Erakusketa: Tomás de Acillona. Argazkiak 1932-1957 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2010-07-02 • 2010-09-12

Tomás de Acillona. Argazkiak 1932-1957

33 Aretoa

Erakusketa hau Tomás de Acillona (Getxo, Bizkaia, 1893–Miarritze, Lapurdi, 1957) bizkaitarraren argazki-lanak berreskuratzeko lehenengo urratsa da. Abokatua zen ikasketaz, baina, 1920ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, argazkigintzako zenbait teknikarekin hasi zen esperimentatzen, Andrés Isasi musikariarekin batera (Bilbao, 1891–Algorta, Bizkaia, 1940). Argazki errebelatuari dagokionez, XIX. mendeko bigarren erdialdean garatutako goma bikromatatuaren teknikan espezializatu zen. Teknika horrek bere goreneko maila lortu zuen gure herrian XX. mendearen hasierako hamarkadetan.

Mikel Lertxundi historialariak komisionatuko du erakusketa. Tomás de Acillonak landutako hainbat generoren inguruko ibilbidea planteatu du –paisaia, natura hila, erretratua eta eszena kostunbrista–, 1932 eta 1957. urteen artean datatutako 45 lanen hautaketa baten bitartez. Eskuratutako izen onak argazkigintzaren piktorialismo deritzonaren ordezkari nabarmena izan dela esatera garamatza, hain zuzen ere, 1920. urtera arte Europan eta Ipar Amerikan gailentzen zen joerarena. Halaber, Andrés Isasiren 6 argazki ere ikusgai daude, eta, atal dokumentalaren barruan, Acillonak goma bikromatuari buruz idatzitako tratatua, bai eta Jorge Ortega Acillonak bere aitonaren idatziaren jarraibide zehatzak jarraituz joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren erdialdean lortutako irudiak ere.

TOMÁS DE ACILLONA


Izena emultsioa prestatzean baliatzen diren osagaietatik datorkio goma bikromatuari, eta osagai horiekin ondokoak egin daitezke: goma arabiarra, zeinari potasio bikromatoa eta pigmentu bat gehitzen baitzaizkio. Gisa horretan lortzen den emultsioa argazkigintzakoa ez den paper baten gainean (oro har, marrazketan erabili ohi den motakoa) zabaltzen da, eta, lehortu ondoren, argibera bihurtzen da: orria negatiboarekin jartzen da kontaktuan eta argitan jartzen da. Irudia errebelatzeko, papera uretan sartu behar da: argia hartu duten zatiak disolbaezin bihurtuko dira, eta bere horretan mantenduko dira; aitzitik, argirik jaso ez duten zatiak (negatiboaren zati ilunak) ez dira disolbatuko.

Isasik jorratu zituen estreinakoz prozedura konplexu hauek, eta berak erakutsi zizkion Acillonari. Bi-biek zazpi urte inguru eman zituzten esperimentatzen, harik eta 1932. urtean teknika menperatu zuten arte, “argiak, tinta erdiak eta itzalguneak” bere eginez, hau da, tonu mailaketa oso bat, euren argazkiei adierazkortasun sakon bizia emanez. Geroztik, Acillonak sarritan praktikatu zuen prozedura, eta erabat menperatzea lortu zuen. Izan ere, 1941. urtean, ia hirurehun orriko tratatu konplexua idatzi zuen, La estampa a la goma bicromatada izenburupean.

Halaber, nazioarteko hainbat argazki aretotan erakutsi zituen bere lanak, Espainiako gerra zibila hasi baino lehenagoko garaian. Berrogeiko hamarkadaren erdialdean, bere jardun artistikoari berriro ekin eta erakusketak egiten hasi zen beste behin.
Goma bikromatatuaren prozedurak azken irudiaren azalera, kolorea eta kontrastea manipulatzea ahalbidetzen du, sarri askotan, xehetasun gutxi eta ikatz-marrazki baten itxura baitu. Teknika konplexu honek eskatzen duen eskuko manipulazioak nabarmenago egiten du inprimatzearen kalitate artistikoa, fotografiatutako objektuaren irudiaren balioaren aldean. Hauxe da, hain zuzen ere, piktorialismo bezala ezagutzen den nazioarteko argazki mugimenduaren ezaugarri nagusietako bat. Mugimendu horretan, edo xehekiago esanda, piktorialismo espainiarraren bigarren belaunaldian, Acillonaren lana sartzen da, 1920. urtearen eta Guda Zibilaren hasierako garaiaren artean garatu zena.

Hona hemen piktorialismoaren beste ezaugarri batzuk: balore artistikoen gaineko kezka, dokumental hutsak baino ez direnen aldean; sinbolismoaren erabilera, mezu bat helarazteko; eskuko manipulazioa, sortzaileari balio artistikoa ematen diona; argi efektuekiko interesa; irudiaren kontzeptu inpresionista, non, multzoaren emaitza xehetasuna baino garrantzitsuagoa da; eta, azkenik, inprimatze prozedura sofistikatuak erabiltzea, goma bikromatatua kasu.

Acillonak ondo baino hobeto ezagutzen zuen goma bikromatatuaren gaineko teknika, eta, ondorioz, adierazpen ildo ezberdinak esperimentatu ahal izan zituen. Hala, bada, hogeita hamarreko hamarkadan inpresionismo mota bat jorratu zuen, bere irudien amaierako akabera gaizki fokatuz. Halarik ere, hurrengo hamarkadan, bere lanak xede berriak izan zituen: kolore, egitura eta tonu mailaketa ezberdinak lortu nahi zituen, materiaren kalitate ezberdinak islatzeko. Horrela, Acillonak horiek baliatu eta natura hilen irudikapen ezberdinetan erabili zituen.

Gaiei dagokienez, piktorialismoaren gai nagusiak jorratu zituen, hala nola, paisaia eta kostunbrismoa. Paisaiak, sarritan laino edo arbola biziekin, argiaren eta atmosferaren efektuekin esperimentatzeko aukera ematen zion. Beste alde batetik, arrantzaleen eta sareak josten zituzten emakumeen irudiek, nekazarien eta umeen irudiek eta erretratuek helburu dokumentaleko landa-paisaia islatzen duen kostunbrismoa ekartzen digute gogora.

Era berean, monumentuak eta natura hilak ere irudikatu zituen. Azkenik, kutsu intimista duen argazki bilduma bat ere kontserbatzen da; Bizkaiko Algortan zuen Dilizena izeneko etxeko bazter ugaritan eta lorategian ateratako argazkiak dira, hain zuzen ere, Acillonak berak gogokoen zituenak.



Irudian:
Tomás Acillona (Getxo, Bizkaia, 1893 – Biarritz, Francia, 1957)
Adinekoa, c. 1933
Goma bikromatua paperean


Babeslea: