Erakusketa: Valdés bildumako maisulanak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2020-10-07 • 2021-02-28

Valdés bildumako maisulanak

32. aretoa

Valdes bildumako maisulanak erakusketak 79 obra bilduko ditu. Maisulanok biltzen zituen Bilboko bilduma entzutetsua bere garaiko hoberenetako bat zen. Lan asko argitaragabeak, ez oso ezagunak edo orain arte jendaurrean jarri gabekoak dira.

Kronologia oso zabala hartzen du, Erdi Arotik XX. mendera arte, gotikotik hasita, antzinako eta modernitateko maisuetara heldu arte: Greco, Anton van Dyck, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Bartolomé Esteban Murilo, Juan de Valdés Leal, Francisco de Goya, Eduardo Rosales, Mariano Fortuny, Darío de Regoyos, Joaquín Sorolla, Ignacio Zuloaga, Julio Romero de Torres, Daniel Vázquez Díaz, José Gutiérrez Solana eta Robert Delaunay.

Nagusiki margolanak dira, baina eskultura bikain batzuk ere egongo dira: Pedro de Menaren Ecce Homo eta Dolorosa tailu barrokoak, zeinak orain arte galdutzat jotzen ziren, eta Mariano Benlliureren marmolezko bi panel klasizista eder.

Neurri handi batean, Félix Fernández-Valdésen (Bilbo, 1895-1976) oinordekoek zituzten obrak, baina beste bilduma pribatu batzuetan –Abelló, Arango eta Botí, besteak beste– eta publikoetan ere aurkitu dira: Prado Museoa –zeinak lau obra laga dizkigun–, Bilboko Arte Ederren Museoa, Asturiasko Arte Ederren Museoa, Valentziako Arte Ederren Museoa eta Kataluniako Museu Nacional d'Art museoa.

Duen garrantziagatik, aipatzekoa da Prado Museoak lagatako margolan bat, Goyaren Santa Cruzeko markesa (1805), hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, bildumako lanik garrantzitsuena da, berorren kalitate bikainagatik eta obraren jatorriaren historia korapilatsuagatik. Egindako ikerketak erakutsi duenez, Valdések Francisco Francori erosi zion erretratua 1947an, milioi eta erdi pezetaren truke, eta nabarmentzekoa da Francok 1941ean erosi zuela, Hitlerri oparitzeko, baina azkenean ez zuela halakorik egin.

Hala, erakusketak aurreko mendearen bigarren erdiko bilduma pribatu garrantzitsuenetako bat berregiten du, arte-historialariek ongi dakiten moduan. Jabeak bildumagile-lan bikaina egin zuen; kalitate ezin hobeko multzoa bildu zuen, eta haren lanek garrantzi handia izan zuten beste bilduma pribatu eta publiko batzuetan, barreiatu ondoren; alabaina, orain arte bilduma sakon aztertu gabe zegoen.

Artearen historiografian aipatu izan da, baina egiaz ez zen asko ezagutzen. Horiek horrela, erronka handia izan da bilduma osatzeko obrak aurkitzea, batzuetan argitaragabeak zirelako eta, beste batzuetan, hil ondorengo inbentarioko aipamenengatik edo argazki zaharrengatik soilik ezagutzen zirelako. Bestalde, Valdésen irizpideak eta bilduma egiteko modua argitzea eta aholku nork eman zion jakitea ekarpen oso baliotsua da Espainiako arte-bildumen historiarako. Ekarpen hori erakusketarako argitaratu den katalogoan jaso da, komisarioen testuetan.

Egindako ikerketaren bidez, artelanen bilduma pribatuetan mugarri bat ezagutzera ematen da eta, aldi berean, erakusketa honetan, museo askoren jatorriaren eta historiaren parte den jardunbide kultural horri omenaldia egin nahi zaio; horixe da, esaterako, Bilboko Arte Ederren Museoaren kasua.

Izan ere, museoaren bilduman, Valdésen bildumatik datozen zazpi obra nabarmentzen dira, berorien kalitateagatik eta egileen kategoriagatik, honako hauen sinadura baitute: Andries Daniels eta Frans Francken Gaztea, Juan Carreño de Miranda, Anton van Dyck, Leornardo Alenza, Vicente López, José Gutiérrez Solana eta Robert Delaunay.

Ildo horretan, gogoratu behar da Valdések Bilboko Museoarekin zuen harremana beste arlo batzuetara ere heltzen dela; izan ere, Gerra Zibilean, Uribitarteko gordailuan jasotako ondare artistikoa zaintzen lagundu zuen, eta urte horietan museoko batzordeko kide izendatu zuten, hainbat unetan.

María Pilar Silva Maroto (Prado Museo Nazionaleko kontserbazioburua izandakoa 2017ra arte) eta Javier Novo González (Bilboko Arte Ederren Museoko Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzailea) komisarioek egindako lanak zenbait oztopo gainditu behar izan ditu. Lehenengoa, bere garaian eta gaur egun bildumagile-lanak eskatzen duen izaera diskretua, zeina bereziki isilekoa izan zen Félix Fernández-Valdésen kasuan.

Garai batean, enkante-etxeak ez ziren nagusitzen artearen merkatuan eta, beraz, artelanen salerosketa eta publizitatea ez zen oso ohikoa; horregatik, bildumagileek aholkulariak izaten zituzten. Hala, arte-merkatari, antzinakoen saltzaile, artista, historialari eta zaharberritzaileen laguntza izaten zuten, baita beren sen eta gustuaren bultzada ere, bildumak handitzeko piezen bilaketan.

Valdés negozio-gizona zen eta ez zuen prestakuntza handirik artean; horregatik, ezinbestekoak izan ziren zenbait pertsonaren gomendio eta kudeaketak. Honako hauek lagundu zioten, besteak beste: Valdésen adiskide Luis Arbaiza, arte-merkataria, kopista eta zaharberritzailea; Enrique Lafuente Ferrari historialaria; Prado Museoko Jerónimo Seisdedos zaharberritzailea; eta Isabel Regoyos, Darío de Regoyos eta Aureliano de Beruete margolarien alaba eta erraina, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, Aureliano de Berueteren bilduma handia Valdésen bildumen iturrietako bat izan zen.

Horiei guztiei esker, eta bildumagile trebea izan zelako, Bilboko enpresariak bere garaiko bildumen artean nabarmentzen zen multzo bat osatu zuen, eta laurehun obra inguru kontserbatu zituen; askotarikoak, gainera: margolanak eta eskulturak, zilargintza, tapizak, altzariak eta dekorazio-arteetako beste pieza batzuk.

Artearekiko zuen zaletasuna bere osaba Tomás de Urquijo bildumagilearengandik zetorkion, zituen ondasun guztiak utzi baitzizkion oinordetzan. Horien artean zegoen Grecoren Kristo gurutziltzatua (c. 1577), ziurrenik, Ignacio Zuloagak Kretako margolariaren balioa handitu zuelako, eta oso bat zetorrelako Valdésen uste sendoekin, zeinaren margolari gustukoena zen, Zurbaránekin batera. Bi margolariek, Grecok eta Zurbaránek, ordezkaritza bikaina dute bilduman.

Valdés hogeita hamarreko hamarkadan hasi zen bilduma egiten, baina berrogeiko eta berrogeita hamarreko hamarkadetan erosi zituen lan gehienak; asalduzko garai horiek oso oparoak izan ziren Bilboko enpresariarentzat, Ginea espainiarretik zura, palma-olioa eta kakaoa inportatzeko negozioak izan baitzituen 1968 arte, eta obra asko eskuratu zituen, nobleen beste bilduma batzuetatik eta sakabanatze-fasean zeuden komentu eta elizetatik.

Bilduma Bilboko Kale Nagusiaren 15. zenbakian zegoen, 1920tik hil zen arte Valdésen etxea izan zen horretan. Erakusketari esker, orain arte argitaratu ez diren zenbait argazki aurkitu dira, zeinetan etxeko museografia horren zenbait gela ikus daitezkeen. Badakigu, adibidez, egongelan Grecoren, Zurbaránen, Valdés Lealen eta Murilloren lanak zituela zintzilik, eta kaperan, besteak beste, Bilboko Museoan dauden Pedro de Menaren bi tailu polikromatuak eta Van Dycken obra zeudela. Logelan, berriz, Zurbaránen, Riberaren eta Moralesen artelanak ikus zitezkeen. Valdés hil zenean, 1976an, obra guztiak haren oinordeko ugarien eskuetara igaro eta barreiatu egin ziren, bilduma partikularretan eta erakunde publikoetan zehar.

Valdésen interesak, nagusiki, Urrezko mendeko espainiar pinturaren maisuetan izan zuen erdigunea –Greco, Zurbarán, Valdés Leal, Murillo eta Carreño–, baina baita Erdi Aroko Espainiako pinturan ere –nabarmentzekoak dira Bernardo Serraren triptikoa, Fernando Gallegoren taula eta Kexaako (Araba) triptikoa–, eta ez dira ahaztu behar egile errenazentistak, esaterako, Luis de Morales. Bilduman, halaber, Flandriako eta Holandako eskoletako izen garrantzitsuak aurki zitezkeen, esaterako, Isenbrandt, Van Dyck eta Benson.

XIX. mendeko pintura da bildumaren beste erdiguneetako bat, erretratu apartak gordetzen baititu: Francisco de Goyaren Santa Cruzeko markesa eta Eduardo Rosalesen Concepción Serrano, gero Santoveniako kondesa –biak Prado Museoan daude, gaur egun–. Rosalesen beste pieza argitaragabe batzuk ere erakutsiko dira, Vicente López, Antonio María Esquivel, Leonardo Alenza, Martín Rico, Mariano Fortuny eta Raimundo de Madrazo egileen beste lan batzuekin batera.

Mendeen arteko garaitik eta XX. mendeko lehenengo hamarkadetatik Darío de Regoyos eta Joaquín Sorolla margolarien lan ugariak nabarmentzen dira. Sorollaren Bainuaren ondoren (1902) lan liluragarria lehen aldiz jarriko da jendaurrean erakusketa honetan. Garai hartakoak dira, era berean, Ignacio Zuloaga, Isidre Nonell, Aurelio Arteta, Julio Romero de Torres, José Gutiérrez Solana, Joaquín Mir, Hermen Anglada Camarasa eta Daniel Vázquez Díaz egileen lanak.

Valdések harreman berezia izan zuen Vázquez Díazekin eta zazpi margolan eta zenbait marrazki erosi zizkion. Gainera, Parisko katedralaren bista bati buruz Robert Delaunayk egindako obra txiki bat, zeina margolariaren eskuetan zegoen, Félix Fernández-Valdésen bildumara igaro zen, eta agerian utzi zuen irizpide oso zabala zuela gure bildumagileak.

 

Irudian:
Francisco de Goya (1746-1828)
La marquesa de Santa Cruz (1805)
©Archivo Fotográfico. Museo Nacional del Prado. Madrid

 

Babeslea: