Erakusketak
Amaituta
2010-06-07 • 2010-09-05
Taurus. Mitotik erritualera
BBK Aretoa
Historiaurretik hasi eta erromatarren mundura heldu arte, zezenaren figurak toki nabarmena izan du Mediterraneoko zibilizazioetako kulturan eta artean, eta, ondorioz, zezenaren irudia islatuta geratu da mito, zeremonia erritual, joko eta jaietan. Errenazimentuak ikonografia hori jaso zuen, batez ere Minotauroaren eta Europaren Bahiketaren mitoei buruzko gaiak ukituz. XVI. mendetik aurrera, arteak ere tauromakiarekiko interesa agertu zuen, eta, ordutik aurrera, XVIII, XIX eta XX. mendeetako sortzailerik handienetako batzuek zezen-jolas modernoei buruzko gaiak landu izan dituzte, bizitzaren indarra antzina egiten zen bezala gurtuz eta heriotzari zuzenean so eginez.
Erakusketa honen jatorrian, Cocherito de Bilbao zezenketa klubaren mendeurrena dago. Hain zuzen ere, erakusketak erakutsi nahi du nolako konplexutasunez hurbildu den artea zezenaren figurara, antzinako zibilizazioetan zezenak zeukan garrantzi erlijiosotik abiatuta. Izan ere, Antzinaroko zibilizazio mediterraneoetan, zezenaren figurak mito eta agerpen zoolatriko ugari sortu zituen, bai eta zeremonia-jokoak eta sakrifizioak ere. Geroztik eta Erdi Arora arte, zezen-ehizek, zirku erromatarretako partaidetzek eta emankortasuneko eztei-errituek nolabaiteko harremana garatu zuten gizakiarekiko, eta agerpen horiek, azkenik, izaera ludikoa hartu zuten, gaur egun ezagutzen dugun zezenketa kodetura heldu arte.
Bilboko Arte Ederren Museoak produzitutako Taurus. Mitotik erritualera erakusketak zezenaren figurak Artearen Historian izan duen garrantzi kulturala erakutsi eta aztertuko duen lehenengo erakusketa handia izan nahi du. Horretarako, 200 artelan baino gehiago bildu ditu –margoak, eskulturak, paperean egindako lanak eta arte aplikatuak–; esate baterako, pieza arkeologiko baliotsuak (K.a. 1200. urtearen inguruan datatutako jatorri irandarreko terrakota bat, Londresko British Museumek lagatako K.a. VI eta V. mendeetako bi anfora greziar, edo Napoliko Museo Arkeologikoko K.a. I. mendeko fresko ponpeiar bat), pinturak (Goya, Zuloaga, Gutiérrez Solana, Picasso, Miró, Equipo Crónica edo Barcelórenak), eta Carnicero, Goya eta Picassok tauromakiari buruz egindako estanpen sorta osoa, beste gauza askoren artean. Lan horiek guztiak nazioarteko berrogeita hamar museo eta bilduma inguruk lagatakoak dira.
Erakusketa bi atal nagusitan dago bananduta: “Zezenaren mitoa eta mitoak” eta “Jaiaren errituala”; azken hori, aldi berean, tauromakiaren garapenari buruzko sei ataletan dago bereizita: jatorriak, lekuak, pertsonaiak, zezenketa, tragedia eta loria, eta jaiaren osteko irudiak.
Erakusketarekin batera, katalogoa egin da, Carlos Moya, Pedro Romero de Solís, José María Blázquez, William Jeffett, Virginia Albarrán, Jesús Urrea, Álvaro Martínez-Novillo, Alfonso Carlos Saiz Valdivielso, Brigitte Leal eta Araceli Guillaume-Alonsoren testuekin.
Irudian:
Pablo Picasso (Málaga, 1881- Mougins, Frantzia, 1973)
Zezenketa, 1939
Olioa mihisean, 54 x 73 cm
Museo Thyssen-Bornemisza, Madrid
Erakusketaren edukia: Taurus. Mitotik erritualera
Babeslea:
Kolaboratzaile: