Erakusketa: Urresti Bilduma - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2006-09-22 • 2006-11-05

Urresti Bilduma

Urresti Bildumak ehun eta hamabi obra ditu, eta, bertan, gure inguru sozial eta kulturaleko bildumagile batek oso ohikoa duen autoreen sekuentzia dago bilduta: batez ere, Euskal Herriko, Kataluniako eta Madrilgo egileak daude, mende aldaketatik hasi eta XX. mendeko 60ko hamarkadara artekoak. Regoyos, Rusiñol, Mir, Nonell, Plá, Anglada Camarasa, Echevarría, Tellaeche, Uranga, Zuloaga, Iturrino, Solana, Olasagasti, Vázquez Díaz, Baroja, Cossío, Valle, Ortega Muñoz eta Palencia daude zerrenda horretan, besteak beste.

2004. urtean, Bilboko Arte Eder Museoak eta Bildumaren jabeak akordio bat sinatu zuten eta, horren bitartez, alde biek zenbait gairen inguruko konpromisoa hartu zuten. Konpromiso horiek onerakoak ziren alde bientzat. Batetik, Museoak Bilduma hartuko zuen, aldi baterako gordailuan eta hiru urterako. Gainera, bilduma hori zaindu, katalogatu eta erakutsi egin behar zuen. Bestetik, kontrapartida gisa, jabeak bildumako hiru pieza eman behar zizkion dohaintzan Museoari. Pieza horiek alde biek aukeratu behar zituzten, adostasunez.

Epeak eta konpromisoak bete ostean, Museoak agur esan dio Urresti Bildumari, akordio horren existentziaren kontu publikoki emanez eta bisitarien esku jarriz piezarik onenen aukeraketa bat. Modu horretan, gure ondare pribatuko artelan multzo interesgarri bat anonimatutik irtengo da. Beraz, bildumagintza pribatuaren lankidetza aparta erakusten duen gertakaria da hau; izan ere, Bilboko Arte Eder Museoaren ondare artistikoa osatu eta aberastu egiten du.

Aurkezpenak helburu bi ditu: Bilduma hau ezagutzera ematea eta eskerrak ematea hiru pieza interesgarri dohaintzan eta modu eskuzabalean jasotzeagatik Museoaren bildumarako. Hauek dira aipatutako obrak: Aureliano de Beruetek 1901ean pintatutako Isole erreka (Quimperlé), Joaquim Mirren Paisaia (1907-13 ingurukoa) eta Celso Lagarren Erreka (1915-17 ingurukoa). Orain arte, Museoaren bilduman ez zegoen Mirren inongo pinturarik ez, Beruete eta Lagarren kasuetan, garai horietako obrarik. Horrela, Berueteren koadroan (gaur egun Salamancan dago, Goyatik Gauguinera erakusketan) argi ikusten da Carlos de Haes paisaia-egile handiaren irakaspenetatik jasotako errealismoa. Mirren Paisaia lanak (hori ere Goyatik Gauguinera erakusketan dago) L'Aleixarreko (Tarragona) ikuspegi bat ematen du. Herri horrek leku nabarmena dauka margolari katalanaren obran, paisaia errealistagoen hasiera ekarri baitzion, abstrakziotik hurbil ibili ostean. Azkenik, Lagarren Erreka (Arte Garaikidearen Aretoa) mugimendu noucentistan sartutako koadroa da.

Modu horretan, dohaintzan emandako hiru obra horiek aukera ematen dute Espainiako XX. mendeko lehen laurdeneko pintura-prozesuaren eta, zehazki, paisaiaren irakurketa hurbilagoa egiteko.

 

Aureliano de Beruete (Madril, 1845-Madril, 1912)
Isole ibaia (Quimperle), 1901
Olioa mihisean, 50 x 38 cm

Babeslea: