Berriak
16-11-20
Esther Ferrer: denbora-hariak
Aurkezpena, ZINEBI Jaialdiaren 62. Edizioaren esparruan
Esther Ferrer: denbora-hariak, 2020
Dokumentala, 71′, 2020
Josu Rekalde
(Begoña Vicario, Raúl Ibáñez, Marta Macho eta Patxi Azpillagarekin lankidetzan)
Bideoartea sortzeko MULTIBERTSO bekak
BBVA Fundazioa-Bilboko Arte Ederren Museoa
2018ko deialdia
Esther Ferrer: denbora-hariak dokumentalak –BBVA Fundazioa-Bilboko Arte Ederren Museoaren Bideoartea sortzeko Multibertso Beka bati esker egina, 2018ko deialdian– Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistaren ibilbidea berrikusten du. Esther Ferrer espainiar sortzaile handienetako bat da performancearen generoan; Arte Plastikoen Sari Nazionala lortu zuen 2008an eta Vélazquez Saria 2014an.
Dokumentala diziplinarteko talde batek egin du, Josu Rekalderen zuzendaritzapean (Amorebieta-Etxano, Bizkaia, 1959). Rekalde artista da, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle katedraduna eta Esther Ferrer artistaren obran aditua, zeinaren adiskidea baita laurogeiko hamarkadaren hasieraz geroztik..
Ferrerrek ekintzaren eta performancearen artean egindako lan aitzindarian jartzen du arreta ikus-entzunezkoak, eta, bereziki, espazio geometriko eta zientifiko nabarmenagoa duten ekintza artistikoetan. Ez da ohiko lana, dokumentalismo garbia gainditu eta sorkuntzaren eremura igarotzen baita.
Lanaren abiapuntua artistaren ekintza berezienetako bat da, hain zuzen ere, 1978an Zaj taldeko kideekin batera –Juan Hidalgo eta Walter Marchetti– egindakoa, John Cage (Los Angeles, 1912–New York, 1992) musikagileak Bolonian (Italia) antolatutako taldeko ekimen baten testuinguruan. John Cage da, beharbada, Ferrerren lanaren erreferente nagusietako bat.
John Cageren trena. Isiltasun galduaren bila izenburuko proiektua hiru egunez egin zen (ekainaren 26an, 27an eta 28an), Boloniatik irten eta egun horietako bakoitzean helmuga berri bat zuen tren baten barruan.
Ferrerrek bagoi haietako batean esku hartu zuen: zoruan zenbakiak idatzi zituen klarionaz eta hariez bete zuen espazioa. Horrela, instalazio espazial bat sortu zen: ibilbide bat marrazten zuen, parte-hartzaileak inplikatuz, non denbora eta haren irudikapena lotzen baitziren. Denboraren haria izenburua jarri zion ekintzari.
Handik berrogei urtera, eta performance hori erdigunetzat hartuta, Josu Rekaldek talde bat osatu zuen, Esther Ferrerren irudia eta ibilbidea hainbat diziplinatatik abiatuta lantzeko, besteak beste, ikus-entzunezko sorkuntzatik –Rekalde bera eta Marta Macho– eta kultura kudeaketatik –Patxi Azpillaga– abiatuta.
Helburu horrekin, Italian egindako performance bera berriro aktibatzeko eskatu zioten artistari, dokumentalaren hari eroale gisa erabili ahal izateko. Bertan, artistaren ibilbide artistikoan sakontzen da, eta, modu berezian, hark matematikekin eta geometriarekin izandako harremanean eta emakume gisa duen jarrera erradikalean: “Feminista naiz jaikitzen naizenetik oheratzen naizen arte”, dio Ferrerrek.
Era horretara, trena –kasu honetan, Azpeitiko Trenaren Museoko (Gipuzkoa) tren zaharretako bat– performance baten eszenatoki berria bihurtu zen benetako bidaia batean, aurreko performance askoren memoria erreaktibatu zuen, zeinak lotuta baitauden ia beti denboraren neurriarekin, gorputzaren neurriarekin, adinaren neurriarekin, generoaren perspektibarekin eta, batez ere, emakume feminista eta artista baten ikuspegiarekin. Askatasunez gauzatu du beti artistak bere sorkuntza lana.
