Erakusketa: XX.eko Artea bilduma - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2008-01-21 • 2008-03-02

XX.eko Artea bilduma

1. Solairua - Arte Garaikidea

XX.eko Artea Bilduma 63 obraz -48 pintura eta 15 eskultura– osatutako multzo aparta da. Bertan, XX. mendeko artearen 46 egile aipagarri daude bilduta, eta, maila txikiagoan, XIX eta XXI. mendeetako zenbait lan ere badaude. Bilduma hau gure inguruko bildumagile batena da. Anonimatuan egon nahi du, eta, eskuzabaltasun osoz, Museoan laga du gordailuan, hasiera batean bost urterako. Gero, epe hori berritu egin daiteke.

Bertan dauden artista nagusien zerrendak argi uzten du oso bilduma garrantzitsua dela, oraingo honetan sorta bat aurkezten da: Alenza (17.aretoa), Sorolla (25. aretoa), Anglada Camarasa (23. aretoa), Kandinsky, Torres García, Julio González, Picabia, Klee, Picasso, Blanchard, Gleizes, Léger, Braque, Metzinger, Gris, Chagall, De Chirico, Ernst, Miró, Dalí, Domínguez, Chillida, Palazuelo, Tàpies, Millares, Saura, Barceló, Gordillo, Cragg, Navarro eta Kapoorren lanak daude, besteak beste.

Beraz, azken hamarkadetan Euskal Herrian sortu den bilduma partikularrik garrantzitsuena da. Bildumaren existentziak eta orain Bilboko Arte Eder Museoan gordailuan laga izanak argi uzten dute Bizkaiko bildumazaletasunaren tradizio garrantzitsuak aurrera jarraitzen duela; izan ere, XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako industriaren goraldiarekin bat etorriz sortutako bildumazaletasunak egin zuen posible Bilboko Arte Eder Museoaren sorrera eta garapena.

Bere sorreraren mendeurrena betetzen den urtean, Museoak omenaldia egin nahi die berau sortu zutenei eta, hasieratik gaur egunera arte, bertako ondarea aberastu dutenei. Bildumagile eta instituzioei buruz ari gara; izan ere, egindako dohaintza eta gordailuei esker, modu nabarmenean egin dute gure inguru kulturaleko bildumarik esanguratsuenetako baten alde, Museoaren bildumak artearen historiako hamar mendetako eredu aipagarriak biltzen baititu.

Hori horrela, XX. mendeko maisu handi gehienen obra-multzo bikain hau gordailuan jasotzean, gure bisitariek aukera izango dute egile garaikide handien lanak ikusteko, eta, lehen aldiz, Picasso, Miró eta Dalíren margoak aldi baterako sartzeko aukera ere izango da, besteak beste.

 

XX.eko ARTEA BILDUMA

Pablo Picassoren Margolaria eta bere modeloa I (1963) lanaren lehenengo erosketatik abiatuta, bildumak ardatz nagusi bi ditu: XIX eta XX. mendeetako arte espainiarra, erromantizismotik abangoardiara, eta XX. mendeko nazioarteko artea.

Espainiako XIX. mendea kalitate handiko artistaz dago osatuta. Alenzaren taula biak, dituzten generoko eszena intimista eta herrikoiekin, espainiar erromantizismoaren adibide onak dira. Mende aldaketari dagokionez, bi adibide bikain daude: Joaquín Sorollaren Bainuaren ostean. Asturias (1904), pintzelkada arin eta elegantekoa; Anglada Camarasaren Emakumea lorategian, Paris (1902-03), sinbolismo kutsudun koadroa, margolariaren garairik onenetakoa.

XX. mendean, ismo ugari agertu zen; elkarbizitzan aritzen ziren, eta batak azkar hartzen zuen bestearen tokia. Kubismoa ederto islatuta dago bilduman, zenbait lani esker: André Lhoteren Natura hila zopa-ontziarekin (c. 1917), Lhoteren dizipulu izandako María Blanchard santandertarraren Konposizio kubista botilarekin (1918 ingurukoa) eta Bi ahizpak (1921), Section d'Or taldeko Jean Metzinger eta Albert Gleizesen lanak, Juan Grisen Mahats beltza (1923) natura hil soil eta bereizgarria, Georges Braqueren Edalontzia eta mahatsak (1930) eta kubismora itzulitako Picassoren Tabako paketea eta edalontzia (1922).

Kubismoak garai oso bat markatu zuen, eta artista askok fase kubista izan zuten euren karreren hasieran. Manuel Ángeles Ortizen Gitarra (1926) natura hilak kubismo sintetikoaren estetika jasotzen du, baina konposizio libre eta arinagoarekin. Haren garaikide eta adiskide Hernando Viñesen Bainularia (1928), berriz, Cahiers d'Art aldizkari eragingarriko kritikari eta editore garrantzitsua izandako Tériaderen bildumatik dator. Fernand Léger ere kubismoan aritu izan zen, eta hortik jasotzen du Konposizioa atzealde urdinaren gainean (sokak) (1935) laneko ikuspegi laua.

