiak!

Proiekzio horien ondoren, agur esango dizuegu urrira arte, orduan helduko baitiogu berriz gure programazioari; egon adi, Euskal Herriko emakumeek zuzendutako filmak izango baititugu berriz protagonista.

Prezioak (saio bakoitzeko)

Orokorra: 3,5 €
Museoaren Lagunak: 2 €
25 urtetik beherakoak: Doan

Lekua eta Ordua

Larunbatak 19:00etan. Auditoriuma. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da, baita pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun distantzia betetzen bada ere.

Laburdurak

JB = Jatorrizko bertsioa JBGA = Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin
JBEA = Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin
JBENA = Jatorrizko bertsioa ingeleseko azpitituluekin

Zikloaren Programa

Deskargatu

2022 | 07 | 04

Jazz on a Summer’s Day

 

EEBB, 1959 | 85′ JBGEA

Zuzendaritza: Bert Stern, Produkzioa: Galaxy Productions, Raven Films, Gidoia: Albert D’Annibale, Arnold Perl, Aktoreak: Louis Armstrong, Mahalia Jackson, Gerry Mulligan, Dinah Washington, Chico Hamilton, Anita O’Day, George Shearing, Jimmy Giuffre, Chuck Berry, Jack Teagarden, Thelonious Monk, Big Maybelle

Hizkuntza: Ingelesa, Azpitituloak: Gaztelania eta euskera

Sinopsia

Dokumental honek 1958. urtean Newport Jazz Festival jaialdian elkartu ziren jazz musikari handienetako batzuen soinuak eta interpretazioak biltzen ditu. Beti laino artean eta zuri-beltzean filmatu diren jazzaren inguruko aurreko filmak ez bezala, pelikula hau kolore bizian grabatuta dago. Besteak beste, Louis Armstrong, Thelonious Monk, Anita O’Day eta Mahalia Jackson musikariak entzuten ditugun bitartean, hondartzen, itsasoko txalupen, dantzan ari diren bikoteen edota kontzertuko ikusleen aurpegi liluratuen irudiak ikuskizun beraren irudiekin gurutzatzen dira.

16 | 07 | 2022

Mo’ Better Blues

 

EEBB, 1990 | 129′ JBGA

Zuzendaritza: Spike Lee, Produkzioa: Universal, 40 Acres & A Mule Filmworks, Gidoia: Spike Lee, Aktoreak: Denzel Washington, Spike Lee, Wesley Snipes, Giancarlo Esposito, Robin Harris, Joie Lee, Bill Nunn, John Turturro, Dick Anthony Williams, Cynda Williams, Nicholas Turturro

Hizkuntza: Ingelesa, Azpitituloak: Gaztelania

Sinopsia

MO’ BETTER BLUES
Bleek Gilliam tronpeta-jotzailea eta Shadow Henderson saxofoi-jotzailea klub ziztrin batean jotzen duen jazz-boskote baten buru dira. Shadow bandako protagonista nagusia da, eta Bleeki ere bizitza ondo doakio. Baina hainbat arazo sortzen dira eta erabaki zailak hartu behar dituzte. Alde batetik, Bleekek aurpegia atera behar du taldeko managerraren alde: laguna jokora emana da eta dirua uzten diotenek sarri jipoitzen dute. Bestetik, tronpeta-jotzaileak bi amodio-harreman paralelo ditu eskola-maistra batekin eta abeslari batekin, eta bien artean aukeratu behar du. Gainera, Bleeken eta Shadowren arteko lehia profesionalak arriskuan jartzen du bandaren etorkizuna.

23 | 07 | 2022

Ascenseur pour l´échafaud (Urkamendirako igogailua)

 

Francia, 1957 | 88′ JBEA

Zuzendaritza: Louis Malle, Produkzioa: Nouvelles Éditions de Films (NEF), Gidoia: Roger Nimier, Louis Malle, Noël Calef, Aktoreak: Jeanne Moreau, Maurice Ronet, Georges Poujouly, Yori Bertin, Jean Wall, Elga Andersen, Sylviane Aisenstein, Micheline Bona, Gisèle Grandpré, Jacqueline Staup

Hizkuntza: Frantzesa, Azpitituloak: Euskera

Sinopsia

Julien Tavernierrek, Indotxinako gerran paraxutista ibilitako gizon batek, maitasun harreman bat du Florencekin. Simon Carala izeneko enpresaburu baten emaztea da Florence; Julienen nagusiaren emaztea, hain zuzen. Beren harremana isilpean gordetzeaz nekatuta, bi maitaleek Simon hiltzea erabakiko dute, hilketa suizidio gisa aurkeztuta. Julienek, ordea, susmoak sorraraz ditzakeen soka bat kentzea ahaztu du, eta eraikinera itzuliko da. Une horretantxe, segurtasun zaindariak argia eten eta ateak itxiko ditu. Protagonista, ondorioz, igogailuaren barruan harrapatuta geratuko da. Bitartean, bi gaztetxok haren autoa lapurtuko dute.

30 | 07 | 2022

Thelonious Monk: Straight, No Chaser

 

EEUU, 1957 | 93′ JBGA

Zuzendaritza: Charlotte Zwerin, Produkzioa: Malpaso Productions, Michael Blackwood Productions, Monk Film Project, Gidoia: Roger Nimier, Louis Malle, Noël Calef, Aktoreak: Thelonious Monk, Jimmy Cleveland, Harry Colomby, John Coltrane, Ray Copeland, Nica de Koenigswarter, Tommy Flanagan, Larry Gales, Johnny Griffin, Barry Harris, Bob Jones

Hizkuntza: Ingelesa, Azpitituloak: Gaztelania

Sinopsia

Thelonious Monk (1917-1982) jazzeko pianojotzailearen bizimoduari buruzko film dokumentala. Monk eta bere taldearen zuzeneko kontzertuak biltzen ditu, eta ezohiko artista honen lagunei eta familiartekoei egindako elkarrizketak ere ezagutzera ematen ditu.