Esther Ferrer: denbora-hariak ikus-entzunezko “hibrido” bat da, dokumentalaren eta performancearen artekoa, erregistroaren eta sorkuntzaren artekoa, non dokumentalaren berezko osagaiak eta teknikak erabiltzen baitira (esaterako, artxiboko materiala erabiltzen da edo Ferrerren jardun artistikoa eta bertako alderdi zehatzei buruz sortzaileak berak dituen iritziak erregistratzen dituzten grabazioak txertatzen dira); horiei, animazioko osagaiak eta horretarako berariaz sortutakoak gainjartzen zaizkie. Era horretara, Rekalderen hitzetan, ez da “begirada historizista, biografiko edo hagiografiko bat; aitzitik, elkarrizketa joko bat bezala planteatzen da, elkarrizketak orainaren eta iraganaren, artearen eta zientziaren, artearen eta gizartearen, artearen eta denboraren… arteko elkarrizketa joko bat bezala”.
Estherren beraren irudiak daude –1978ko performancean ari dela trenean–, animazioak eta edizio prozesuan sortutako grafismoak, elkarrizketak artistarekin Bilboko hainbat gunetan eta Parisko estudioan, artistaren hainbat performanceren remakeak (Inés Bermejo eta Ángela Corbacho performerrekin lankidetzan) eta artxibo pertsonaleko hainbat irudi.
Dokumentalaren memorian adierazten den bezala, lanaren alderdi interesgarriena, erregistroaz gainera, “ikus-entzunezko gailua ekintza performatiboaren garapenean txertatzea izan da, halako eran non tren bidaia berriek eta Estherrek bagoiaren espazioan hedatzen dituen hariek aurreko obra eta performance askoren memoria aktibatuko dituzten eta haren pentsamenduaren eta askatasun erabatekoa ezaugarri duen sorkuntza artistikoari ekiteko moduaren hari eroale bihurtu diren”.
Lan honen alderdi soinuduna Ferrerren bikotekide Tom Johnson musikagilearena da (Greeley, Colorado, Estatu Batuak, 1939); harekin partekatu ditu urteen joanean sorkuntza artistikoa gauzatzeko modua, eta, bereziki, matematikekiko harremana. Narrazio bisual arin eta eraginkor baten bitartez, artistaren lana gidatu duten ideietara hurbiltzen da modu iradokitzailean, 1960ko hamarkadaz geroztik eta gaur egun arte, eta, era berean, bere garaiko kezka sozial askotara hurbiltzen da, hala nola feminismora.
Azken batean, artearen bitartez Esther Ferrerrekin egiten den ibilbide bat da, bidaia bat, zeinak ikuspegi dokumentalaren eta ikus-entzunezko sorkuntzaren arteko oreka zainduaren bitartez askotariko ikusleengana iritsi nahi baitu, bai ikusle espezializatuengana bai orokorrengana, izan ere, beharbada horiek ez dute ezagutuko Ferrerren lana, eta hemen aurki dezakete, izaera dibulgatzaile nabarmena duen narrazio batean.
Esther Ferrer: denbora-hariak (2020) dokumentalak 71 minutuko iraupena du, eta hainbat bertsio egin dira, euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko azpidatziekin.
Proiekzioak
Emanaldi berriak: Ostegunak. 2021eko urtarrilaren 14a eta 28a. 19:00etan.
Museoaren auditoriuma.Sarrera doahinik. Edukiera murriztua
Dokumentala ZINEBI, Bilboko Dokumental eta Film Laburren Jaialdiaren 62. Edizioan estreinatuko da, azaroaren 19an, 19:00etan, museoko auditoriumean.
Bestalde, museoak, BBVA Fundazioarekin duen lankidetza esparruan, honako egun hauetan proiektatuko du dokumentala: Ostirala. 2020ko azaroaren 27a; abenduak 4, 11 eta 18, 19:00etan