Artearen Ibilbidea BBK VI - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2025-05-06 • 2025-12-07

Artearen Ibilbidea BBK VI

Istorioak

Ibiltaria

Alde batetik, arteak era guztietako historiak bisualki adierazteko duen gaitasunean eta, bestetik, museoko bildumen aberastasunean oinarrituta, BBK Artearen Ibilbidearen proposamen berriak ibilbide heterogeneo eta askotarikoa eskaintzen du mendebaldeko artean zehar, historian zehar izaera eta jatorri ezberdineko iturri literarioetan inspiratu diren egileekin.

Seigarren edizio honetan, Historiak leloak hainbat artistaren eta hainbat garai eta teknikatako 38 lanen aukeraketa bideratu du –pintura, collagea, akuarela, eskultura, kartela, argazkigintza eta bideoa–, eta José Luis Merino Gorospe museoko Antzinako Arteko kontserbadorea izan da komisarioa.

2020az geroztik, La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea museoaren hedapena eta hezkuntza bere egoitzatik harago eramaten ari da, kultura artistikoa sustatzeko eta espazio publikoetan duen ondarearen aberastasuna ezagutarazteko. Horretarako, edizio bakoitzean, bildumako obrak fideltasun handiz erreproduzitzen dituzten panel batzuez osatutako gailu mugikor berri bati forma ematen zaio.

Horrez gain, ekimen honek bitartekaritza-programa bat eskaintzen du. Programa horrek bisita komentatuak eskaintzen dizkie ikastetxeei eta kultura-elkarteei, eta erakusketa ikustera hurbiltzen diren pertsonen kontsultei erantzuten die. (Informazioa eta erreserbak

Tel.: 94 439 61 41 -astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara-; deac@bilbaomuseoa.eus)

 

Kontakizun kolektibo batzuek irauten dute, beren gai unibertsalei eta esanahi kulturalari esker. Inspiratzaileak dira, edozein garaitan sortuta ere, eta haien artean mito klasikoak eta Itun Zaharreko istorioak daude. Baliteke emozioei buruzkoak izatea (maitasuna, gorrotoa), edo giza desio aitorrezin edo altruismo-egintzei buruzkoak izatea. Artista plastikoek, maiz, kontakizun horietan –benetakoak nahiz fikziozkoak– aurkitu dute inspirazioa obra gogoangarriak sortzeko. Besteak beste, sorta honetan aurkeztutakoak.

“Irudimenak errealitateak baino askoz aginte handiagoa du gure gain."
Jean de La Fontaine

 

Erakusketako lanak

 

Orazio Gentileschi (1563- 1639)

Lot eta bere alabak, c. 1628

Olioa mihisean

1924an eskuratua

69/101

Margolan honek Lot eta haren alabak Sodomatik ihesi doazeneko Bibliako pasartea irudikatzen du. Babesten diren haitzuloaren zulotik, konposizioaren eskuinean, sutan dagoen hiria eta patriarkaren emaztearen irudi ñimiñoa ikusten dira, gatzezko estatua bihurtuta, begirada atzera ez itzultzeko jainkozko agindua ez betetzeagatik. Emakumeak, Lurrean biziraun duten bakarrak izatearen beldur, aita mozkortu dute, harekin ondorengoak izateko, eta, aita, jardunaren ostean, lo ageri da. Gentileschi Caravaggioren jarraitzaile nabarmena izan zen, baina kolore distiratsuago baterantz eboluzionatu zuen. Margolan hau Londresen margotu zuen, han eman baitzituen bere azken urteak, Ingalaterrako Karlos I.aren zerbitzura.

Francisco Gutiérrez Cabello (c. 1616-c. 1670)

Kapritxo arkitektonikoa, Moises uretatik salbatua, c. 1653-1655

Olioa mihisean

1995ean eskuratua

95/205

Exodoaren arabera, faraoiak hebrear lehensemeak sakrifikatzeko agindua eman zuen, haien populazioa kontrolatzeko asmoz, baina Moisesen amak, hura salbatu nahian, saski batean utzi zuen Nilo ibaiaren korrontearen menpe. Koadro honek faraoiaren alabak Moises aurkitu eta berea balitz bezala hazteko erreskatatzen duen unea jasotzen du. Margolariak pasarte horretara jotzen du, zeinaren gai nagusia ia ikusezina den, eta arkitektura fantastikoaren agertoki handi bat sortzen du, tradizio flandestarrean inspiratua eta ukitu gotikoak dituena. Gutiérrez Cabello, XVII. mendeko Madrilgo pinturaren artista berezienetako bat, kapritxo arkitektonikoen produkzioan nabarmendu zen, eta genero horrek bezero asko ekarri zizkion.

Domenico Piola (1628-1703)

Job eta bere seme-alabak, c. 1650

Olioa mihisean

1923an eskuratua

69/196

Hondakinen artean dauden gorpuak Joben seme-alabenak dira, Satanasek bidalitako haizete indartsu baten ondorioz beren etxea suntsitu ondoren hilak. Jobek Jainkoarengan zuen fede hautsezina frogatzeko egin zituen zazpi probetatik bigarrena da. Profeta kaosaren lekuko mutu gisa agertzen da, diagonalen, konposizio nahasi baten eta argiaren erabilera trebearen bidez adierazia. Domenico Piola, XVII. mendearen bigarren erdiko margolari nabarmena, estilo barroko ikusgarri batetik ikusmolde bareago eta finago batera igaro zen. Piola Etxeko lehen belaunaldikoa izan zen. XIX. mendera arte Genovako artea menderatu zuen etxe horrek.

Mari Puri Herrero (1942)

Jakoben ametsa, 1982

Akuarela paperean

2016an eskuratua

© Mari Puri Herrero, VEGAP, Bilbao, 2025

16/1102

Bibliako Jakob patriarkak basamortura ihes egin zuen bere anaia Esauren aurka borrokatu ondoren, eta han lo egin zuen, nekatuta, harri bat burko gisa erabiliz. Ametsetan, zeruraino igotzen zen eskailera bat ikusi zuen, zeinean aingeruek gora eta behera egiten zuten, eta Jainkoak hitz eman zion bere ondorengoak lurreko hautsa bezain ugariak izango zirela. Kristau interpretazioan, eskailerak zeruaren eta lurraren arteko lotura gisa sinbolizatzen du Jesukristo, aldi berean Jainkoaren seme eta gizon delako. Mari Puri Herrerok eszena hau akuarelaz birsortu du, bere lanaren ezaugarri den giro onirikoa emanez. Ibilbide luzea duen artista bilbotarrak Eusko Jaurlaritzak ematen duen Gure Artea saria jaso zuen 2022an.

Anonimo katalana. XIII. mendearen azken herena

Noeren kutxa

Tenpera intxaurrondo-oholean

69/256

1959an eskuratua

Margolan honek, kolore lauez eta marrazki eskematiko eta erritmiko batez irudikatua, Uholde Unibertsalaren ondorengo uren jaitsieraren unea irudikatzen du. Noe eta haren familia arkaren leihoetatik ikus daitezke. Usoari olibondo-adarrarekin harrera egin ondoren, babeslekutik alde egiteko prestatzen ari dira. Hegaztiaren eskala desproportzionatuak fededunei lagunduko lieke historiaren une zehatza identifikatzen. Pessonadako (Lleida) Santa Maria elizatik dator obra, eta horizontalki lotutako zurezko pieza batzuek osatzen dute. Museoko bilduman dagoen Kristo gurutziltzatuaren beste margolan batekin batera, baldakin baten parte izan zen, seguruenik.

Lucas Cranach “Zaharra” (1472- 1553)

Lukrezia, 1534

Olioa pago-oholean

2012an eskuratua

12/79

Lukrezia ederra Erroma zaharreko familia ospetsu batekoa zen. Luzio erregearen seme Sexto Tarkiniok bortxatu egin zuen, eta, gainera, mehatxu egin zion, salatuz gero. Lotsaren lotsaz, bere buruaz beste egin zuen senarraren eta aitaren aurrean. Gertaerak hiritar nabarmenen nahigabea piztu zuen eta eragin handia izan zuen Erroman errepublika ezartzean. Cranachek, ideologia protestantea arteari aplikatu zion lehen margolari alemaniarretako batek, heroiaren bertsio ugari egin zituen. Honetan ia biluzik agertzen da bere edertasuna eta babesgabetasuna azpimarratzeko, daga hilgarria bere bularrean sartzen duen unean.

Martin de Vos (1532-1603)

Europaren bahiketa, c. 1570-1575

Olioa haritz-oholean

Horacio Echevarrieta jaunaren dohaintza 1919an

69/241

Jupiter, Erromako jainkorik boteretsuena, zezen zuri bihurtu zen Europa bahitzeko, Europa itsasertzean lagun batzuekin jolasten ari zela. Martin de Vos Anberesen jaio zen, eta Italian ikasi zuen. Alde batera uzten ditu bortxaketa-istorio honetako elementu dramatiko eta zitalenak. Paisaiari eta hondoko eszenei garrantzi berezia emateaz gain, emakumearen biluzian jartzen du arreta, sfumato eta lausodura leunen bidez modelatua. Tunika horiak eta zapi gorriak kolorea eta mugimendua eransten diote konposizioari.

Eugène Grasset (1845-1917)

Joana Arc-ekoa, Sara Bernhardt, 1890

Koloretako litografia paperean

Bilduma partikular baten dohaintza 2013an

13/13

Joana Arcekoa frantses nekazari gazteak, Jainkoaren inspirazioz, ingelesen aurkako armada gidatu zuen Ehun Urteko Gerran. Harrapatu, heresiagatik epaitu eta bizirik erre zuten 1431n. 1890ean Sarah Bernhardt aktore ospetsuak antzerkira eraman zuen pertsonaia, eta Eugène Grassetek horretarako kartel bat diseinatu zuen, bere art nouveau estilo bereizgarria eta heroiaren irudikapen dramatikoa konbinatuz. Bernhardtek intentsitate handiz gorpuztu zuen pertsonaia. Kartelak haren energia eta haren sakrifizioaren sinbolismoa jasotzen ditu marrazki dotore baten eta konposizio dinamiko baten bidez. Aukeratutako tipografiarekin batera, itxura neomediebala ematen diote. 1920an, Joana Arcekoa kanonizatu eta Frantziako zaindari izendatu zuten.

Dorothea Fisher-Nosbisch (1921-2009)

Tentazioa goian bizi da, 1960

Offseta paperean

Bilduma partikular baten dohaintza 2015ean

15/63

Protagonista nagusi Marilyn Monroe eta Tom Ewell dituen komedia erromantikoa da Tentazioa goian bizi da (1955), Billy Wilderrek zuzendua. Udan New Yorken bakarrik geratu den gizon ezkondu bati bizilagun berria gustatzen zaio, eta horrek egoera barregarriak sortuko ditu. Dorothea Fischer-Nosbischek, Atlas-Film ekoiztetxearen ohiko kolaboratzaileak, diseinatu zuen filmaren kartela, hainbat teknika uztartuz. Irudiak William Travillaren soineko zuria erakusten duen aktorearen promozio-argazki bat du oinarri, filmaren kredituak tipografia moderno batean estanpatuta. Kolore aseek eta hondo piktoriko abstraktuak irudi zirraragarria sortzen dute, pop ukituarekin, protagonistaren sentsualitatea eta fikzioaren tonu arina azpimarratuz.

Friedrich Rehberg (1758- 1835)

Kain, c. 1791-1795

Olioa mihisean

Quintoko baroiaren dohaintza 1914an

69/200

Bibliaren arabera, Kain izan zen lehen fratrizida. Bere anaia Abel hil zuen jelosiagatik, horrela, bekatua eta Jainkoaren kondena irudikatuz. Friedrich Rehbergen lan honek XVIII. mendearen amaierako eta XIX. mendearen hasierako klasizismo europarra islatzen du. Kainen irudia, estatuagintza klasikoaren eraginpean, arma eta sugea oinetan dituela, erdian dago. Atzealdeko paisaian, berriz, Abel eta gurasoak ageri dira, eta humanismo neoklasikoari egiten dio erreferentzia. Jainkozko izpiak jatorrizko justizia sinbolizatzen du. Bere garaian Rehbergek aintzatespen handia izan bazuen ere, mugimendu artistiko berritzaileenak arbuiatu izanagatik ahantzia izan da.

Francisco Durrio (1868- 1940)

Evaren ametsa, c. 1908

Zeramika beiraztatua

Quintin de Torre jaunaren dohaintza 1958an

82/114

Ia laua eta zirkularra den zeramikazko azalera batek, behe-erliebean, profilezko emakumezko irudi biluzi bat erakusten du. Fetu-jarreran, besoak belaunen gainean eta burua etzanda, lo dago, eta sugea zelatan dauka garondoaren parean. Evaren kontakizun biblikoaren berrinterpretazio bat da: hemen ez du sagarra hozkatzen, narrastia da zaurgarritasun-une baten zain dagoena, erasotzeko. Gauguinen eraginez, Durriok zeramika material artistikoaren kategoriara igo zuen. Gai horren beste bi bertsio egin zituen, brontzez eta letoi leunduz.

Anonimo aragoiarra. XV. mendearen hirugarren laurdena

San Antonioren tentaldiak

Tenpera oholean

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basaberen dohaintza 1942an

69/37

San Antonio Abad monje kristaua izan zen; haren historiak elementu errealak eta kondairazkoak batzen ditu. Basamortuan ermitau-bizitza egiteko utzi zituen ondasunak, eta meditazioan eta penitentzian aritu zen. Han, hainbat tentazio fisiko eta psikologiko izan zituen, emakume limurtzaileen edo deabruzko munstroen forma hartuta, gizakiak bere grina eta bizioen aurka egiten duen borrokaren sinbolo. Santuak bere arima usteltzeko deabruzko saiakeren aurrean duen erresistentziaren irudikapen bisuala bertutearen eta bekatuaren arteko gatazkaren alegoria bat da.

Alberto Rementería (1953)

Deikundea, 2006

Teknika mistoa mihisean

Artistaren dohaintza 2013an

© Alberto Rementería, VEGAP, Bilbao, 2025

13/3

Agertoki honek Italiako Errenazimentuari egiten dio erreferentzia, aurrealdeko perspektibak irudikatzen dituzten Giottorengan inspiratutako arkitekturekin, garai hartako freskisten baliabide tipikoa. Kolorea italiar estiloko kolore-sortaren sublimazioa da, eta komikietako bunbuiloen itxura duen dekorazio begetalizatuak kutsu pop eta disruptiboa ematen du. Irudi kultu baina ironiko honetan, artistak bere burua biluzik erretratatzen du, Deikundeko aingerua bezala. Rementería Euskal Herriko Arte Ederren Goi Eskolako bigarren promoziokoa da, eta han irakasle izan zen 2014ra arte. Haren lanak, figurazioari leial, askotariko gaiak jorratzen ditu, hala nola bere hastapenetako burgesia txikiaren rudikapenak edo kitsch kutsuz egindako motibo erlijiosoen berrinterpretazioak.

Pere Nicolau (1390 eta 1408 bitartean dokumentatua

Andre Mariaren zazpi bozkarioen erretaula (Deikundea), c. 1398

Tenpera basa-pinuzko oholean

1934an eskuratua

69/182

Eszena honek kristautasunerako bi une giltzarri biltzen dituela dirudi: Deikundea eta Gizakundea, jarraian doakiona. Gabriel goiaingerua belaunikatu egiten da Mariari berri ona emateko; atzealdean, Espiritu Santuaren eta Jainko Aitaren irudiak bereizten dira. Pintura hau Ama Birjinaren bizitzari buruzko erretaula baten zati da, eta museoak ia osorik gorde du. Nazioarteko estilo gotikoaren adibide ederra da, zeinaren gakoak formen estilizazioa, xehetasunen eta egituren deskribapen zehatza eta kromatismo distiratsua diren. Pere Nicolau egilea artista aktiboa izan zen Katalunian, Aragoin eta Valentzian, XIV. mendearen amaieran eta XV. mendearen hasieran.

Sofonisba Anguissola (1535-1625)

Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak, 1588

Olioa mihisean

2021an eskuratua

21/2

Katalina Alexandriakoa printzesa ospetsua 290. urte inguruan jaio zen. Kristautasunera konbertituta, uko egin zion jainko paganoei sakrifizioak egiteari, eta enperadorea gonbidatu zuen benetako jainkotasunari buruzko eztabaida batera. Hark, orduan, zenbait jakintsu handiri deitu zien, baina emakumeak gainditu egin zituen, adimenez. Horregatik, gurpil horzdun batekin martirizatu zuten, eta ezaugarri horrekin irudikatzen da normalean. Anguissolak Kristori ezkontza mistiko batean sagaratzen zaion unea harrapatu du. Horretarako, Luca Cambiasoren konposizio bat du inspirazio-iturri, eta hari gozotasun eta intimitate berezia eransten dio. Margolari bikain hau gizonak nagusi ziren eszena artistiko batean nabarmendu zen eta Michelangelo eta Van Dyck lankideen aitorpena jaso zuen.

Juan José Aquerreta (1946)

Deikundea, 1979

Olioa mihisean

1982an eskuratua

82/212

Juan José Aquerreta Deikundearen irudikapen tradizionalez jabetzen da hemen, gizonezko bi irudi aurkezteko: batak, zutik, banantze-lerro bat ukitzen du, ate bat joko balu edo irekitzear balego bezala. Bestea, berriz, itxaroten ari da, jarrera pentsakorrean. Kolorea eta testura horma-pintura klasikoan inspiratzen dira, eta multzo osoak oroitzapen metafisikoko aura mistiko bat sortzen du. 2001ean Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen Aquerretak, eta giza izaeraren azterketa sakona jorratu du bere lanean. Bere sinesmen erlijiosoek eta sufrimenduari buruzko gogoetak dimentsio espirituala eta transzendentea ematen diete haren sormen-lanei.

Pedro Orrente (1580- 1645)

Isaaken sakrifizioa, c. 1616

Olioa mihisean

Luis Castells Tohá jaunaren dohaintza, emazte Carmen Bertendonaren oroimenez 1975ean

82/3

Eszena hau Genesiaren historia konplexuetako bat da. Bertan, aingeru batek Abraham geldiarazten du, bere semea sakrifikatzeko zorian dela, Jainkoaren borondatearenganako menpekotasuna erakusteko. Biktima, azkenean, arkume txiki bat da, Kristoren aurreirudikapena. Valentziako eskolan ohikoa den naturalismo piktorikoa nabarmentzen da hilketaren elementuen eta animaliaren artilearen tratamenduan. Argiaren maneiuak, mutilaren gorputza argi-ilunean modelatuz, estilo caravaggiarrari jarraitzen dio. Orrentek, Venezian egon zen bitartean, Leandro Bassano margolariarentzat lan eginez bereganatu zuen eragin hori.

Andrés Nagel (1947)

89019, 1989

Koloretako collagea grabatuan

José María Tasende jaunaren dohaintza amaren Ángela Tasende Elkoroiribe andrearen oroimenez 2015ean

© Andrés Nagel / Derwald Nagel, VEGAP, Bilbao, 2025

15/34

San Sebastian Erromatar Inperioko soldadu bat izan zen, bere kristau fedeagatik martirizatua, artearen historian behin eta berriz errepikatzen den gaia. Haren berrinterpretazioan, Andres Nagelek geziek zeharkatutako santua irudikatzen du teknika mistoaren eta collagearen bitartez. Irudia grisailan tratatuta dago, tonu moreetan, neon-argia gogorarazten duten ingerada zuriekin. Hori koloreko atzealde argitsu baten gainean nabarmentzen da eta, hala, argi-ilunaren efektua pintura tenebristak erabiltzen duenaren alderantzizko moduan sorrarazten da. Sufrimenduaren konplexutasunari aurre egiteko, Nagelek alderdi erlijiosoa eta erotikoa uztartzen ditu pop estetika batekin.

Vicente Castelló (1580 - 1636)

Alexandriako Santa Katalinaren martirioa, c. 1617

Olioa mihisean

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1949an

69/204

Irudi honek Santa Katalina erromatar enperadoreak jarritako martiriotik askatzera aingeru batzuk joaten diren unea erakusten du. Emakumearen irudia, erdi biluzik, tente ageri da erdian, gurpil horzdun handi batek zatikatzeko zorian. Alde banatan zaldizkoak eta oinezko gizonak amiltzen dira, tortura-tresna hautsi eta santari ereinotzez eta lorez egindako koroak ekartzen dizkioten aingeruen etorrerak harrituta. Pinturan, dena ekintzaz eta dramaz zamatuta dago, eta ukitu apokaliptikoa du. Castellók aitaginarrebaren tailerrean lan egin zuen, Francisco Ribalta margolari barrokoarenean, eta Valentziako naturalismoaren ordezkari onenetako bat izan zen.

Rogelio de Egusquiza (1845-1915)

Tristan eta Isolda (Heriotza), 1910

Olioa mihisean

2000an eskuratua

00/9

Koadro honek Richard Wagnerren opera ospetsu bat du inspirazio-iturri, eta Erdi Aroko kondaira bat berreskuratzen du, karga emozional handiarekin. Tristan bere osaba Marke erregeak bidali du Isoldaren bila, erregearekin ezkontzera behartuta. Bidaian, gazteek edabe bat edaten dute, pozoia delakoan, baina benetan maitasun-iragazkia da. Nahasmendu horrek amaiera tragikoa dakar. Oihalean, hilda daude biak, sentsualitatez blaitutako giro irreal batean. Lurretik sortzen diren lo-belarrek betiko ametsa sinbolizatzen dute. Wagnerren lanak sakonki hunkitu zuen Egusquiza eta, “arte osoa” kontzeptuak erakarrita, hainbat diziplina arakatzeari ekin zion. Haren pintura sinbolismo neoidealista baterantz itzuli zen orduan.

Nemesio Mogrobejo (1875 - 1910)

Ugolino, 1908-1909

Zilarra

2014an eskuratua

14/6

Ugolino della Gherardesca, Donoraticoko kondea, XIII. mendean Pisako jaun bihurtu zen, bere bandoaren aurka, gibelinoena, konspiratuz. Gibelinoek boterea berreskuratu zutenean, haien liderrak, Ruggieri degli Ubaldini artzapezpikuak, Torre della Mudan konfinatu zituen, Ugolino eta haren ondorengoak denak gosez hil ziren arte. Jainkotiar komedia-n, Dantek iradokitzen du noblea, hil aurretik, bere seme-alaben haragiaz elikatu zela, eta Infernuko bederatzigarren zirkuluan aurkezten du –traizioari eskainitakoan– bere etsaiaren garezurra irentsiz, zilarrezko erliebe hau jasotzen duen unean. Mogrobejok art nouveau-tik hurbil dagoen estetika batean pilatzen diren anatomia krispatuko gorputzak aurkezten ditu.

Abraham Mignon (1640- 1679)

Lore girlanda, c. 1675

Olioa mihisean

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1953an

69/223

Arretaz begiratu behar da mihisea, konposizioaren erdian dagoen emakumearen eskutik igotzen den suge txikia detektatzeko. Haren janzkera nobleak eta narrastiaren eta neskame baten presentziak Kleopatra gisa identifikatzea ahalbidetzen dute. Mignonek, ideologia kalbinistako artista, gai hau islatzen du, ziurrenik enkarguz, girlanda hauen espazio nagusia hartu ohi zuten eszena erlijiosoen ordez. Loreen deskribapen ia zientifikoa Herbehereetako Urrezko Mendeko margolari honen ezagutza botaniko sakonari eta trebetasun apartari esker soilik da posible.

Orazio Gentileschi (1563- 1639)

Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin, c. 1605- 1612

Olioa mihisean

Óscar Alzaga Villaamilen dohaintza 2021ean

21/83

Juditek, israeldar alargun ausart batek, bere hiria salbatzen du asiriarren armadaren setiotik, Holofernes, etsaien jenerala, mozkorraraziz. Holofernes lo dagoela, Juditek lepoa mozten dio, haren ezpatarekin. Koadroan heroia eta haren neskamea ageri dira, gizonaren burua saski batean daramatela ihesean, eta, hala, herriari borrokarako adorea ematen. Orazio Gentileschi margolariaren lehen etapako obra honek agerian uzten du Caravaggioren eragin handia, Juditen aurpegia itzalean uzten duen argi-ilun bizian. Beharbada, egilearen alaba, Artemisia Gentileschi margolaria, izan zen haren jabea.

Paula Scher (1948)

Veneziako Merkataria, 1996

Serigrafia paperean

Bilduma partikular baten dohaintza 2019ean

19/88

William Shakespeareren Veneziako merkataria-k Antonioren istorioa kontatzen du. Antonio merkatariak mailegu bat eskatu dio Shylocki, Bassanio lagunari Porcia gorteiatzen laguntzeko. Lukurreruak bere haragiaren libra bat eskatzen dio Antoniori, berme gisa. Ordaindu ezin duenean, lege-gatazka bat piztu da: Porciak, abokatuz mozorrotuta, Shylock garaitu eta Antonio salbatzen du. Dramak gizakiaren patuari eta erabakiei buruzko hausnarketa egiten du. Kartel honek agerian uzten du Paula Scher egileak New Yorkeko Shakespeare Jaialdirako sortutako kanpainaren estetika berria. Jaialdia 1994an hasi zen egiten. Tipografia lodia du, eta hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetako konstruktibismoan eta bere garaiko musika-joeretan eta performatibitatean inspiratzen da.

Suzan Pitt (1943-2019)

Txirula magikoa,1983

Serigrafia paperean

Bilduma partikular baten dohaintza 2019an

19/105

Txirula magikoa-k Wiesbadenen 1983an izandako estreinaldiaren kartela Suzan Pitten estilo esperimentalaren isla ona da, ikuspegi surrealistarekin Mozarten operaren esentzia fantastiko eta sinbolikoa harrapatzen baitu. Diseinuak Tamino protagonistari jazartzen zaion suge erraldoia du ardatz, aurre egin behar dion erronkaren irudikapen gisa. Gaueko Erreginaren presentzia itzela haren boterea eta misterioa sinbolizatzen duten irudi ilunen bidez iradokitzen da. Argi-ilun indartsuak argiaren eta iluntasunaren arteko dualtasuna adierazten du, ongiaren eta gaizkiaren arteko gatazka aipatzen duten lanaren elementu nagusiak. Gainera, kolore biziak erabiltzearekin batera, konposizioaren magia nabarmentzen laguntzen du. .

Anselmo Guinea (1855-1906)

Idilioa Arratian, 1889

Olioa mihisean

Antonio Plasenciaren dohaintza 1914an

82/2420

Eszena xume eta maitagarri hau Antonio Truebak euskal baserri munduari buruz egindako kontakizun edulkoratuetan inspiratuta dagoela dirudi. Bizkaiko Arratia bailarako baserri baten aurrean, neska batek lihoa astintzen du (kolpekatu egiten du zikinkeriak kentzeko), gustura irribarre eginez mutil gazte batek, zigarro bat biltzen duen bitartean, kontatzen dizkion istorioekin. Eskailerako barandak bereizi egiten ditu, harremanaren kastitatea mantentzeko, italiar pinturako idilio baserritarren erara. Trantsizioko lan honetan, Guineak erromatar estiloa, Parisen egon aurrekoa, argi-ilunaren eta marrazki solidoaren erabilerarekin konbinatzen du, eta pintura modernoago baterako eboluzioaren hasiera markatzen du, Adolfo Guiarden eraginpean, kolore freskoekin eta pintzelkada soltearekin.

Jesus Mari Lazkano (1960)

Gianbolognaren omenez, 1991

Akrilikoa oholari itsatsitako mihisean

2002an eskuratua

© Jesus Mari Lazkano, VEGAP, Bilbao, 2025

02/85

Pintura handi honek banketxe bat duen Bilboko eraikin baten goiko aldearen ikuspegia dakar, Giovanni Bolognak 1574an Medici familiarentzat sortutako Hermesen kopia batez koroatua. Merkataritza eta azerikeria pertsonifikatzen dituen greziar mito horrek –Merkurio, erromatarrentzat– hegan egiten zuen sandalia hegaldunekin, jainkoen mezulari gisa, eta azpimunduan sar zitekeen. Kolore irrealek, harriak, amarruz egindako inskripzioek eta erlojuak markatzen duen orduak, zerumugako argi baxuarekin kontraesanean, irudi txundigarria osatzen dute. Konposizio bikaina eta marrazteko eta modelatzeko trebetasuna ditu ezaugarri artista emankor honek, eta txunditu egiten du beti bere panoramika ikusgarriekin.

Luis Paret (1746-1799)

Maitasunaren garaipena Gerraren aurrean [I], 1784

Olioa mihisean

Alicia Koplowitz Romero de Juseuren dohaintza 2018an

18/8

Luis Paretek margotu zuen lan hau Bilbon erbesteratuta egon zen garaian. Formatu eta neurri bereko beste batekin bikotea osatzen du, eta haren gai bera du: gerraren gaineko maitasunaren garaipenaren gorespena, bereziki senar-emazteen arteko maitasunarena. Kupido gezi bat jaurtitzera doa, Venus maitasunaren jainkosa sinbolizatzen duten hiru arrosa kordatuz. Beste eskuan, Lurraren gainean duen boterearen aipu gisa, desegiten diren loreen sorta bat dauka. Ezkerreko kaskoak Marteri, gerraren jainkoari, egin liezaioke erreferentzia, eta gezi-ontziak, berriz, Kupidoren armak dauzka. Bi mihiseak serie baten parte izan ziren beharbada, eta egilearen goi-mailako kultura azpimarratzen duen rococo ikonografia aberatsa dute.

Julio Romero de Torres (1874-1930)

Poesiaren Venus, 1913

Olioa mihisean

Bizkaiko Foru Aldundiaren gordailua, BBVAren dazioaren bitartez 2003an

DEP645

Mihise honek Raquel Meller kupletista eta aktore ezaguna aurkezten du, Venus jainkosa gisa pertsonifikatua, maitasunaren eta edertasunaren sinboloa. Geroago bere senarra izango zen Enrique Gómez Carrillo diplomazialari eta idazle guatemalarrak, artistaren sinadura duen ohar bat sostengatuz, gorteiatuta agertzen da. Emakumea, etzanda, farfailezko mantelina bat jartzen ari da, eta haren ondoan arrosa bat dago, pasioaren irudia. Atzealdean, Kordoba hiria ikusten da, Puerta del Puenterekin eta Guadalquivir ibaiarekin, giro oniriko batean. Errealitatea eta idealismoa nahasten dira, beraz, Espainia folklorikoarekin bat egiten duen emakume sentsualaren irudikapen honetan, eta, aldi berean, sormenaren modernitatea islatzen du, hainbat korronte estetiko bateratzen baititu.

Ana Laura Aláez (1964)

Tximeletak (bi fotograma), 2004

Bideoa CD-n (7 min 59 s)

Artistaren dohaintza 2020an

© Ana Laura Aláez, VEGAP, Bilbao, 2025

20/224

Fotograma hauek Ana Laura Aláezek Daniel Holc musikari eta DJ alemaniarrarekin batera egindako bideo batekoak dira. Horretan, Holcek Aláezentzat idatzitako maitasun-kanta bat entzuten da, eta kantaren leloak galdera hau egiten du: "Zer gertatuko da urdailean tximeletarik sentitzen ez dugunean?". Aláez biluzik dago atzealde neutro baten aurrean, eta abestia interpretatzen du, ikusleak ia entzun ezin duena, kamerarik ez balego bezala, intimitatea iradokitzen duen eszena batean, baina baita zaurgarritasuna ere. Ikus-entzunezkoak, oso bakana artistaren ibilbidean, proiektu berriak ekarri ditu, horietako batzuk eskulturazkoak.

Itziar Okariz (1965)

Variation sur la même t'aime, 1992

Inprimaketa digitala RC paperean

2020an eskuratua

20/172

Argazki hau Itziar Okarizek egindako serie batekoa da, eta Espainian aitzindari den moduan islatzen du artea zein eguneroko bizitza zeharkatzen dituen identitatearekiko kezka –bereziki sexuala eta generokoa, baina baita politikoa eta kulturala ere–. Bere gorputza material artistiko eta "disidentziarako" espazio gisa erabiliz, zalantzan jartzen ditu arau eta konbentzio sozialak eta, aldi berean, agerian uzten du bere gogoetaren denboragabetasuna. Ilea txukundu eta bere irudia aldatzean, Okarizek etiketaz eta estereotipoz jositako mundu batean nor garen ulertzeko etengabeko ahalegina azpimarratzen du.

Isabel Baquedano (1929-2018)

Eszena Korintoko Apoloren tenpluan, 1980

Olioa eta ikatz-ziria mihisean

Mayte Baquedano Elviraren dohaintza 2020an

20/182

Apoloren tenpluaren ikuspegi honek, zeinaren aztarnak Korinton dauden, antzinako Greziara eramaten gaitu, Isabel Baquedanoren inspirazio iturri nagusienetako batera. Lehen planoan amaitu gabeko itxura duten irudiak xehetasun guztiez gabetuta daude, artistak baliabide estilistiko eta adierazkorrak, ahalik eta sinplifikaziorik handiena lortu arte, garbituz joango zen estetikarantz egindako bidea aurreratuz. Baquedano Iruñeko Arte eta Ofizioen Eskolan irakasle ere izan zen, eta, haren ibilbide artistikoan, postkubismoaren, informalismoaren, figurazio berriaren, espresionismoaren, errealismo sozialaren eta espainiar testuinguruko pop mugimenduaren eraginak nabari dira, nahiz eta beti soiltasun material eta kontzeptualean ardaztutako bere estilo pertsonaletik iragaziak izan.

Barbara Baranowska (1934)

Possession, 1981

Offseta paperean

Bilduma partikular baten dohaintza 2023an

23/223

Andrzej Żuławskik zuzendutako Possession (1981) filmak Annaren (Isabelle Adjani) krisi emozionala kontatzen du, ezkontza haustura ekaiztsu baten erdian. Eromenaren, desleialtasunen eta naturaz gaindiko indarren espiralean barneratzen da trama, obsesioarekin, etsipenarekin eta barne-gatazkarekin lotutako gaiak aztertzeko. Eszena zirraragarrienetako batean, garroak dituen izaki batek bereganatzen du protagonista. Barbara Baranowska diseinatzaile poloniarrak irudi hori birsortzen du hemen, Medusaren irudi mitologiko atsekabetuaren bidez. Baranowskak hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako zinemako kartel ikonikoak egin ditu, hala nola Mel Stuartek zuzendutako Willy Wonka-ren bertsioarena (1971) eta Luis García Berlangaren Grandeur Nature (1974) filmarena.

April Greiman (1948)

Los Angeles Olympic Games, 1984

Offseta paperean

Bilduma partikular baten dohaintza 2021ean

21/251

Olinpiar Jokoen jatorria Greziako Olinpia hirian K.a. VIII. eta IV. mendeen artean egiten ziren atletismo-lehiaketetan dago. XIX. mendean, tradizioa berreskuratu zen nazioarteko kirol-ekitaldi gisa, eta Olinpiar Joko modernoen lehen edizioa Atenasen egin zen 1896an. Kartel honek 1984an Los Angelesen antolatu zirenak iragartzen ditu. April Greimanek sortu zuen. Diseinu grafiko digitalaren aitzindaria da Greiman, ordenagailua diziplina horretan erabiltzen hasi zen lehenengoetakoa izan baitzen. Ikuspuntu esperimentalagatik eta teknologiaren erabilera berritzaileagatik ezaguna, haren estiloak tipografia, argazkigintza eta grafikoak uztartzen ditu konposizio dinamikoetan.

Jacob Jordaens (1593-1678)

Satiroa txirula jotzen (Jupiterren haurtzaroa), c. 1639

Olioa mihisean

1989an eskuratua

89/48

Jacob Jordaensek sarritan jo zuen satiroaren pertsonaia mitologikoaren irudikapenera, hemen inguru malenkoniatsu batean kokatua. Haren estiloa pintzelkada dardaratsuagatik eta argi-kontrasteen erabilera nabarmenagatik bereizten da, mihisearen argi krepuskularrean ikus daitekeen bezala. Konposizioaren barruan, beheko aldean, umeekin egindako eszena bat eta lokartutako ninfa bat zeuden, Jupiterren haurtzaroaren balizko aipamena, baina moztu egin zuten uneren batean. Jordaens Anberesen trebatu zen, Adam van Noorten tailerrean. Rubens –zeinarekin kolaboratu zuen– eta Van Dyck hil ondoren, Herbehereetako margolari arrakastatsuena izan zen. Obra hau haren garairik emankorrenekoa da.

Idoia Montón (1969)

Sakrifizioa II, 2021

Olioa, akrilikoa eta collagea liho gainean

2022an eskuratua

22/149

Idoia Montónek Sakrifizioa edo Eskaintza bere seriearen parte gisa sortu zuen obra hau, 2019an Kurdistanen egindako egonaldian inspiratuta. Eskualdeko iragan arkeologikoaren elementuak eta bere eguneroko inguruko beste batzuk konbinatzen ditu: Bartzelonako bere estudiotik ikusita, pintura flandestarrari erreferentzia egiten dion ispilu ganbila eta zurezko agertoki bat, lehoi eme sakrifikatu bati eusten dion irudi geometriko batekin. Animaliak Asurbanipalen lehoi ehizaldia baxu-erliebea (British Museum, Londres) dakar gogora, suntsipenaren zein errituaren oroitzapen gisa. Zeremonia-giroa gordetzen badu ere, eszena haren intentsitate naturalista desagertu egiten da irudi honetan.

José Echenagusía (1844- 1912)

Sanson eta Dalila, 1887

Olioa mihisean

1994an eskuratua

94/49

José Echenagusíak Italian margotutako mihise handi honek Sansonek Dalilari bere neurriz gaineko indarraren sekretua –ile luzea– erakusten dion unea irudikatzen du. Kolore-sorta txiki batekin, hainbat objektu eta ehun erakusteagatik nabarmentzen da, baina bere garaian “zapore bibliko” faltagatik kritikatua izan zen, orientalismoaren eraginak gainjarri zitzaizkiola iritzita. Antzinako Egiptoko exotismoak artista ugari erakarri zituen, eta horiek Echenagusíaren pintura agertoki horretan girotu zuten. Echenagusía Erromako espainiar koloniako kide nabarmena izan zen, eta ibilbide zabala izan zuen, bereziki gai historiko eta kostunbristetan zentratua. Euskal Herrian ere dekorazio-lan garrantzitsuak egin zituen.

Alberto Schommer (1928-2015)

Egipto, 2001

Inprimaketa digitala paperean

Artistaren dohaintza 2013an

© Fundación Alberto Schommer, VEGAP, Bilbao, 2025

13/109

Alberto Schommerren argazki honek Gizehko Esfingearen handitasuna atzematen du lehen planoan. Haren atzean piramidea dago, egiptoar zibilizazioaren eta kontakizun zirraragarriak iradoki dituen haren kulturaren handitasunaren eta misterioaren sinboloa. Konposizio simetrikoak esfingearen baretasuna nabarmentzen du piramidearen monumentaltasunaren aurrean, gizatasunaren eta arkitekturaren arteko ikusizko jolas batean. Zuri-beltza aukeratzeak areagotu egiten ditu itzalak eta testurak, eta, hala, irudiak aire atenporala eta iradokitzailea hartzen du. Schommerrek, bere erretratuengatik eta bere lanaren ikuspegi dokumentalagatik ezaguna, teknika, sakontasun emozionala eta estilo soila uztartzen ditu bere argazkietan gauzen esentzia atzemateko.

 

Ibilbideak

 

UDALA DATAK Bilbo maiatzak 6-12 Barakaldo maiatzak 13-19 Santurtzi maiatzak 20-26 Karrantza maiatzak 27-ekainak 2 Gueñes ekainak 3-9 Portugalete ekainak 10-16 Trapagaran ekainak 17-23 Abanto-Zierbena (Las Carreras) ekainak 24-30 Balmaseda uztailak 1-7 Getxo uztailak 8-14 Plentzia uztailak 15-21 Bermeo uztailak 22-28 Mundaka uztailak 29-abuztuak 4 Bakio abuztuak 5-11 Gorliz abuztuak 12-18 Gernika abuztuak 19-25 Busturia abuztuak 26-irailak 1 Turtzioz irailak 1-7 Gamiz-Fika irailak 8-14 Sestao irailak 15-21 Gordexola irailak 22-28 Artea irailak 29-urriak 5 Ugao-Miraballes urriak 6-12 Etxebarri urriak 13-19 Basauriurriak 20-26 Amorebieta-Etxano urriak 27-azaroak 2 Artzentales azaroak 3-9 Sopuerta azaroak 10-16 Berriz azaroak 17-23 Markina azaroak 24-30 Durango abenduak 1-7

Babeslea: