Erakusketa: Zamacois, Fortuny, Meissonier - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2006-10-17 • 2007-01-28

Zamacois, Fortuny, Meissonier

BBK Aretoa

ZAMACOISFORTUNYMEISSONIER erakusketa Eduardo Zamacois margolari bilbotarrari eskainitako lehenengo antologia da. Bilboko Arte Eder Museoak produzitu eta BBK Fundazioak babestutako erakusketa honek ehun bat obra bilduko ditu, margo, akuarela eta marrazkiak kontuan hartuta (Zamacoisen 68, Fortunyren 10 eta Meissonierren 8).

Aukeraketa honen bitartez, XIX. mendearen amaierako Europako pinturak izan zuen margolaririk funtsezkoenetako baten ibilbide artistikoa eta bizitza ezagutzera eman eta aztertu nahi da. Izan ere, Bilboko Arte Eder Museoak haren zenbait pieza berezi ditu. Horien artean, bildumako margo enblematiko bat nabarmentzen da: Ezusteko bisita, izaera umoristikoko eszena daukan barrualdea, seguruenik Zamacoisek 1868an Erroman emandako denboralditxo baten ondorioz pintatutakoa. Gainera, 2003an, Museoak Bufoiak 'cochonnetean' jolasten eskuratu zuen. Konposizio nabar horretan, XVII. mendeko Espainiako eskolako ipotx eta bufoien adibideekin bat etorriz, egunerokotasunak protagonismoa hartzen du.

Bestetik, Zamacoisen (Bilbao, 1841 - Madril, 1871) eta XIX. mendearen amaierako Europako pinturako bi artistarik nabarmenenen –Ernest Meissonier maisua (Lyon, 1815 - Paris, 1891) eta Mariano Fortuny laguna (Reus, 1838 - Erroma, 1874)–  margoak parez pare jartzean, bilbotarraren ibilbide artistikoa testuinguru egokian sartzen dugu, eta, horrela, duen balioa hobeto ulertzen da, haren obra bere karrerako bi erreferenterik garrantzitsuenekin parekatuta geratzen baita.

Gaur egun, Zamacoisen produkzioaren –ehun bat obra, ozta-ozta– zati handi bat Europa eta Estatu Batuetako museo eta bilduma partikularretan dago sakabanatuta. Hori dela eta, obra horietako asko lehen aldiz aurkeztuko dira gure publikoaren aurrean, mailegatzaile ugariren lankidetzari esker. Horien artean daude, besteak beste, Madrilgo Prado Museoa eta Carmen Thyssen-Bornemisza Bilduma, Williamstowneko Sterling and Francine Clark Art Institute, AEBetako Philadelphia Museum of Art eta Cincinatti Art Museum, Londresko National Gallery, Dublingo National Gallery eta Parisko Louvre eta Orsay Museoak.

Erakusketan dauden piezen artean, hauek dira nabarmenenak: Erregearen gogokoena, garaiko kritikari eta margolarien artean arrakasta handia lortutakoa; Komenturako itzulera, oso garesti saldutakoa margolaria hil eta urte gutxira; eta Printze baten heziketa, aho batez hartutakoa bere obrarik garrantzitsuentzat, eta 1870eko Parisko Aretoan urrezko domina lortu zuena. Fortunyren lanen artean daude: Bazkaria Alhambran, Arkabuzaria eta Toreatzailea. Meissonierren lanen artean, berriz, Beltzez jantzitako erretzailea, Tournebriden, Saint-Germaineko basoan eta Poeta bat (Louis XV.aren garaia) daude, besteak beste.

Erakusketaren komisarioak Bilboko Arte Eder Museoko Erakusketa Saileko Javier Novo eta Museoko Batzorde Artistikoko Mikel Lertxundi historialariak izan dira.

Museoak katalogo zientifiko bat argitaratuko du, margolariari buruzko ikerketak eguneratzeko. Espezialista handiek hartu dute parte bertan: Carlos Reyero Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Artearen Historiako katedradunak, Decourcy McIntosh komisario independente eta XIX. mendeko artearen espezialistak, Isabelle Collet Parisko Petit Palaiseko kontserbadoreak eta Pierre-Lin Renié Bordeleko Goupil Museoko kontserbadoreak.

Horrekin batera, dibulgaziorako helburuarekin, Zamacoisi eta bere testuinguruari buruzko bideo biografikoa egin da. Gainera, margolariari eta haren arte-merkatari Goupili buruzko atal dokumental interesgarri bat ere badago. Bertan, Zamacoisen argazkiak eta bere obren fotograbatuak daude bilduta. Obra horietako asko, gainera, desagertuta daude. Azkenik, W.H. Stewart bildumagile amerikarrarekin gutun ilustratuen bidez izan zuen harreman estuaren berri jaso da.

