Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2008-04-01 • 2008-09-29
Zaldun erretratua
5 Aretoa
2001. urtetik hona, Obra Gonbidatua Programaren helburua da jendeari zenbait museo edo bildumatako obra bereziak helaraztea, beti ere, Museoaren bilduma iraunkorrean dauden egileen gaineko ikuspegia aberasteko edo ordezkatuta ez dauden egileak erakusteko asmoz. 2004an, Santander Fundazioa ekimen honetan sartu zen, eta edizio berri guztiak babestu ditu; modu horretan, urtean zenbait bider antolatu izan da programa hau, eta, batzuetan, Fundazioaren bildumako obrak ere laga ditu.
Oraingoan, hogeita bigarren aldi honetan, kalitate eta interes handiko erretratu bat dago ikusgai, Veneziako eskolako margolari eta Berpizkundeko maisurik handienetakoaren eskutik: Jacopo Robusti, Tintoretto deitua (Venezia, 1518/19−1594).
Madrilgo Cerralbo Museoaren bildumatik dator, eta 1555. urte inguruan dago datatuta. Mihisean agertzen den gizona, seguruenik, Doria familiako kidea da, Genoako familiarik zahar eta ospetsuenetakoa. Obra soila da konposizioaren baliabideei eta baliabide kromatikoei dagokienez, baina, hala ere, indar psikologiko handia transmititzen du.
Cerralbo Museoko erretratuan agertzen den gizonak [olioa mihisean, 107 x 73 cm, inb. zenb.: 3740] ez darama objekturik eta inguruan ez dauka bere kargu edo ohoreei buruzko sinbolorik; bere plantaren dotoretasunak eta soinean daramatzan urrezko botoiek baino ez digute adierazten posizio sozial handiko gizona dela. Obra hau Berensonek sartu zuen Jacopo Robusti, "Tintoretto" deituaren (Venezia, 1518/1519−1594), obren katalogoan, eta, ikerketa espezializatuen arabera, koadroa 1555. urte ingurukoa da.
Tintorettok, bere lan narratiboetan, nahita apurtu zuen Veneziako tradizioa, baina, bezero finkoak eta diru-sarrera konstanteak ematen zizkion erretratuak egiteko moduari zegokionez, tradizioa bere horretan mantendu zuen.
Bere erretratuek ez zuten zerikusirik bere hiriko elizetarako egin zituen eszena erlijioso handietan erabilitako baliabide manieristekin, eta erretratu horiek Veneziako maisu handi izandako Tizianorekin daude erlazionatuta, nahiz eta Tintorettok gutxitan idealizatu zituen berak pintatutako pertsonak. Aldiz, haien izaera psikologikoa indartu zuen.
Erretratua margolari veneziar apartaren eredu tipikora egokitzen da. Gizona, hiru laurdenetan pintatua, ikuslearengana aurreratzen da, gutxi argiztatutako atzealde neutro batean. Esku bat altxatzen du keinu erretorikoa eginez, eta mugimendu txiki horrek bere estatismoa arintzen du. Argiak aurpegian jotzen dio, eta, horrela, begiradaren bitartez, bere adierazkortasun psikologikoa azpimarratzen du.
Miguel Falomirrek adierazi duenez, gizonaren jantziaren jatorrizko kolorea, xehetasunik gabe pintatutakoa, urdin bizia izan zen, baina denborarekin ilundu egin zen. Zenbait egileren arabera, koadroko gizona Agostino Doria izan daiteke, Genoako familia boteretsu bateko kidea.
Anton van Dyck margolari flandestarrak antzeko figura bat zirriborratu zuen bere Taccuino italiarrean −koaderno hori British Museumen dago gordeta−, Tizianok pintatutako Agostinoren erretratua aitzakiatzat hartuz (erretratu hori 1625ean ikusi zuen flandestarrak, Gioan Carlo Doriaren Genoako etxean). Gainera, Paolo Mattia Doriaren ondasunen inbentarioak (1721) Tintorettok egindako "Doria jaun baten erretratua" aipatzen du, zeinen altuerak (112 cm) bat egiten baitu, gutxi gorabehera, Cerralbo Museoko erretratuarenarekin. Ondorioz, pentsatu izan da obra bera dela.
Oso litekeena da Cerralboko markesak, zeina bildumagilea eta aipatzen ari garen Museoaren sortzailea izan baitzen (1922an ireki zuen), 1884. urtearen inguruan erostea koadro hori Salamancako markesaren testamentu-ondasunetatik. Azken horrek, 1861ean, José de Madrazoren koadro-galeria erosi zuen. Galeria horren 1856ko katalogoan Altamira Galeriatik ekarritako Tintorettoren erretratu bat dago aipatuta, eta koadro hori bat dator neurrietan eta erretratatutako gizonaren deskribapenean. Ez dirudi Leganéseko markesaren pintura-bilduma handikoa izan zitekeenik (bilduma hori Altamirako kondeen jabetzakoa zen 1711tik), nahiz eta, handik urte batzuetara, Paolo Mattia Doriaren ondasunen artean aipatu izan zen.
2007an, Pradoko Museoan, Tintorettori buruz egin den erakusketan erakutsi izan da. Eta, berriz ere, Gonzalo Redín komisarioak Pintura italiarra Cerralbo Museoan erakusketan aurkeztuko du. Erakusketa hori 2008. urtearen amaieran egingo da, Madrilgo museo horretan.
Testu: Marian Granados Ortega
Madrilgo Cerralbo Museoko kontserbatzailea
Tintoretto (Venezia 1518-1594)
Gizon baten erretratua (Agostino Doria?) (c. 1555)
Olioa mihisean, 107 x 73 cm
Cerralbo Museoa, Madril
Babeslea: