Erakusketak
Amaituta
2019-05-29 • 2019-10-20
Zuloaga (1870-1945)
32. Aretoa
Bilboko Arte Ederren Museoak, BBKren babesarekin, Zuloaga 1870–1945 erakusketa aurkezten du, Zuloagaren omenez egindako atzera begirako lehenengo erakusketa handia. Ignacio Zuloaga (Eibar, Gipuzkoa, 1870 – Madril, 1945) XX. mendearen hasierako egoera artistikoko artista garrantzitsuenetako bat eta munduko pintura figuratiboko erabateko erreferentea izan zen.
Nazioarteko agertoki artistiko nagusietan arrakasta ukaezina izan zuen, eta, ondorioz, haren konposizio ospetsuenek munduan zehar barreiatuta amaitu zuten. Ia mende bat geroago, eta zenbait urteko bilaketa- eta ikerketa-lanaren ondorioz, horietako lan asko lehen aldiz elkartuko dira Bilboko Arte Ederren Museoan. Euskal artistaren tamaina eta garrantzia ulertzeko aukera paregabe eta aparta da.
Zuloaga 1845–1945 erakusketan 95 obra biltzen dira, 15 esparrutan egituratuta; hala, margolariaren ibilbide osoari buruz antolatu den lehenengo atzera begirako erakusketa handia da. Bilduma hiru aldi biografiko handitan banatuta dago eta, erakusketari hasiera emateko, Zuloagak, 1890eko hamarkadan, Parisen margotutako gaztaroko obra multzo oparo eta ia ezezaguna ikus daiteke.
Garai hartako lanetan, agerian geratzen dira naturalismoaren, inpresionismoaren eta sinbolismo frantsesaren eraginak eta gizarte-arloko errealismoaren interesa ikusten da, gaiari dagokionez; horren guztiaren ondorioz, artistaren lanak paleta hotzekoak eta giro poetikokoak ziren, eta Parisko aldirietako figura anonimoak zituzten protagonista.
Halaber, Zuloagak erretratugile izateko ibilbideari ekin zion eta, azkenerako, benetako maisu bihurtu zen genero horretan. Lehenengo erretratuetan estetika sinbolista argia ikus daiteke, bai eta Eugène Carrière eta James Abbott McNeill Whistler margolarien eragin zehatza ere.
Saio eta esperimentazioz jositako lehenengo garai horren ondoren, eta Sevillara joan eta bere lana birpentsatu eta Parisko eragin kosmopolitatik aldendu eta gero, Zuloagak Segovia ezagutu zuen, 1898an. Eskualde hori sormenezko inspirazio-iturri izan zen artistarentzat, hasieratik, molde eta agertoki benetan originalak sortzeko. Ordutik aurrera, haren pinturak gaztelau identitate zaharkitua bereganatu zuen eta, bere formula estetiko berezia erabiliz, zeinak naturalismoa eta sinbolismoa uztartzen zituen, Espainiako nekazaritza-kultura eta tradizio artistikoan sustraituta egonik, figurazioa ulertzeko modu berri bat abiarazi zuen, Europako artean. Bikaintasun horri esker, Zuloagaren obra ohiko sailkapen orotik kanpo dago, eta ezin da sartu eskola edo mugimendu jakin baten barruan.
Mailegu berri askori esker, oso-osorik berreraiki ahal izan dugu egilea ospetsu bihurtu eta kritika eta nazioarteko publikoa liluratu zituen gai-espektro zabala. Arrakasta biribil horrek berehalako ondorioak izan zituen: euskal margolariak ezarritako motibo eta baliabide estetikoak kopiatzeko eta erabiltzeko moda hasi zen. Erakusketaren funtsezko arlo horretan, zeina biografikoki 1924 arte luzatzen den, nabarmentzekoak dira Segoviako nekazaritza-ingurune gogorrean girotutako eszenak, hiriko eta landa-inguruneko prostituzioaren kodetze piktorikoa, Sevillako zezenketen mundu xumera egiten duen hurbilketa berezia eta Gaztelako eta Errioxako historien eta herri-ohitura erlijiosoen bilketa. Nazioarteko publikoak, obra horiekin liluratuta, irrikaz eskuratu zituen, baina, Espainian, kritika gogorrak izan zituen, eta 1898an azken koloniak galtzeak sortutako krisi nazionalean zirikatzea leporatu zioten. Konposizio paregabe horiekin batera, arreta berezia jartzen zaio erretratugile modura egin zuen lanari. Zenbait obra dotoreren bidez, Giovanni Boldini, James McNeill Whistler eta John Singer Sargent margolarien ondorengoa izatera heldu zen, eta merezita, gainera.