 

EDUARDO ZAMACOIS (BILBAO, 1841 - MADRIL, 1871)

Hasierako trebakuntza jaioterrian, Bilbon, izan bazuen ere, 1855ean Zamacois Madrilera joan zen bizitzera, familiarekin. Hantxe amaitu zituen arte ikasketak, San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademian. 1860an Parisera joan zen, orduan Europako zentro artistikorik garrantzitsuena baitzen. Han, Ernest Messonier generoko margolari ezagunarekin ikasi zuen, eta, azkenean, haren lagun eta noizean behingo arte-merkatari izatera helduko zen.

Parisen zegoela, bere garaiko margolari, idazle eta intelektualik handienekin egoteko aukera izan zuen. Horien artean zeuden Alexander Cabanel, Jean-Léon Gérôme eta Léon Bonnat pintoreak, edo Alejandro Dumas (semea) idazlea. Horrela, artista espainiarren kolonia zabalaren ordezkari garrantzitsua izan zen.

1861ean, Meissonierrek, Bigarren Inperioko margolaririk garrantzitsuenak, bere tailerrean onartu zuen Eduardo Zamacois, eta maisuaren eraginpean trebatu zen, estilo preziosistan. Gero, 60ko hamarkadaren erdialdean, bilbotarra bere estilorik pertsonalena definitzen hasi zen.

Bestetik, Raimundo de Madrazo, Eduardo Rosales, Martín Rico eta, batez ere, Mariano Fortuny margolari espainiarren laguna izan zen. Azken horri, gainera, laguntza eman zion Parisko zirkulu artistikoetan eta arte-merkatu zailean sartzeko.

Harreman profesional eta pertsonal estua sortu zen margolari bien artean. Fortuny da, hain zuzen ere, Zamacoisen erretraturik ezagunenaren egilea: 1869an egindako akuaforte bat da, Museoaren bildumakoa eta erakusketa honetan sartu dena. Mariano Fortunyrekiko harremana 1866ko udazkenean sortu zen.

Une hartatik, margolari biak lagun egin ziren eta Fortunyren biografian oso garrantzitsuak izango ziren figuretako batzuk aurkeztu zizkion bilbotarrak. Horien artean daude Adolphe Goupil arte-merkatari ospetsua, itzal handiko W.H. Stewart bildumagile amerikarra eta Parisen bizi zen artista piloa, horien artean Ernest Meissonier maisua.

Adolphe Goupil arte-merkatariaren bitartez, Zamacois Parisko arte merkatuan sartu zen eta bezero aberatsen laguntza jaso zuen. Bezero horien artean zeuden, besteak beste, Matilde Bonaparte printzesa, William H. Vanderbilt magnate iparramerikarra edo Charles Dickens idazlea.

Kritikariek eta publikoak artisten abilezia teknikoari eta errepresentazioen eszenaratze egokiari garrantzi handia ematen zioten garaian, Zamacoisek izen eta ospe komertzial aparta izan zuen. Gai historiko-kostunbristako koadroak ziren, izaera preziosista eta formatu txikikoak. Bertan, gai literario, historiko eta anekdotiko ugari garatzen zituen, arrakasta handia lortuz.

Bere obra txikietan antzinako garaietako eguneroko eszenak jasotzean (sarritan umore ukituz), gertakari handiak gogorarazten zituen pintura historikotik urrundu zen. XIX. mendearen erdialdean bere obrek sortu zuten mirespen eta jakin-minaren oinarria, batez ere, gaien berrikuntzaren eta koadroen fintasunaren arteko uztarketan zetzan. Modu horretan nabarmendu zen garai hartako generoko pintore ugarien artean.

Zamacoisek Parisen izandako karrera arrakastatsua 1870. urtean amaitu zen, Printze baten heziketa lanak Aretoko Urrezko Domina lortu zuenean eta, ondorioz, margolari ospetsu bihurtu zenean. Hala ere, gerra franko-prusiarra hastean, Frantzia utzi eta Madrilera joan zen bizitzera. Hantxe hil zen handik hilabete gutxira, bularreko angina baten ondorioz, 29 urte baino ez zituenean.

Gaur egun, bere obraren katalogazio osoa egitea falta denean, uste da Zamacoisen corpus artistikoa ehun bat piezatakoa baino ez dela, tartean sartuta taulan egindako formatu txikiko obrak eta akuarelak. Hori horrela, erakusketa honen bitartez, lehen aldiz, XIX. mendeko artistarik berezienetako baten ibilbidea sakon aztertu nahi da. Izan ere, Zamacoisek karrera laburra izan zuen, baina sakona.

 

Eduardo Zamacois y Zabala (Bilbo, 1841-Madril, 1871)
Bufoiak "cochonnet"-jokoan, 1868
Olioa taulan, 46 x 35,6 cm

Babeslea: