Erakusketa: Zubietako Goyak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2019-04-26 • 2020-03-30

Zubietako Goyak

Adán de Yarza familiaren erretratuak

Antzinako eraikina, W aretoa (war)

María Ramona de Barbachano

c. 1787-1788
Olioa mihisean. 114,4 x 83,6 cm

Antonio Adán de Yarza

c. 1787-1788
Olioa mihisean. 114,4 x 83,6 cm

Bernarda Tavira

c. 1787-1788
Olioa mihisean. 76,6 x 59,3 cm

 

ERAKUSKETA BIRTUALA

2019an, Arte Ederren Museoak argitara eman zituen Zubietako Goyak, Francisco de Goyak 1780ko hamarkadaren amaieran margotu zituen Adán de Yarza familiaren erretratuak, zeinak 1937an Frantziara eramanarazi zituen Eusko Jaurlaritzak, Gerra Zibilak iraun bitartean han gordetzeko. Haien ondorengoek hala nahi izan dutelako, lanak zaharberritu eta ikertu ondoren, lehenengoz aurkeztu ahal izan dira publiko orokorraren eta komunitate zientifikoaren aurrean, museoan, eta, 2027ra arte, gordailutzan erakutsi ahal izango dira bertan.

Erakusketaren laburpen-bideoa


1937an, Gerra Zibil betean, Zubietako Goyak Frantziara bidali zituen Eusko Jaurlaritzak, eta, harrezkero, soilik erreferentzia bibliografikoen eta orduko argazkien bidez ezagutzen ziren. Bilboko Arte Ederren Museoak orain lehenengoz eman ditu ezagutzera Adán de Yarza familiaren hiru erretratuak, Francisco de Goyak 1780ko hamarkadaren amaieran margotu zituenak, horiek ikertu eta zaharberritu ondoren.

 

Audioguida Kirmen Uribe


"Kutxa txinatarren" teknika literariotik abiatuta, Kirmen Uribe idazleak Zubietako Goyei buruzko istorio zirraragarri bat osatu du.

 

"Los Goyas de Zubieta durante la Guerra Civil española" hitzaldia


Francisco Javier Muñoz Gerra Zibilean eta gerraostean euskal ondare artistikoaren bilakaeran aditua da, eta, hitzaldi honetan, Goyaren hiru koadroek gerran izan zituzten gorabeherei buruz egin duen ikerketa aurkezten du, herrialdearen historia garaikidearen testuinguruan..

"Los Goyas de Zubieta. Claves de su estudio" hitzaldia


Laurogei urtetik gora herrialdetik kanpo egon ondoren, Zubietako hiru Goyak berreskuratu, eta Bilboko Arte Ederren Museoan aztertu dira. Urte eta erdiz, José Luis Merino zaharberritzailea izan da haren ikerketa historiko eta materialaren arduraduna, esku-hartze honetan azaltzen duenez.

Argitalpen digitalak


  • Zubietako Goyak. Adán de Yarza familiaren erretratuak Juliet Wilson-Bareau, Xavier Bray, José Luis Merino Gorospe, Susana Serrano Abad, Mikel Urizar eta Javier Muñoz Fernández Bilboko Arte Ederren Museoak gauzatu zuen ikerketa-prozesu handiaren ondorioak daude bilduta argitalpen digital honetan. Hala, Juliet Wilson-Bareau, Xavier Bray, José Luis Merino Gorospe, Susana Serrano Abad, Mikel Urizar eta Javier Muñoz Fernándezen saiakerak daude bertan.
  • Goya: Euskal herritarren eta nafarren erretratuak Manuela B. Mena Marqués Goya eta gorte ilustratua" erakusketaren katalogoan argitaratu zen testu originala. Erakusketa hori Bilboko Arte Ederren Museoan egon zen ikusgai 2018ko otsailaren 14tik maiatzaren 18ra).
  • Francisco de Goya : adiskideen erretratuak : Zapater eta Moratín : Bilboko Arte Eder Museoa María Teresa Rodríguez Torres Museoaren bilduman dauden Martín Zapater eta Leandro Fernández de Moratínen erretratuei buruzko ikerketa monografikoa.

 

Francisco de Goyak Adán de Yarza bizkaitar familia ospetsuko hiru kideri egindako erretratuak dira; Lekeition du jatorria familiak eta haren leinua X. mendetik dator. Erretratatuak honako hauek dira: Bernarda Tavira, Fernando Adán de Yarzaren alarguna; Antonio Adán de Yarza, Bernarda Taviraren eta Fernando Adán de Yarzaren semea; eta María Ramona de Barbachano, Antonio Adán de Yarzaren emaztea 1787az geroztik. Etxe garrantzitsu honen historia sakontasunez dokumentatuta dago Susana Serrano Abad ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle titularrak eta Mikel Urizar Bilboko Arte Ederren Museoko Artxiboaren buruak egindako "Antonio Adán de Yarza Tavira (1761-1835)" azterlanean.

Bilboko Arte Ederren Museoak Francisco de Goyak 1780ko hamarkadaren amaieran margotutako Adán de Yarza familiaren hiru erretratu ezezagun ezagutarazi ditu, eta lehen aldiz aurkeztu publikoaren eta komunitate zientifikoaren aurrean, aztertu eta zaharberritu ondoren, eta ikusgai izango dira irailera arte. Orain arte erreferentzia bibliografiko akademikoen, prentsako aipamenen eta garaiko argazkien bidez baino ez ziren ezagutzen hiru margolan horiek, eta 1937an, Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean ebakuatu zituenean, Frantziara eramateko erabili zen jatorrizko kutxarekin batera daude ikusgai orain, haien jabetza duen familiaren eskuzabaltasunari esker. José Luis Merino Gorospe museoko zaharberritzaileak egindako azterketa teknikoak eta zaharberritzeak hiru obren kontserbazio egoera bikaina utzi dute agerian, eta bereziki nabarmentzekoa da lehen mihisean kontserbatzen direla eta XVIII. mendeko jatorrizko euskarrietan daudela iltzatuta. Goyaren obran espezialista handiak diren nazioarteko bi adituk, Juliet Wilson-Bareauk eta Xavier Brayk, egin dute margolanen azterketa historiko-artistikoa, Goyaren erretratugintzaren barruan daukaten originaltasuna nabarmenduz. Azterketa eta zaharberritze zorrotzaren ondorioak Zubietako Goyak. Adán de Yarza familiaren erretratuak argitalpen digitalean daude jasota; argitalpen horrek erretratuetako protagonistei buruzko artikulu biografiko bat ere eskaintzen du, Susana Serrano eta Mikel Urizar historialariek egina, eta obrek Gerra Zibilaren garaian izandako gorabeherei buruzko beste bat, Francisco Javier Muñoz adituak idatzia.

 

 

ARGITALPEN DIGITALA DESKARGATU:

"Los Goyas de Zubieta. Retratos de la familia Adán de Yarza" (Gaztelania)

 
 

 

 

Francisco de Goyak Adán de Yarza bizkaitar familia ospetsuko hiru kideri egindako erretratuak dira; Lekeition du jatorria familiak eta haren leinua X. mendetik dator. Erretratatuak honako hauek dira: Bernarda Tavira, Fernando Adán de Yarzaren alarguna; Antonio Adán de Yarza, Bernarda Taviraren eta Fernando Adán de Yarzaren semea; eta María Ramona de Barbachano, Antonio Adán de Yarzaren emaztea 1787az geroztik. Etxe garrantzitsu honen historia sakontasunez dokumentatuta dago Susana Serrano Abad ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle titularrak eta Mikel Urizar Bilboko Arte Ederren Museoko Artxiboaren buruak egindako "Antonio Adán de Yarza Tavira (1761-1835)" azterlanean.

Madrilen margotuak dira erretratuok, ezkontzaren dataren inguruan seguru asko, eta Goyak 1790 inguruan, erregearen ganberako margolari zen garaian, erretratugile gisa egin zuen lan ugariaren adibide gorena dira. Margolanok Eusko Jaurlaritzak jaso zituen, babesteko, gerrako lehen hilabeteetan eta Frantziara eraman zituzten 1937an. Harrezkero, eta jabez aldatu gabe, segurtasunez gordeta izan dira, baina anonimatu erabatekoenean, Espainiatik kanpo. Gaur, oinordekoen eskuzabaltasunari esker, hiru erretratuak eta haiek ebakuatzeko erabili zen jatorrizko kutxa Euskadira itzuli dira, eta lehen aldiz aurkeztu dira jendaurrean, haien historia bereziari buruzko dokumentazioarekin batera, Bilboko Museoaren Alfabetoko W aretoan, modu esanguratsuan gerrari (W) eskainitakoan.

Erretratuei buruzko lehen aipamen ezagunak 1916 eta 1917koak dira; orduan, Aureliano de Beruete y Moret historialariak, zeina aurrerago Prado Museoko zuzendari izan zen, Goyaren obrari eskainitako bere lehen bi liburuki monografikoetan aipatu zituen. Beruetek margolanak aurrez aurre ikusi ondoren egindako deskribapen zuzena, zeinean "1790eko edo pixka bat geroagoko aldi griseko tipikoa(k)" direla dioen, geroagoko hainbat argitalpenetan errepikatu zen. Obren lehen argazkiak Blanco y Negro aldizkariari zor dizkiogu, 1930ean argitaratu baitzituen "Mansiones hidalgas: Zubieta en Vizcaya" ("Handikien etxeak: Zubieta, Bizkaian") artikuluaren ilustrazio gisa. Fernando de la Quadra Salcedo historialariak ere margolanei erreferentzia egin zien 1927an El Noticiero Bilbaíno-ko kolaborazio batean, eta aurrerago, 1936an, "Los Goyas inéditos de Vizcaya" ("Argitaragabeko Bizkaiko Goyak") testuan, foileto solte gisa eta Vida Vasca aldizkariko artikulu gisa argitaratua.

1936an, Gerra Zibilaren bilakaera dramatikoak hartaratuta, Eusko Jaurlaritzaren Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiak lurraldean sakabanatuta zeuden bilduma artistikoak, hala publikoak nola pribatuak, babesteko asmoz jasotzeko ekimena jarri zuen abian. Azaroaren 13an hainbat artelan atera zituzten Zubietako Jauregitik, Goyaren hiru margolanak haien artean zirela, Bilboko Uribitarteko moilako gordetegi frankora eraman eta han zaintzeko.
Aurrerago, Gobernuak berak erabaki zuen Frantziako lurraldera ebakuatzea, Arte Modernoko Museoko artelan multzo batekin eta beste bilduma batzuekin batera, Parisen 1937an egin zen Nazioarteko Erakusketako Errepublikaren Pabiloiko erakusketaren parte izan zitezen. Hiru erretratuak 10 zenbakia zuen kutxan paketatu zituzten, zeina oraindik ere kontserbatu egiten den eta ikusgai dagoen, eta Eusko Jaurlaritzak haien legezko jabeari eman zizkien, María Adán de Yarzari, zeina orduan erbesteratuta zegoen Frantzian eta han hil zen 1947an, bere lurrera itzuli gabe, orain arte Zubietako Goyak itzuli ez diren modu berean. Francisco Javier Muñoz Fernández ikertzailearen "María Adán de Yarza: una historia de guerra, arte y exilio" ("María Adán de Yarza: gerrako, arteko eta erbestealdiko historia bat") saiakerak euskal ondare artistikoak Gerra Zibilak iraun zuen bitartean izandako gorabehera horietan sakontzen du.

Kosme de Barañanok 1989an aipatu zituen berriro "desagertuta" zeuden Goyaren erretratuak, saiakera batean, eta pixka bat geroago William Jordan aditu estatubatuarrak eta Juliet Wilson-Bareau espezialista ingelesak margolanak aurkitu eta aurrez aurre aztertzeko aukera izan zuten 1990 eta 1992 bitartean egindako ikerketa batean, zeinean Nigel Glendinning irakasleak ere parte hartu zuen.

Adituek obrekiko zuten interesak iraun egin zuen harrezkero, harik eta 2017ko azaroan familiak, adituek eta Bilboko Arte Ederren Museoak amankomunean zuten desioak, hau da, artelanak familiaren sorterrian ezagutarazteak, behin betiko fruituak eman zituen arte; oinordekoek onartu zuten artelanak, Pradoko Museoan oinarrizko dokumentazio teknikoa egin ondoren, Bilboko Arte Ederren Museora eramatea, aztertzeko eta zaharberritzeko, José Luis Merino Gorosperen zuzendaritzapean, zeinak aurretik Goyaren Moratín poetaren erretratua (1824) zaharberritu zuen, museoaren bildumakoa. Garbiketa lan eroapen handikoa duela gutxi amaitu da, eta haren prozesua "Estudio técnico y restauración de las obras" ("Artelanen azterketa teknikoa eta zaharberritzea") artikuluan dago laburbilduta. Artelanak oso zikin eta inoiz zaharberritzerik izan gabe zeuden, baina, metatutako zikinkeria geruzak garbitu ostean, egiaztatu ahal izan zen kontserbazio egoera miresgarrian zeudela, eta, gainera, berezia zen artean ere lehen mihisean eta XVIII. mendeko jatorrizko euskarrietan iltzatuta kontserbatu izana. Ukitu gabeko artelana izateari esker, gainera, Bernarda Taviraren erretratuak Goyak bere eskuz idatzitako paper bat kontserbatu du gaur arte, erretratatuaren izena idatzia daukana, mihisearen atzealdean.

Dokumentazio teknikoarekin eta zaharberritzearekin batera, erretratu ia-ia guztiz ezezagunen ikerketa historiko-artistikoa Juliet Wilson-Berauren eta Xavier Brayren ardura izan da; lehenari haien aurkikuntza garaikidea zor diogu; bigarrena Wallace Collectionen gaur egungo zuzendaria eta Londresko National Galleryko Goya. The Portraits (2015) erakusketa handiaren komisarioa da. Haren "Tres retratos recuperados de Francisco de Goya y Lucientes" ("Francisco de Goya y Lucientesen hiru erretratu berreskuratu") saiakeran, artelan hauen originaltasuna ulertzeko aukera daukagu, artistak ordutik aurrera erretratugile moduan izan zuen ibilbide apartaren lehen etapa indartsuaren barruan, baita garai bereko beste artelan garrantzitsu batzuekin zuten harreman estua ere, San Carlos bankurako egindako enkarguekin, adibidez, eta bereziki Goyak data horietan haren sortzaile Francisco de Cabarrús frantses-euskaldunari egindako margolanarekin (1788).

Bilboko Arte Ederren Museoak burututako ikerketa proiektu anbiziotsuaren ondorioak, Zubietako Goyak, Adán de Yarza familiaren erretratuak argitalpen digitalean bilduak, gure museoaren webgunean eskuragai daude. Aurreikusia dago, halaber, ikerlari guztiei irekitako ikasketa jardunaldi batzuk egitea aurtengo irailaren hasieran, jabeekin adostutako erakusketa aldia amaitu baino lehen.