Erakusketa: Womanology. José Ramón Prieto bilduma - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2021-04-30 • 2021-09-05

Womanology. José Ramón Prieto bilduma

BBK Aretoa

Bilboko Arte Ederren Museoak Womanology erakusketa aurkeztu du, José Ramón Prieto bilbotarraren bilduma bikaina ezagutzera emateko. Arte garaikideko bilduma berezia da, azken bi hamarkadetan bildutakoa, eta bere berezitasuna da emakume artisten lanez soilik osatuta egotea da.

Hala ere, ideia hori ez zen aldez aurretik pentsatu, bilduma pixkanaka antolatzen joan baita, José Ramón Prietok bere esperientziekin eta gustu pertsonalarekin zerikusia zuten artistak eta lanak aurkitu ahala. Urte hauetan irizpide hori zehazten joan da, museo, galeria, azoka eta bienaletara egindako bisitetan, gehienbat Ana San Josérekin batera.

Prietok hala aitortzen du museoak erakusketarako argitaratutako katalogoaren hitzaurrean: "Artearen munduan hasi nintzenean aditua ez banintzen ere, orduan ere neure buruari galdetzen nion zergatik, kultura, zientzia eta politikaren arlo guztietan hainbeste emakume bikain zeudela jakinda, errealitate hori ez zen modu biribilagoan islatzen arte plastikoetan edo musikan. Nola zitekeen XX. mendean emakume artisten presentzia oraindik hain isildua egotea, gaitasun, prestakuntza, inspirazio eta talentu guztia izanda?".

Errealitate hori agerrarazteko asmoa eta ausardia erakusketaren katalogoan islatzen dira. Bertan parte hartzen dute Manuela Mena historialariak (XVIII. mendeko eta Goyaren pintura-kontserbazioko buru Pradoko Museo Nazionalean) eta Ángela Molina filologo, historialari eta arte-kritikariak. Lehenengo kasuan, saiakerak artisten panoramaren genealogia marrazten du artearen historian; bigarrenean, berriz, bildumari berari buruzko hurbilketa kritikoa eskaintzen da, iradokizun eta erreferentez betea.

Arte-multzo garrantzitsu hau orain erakusteko aukera haren interes ukaezinaren eta José Ramón Prietoren eskuzabaltasunaren ondorioa da, zeinak, gainera, Dora Salazarren Tejer II obra eman zion museoari duela hilabete batzuk. Obra 2001ekoa da, eta 32. aretoan dago ikusgai. Baina, era berean, instituzioak azken urteotan artista emakumeen lanari eman dion arreta gero eta handiagoaren emaitza ere bada. Emakume inpresionistak (2001) eta Kiss Kiss Bang Bang (2007) erakusketa aitzindariak denboran hurbil dauden beste ekimen batzuen aurrekaria dira, besteak beste, Emak programarena, bilduman artista emakume gehiago azaltzea nahi duena.

Helburu osagarri horrekin, museoko ikusleek José Ramón Prieto bilduma ezagutzeko aukera izango dute orain, Lourdes Fernández arte-historialari eta kultura-kudeatzailea komisario izan duen erakusketa honen bidez. Muntaia irekia da, pieza bakoitzak bere ahotsa du, eta Xabier Salaberria artistaren lankidetzaz egin da.


Womanology. José Ramón Prietoren bilduma

Womanologyk Lynette Yiadom-Boakyeren izen bereko pinturatik hartzen du titulua, eskuarki outsiderak erretratatzen dituena; horiek benetakoak diren arren errealetik at kokatzen diren pertsonaiak dira, alegia, historian barrena emakumeei askotan gertatu zaiena. Ángela Molinak bere testuan jasotzen duen bezala, bilduman nagusi dira "txikitzen eta mugatzen dituen herentzia kulturalarekiko deserosotasuna disimulatzen ez duten artisten lanak".

Guztira 47 lan dira, eta 37 artistak sortu dituzte; batzuk nazioarteko proiekzio handikoak dira, 1911 (Louise Bourgeois) eta 1977 (Lynette Yiadom-Boakye) artean jaioak. Erakusketak bilduma ia osoa hartzen du (35 artistaren 43 artelan), eta nazioarteko eta bertako arte-eszenako ezinbesteko izenak biltzen ditu, hala nola Marina Abramović, Ana Laura Aláez, Louise Bourgeois, Carmen Calvo, Ángela de la Cruz, Tracey Emin, Jenny Holzer, Donna Huanca, Cristina Iglesias, Barbara Kruger, Elizabeth Peyton, Dora Salazar, Monika Sosnowska, Tatiana Trouvé, Azucena Vieites eta Kara Walker.

Susan Philipszen soinu-instalazioa eta Jenny Savilleren arkatzezko marrazkia sartu berri dira orain ezagutzera ematen den bilduman.

Womanology ez da estilo artistiko bakar batean ardazten, baizik eta lengoaia garaikide anitzez elikatzen da, hala nola pop arteaz, kontzeptualismoaz, minimalismoaz, informalismoaz, abstrakzio geometrikoaz, povera arteaz, konstruktibismoaz, neobarrokoaz, espresionismoaz edo fotorrealismoaz. Formatu handiak ugariak dira, eta, gainera, erakusketa era guztietako diziplina artistikoen erakusgarri ere bada: pintura, eskultura, marrazketa, grabatua, argazkigintza -askotan performancetik eratorria-, mihiztadura, bideoinstalazioa eta soinu-lana; elkarren artean erlazionatzen diren eta bildumagilearen sentsibilitate sakon eta fina duten lanak.

Gehienak XXI. mendekoak dira, beraz, Louise Bourgeois aitzindaria bera ere agertzen da, 2007an, hil baino hiru urte lehenago, egin zuen Pregnant Woman gouachearekin. Lanik zaharrena Pietá argazkia da, Marina Abramovićek eta Ulayk 1983an egindako performance batean ateratakoa. Garaikideena, berriz, Jenny Savilleren Study for Pietá I da, 2021ean arkatzez egindako eta erositako marrazkia. Tarte kronologikoa, beraz, emakumeak ikonografia katolikoan duen irudi bereizgarri baten berrinterpretazio garaikidearekin hasi eta amaitzen da, Ama Birjinean gorpuztua, eta halaxe agertzen da, era berean, Petah Coyneren Untitled #959 piezan.

Young British Artists-eko kidea da Saville, 80ko hamarkadaren amaieran nazioartean ospea lortu zuen taldekoa. Tracey Emin ere taldeko kidea izan zen, eta eskandalu handia sortu zuten proposamenak egin zituen emakumeen sexu-kondizioari buruz. Hemen, brodatutako manta ironiko batekin irudikatuta dago. Ehungintzaren metaforizazioa da artista emakumeen beste praktika bereizgarri bat, Elena del Riveroren lanean ere ikus daitekeenez.

Bildutako lanek hausnarketa egiten dute gai garrantzitsu batzuen inguruan: generoaren eraikuntza, munduaren begirada femenino berezkoa, sexualitatea, psikoanalisia, feminismoa, denboraren iragankortasuna, artearen esanahia, bizitza modernoaren idealaren porrota, erlijioa edo heriotza. Kultura eta diziplina anitzeko multzoa osatzen dute, eta Anna Malagridaren argazkigintzan bezala, gonbit egiten diote ikusleari gure egungo errealitatera azaltzera.

Aldiz, Hannah Collins eta Vera Lutter argazkilariek gogoetazko proposamen estetikoetan jartzen dute arreta -biek zuri-beltzean eta formatu handian-, gelditutako denborarekin eta memoriarekin lotuta.

Jakina, emakumearen ikonografiari eta gorputzari buruzko hausnarketa bildumako hainbat artistak jorratzen dute, era askotako planteamenduetatik. Alicja Kwadek Afroditaren mito klasikoaren zatiak biltzen dituen portzelanazko irudi bat aurkezten du; Ana Laura Aláezengan mito bat ere entzuten da, kasu honetan Narcisorena, pop kulturaren kontsignetatik iragazita. Mitologiak Eve Sussmani ere balio dio, sabinar emakumeen bahiketaren elezahar erromatarra filmikoki berrinterpretatzeko; baita Camille Henroti ere, latinezko tradizioan inspiratu eta komunikazioaren teknologia garaikideekin lotzen baitu.

Hausnarketa historikoa beste artista batzuen abiapuntua ere bada. Adriana Varejãok Brasilgo historia koloniala salatzen du, portugaldar tradizioaren elementu bereizgarri bat -azulejoa- berrinterpretatuz, metafora kultural gisa funtzionatzen baitu. Kara Walker-ek Ameriketako Estatu Batuetako arraza-desberdintasunari buruzko kontakizun bortitzak aurkezten dizkigu.

Irudiaren eta hizkuntzaren boterea oso ikuspegi desberdinetatik interesatzen zaie Barbara Kruger, Jenny Holzer eta Laure Prouvost artistei; psikoanalisitik, ideia feministetatik eta adimen artifizialetik, besteak beste.

Beste planteamendu batzuek pinturan jartzen dute arreta. Esate baterako, Caro Niederer eta bere natura hil iradokitzailea, Afrikarekiko duen pasioa gogorarazten duena. Donna Huancak pigmentu boteretsuak eta ukipen-dohainak erabiltzen ditu bere performanceekin lotutako mihiseetan, eta bere jatorri boliviarrak kulturalki berreskuratzeko lan egiten du horietan. Elisabeth Peytonek artearen historiako "ahaztuetako" bat jasotzen du guztiz figuratiboa den obran: Camille Claudel eskultore frantziarrari egindako omenaldi sotila. Marlene Dumasek, bestetik, era askotako gaiak ikertzen ditu, hala nola erotismoa, ahultasuna edo emakumezkoen gorputzaren ikuspegi maskulinoa, irudien artxibo pertsonal heterogeneotik abiatzen diren tinta eta marrazki delikatuetan.

Ikerketa espaziala eta eskulturari buruzkoa ere ageri dira Jose Ramon Prieto bilduman, Ángela de la Cruz, Monika Sosnowska, Tatiana Trouvé eta Cristina Iglesiasen obra nabarmenen bidez, besteak beste.

Artista horiek proposamen oso pertsonalak zehazten dituzte; esaterako, batetik, Ángela de la Cruzek koadroa desartikulatzen du tradizioz ulertzen dena aintzat hartuta. Cristina Iglesiasek, berriz, lurralde berriak sortzen ditu bere ibilbidean, espazioarekin eta egiturekin egindako lanetik abiatuta. Mende aldaketan datatutako kobrez egindako serigrafia baten bidez -bata 1999an eta bestea 2001ean-, artista donostiarrak teknika artistikoen hibridazioa aldarrikatzen du, beharrezkoa baita existitzen ez diren bere espazioak sortzeko, zeinek XXI. mendeko ikusleen jakin-mina piztu eta, aldi berean, liluratzen baitituzte.

 

Irudian
Eve Sussman (Londres, 1961)
Disintegration at Hydra (The Rape of the Sabine Women fotograma), 2005
José Ramón Prieto bilduma

Erakusketaren edukia: Womanology. José Ramón Prieto bilduma