Erakusketa: Tucker. Masa eta Figura - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2015-06-09 • 2015-09-14

Tucker. Masa eta Figura

BBK Aretoa

William Tucker (Kairo, 1935) minimal mugimenduaren aitzindaria izan zen Europan, eta nazioarteko eskultore ospetsuenetakoa da, gaur egun. Tuckerren obrak eskultura figuratiborako itzulera proposatzen du, baina interpretazio pertsonal batetik abiatuta, betiere, sinpletasun organikoan oinarriturik eta masari eta eskalari arreta berezia jarriz. Era berean, irakaskuntzan ere nabarmendu da Tucker, artearen historiaren esparruan, eta, hain zuzen ere, eskultura garaikideari buruzko ikerketetan erreferentziazko gidaliburu bihurtu da 1974. urtean argitara eman zuen The language of sculpture liburua.

Itzal handiko hainbat erakundek egin dituzte Tuckerri buruzko erakusketak; honako hauek, esate baterako: Whitechapel Gallery (1965), Tate Gallery (1971 eta 1987), Serpentine Gallery (1973), Arts Council of Great Britain (1973) eta Tate Liverpool (2001). 2010. urtean, International Sculpture Center erakundearen Lifetime Achievement sari ospetsua jaso zuen.

Erakusketa hau da Estatuan Tuckerri buruz antolatutako lehena. BBK da babeslea, eta ehun piezatik gora biltzen ditu, laurogeiko hamarkadaren erdialdetik mende honen hasierara bitartekoak. Kosme de Barañano katedraduna da erakusketaren komisarioa, eta haren ardurapean bildu dira, hain zuzen ere, neurri handiko 12 eskultura, neurri ertaineko 12 eskultura eta espazio irekietan ezartzeko pieza handietarako 24 maketa. Artistaren ekoizpen guztia biltzen dute pieza horiek, gaiei dagokienez. Eta, horiez gainera, 57 marrazki handi ere jarri dira ikusgai, artistak geroztiko hogeita hamar urteetan landuak horiek ere, eskultorearen sorkuntza prozesua ulertzen lagunduko dutenak. Tucker presente dago Bilboko eskultura publikoan: harena da, hain zuzen ere, 2002az geroztik Abandoibarra pasealekuan kokatuta dagoen Maia brontzea, 3,5 tonako pisua eta 3 metroko altuera dituena.

Itxurazko abstrakzioa gorabehera, mitologia eta artearen historiako gai klasikoak landu ditu Tuckerrek –giza edo animalia buruak, soinak, oinak…–, eta gorenera eraman du materia eskultorikoaren energia nabarmentzen duen ikuspegi bat, XX. mendeko beste eskultore batzuek –Auguste Rodinek (Paris, 1840 - Meudon, 1917) eta Medardo Rossok (Turin, 1858 - Milan, 1928), esaterako– hasitako bideari jarraituz.

 

William Tucker

William Tucker Kairon jaio zen, 1935ean. Gurasoak britainiarrak zituen, ordea, eta bi urte besterik ez zituela Ingalaterrara aldatu zen familiarekin. Historiako ikasketak egin zituen Oxfordeko Unibertsitatean, 1955 eta 1958 bitartean, eta bere eskultore bokazioari jarraitzea erabaki zuen 1957an, Londresen egin zen "Sculpture 1850 to 1950" erakusketa ikusi zuelarik.

Hurrengo urteetan, Arte Ederretako ikasketak egin zituen St. Martin's School of Art eskolan, Londresen, Eduardo Paolozzi eta Anthony Caro eskultore ospetsuak irakasle zituela. 1961ean Lord Sainsbury Scholarship beka ospetsua jaso zuen, eta, 1965ean, Peter Stuyvesant Travel Bursary beka. Handik urte batzuetara, eskolak eman zituen Londresko St. Martin's eta Goldsmiths College ikastegietan, eta, 1968an, Gregory Fellow in Sculpture izendatu zuen Leedseko Unibertsitateak; unibertsitate hartan eskulturari buruzko hitzaldi sorta bat eman zuen, gerora The language of sculpture (1974) liburuan bildua.

1972an, Britainia Handiaren ordezkari izan zen Veneziako Bienalean. Eskultura abstraktuak eraman zituen erakusketa hartara, metalezko marra handien modukoak; haien bidez, eskultura figuratiboaren balio narratiboen kontrako arbuioa adierazi eta eskulturaren muinari buruzko kezka agertu zuen.

Hurrengo urtean, Tuckerrek bakarkako erakusketa egin zuen Londresko Serpentine Galleryn (berea izan zen bakarkako erakusketa bakarra). Arte garaikidea erakusteko kunsthalle modura sortu zuen areto hura Arts Council of Great Britain erakundeak, eta erakunde hark berak "The Condition of Sculpture" erakusketaren komisario izateko ardura eman zion Tuckerri 1975ean. Londresko Hayward Galleryn egin zen erakusketa hura, eta Tuckerrek bere interes artistikoekin bat zetozen eskultoreen obrak aukeratu zituen; hala, alderdi organikoaren gainetik alderdi geometrikoa jartzen zuten egileen lanak eta material industrial berriez eginak –hala nola, beira zuntza eta plastikoa, diziplinako material klasikoetatik urrun– izan ziren erakusketa hartan ikusgai.

1978an, New Yorken kokatu zen, eta irakasle jardun zuen Columbiako Unibertsitatean (1982ra arte) eta New York Studio Schoolen. 1981ean, Guggenheim Fellowship for Sculpture beka jaso zuen, eta eskultura arlo berri bat lantzen hasi zen, arte horren jatorrizko printzipioak oinarri harturik: bertikaltasuna eta modelatua. Minimal mugimenduaren aitzindarietakoa izan zen Tucker Britainia Handian, eta, garai hartan, eskultura figuratiborako itzulera adierazten zuen, ezaugarri organikoak zituzten bolumenak sinplifikatzeko joera zuen ikuspegi propio batetik. 1986an, amerikar herritartasuna lortu zuen, eta National Endowment for the Arts erakundearen beka jaso zuen.

 

2010ean, Estatu Batuetako International Sculpture Centerrek Lifetime Achievement sari ospetsua eman zion. Gaur egun, munduko bilduma garrantzizkoenetan ageri dira Tuckerren lanak, honako hauetan, esate baterako: Londresko Tate Gallery, New Yorkeko Guggenheim eta MoMA, Dallasko Nasher Sculpture Center, Houstoneko Museum of Fine Arts eta Sydneyko Art Gallery of New South Wales.

 

Erakusketa

Erakusketa honetan, Tuckerren karrerako azken hogeita hamar urteetan barrenako ibilbidea ikusiko dugu: 1985etik gaur egunera bitarteko ibilbidea da, hain zuzen ere, baina ez ordena hertsiki kronologikoan egituratua. Eskultura eta marrazki hauen bidez, modelatzeko eta gainalde ororen eskultura-zentzua adierazteko bi modu erakutsiko zaizkio ikusleari. Estatuan Tuckerri buruz egiten den lehen atzera begirakoa da; lehen aldia da, halaber, haren eskulturekin batera hainbeste marrazki erakusgai jartzen direna, hain zuzen ere, ikusleak hobeto uler ditzan Tuckerren obraren gako intelektualak eta formalak.

Ez da lehen aldia, ordea, Tuckerren obra Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai jartzen dena. Izan ere, Arts Council of Great Britain erakundeak antolatutako "Ingeles eskultura gaztea" erakusketan parte hartu zuen, 1962an, honako artista hauekin batera, besteak beste: Anthony Caro, John Latham, Brian Wall eta Philipp King. Une hartan, Tuckerrek beira-zuntzaren aukerak aztertzen ziharduen, eta lerroari ematen zion lehentasuna, masaren gainetik; geometriari, alderdi organikoaren gainetik. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, baina, New British Generation belaunaldiko minimalista gisa nabarmendu ondoren, bizi forma zatikatuak ikertzen hasi zen, ardatz harturik bolumena, masa trinkoa eta eskuz modelatutako igeltsua: giza edo zaldi buruak, hankak, oinak, dantzariak eta soinak sortzen hasi zen horrela.

Etapa hori da, zehazki, "Tucker. Masa eta figura" izenburuko erakusketa honetan erakutsiko dena, eskultoreak bolumenarekiko duen interesarekin batera: historiaurreko artean sustraituriko eskultura figuratibo baterako itzulera, eskulturaren muinera jotzeko formak sinplifikatzea proposatzen duen ikuspegi berri batetik.

Erakusketaren hasieran, hiru pieza handi daude ikusgai. Duela hamarkada bateko piezak dira, horien artean The Cave (2005) –Bilboko Kale Nagusian kokatua, BBKren egoitzaren alboan–. Obra horrek erreferentzia argia egiten dio José Saramagoren Haitzuloa eleberriari, zeinaren protagonista eltzegile bat baita.

Museoan, Night (2004) aurkituko dugu, Florentziako San Lorentzo basilikako medicitarren kaperan dagoen Michelangeloren Gaua gogora dakarren eskultura; baita The Void (2005) ere, Giacomettiren Eskuak hutsari eutsiz obrarekin erlazionatua. Eskuen brontzeak dira, eta soinak balira bezala obra autonomoa osatzen duten giza anatomiaren parte gisa ageri dira. Lotura estua dute Mendebaldeko eskulturaren historiarekin eta Michelangeloren eta Auguste Rodinen obra adierazgarrienekin. Hasierako ikuspegi horren hondoan, Ouranos brontzea dago, 1985ekoa.

Homage to Rodin (Bibi) buruak (1999) ematen dio jarraipena ibilbideari. The Hero at Evening (2000) eta Emperor (2002) piezen errepikapena da, baina eskala handiagokoa. Brontzean urtu edo hormigoiz egindako buru handitu horietako batzuk espazio publikoetarako monumentu bihurtu dira.

Eskuetarako eta buruetarako lehen hurbilpen horren ondoren, eten bat egiten da denboran, eta hiru masa bertikal agertzen dira lurrean jarriak, idulkirik gabe: bizitza eta heriotza sinbolizatzen dituzten indar telurikoak irudikatzen dituzte. Jainko-jainkosa klasikoen izenez bataiatutako 1985eko hiru obra dira: Tethys, Kronos eta Rhea. Tuckerrek greziar mitologiatik hartutako izenak aukeratu zituen jatorrizko forma horiek definitzeko; horren ondoren, mitoak ezaugarri jakin batzuk eman zizkien forma horiei, ozeanoa, denbora eta lurra bezalako indar orokorrak definitzeko.

Aurrerago, beste hiru pieza kokatu dira, azkenaldikoak, artean brontzean urtu gabeak. Igeltsuzko hiru obra dira, bakoitzak bere akabera eta kolorea dituenak: Chimera (2008), Brancusiren igeltsu batean inspiratua; Odalisque (2008) eta Day (2012). Tailerreko hiru eskultura horien ikuskerak Tuckerren lan egiteko modua ulertzeko pistak ematen ditu eta ezin hobeto iradokitzen du eskala handian modelatzeko eta piezak urtzeko geroko erronkaren zailtasuna.

Denbora-hurrenkerari jarraituz, 1998ko lau buru bildu dira ondoren Our Leader, Good Soldier, Persecutor etaSleeping Musician, baita 1986ko zenbait zaldi-buru, Horse izen orokorra dutenak, eta Bostonerako hiru modelo Greek Horse, Chinese Horse etaDay, 10 zentimetro eskasekoak, artistaren eskalaren zentzua aztertzeko lagungarriak.

Ondoren, Maiaren maketa topatuko du ikusleak, 1997koa. Tuckerrek Bilboko Abandoibarra pasealekurako egin zuen Maia eskultura, urte hartan bertan: lurretik, lur trinko eta primitibo batetik, sortzen den emakumezko soin baten bidez, emankortasuna iradokitzen du obra horrek. Eta ideia horretan oinarrituak dira, halaber, Eve (1991) eta Demeter (1998). Azkenik, bi idulki ezarri dira, artistak 1991 eta 2011 bitartean erabilitako maketekin.

Bestalde, erakusketaren ibilbide guztian zehar, arkatzez, ikatz-ziriz, tintaz edo klarion beltzez egindako marrazki handiak eta monotipoak (estanpa berdingabeak, ale bakarreko ekoizpenak) jarri dira ikusgai, Tuckerrek bere eskulturen aldibereko ikerketa modura landuak. Artistak zutik marrazten du, horman iltzatutako paperaren aurrean; hala, sortzailearen energia guztia biltzen duen aurrez aurreko erliebe baten moduko emaitza lortzen du.

Obra horietan guztietan, giza irudiari izaera monumentala emateko xedea duen eta izateko arrazoitzat gai baten adierazpena hartzen duen eskulturari ihes egiten dio Tuckerrek, Rodinek abiatutako bideari jarraituz. Bere obretan, gainera, mitologiaren historia eta artearen historiako gaiak lantzen ditu. Bolumen enigmatikoak dira Tuckerren eskulturak, eta ikusleak arrasto argigarri samarrei erreparatuz edo literaturako edo artearen historiako erreferentzien bidez argitu beharko ditu.

Presentzia fisikoak dira, igeltsuzko edo buztinezko masak, eskultoreak eskuz modelatuak, keinuak amaitu gabe utziz, non finitoaren nahitako anbiguotasuna adierazteko. Abstraktuak dirudite guztiek, baina, arretaz begiratuta, agerian gelditzen dira izaera monumentaleko eta profil aldakorreko buruak, soinak edo eskuak direla, eta haien inguruan mugitzera behartzen dute ikuslea, haiekin, harreman bisuala edukitzera ez ezik, gorputzaren bidezko harremana ere sortzera. Kosme de Barañanok erakusketaren katalogorako idatzitako saiakeraren pasarte batean dioenez, William Tuckerren eskulturak "figurazioaren mugan dauden jatorrizko masak dira, lurrera jausitako meteorito handien modukoak".


Irudian:
The Cave (Haitzuloa), 2005
Artistak utzita. Pangolin London

Babeslea: