Erakusketak
Amaituta
2008-03-17 • 2008-05-18
Stvdio aretoa (1948-1952)
Abentura artistikoa gerraosteko Bilbon
Eraikin Zaharra (2. solairua)
Erakusketak joan den mendeko Bilbon interes handia izan zuen garai artistiko bat berreskuratzen du. Bertan, Stvdio Aretoaren ibilbidea aztertzen da. Espazio horrek lau urtez baino ez zuen funtzionatu (1948 eta 1952. urteen artean), eta, guztira, hirurogeita hamar erakusketa indibidual eta kolektibo baino gehiago aurkeztu ziren, bai eta berrikuntzarekin konprometituta zeuden artistekin erlazionatutako ekimen kultural ugari ere.
Aretoaren jarduera ez zen gertakari isolatua izan; aitzitik, urte haietan, eta Erakusketa Nazionalek ordezkatutako inboluzio akademizistaren panorama ofizialaren aurrean, zenbait galeria eta artistak Espainiako artea eguneratzeko asmoa agertu zuten, eta Stvdio Aretoa ere joera horren barruan zegoen sartuta.
Hitzaldiak, kontzertuak, antzezlanak eta zinekluba antolatu ziren bertan, eta, beste zenbait euskal margolari eta eskultoreren artean, Jorge Oteiza –ekitaldietako batzuen sustatzailea izan zen–, María Paz Jiménez, Jesús Olasagasti, Menchu Gal eta Agustín Ibarrolaren lanak jarri ziren ikusgai. Pablo Picasso, Álvaro Delgado, Joan Ponç, Emili Bosch Roger, Eudald Serra, Daniel Vázquez Díaz, Agustín Redondela, Ismael Fidalgo, Enric Planasdura edo André Massonen lanak ere aurkeztu ziren, besteak beste.
Erakusketa bi euskarri motatatik abiatuta egituratzen da: bata guztiz plastikoa da, eta, bertan, ehun bat obraren bitartez, aretotik pasatu ziren artisten gutxi gorabeherako ikuspegia eskaintzen da; beste euskarria dokumentala da. Bigarren atal hau oso interesgarria da, eta, bertan, gutunak, marrazkiak, zor-agiriak, harpidetza-orriak eta argazkiak daude. Horrek guztiak erraztu egiten du aretoaren funtzionamenduari eta bertan egin ziren jarduera kulturalei buruzko ikerketa.
Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder Fakultateko Artearen Historiako irakasle titularra eta XX. mendeko abangoardiako arte espainiarrari buruzko historialaria den Adelina Moya arduratu da aukeraketa artistiko eta dokumentalaz. Modu horretan, era monografikoan, espazio horren ibilbidea aztertu nahi da. Izan ere, Stvdio Aretoari esker, gerraosteko urteetan berrikuntza artistikoaren eta joera figuratiboekiko apurketaren protagonista izan ziren artistak aurkeztu ziren Bilbon. Erakusketaren katalogoan, Adelina Moyarekin batera, Javier San Martín, Ismael Manterola eta Begoña Pradok hartu dute parte.
STVDIO ARETOA (1948−1952)
Bazkide sortzaileak Bilboko burgesiako hiru gazte izan ziren: Guillermo Wakonigg (1914−2000), Antonio Bilbao Arístegui (1917-98) eta Javier LLaguno (1921-79). Handik gutxira, beste hiru gehitu zitzaizkien: José Ramón de la Rica (1919) eta Manuel de la Rica (1917−2008) anaiak, eta Francisco Barandiarán (1918-78). Bilboko Zazpi Kaleetako Posta kaletik hurbil zegoen lokal bat okupatu ostean, Stvdio Aretoa Gerrikogin kaleko eraikin batera joan zen; hain zuzen ere, Wakoniggen amaren jabetzako Gastón y Daniela oihal-denda ezaguna zegoen eraikinera.
Aretoa Wakoniggek zuzendu zuen. Izan ere, XX. mende hasierako artearen esperientzia abangoardisten gaineko interes handia zuen, eta, gainera, familiaren jabetzako enpresaren bitartez, oihal-sorkuntza modernizatzeko gogoa zuen. Artistak aukeratzeko orduan, Stvdiok Eugenio d'Ors kritikariaren eta Pablo Palazuelo margolariaren nolabaiteko eragina izan zuen (azken hori Wakoniggen aholkularia izan zen, aretoaren hasierako garaian). Gainera, harremanetan egon zen D`Orsen beraren Arte Kritikako Akademia Laburrarekin, Biosca galeriarekin eta Bartzelonako Galerías Layetanas galerietako Urriko Aretoarekin, Bucholz Aretoarekin eta Madrilgo Clan Galeriarekin, Zaragozako Pórtico taldearekin, Málagako Indalianos delakoekin eta Madrilgo Eskolarekin.
Hasiera-hasieratik, Bizkaiko Elkarte Artistikoaren inguruan zebiltzan bertako artistak bultzatu zituen, eta arte abstraktuaren orbitan zeuden Espainiako modernitatearen ordezkarien lanak erakutsi zituen (azken horien barruan, Picasso, Vázquez Díaz eta Gutiérrez Solana ziren garrantzitsuenak). Horrekin batera, oso modernitate erlatiboko obra errealistak ere aurkeztu zituen −orientazio fauve edo matissetarreko postinpresionismoa, kostunbrismo urbanoa, Erdi Aroko inspiraziodun primitibismoa edo italiar muralismoa−, akademizismoa izanik muga bakarra.
Hori horrela, erakusketa egin zuen lehenengo artista, Antonio Gómez Cano murtziarra, Eugenio D´Orsen novecentismotik hurbil zegoen. Madrilgo Eskola −Álvaro Delgado, Francisco San José, Pascual Lara− Benjamín Palenciaren eraginpean zegoen, landa giroko sustraiak bilatu nahian. Vázquez Díazek, berriz, paisaia espresiboarekiko eta erretratu modernoarekiko gustua agertzen zuen, eta gauza bera gertatzen zitzaien Menchu Gal margolari gipuzkoarrari eta Agustín Redondela madrildarrari.
Beste alde batetik, Madrilgo esparruan, Pascual Lara, Valdivieso eta Lagok primitibismo apurtzaileagoa egin zuten, eta Larak osagai muralistak zituen, modu horretan arte italiarrera hurbiltzen zelarik.
Pórtico taldea −José Alcrudok Zaragozan zuen liburu-dendaren izena zen hori− bi aldiz egon zen Stvdion. Lehenengoan, Santiago eta Manuel Lagunas, Eloy Laguardia, José Aguayo eta Pérez Piquerasen lanak aurkeztu zituzten, pintura abstrakturantz zihoan joera erakutsiz. Bigarrenean, 1950ean, Santiago Lagunas, Eloy Laguardia eta José Aguayoren lanak erakutsi zituzten, ordurako lerro eta kolore-planoetara murriztutakoak.
Aretoaren hasierako garaietan, Picassoren litografiak ere jarri ziren ikusgai, baina ez zen bat bera ere saldu.
Euskal artisten artean, Stvdioren jarduerarekin konprometituena Jorge Oteiza eskultorea izan zen. Hego Amerikatik itzuli berritan, hiru erakusketa egin zituen aretoan, eta, gainera, katalogoetarako testuak idatzi zituen eta artista gazteen artean eragin handia izan zuten hitzaldiak eman zituen. Garai hartan, Oteizak adreilu erregogorra egiteko fabrika batean galdatzen zituen kolore biziko eta eragin picassiarreko zeramikak; hain zuzen ere, Stvdio Aretoaren bazkide sortzaile izandako Antonio Bilbaoren fabrikan. Aurkeztu zituen eskulturak garai hartan figurazio eta abstrakziotzat hartzen zenaren mugan zeuden. Angel Ferrant, Carlos Ferreira eta Eudald Serra eskultoreekin batera 1951n egin zuen azken erakusketa izan zen,seguruenik, Oteizaren ospearen hasiera markatu zuena.
1952an, lan handiko eta zailtasun ugariko lau urteren ostean, bazkideak nekatu egin ziren eta beste jarduera profesional batzuetan hasi ziren. Ondorioz, aretoak ateak itxi behar izan zituen.
1. aretoa.
Maisuak: Pablo Picasso, Daniel Vázquez Díaz eta José Gutiérrez Solana.
2. aretoa.
Artista madrildarrak: Menchu Gal, Álvaro Delgado, Agustín Redondela, Antonio Gómez Cano, La Codorniz aldizkariko taldea, Modesto Ciruelos, Rodríguez Antonio Valdivieso, Antonio Lago, Andrés Conejo, Eduardo Vicente, Francisco Arias, Juan Esplandiú, Laxeiro eta Carlos Pascual de Lara.
3-4-5. aretoak
Euskal Herriko artistak: María Teresa Aguirre, Stephan, Luis García Ochoa, Antonio Otaño, Roberto Rodet Villa, Jesús Olasagasti, Federico Echevarría, Eduardo de la Sota, Ricardo Toja, Rafael Figueras, Fernando Maidagan, Carlos de la Herrán, Ismael Fidalgo, Javier Murga, Norberto Ariño, Matías Álvarez Ajuria, Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, María Paz Jiménez, Rogelio Blasco eta Pelayo Olartua.
6. aretoa
Pórtico Taldea (Santiago Lagunas, Fermín Aguayo eta Eloy Laguardia) eta Mariano Gaspar Gracián.
7-8. aretoak
Artista katalanak: Mª Jesús de Sola, Manuel Capdevila, Santí Surós, José Hurtuna, Enric Planasdurá, Ramón Rogent, Antoni Estradera, José Mª Vidal Quadras, Emili Bosch Roger, Anita Solá de Imbert.
9. aretoa
Jorge Oteiza, Ángel Ferrant eta Eudald Serraren eskulturak.