Joaquín Torres Garcíaren, bere ikuspegi konstruktibo eta planistan, Montevideo, XX. mendea (1946) erakusten da.

Mendeko beste mugimendu handia surrealismoa izan zen, eta hori ere modu bikainean dago islatuta bilduman, bere artistarik garrantzitsuenen lan aipagarriekin: Max Ernsten Ontzi komunikatuak lana 1923koa da, hau da, mugimendua sortu zen garai historikokoa. Lunaris (1928) lanarekin, Francis Picabiak irudien gainjartze apetatsuan oinarritutako unibertsoa sortzen du. Giorgio De Chiricok pintura metafisikoaren ezaugarriak erakusten ditu Taumaturgoaren nahasketa (1926) lanean. Dalíren Hildakoen uharteko mendebaldeko patioa-obsesio suspergarria, Böcklinen arabera (1934) koadro miresgarria da, zalantzarik gabe, bildumako garrantzitsuenetako bat.

Beste alde batetik, Gizon baten burua III (1931) edo Burua, txoria (1976) lanak Joan Miróren sinbolo eta zeinuen poetikaren adibide bikainak dira. Óscar Domínguez surrealista kanariarraren koadro bikain bi daude ikusgai: Dragoia eta Pianoa, biak 1933koak; Wifredo Lam kubatarrak 1969ko Konposizioa (txoriak gauean) esanguratsua dauka, eta Roberto Matta txiletarrak (Surrealisten taldean sartu zen, Parisen, 30eko hamarkadaren amaieran) Eguerdiko lorea (1956) lana dauka bilduman.

Marc Chagallek surrealismoaren eraginaren erakustaldi ona ematen du, Natura hila, mitxoletadun pitxarrarekin (c. 1959) lanari esker. Elkarren artean adiskide izandako Paul Klee eta Wassily Kandinsky jenio independenteak izan ziren. Hemen, hurrenez hurren, euren lan bikain bi daude ikusgai: Trena mendian (1936) eta Zurixka (1929). Maruja Mallo ere aparteko kasua da; guztiz originala izateaz gain, lanketa geldoko eta hausnarketa handiko margoak ditu. Itsas izarrak lana 1952an pintatu zuen, Buenos Airesko erbestealdian.

Informalismoa Gela iluna (1950) lanarekin agertzen da Tàpiesengan (aro magizistakoa da eta Kleeren kutsua dauka), bai eta Diagonal (1966) izeneko koadro materikoarekin ere. Era berean, Antonio Sauraren Uztondoa (1963) eta Millaresen 178. koadroa (1962) arpillera ere estilo horren barruan daude. Baita, Miquel Barceló Sua hondartzan, izugarrizko neurriekin, eta Beltza zuria, biak 1984koak. Figuraziora bueltatuta (mugimendu horrek hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako pintura espainiarra markatu zuen), adibide garrantzitsu bi daude: Luis Gordilloren Duplex-hegaldian (1972) eta Kronika Taldearen pop eragina islatzen duen Pipak (1981).

Eskulturen atala Julio Gonzálezen obra garrantzitsu batekin irekitzen da: "Tunela" izeneko burua (1932-33) da aipatutako lana. Espazioa marrazteko ideia hori Euskal Herriko eskultore garrantzitsu birengan ere nabari da: Eduardo Chillidarengan, alabastro batean, Lurra izeneko hiru obratan eta bere azken garaiko altzairuzko pieza bitan eta Txomin Badiolarengan Bartzelona piezarekin (1987). Pablo Palazueloren 3. Atalasea aurkezten da (Museoaren kanpoaldean), eta Miquel Navarro valentziarraren, lau obra (Museoaren kaonpoaldean eta sarreran), zeinen artean Kutxa sabaiaren gainean (2001) handia nabarmentzen baita. Nazioarteko eskultura berria ederto dago ordezkatuta, hiru artista garrantzitsuren bitartez: Richard Serra amerikarra, Izkinarekiko angelu zuzenean dagoen ezkerreko izkina (bost aurpegikoa) (1979) marrazki handiarekin; Anish Kapoor angloindiarra, 2004ko alabastro batekin; eta Tony Cragg ingelesa, 2005eko Zutabea lanarekin.

 

En la imagen:
Pablo Picasso (1881-1973)
Le peintre et son modèle I, 1963
Olioa mihisean
Bilboko Arte Eder Museoa

Babeslea: