Berriak
24-11-20
Eskuraketa
Zulo beltzen geometria (Geometry of the Black Holes) (2019), Ibon Aranberri
Bilboko Arte Ederren Museoak Zulo beltzen geometria (Geometry of the Black Holes) (2019) aurkezten du, nazioartean proiekziorik handiena duen euskal artistetako baten lana, Ibon Aranberrirena (Deba, Gipuzkoa, 1969), museoak eskuratu berri baitu, eta lehen aldiz jarri baitu jendaurrean ikusgai.
Altzairuzko moduluek osatzen duten pieza honek, erakunde eskudunen eskakizunak konpondu ondoren, duela ia bi hamarkada, Historiaurreko leize-zulo batean artistak egindako esku-hartzea du abiaburu.
Proiektuak –Ibon Aranberriren ibilbidea markatu, eta kritikaren onarpena jaso zuenak– (Ir. T. nº 513) zuloa izena hartu zuen, hain zuzen, leize-zulo horri karta arkeologikoetan esleitutako kode zientifikoari dagokion izena. Land art mugimendutik hurbil dagoen lana izan zen: leize-lorako sarbidea egitura modular lau eta opaku batekin itxi zuen —6 metroko diametro osoa zuena—, prozesu luze baten ondorioz, zeinean, aldi baterako hirigunetik urrunduz, Aranberrik hurbileko geografiako Historiaurreko leize-zuloak aztertu zituen. Itxitura horren siluetak haitzuloaren ahoaren morfologia zehatza erreproduzitzen zuen, eta haren azalean zuloak eta hutsuneak irekitzen ziren, bertan bizi ziren edo babeslekua zuten espezieek sartu-irtenak egiteko.
Itxitura horren ondorioz, pertsonek ez zuten leize-zuloaren espaziora sartzerik izan —ezta, beraz, haren esanahi sinbolikora ere—, beheko aldeko sistema baten bidez izan ezik, sistema hori ex profeso artikulatu baitzen, behar zenerako. Osagai metaliko guztiek gainazaleko tratamendua jaso zuten orduan, korrosioa saihesteko eta bisualki mimetizatzen zuen islen kontrako efektu opakoa sortzeko.
Horrenbestez, Aranberriren lanak espero zitekeenaren kontrakoa egin zuen, konnotazio handiko leku bat monumentalizatzea baitzen espero zitekeena, eta, horren ordez, leizea espazio itxi, irisgaitz eta ezkutu bilakatu zuen.
Esanahiz betetako leku horretan esku hartzean, ez zuen paisaia zaindu nahi; aitzitik, "birkodetu" egin nahi zuen. Artistak berak orduan azaltzen zuenez, ekintza artistiko hori "tokiko kulturaren irudimenezko arketipoekin lotzen da, non tradizio erromantikoak jarraitzen baitu Historiaurrea jatorrizko mito handi gisa irudikatzen. Identitate kolektiboaren definizioak oinarri sendoa hartu du lurraldearen ideian, zeinean paisaiak agertoki sinbolikoa eratzen duen".
Ia bi hamarkada geroago, Aranberrik proposatu zuen eraikina desmuntatzea eta leize-zuloaren sarrera bere egoera naturalera lehengoratzea, "askapen" moduko baten gisa. Ustekabean egin zuen, eta zikloa bukatutzat eman zuen, egiaztatu ondoren, alde batetik, egungo informazioaren gizartean ia ezinezkoa dela "espazio fisiko jakin baten irisgarritasun ezari eustea", eta, bestetik, bere piezak espazio fisikoan eragindako aldaketak sortutako auzi antropologikoak eta sozialak aldatu egin direla 2003tik gaurdaino, eta kultura-begirada mediatizatu batera iritsi direla.
Garai hartan Historiaurreko leize-zuloaren itxitura osatu zuten moduluak obra autonomo baten parte dira orain; gutxi gorabehera 1.000 kg-ko pisua duen instalazio postminimalista bat da, hondoratze baten hondakinek bezala, denboraren joanaren ondoriozko ezpurutasunei eusten diena, eta museoko arte garaikidearen bilduman txertatzen da.
Ibon Aranberri (Deba, Gipuzkoa, 1969) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean eta Milango Nuova Accademia di Belle Arti-n ikasi zuen. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, Artelekuko tailerretan parte hartu zuen, eta, hamarkada beraren amaieratik aurrera, hainbat ikasketa-programatan eta Japonian, New Yorken eta Stockholmen izandako egonaldietan osatu zuen prestakuntza. 2003an Velázquez beka jaso zuen. 2004. urtean Gure Artea sarietako bat lortu zuen, eta urte berean ere Altadis saria jaso zuen. Zenbait lankidetzarekin eta irakaskuntzarekin uztartu du bere praktika artistikoa, eta aurten Tabalakera eta Artiumen artean abiarazi den JAI Praktika Artistikoen Institutuaren bultzatzaileetako bat da.
Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalean, Bartzelonako Arte Garaikideko Museoan (MACBA), Gasteizko ARTIUMen eta Guggenheim Bilbao Museoan dago ikusgai haren obra. Haren lanak –zaila da artelanen ohiko salmenta- eta merkaturatze-zirkuituetan sailkatzea eta sartzea, ohiko arte-formatuak gainditzen dituelako– gizakiak ingurunean duen esku-hartzea aipatzen du maiz, ingeniaritza zibileko proiektuetan, kultura-eraldaketan eta artelanetan agertzen dena. Aranberrik analisi- eta erresignifikazio-prozesu biziaren mende jartzen ditu gailu horiek eta haien behaketa-moduak, eta inguruko munduaren historia, kultura, estetika eta politikaren geruza konplexuak aztertzen ditu, bere objektuen eta instalazioen bidez.
Horren adibide ona da artistak 2003an egin zuen esku-hartzea, Historiaurreko leize-zulo bat itxiz, hain zuzen, gaur aurkezten dugun lanaren sorburua izan zena.