Erakusketaren ibilbidea amaitzeko, barne-barneko heldutasun argiko obra bat aurkezten da. Garai horretako egoera soziopolitikoak eragin zuzena izan zuen Zuloagaren artean. Europako egoera artistikoa berriz definitu eta «ordenaren itzuleraren» tradizio figuratibora bueltatu zen, Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten eta Gerra Zibila piztu zen, eta Zuloagak oso hurbiletik bizi izan zituen gertakari horiek; hain zuzen ere, eragin handia izan zuten haren bizitzan eta obran.
Gaztaroko lanekin gertatzen den moduan, garai horretako lanak ere ezezagunak dira, baina berezitasun bat dute: paleta argiagoa erabili zuen eta xehetasunak zehaztasun handiagoz margotu zituen.
Erakusketako obra batzuk Bilboko museoan gordetzen dira, esaterako, Kardinala (1912) eta Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913). Horiekin batera, maileguak ditugu, hainbat tokitako partikularrek eta erakundeek eginak: batzuk amerikarrak, esaterako, Hispanic Society of America, Santa Barbara Museum of Art, St. Louis Art Museum (Missouri), Detroit Athletic Club, Mexikoko Franz Mayer museoa; beste batzuk, berriz, Europakoak: Moskuko Hermitage Museum museoa, Parisko Musée d'Orsay, Veneziako Galleria Internazionale d'Arte Moderna di Ca'Pesaro, Vienako Museum Belvedere eta Cambridge eta Oxford unibertsitateak. Estatuan, Madrilgo Reina Sofía Museo Nazionala Arte Zentroa eta Museu Nacional d'Art de Catalunya museoa nabarmentzen dira.
Atzera begirako erakusketa handi honen oinarrian bere bi komisarioak daude: Javier Novo González, museoko Bilduma Saileko burua, eta Mikel Lertxundi Galiana, arte historialaria, ikertzailea eta arte-komisario independentea.
Erakusketaren ibilbidea
1.- Paris
Parisera iritsi eta hilabete gutxira, Zuloagak pintura naturalistaren alde egindako apustua ezagutu zen. Hiriko bizitza umila irudikatu nahi izan zuen, eta haren lehen produkzioko protagonistak, ia esklusiboki, kale garbitzaileak, arloteak eta prostitutak ziren. Orduan margotu zuen Montmartre, bere baitan bildutako figura bakartiekin; obra horietan nabariak dira atmosfera irudikatzeko interesa, eta harmonia hotzen eta konposizio eskema eta modeloen errepikapena. Horietako batek, arlote batek, begirada naturalistaren eta sinbolismo sintetistaren arteko garapena trazatzean, urte horien ezaugarri izan ziren saiakeren aniztasuna erakusten du
2.- Gaztaroko erretratuak
Nahiz eta genero hau ez zuen bereziki atsegin, Zuloagak gaztetatik erakutsi zituen erretraturako gaitasun bikainak. Obra sorta honek agerian jartzen du izan zuen garapen goiztiarra, hainbat ikuspuntutatik. Haren aurreko inpresionistek eta sinbolistek izan zuten ibilbide plastikoek eragin handia izan zuten Zuloagarengan, baina gaztetan zapaldu zituen hainbat zentrok (Eibar, Bilbo, Paris, Londres eta Sevilla) ere bai, bai eta haren hazkuntzan erabakigarriak izan ziren kontaktu batzuek ere. Familiak, lagunek, babesleek, kritikariek, artistek eta bildumagileek artista babestu zuten, Parisen asimilatutako egiteko modu ugari igaro zituen auto-definizio aldi horretan.
3.- Sevilla
1894 eta 1904 bitartean, aldizka, Zuloaga Sevillan bizi izan zen. Bere pintura tradizioan errotu nahi zuen, atzerrian espainiar gisa ulertzen zenaren muinera joz. Horretarako, Velázquez, Goya eta Whistlerren eraginen artean zegoen eta gustu frantsesarekin bat zetorren exotismoan oinarritu zen. Gaien benetako esanahien gaineko nahasteak edo figuren melankoliak haren koadroetako asko sinbolismoarekin lotzen ditu, errealitate ukigarri baten ordez espazio emozional bat irudikatzeko zuen intentzioagatik. Era berean, orduan egin zuen haren nazioarteko arrakastari hasiera eman zion eta Goyaren herentzia gauzatu zuen lehen obra: Zezenketaren bezpera.
4.- Segovia
Espainiar tradizio piktorikoaren bidea jarraitzeko Zuloagaren nahiak zentzua hartu zuen 1898an Segovia deskubritu zuenean. Han ezagututako gaien sakontasuna bete-betean uztartu zen lantzen ziharduen prozedura batzuekin, eta baliagarri izan zitzaion Espainiarako hurbilketa pintoreskoaren ordez, antzinako osagaiak eta osagai mistiko eta dramatikoak biluzten zituen hurbilketara igarotzeko. Pertsonaia idorrek (bizi diren ingurunearen gogortasunak eraginda) iraganari lotuta jarraitzen duen herri arkaiko baten pertzepzioa erakusten dute. Horretan sakondu zuen, eta, ordutik aurrera, obrek, gutxika, intentsitate handiagoa izan zuten, ikuspegi gordinari dagokionez.
5.- Galbide urbanoa
Prostituzioaren mundua da Zuloagaren produkzioko gai nagusietako bat. Berehala identifikatzea ahalbidetzen zuten kodeen sotiltasunak eragin du hiriko prostituzioarekin loturiko gaiak dama eleganteek hiriko parkeetan izandako paseo edo bazkariekin interpretatzea. Grisettes deiturikoak edo jostunak (garai hartan prostituten sinonimo), emakume heldu estalgileak, gorri koloreko soinekoak (gorria lanbide horrekin lotzen da eremu naturalistan) eta modeloetako baten haluzinazio espresioa (absentak eraginda); horra hor benetako argumentua zein den argitzen laguntzen duten ezaugarriak. Bestalde, mendearen lehen urteetan Manetek Zuloagarengan izan zuen eraginaren adibide garbia dira hiru obra hauek.
6.- Grinen kalea
Espainian girotutako eszena batzuk ere kodifikazio frantsesean oinarritzen dira bizitza lizunarekin erlazionatutako gaietan, eta horietan anbiguoa eta teatrala esplizituarekin nahasten dira. Beste batzuk, aldiz, prostituzio munduarekin lotura delikatua dute, nahiz eta hauek ere berdin-berdin esploratzen dituzten sugestioa eta desira, plano piktorikoa alde batera utzi eta ikuslea liluratzen eta interpelatzen duten begirada eta irribarre estimulatzaileen bidez. Iradokizun zalantzagarrien katalogo hori pintoreskismotik aldendu eta sakontasun gehiagoko obretan bihurtzen da ageriko. Sedukziorako poztasun iruzurti hori prostitutaren intimitatean desegiten da, haren lanbidearen izate lizun eta patetikoa aurkezteko.
7.- Apaltasunaren interpretea
Espainiara hurreratu zenean, Zuloagak hiriguneak saihestu zituen eta landa eremuak eskaintzen zion errepertorio zabalari heldu zion. Landa eremuko biztanleen gogortasuna eta erlijiozaletasuna gai errepikatuak izan ziren, eta horiei haien dibertitzeko moduen eta irriken adierazpena gehitu zien batzuetan. Horrela, euskal nekazari kontzentratuen otorduek, Velázquezen eskemen zordun, eta zezenketen munduko ezohiko alderdiek ere aberastu zuten haren gaien unibertsoa. Azken horien artean ageri dira, ez ironiarik gabe, neska gazteen apainketak adierazten duen hutsalkeria eta garaipen gose den toreatzaile hasiberriaren harrokeria.
8.- Nire lehengusinak
Haren lehengusinen erretratuek Zuloagaren obraren genero autonomo bat osatzen dute ia, emakume espainiar seduktorearen arketipoa islatuz. Cándida, Esperanza eta Teodora, Daniel Zuloaga zeramikariaren alabak, lehengusuaren bizitzan eta produkzioan integratu ziren 1898an Segoviara iristean, eta 1906 eta 1914 bitartean berrogei bat piezaren protagonista izan ziren, Goya gogora dakarren exotismo batekin. Margolariak begien eta ahoaren adierazkortasunean arreta handia jarri zuen ("promesaz eta pikardiaz betetako begi distiratsuak", kritikari frantses batek esan bezala), baina, ez errepikatzeko, jantzietan, osagarrietan eta konposizioan aldaketak egin zituen.
9.- Paisaiak
Obra askotan figurekin batera irudikatu zituen paisaiak gakoa izan ziren kontaketa sinboliko bat eratzeko, baina, haien garrantzia handitu ahala, paisaiak era independentean margotzen hasi zen. 1909tik aurrera berrogeita hamar bat egin zituen. Hasierako konposizioetan horizonte baxuak irudikatzen zituen, baina, gero, denboran gelditutako herrietako eraikin enblematikoei eta soro gaztelar, errioxar eta nafarren panoramika zabalei eman zien lehentasuna. Motibo naturalak fotografiatzen zituen eta gero estudioan berrinterpretatu egiten zituen, erretratuak egitearen lan nekagarriari ihes egiteko egiten zituen geldialdietan.
10.- Espainiako eskola
Espainiako tradizio piktorikoaren oinarria izan zen Zuloaga mende arteko Parisen nabarmendu zuen ezaugarria. Haren lana proposamen estetikoen ugaritasunak ezaugarritzen du. Herentzia horretan modernitatearen postulatuetako askoren sustrai komuna erreparatzen jakin zuen gazetatik, eta horrek Grekoaren, Velázquezen, Riberaren eta Goyaren obra estimarazi zion, eta bere izaera propioarekin bat zetozen energia, soiltasuna eta zehaztasuna aurkitu zituen horien lanetan. Pertsonaia baztertuen irudi barregarri eta tristea saihesteaz gain, artista horietan aurkitu zuen hainbat gai eta konposizio-eskemetarako inspirazioa, Espainia atenporal eta landatar baten elizkoitasun sakonaren haren interpretazioa, esate baterako.
11.- Gizonezkoen erretratuak
1907tik aurrera, nazioarteko arrakastan laketua eta bere birtuosismo teknikoari eta konposiziorako talentu bereziari esker, Zuloagak erretratugintza bere diru-iturri nagusi izan zedin lortu zuen. Pertsonaien fisionomia eta psikologia fideltasun osoz erreproduzitzeko zeukan ahalmenari esker, genero horren ordezkari nagusietako bat izan zen XX. mendearen lehen hamarkadetan. Bi konposizio-eskema erabili zituen, ibilbide osoan aldakaitz iraun zutenak: batetik, figura paisaia baten aurrean kokatzea, kasu batzuetan haren nortasunaren alderdi batzuen erakusle, Maurice Barrès hispanistaren kasuan adibidez, eta, bestetik, barnealdeko espazioetan kokatzea, zeinak abstraktuak ziren eskuarki, kolore neutroko atzealdeen bidez ebatziak. Bi tipologietan teatraltasun indartsuko argi-fokuen bidez aurkezten da pertsonaia.
12.- Emakumeen erretratuak
Tipologiak gizonezkoen erretratuetan erabilitako berberak dira, baina Zuloagak indar berezia ezarri zuen emakumeen erretratuen konfigurazioaren eta konposizioaren alderdi batzuetan. Aipagarria da, batetik, moda islatzeko izan zuen ardura berezia, hala arropa nola osagarriak, baita ehunen ukimen-balioak ere. Bestetik, ikuslearekiko komunikaziorako irtenbideen erabilera; aurretik emakume ijitoen eta bere lehengusinen margolanetan esploratuta zituen, eta begiraden eta irribarreen garrantzia nabarmentzen dute. Kasu askotan, margolariak beren erakargarritasunagatik eta nolabaiteko sintonia pertsonalarengatik aukeratu zituen modeloak, eta horregatik emakume bipil eta indartsu moduan ageri dira, haien fisionomiaren transkripzio hutsa gainditzen duen nortasun ondo zehaztutako baten jabe, Mathieu de Noailles poetaren erretratu bikainean adibidez.
13.- Helduaroko erretratuak
Zuloagaren azken urteetako ekoizpenean erretratuak eta paisaiak nagusitu ziren, haren ekoizpeneko bi genero nagusi 1910eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, eta egilearen lana ia osorik bereganatu zutenak 1925etik aurrera. Espainiako kultura garaikideko pertsona ospetsuen galeria bat osatzeari ekin zion orduan (Pérez de Ayala, Falla, Ortega y Gasset), gehienak herrialdeari buruz berearen antzeko ikuspegia zuten adiskideak, eserita eta atzealde neutro baten edo paisaia adierazkor baten aurrean aurkeztuak. Garai horretan amaitu zuen Margolariaren familiaren erretratua, lanketa gogoetatsu eta mantsoko margolana, zeinak agerian uzten duen Velázquezen inspirazioa haren Meninak margolanaren zordun den konposizio batez.
14.- Azken aroa
Gerra Zibila hasi ondoren, bando frankistaren propaganda estrategiak bereganatu zuen Zuloaga, eta haren ospea baliatu eta haren obra zabaldu zuen Venezian (1938), Londresen (1939), Bilbon (1939), Madrilen (1941) eta Bartzelonan (1942) egindako erakusketetan. Gerra garaian Julio Beobide eta Jose María Huarte adiskideen erretratuak egin zituen; Huarte nafar historialaria zen, Armada Nazionaleko komandante bihurtua. Gerraren ondoren, berriz, garaiko gizarteko eta kulturako beste figura nabarmen batzuen erretratuak egin zituen. 1940ko hamarkadatik aurrera natura hilarekiko interesa bereganatu zuen; estilo neurritsuz margotu zituen, eszena publikotik pixkanaka urruntzearen ondorioz.
15.- Estilo berritua
Haren ospea nazioartean sendotuta egon arren, Zuloaga bere estiloa berritzen saiatu zen gerra arteko koiuntura artistikoaren eraginpean. Haren hogeita hamar eta berrogeiko hamarkadetako erretratu, paisaia eta gai kostunbrista batzuetan tratamendu kromatiko berritzailea nabari da, zuriekin harmonizatutako more eta urdin argitsuen nagusitasunean oinarritua, baita pigmentuak freskoan nahasten dituen pintzelkada trebe baten erabileran ere. Hogeita hamarreko hamarkadaren hasierako paisaia horietako bat, Toledoren ikuspegi bat zehazki, Zuloagak berak propagandarako helburuekin bereganatu zuen 1938an. Horri Alkazarraren leherketaren efektuak gaineratzean, ekarpen plastikoa egin zion frankismoaren sinboloetako baten eraikuntzari.
Irudian:
Ignacio Zuloaga (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945)
Mujer de Alcalá de Guadaíra, 1896
Ignacio Zuloaga Museoa
Erakusketaren edukia: Zuloaga (1870-1945)
Babeslea: